Familien kiebra
2004ko irailean Konkutso legea indarrean sartu zenetik, arazo finantzieroak dituzten familiak, zor handia dutelako bai hipotekarengaitik bai bestelako kredituengaitik, aukera daukate kiebran deklaratzeko. Izan ere, lege honek aukera ematen die familiei euren burua kaudimengabe deklara dezaten, eta ondorioz, auzitegiek euren ondasunen aurkako bahiturak gerarazten dituzte. Hain zuzen legeak enpresek zuten eskubide berbera ematen die pertsona partikularrei.
2006 urtean aitortu zitzaion lehen aldiz aukera hau Kataluiniako familia bati. Urte horretako irailean, Sant Salvador de Guardiola (Bartzelona) herriko familia batek, 160.000 euroko zorra zuena, lortu zuen %30eko beherapena zeuzkan zorretan (kreditu pertsonaletan), eta interesak ordaintzeari uztea, epaitegi batek kiebran deklaratu ondoren.
Aurrekari honen ondoren, 2007 urtean zenbait kasu ikusi ziren Espainiako epaitegietan, eta aurten aipatutako bost kasu horietxek Autonomi Erkidegokoetan. Poliki, baina kasuak goruntz doaz, eta aurreikustekoa da gehiago haziko direla, baldin eta kredituek gora egiten segitzen badute eta enpleguak behera egiten badu. Nahiz eta banku eta entitate finatzieroek aukera hau begi onez ikusi ez.
Zein abantaila dauzka kiebran deklaratzeak?
Epaitegiak kiebra deklaratzearen ondoren, familia horrek (edo pertsona fisiko horrek) lortzen du bai zorren kobrantza geraraztea bai bere aurka diharduten kobrantzako prozedura judizialak geraraztea (bahiturak…). Aldi berean, bere ondasunak ezingo ditu ikutu. Epaileak administradore batzuk izendatuko ditu familaren egoera finantzieroa kudeatzeko.
Administradoreok etxean sartzen diren dirusarreren kopuru jakin bat ematen diote familiari bizi ahal izateko, eta gainerakoa zorrak ordaintzeko gordetzen dute. Ondoren, egoeraren inbentario bat egiten dute, aktiboa eta pasiboa zein den finkatze aldera, eta hurrengo pausua hartzekodunekin hitzarmena egitea da, zorrak noiz eta nola ordainduko diren ezartzeko. Posible da hitzarmen honetan zorraren kita bat (beherapen bat) adostea, %30aren ingurukoa izan daitekena.
Abantaila da bestalde, kiebra deklarazioarekin zorrek ez dituztela interesik sortzen (hipotekadun zorretan ezik). Eta hipotekadun zorraren ordainketa urte betez etenda geratzen dela, beraz, urte horretan ez da ordaindu behar. Ez ahaztu, hala ere, hipotekadun kreditua ordaindu egin beharko dela, nahiz eta beranduago izan.
Kiebra prozedurak Merkatal Epaitegian tramitatu behar dira, abokatuak defendatuta eta prokuradoreak ordezkatuta. Aurkeztu baino lehen profesional hauek kobratuko dutena kontutan izatea komeni da, eta ondasunik ezean, dohaineko justizia eskatu eta ofiziozko abokatu bat izendatzeko. Merkatal Epaitegiak gaur egun, Autonomi Erkidegoko hiru hiriburuetan daude, euren lurralde-eremua probintzia dela.