Interes publikoa, egilearen eskubidearen muga?
Joan zen astean Andres Nagel eskulturgileak Amorebieta-Etxano Udalaren kontra jarritako auziaren epaia jakin genuen. Honetan, Bilboko 1 zk. Merkatal Epaitegiko epaileak onartu egiten du Udalak ez duela eskultura tokiz aldatzeko ahalmenik, baina ez demandagileak (eskulturgileak) argudiatzen zituen arrazoiengaitik, alegia, egilearen eskubide moralarengaitik. Epaileak ondorio horretara iristeko erabili duen arrazonamenduak ez dauka egilearen eskubide moralarekin zerikusirik: dio aurretik kontratuan bi alderdien artean eskulturaren kokalekua hitzartuta zegoela, eta beraz, kokalekuaren aldaketa kontratuaren aldaketa izango litzatekela. Eta kokalekua aldatzeko ez dagoela interes publikorik. Hori da behintzat prentsan irakurtzetik atera dudana, ez baitut epaia hitzez-hitz inon topatu.
Epai honetan beraz, epaileak onartu egiten du interes publikoa egonez gero, eskultura tokiz aldatzea bazegoela, nahiz eta, ebazten du, kasu honetan interes publikoko arrazoirik eman ez eskulturaren lekualdatzea justifikatzeko.
Epaile berak interes publikoaren argudio berbera erabili zuen Bilboko Udalaren aurka Calatrava arkitektoak ipinitako demanda ez onesteko. Kasu honetan ebatzi zuenez, bazegoen interes publiko bat Calatravak egindako Zubi Zurin aldaketak egitea justifikatzen zuena, egileak bere lana ez aldatzeko duen eskubide moralaren gainetik.
Bi kasuetan hortaz interes publikoak egilearen eskubideei mugak ipintzen dizkio. Bi epaiak ez dira irmoak, errekurtsogai izan dira, eta hilabete batzuk barru jakiingo ditugu Bizkaiko Probintzi Auzitegiko ebazpenak bi kasuotan.
Egile-eskubideak arautzen dituen legeak, babes osoa ematen dio egileari literatur, arte, zientzia lan baten egile izateagaitik, eta bere lanaren gaineko eskumen osoa ematen dio. Eskubide honek bi alderdi ditu: ondarezkoa edo patrimoniala, eta morala. Eskubide moral hauen artean honako hau dago (14.4 artikulua):
“Exigir el respeto a la integridad de la obra e impedir cualquier deformación, alteración o atentado contra ella que suponga perjuicio a sus legítimos intereses o menoscabo a su reputación”.
Egileak eskubidea du bere lanaren osotasuna eta aldaezintasuna defendatzeko.
Legeak berak muga batzuk ezartzen dizkio egile eskubideen ustiaketari (31-39 artikuluak). Mugok numerus clausus moduan daude pentsatuak, hain da zabala egilearen ahalmena bere lanaren gainean. Honako kasu hauetan ez da egilearen baimenik behar (labur zerrendatuta):
-
behin behineko erreprodukzioak egiteko
-
kopia pribatua egiteko
-
segurtasun publikoko helburuetarako erabilerarak
-
elbarritasunen bat duten pertsonen erailerarako
-
aipu bat egiteko an edo irakaskuntzan erabiltzeko
-
aktualitatearekin zerikusia duten gaiez informatzeko
-
liburutegietan edo interes kulturala duten erakundeetan maileguan emateko
-
ikerketarako
Aipatutako muga horiek egilearen eskubideak ustiatzeko alderdiari jartzen zaizkio, alderdi moralak ez dauka inongo mugarik aurrekusita. Eta ikus daitekenez, ez da Legean interes publikoa inondik inora aipatzen, beraz, aipatzen ez den mugarik, inork ezin ditu ezarri.
Beste kontu bat da eskubideaz abusatzea, eta figura hori badago Espainiako Kode Zibileko 7.2 artikuluan jasota (ez dut euskarazko testua topatu sarean):
“Legeak ez du babesten eskubideaz abusatzea, ezta eskubidea gizartearen aurka egikaritzea ere. Egite edo ez-egite orok, egilearen asmoarengatik, egite edo ez-egitearen helburuarengatik edo berori burutzeko inguruabarrengatik, begi-bistan gainditzen baditu eskubidea egikaritzeko muga arruntak, hirugarrenari kalte eginez, orduan, kalte ordain egokia eman beharra dakar, eta abusuak jarraitzea eragotziko duten administrazio- neurriak nahiz neurri judizialak hartu beharko dira.”
Kontzeptu hau egokia izan daiteke, adibidez ingenieritza obra bat aldatzeko, epaileak uste badu egileak bere jardunarekin eskubidea gehiegikeriaz erabiltzen diharduela. Bestela, gaur egun, interes publikoaren muga epaileak ateratako argudio bat da, nire ustetan, legean oinarririk gabea.