Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Izan eta Esan / Lana eta familia bateratu

Lana eta familia bateratu

Elena Laka 2008/05/21 11:23
Ikusten denez, lana eta familia bateratzerakoan, kasuen %94ean umearen ama da lanaldi murrizketa edo esedentzia eskatzen duena. Umearen aitak kasuen %6an baino ez du eskatzen lanaldi aldaketa, nahiz eta laguntza ekonomikoak handiagoak izan baimena hartzen duena aita bada.

Honek esan nahi du gurasoek erabaki behar dutenean bietako nor geratuko den etxean lanaldi erdiz edo osoz umeak zaintzen, kasuen %94ean zaintza amak egin dezala aukeratzen dutela.

Ez daukat dudarik guraso asko pozik egongo direla oso lanen banaketa honekin, baina nik, oro har eta salbuespenak salbuespen, ondorio kaltegarriak ikusten dizkiot, bai emakumearentzako, bai gizartean gizonen eta emakumeon arteko berdintasunera heldu ahal izateko.  

Honen ondorioak dira:

-          lanbideak lanaldi murrizketa ametitzen dutenen eta ez dutenen artean banatzen dira. Hots, oro har gizonek egiten dituzten lanbideek ez dute murrizpenik onartzen, aldiz emakumeek egiten dutenek bai (“nire lanagaitik ezin dut murrizpenik hartu”)

-          emakumeen lanbideak estankatuta geratzen dira: bizitza profesionaleko urte garrantzitsuetan lanaldia murrizteak esan nahi du proiektu berrietan ezin parte hartzea, lanean urte batzuetan ezin aurrera egitea.

-          Gizonek aldiz aukera irabazten dute lanean aurrera egiteko: etxean ama geratzen denez umeekin, askeago dira lanetik etxera berandu bueltatzeko, bidaiatzeko eta oro har lanari denbora gehiago dedikatzeko.

-          Guraso askok pentsatzen dute ume txikiek amaren behar gehiago dutela aitarena baino. Egia fisikoa da ostera aitak egin ez dezaken gauza bakarra titia ematea dela, beste guztia amak bezain ondo edo hobeto egin dezake eta.

-          Lanaldi murrizpena edo eszedentzia hartzen duen amak, banaketa kasuetan, ikusten du nola aitak lanbide hobea daukan, denbora eta ahalegin gehiago dedikatu ahal izan diolako, eta ostera, bere umeenganako dedikazioa ez dela ez baloratzen ez konpentsatzen, eta umearekiko ere lotura handiagoa daukala.

Ondorioz, berdintasunera iriste aldera, bateraketarako askoz egokiagoa iruditzen zait honako neurri hau:

-          lanaldia murrizteko edo eteteko aukera saritua bai, baina saria eskuratu izateko, derrigorrezko izatea bi gurasoen artean banatzea murrizketa edo etena. Adibidez,  lanaldiaren heren bat murriztu behar bada, guraso batek seiren bat eta besteak beste seiren bat. Edo murrizpenak urte bete iraun behar badu, guraso batek sei hilabete eta besteak beste sei. Murrizpena %50ean banatu. Horrela espektatiba profesionalak berdintsuagoak izango lirateke ama eta aitentzako, eta inportanteagoa deritzodana: umeak aitarekin eta amarekin berdin haziko lirateke, ikusteke full time maitasuna eta zaintza ematen diona ama dela, eta gauetan lanean ordu asko eman ondoren denbora partzialean maitasuna ematen diona, aita dela.

 Proposamenarekin ados?

 

 

Elena
Elena dio:
2008/05/22 12:00

Aupa Asier,

  1. puntua: jakina bikote bakoitzak bizitza bere modura antolatzeko eskubidea daukala erakundearen eskuhartzerik gabe. Nik proposatzen dudana da guraso bien erdi banako lan murrizketa saritzea. Hau da, erakundearen helburua berdintasuna sustatzea bada, eta horretarako dirulaguntzak ematen baditu, erdi banako lan murrizketak diruzlaguntzea bakarrik. Dirulaguntzarik barik, bakoitzak nahi daben moduan konpon dadila. 2 puntua: amatasun bajaren kontuarekin ados. Gertatzen dena da hor arazoa titia dela, gizonak ezin horretara iritxi, oraingoz behintzat.

Hala ere, hau den hau komentatzea nire inguruan... ez dakit. Iruditzen zait %6 horretxek denak ezagunak ditudala :)

Asier
Asier dio:
2008/05/22 01:02

Zuk esandako guztiakin nator bat; amaierako proposamenakin izan ezik.

  1. - ez jata gustatzen erakundiak nere bizitza pribatua antolatzia. Bikote batek X erabagitzen badau, zergaittik esan bihar desta Ibarretxek edo Zapaterok Y? Edo uste dozu erabagi hori senarrak hartzen dabela? Pentsatzen dot bikotiak hartu dabela erabagi hori. Izorrai!
  2. - lanaldi murrizketaren inguruko komentarixua zergaittik ez dozu luzatzen amatasun bajara? Nik 2 egun euki nittuan (oin 15 egun dira); nere bikotiak 16 aste euki zittuan. Kasu horretan be, erdibana?

Asier %6 horretako bat

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Elena Laka. Elena. Elenalaka. Elen. Helen. Ama. Letrada. Señora Laka. Horretxei erantzuten diet. Horretxetatik abiatzen naiz.