Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain

Zailtasunak

mzap 2005/05/14 11:19

Edozein gisaz, Kojeveren liburuen ulertze arteza hainbat korapilok zailtzen dute, eta interesgarri bilakatzen.

1-Kojevek sarritan aldarrikatu zuen filosofo askok ez duela benetan uste zuena idatzi eta aldi berean idatzirikoa ez zuela benetan sinesten. Hitzez hitz hartuak izan diren obra ugarik, adibidez, parodiak izaki, filosofoak zinez uste zuenaren justu kontrakoa dakar, Platonen "Timeo"k, besteak beste.

Kojevek halako egitate bat maiz nabaritzeak bide ematen digu haren zenbait pasarte bederen hitzez hitz hartu beharrean lerro artean interpretatzeko. Hortaz, gure buruari baimena eman diogu Kojeveren kontzepturik ospetsu eta eraginkorrena, "Historiaren amaiera" delakoa, benetan serio hartzeko, alegia, gure erara "irakurtzeko".

Tentazioa izan dugu halaber eszeptizismoaren aurkako Kojeveren zakarkeria seinaletzat eta sintomatzat hartu eta Kojeve bera eszeptiko bilakarazteko, baina gero iruditu zaigu lerro artean irakurtzeak ez duela zertan EDOZEIN interpretazio baimendu. Kojeve erlatibista historizista bat gehiegizkoa zaigu, gaur egun bederen.

2- DGS delakoak (Frantziako zerbitzu sekretuak) 1999an argitaratu zuenez, Kojevek KGBrentzat lan egin zuen, gutxienez hogeita hamar urtez.

Garai hartan, Kojeven lanetako bat Frantziako buruzagiei (De Gaulle, Giscard, Raymond Barre...) kanpo aferen gaineko aholkuak ematea zen. Politikaren axaleko gorabehera mediatikoetarik urruti beti ere (argazkirik ez, elkarrizketarik ez), Europan benetako agintea kudeatzen zuen talde txikiaren kide izan zen. Europako Batasuna bultzatu zutenen artean ibili zen. Kasurako, Kojevek diseinatu zuen Batasunaren baitako Aduana sistema, Irun osoak ixkin egiten baitzion bestalde.

3-Anitz ispilu eta isla, beraz, Kojeve enigmatikoaren jostailu.

Hasiera batean, hogeita hamarreko hamarraldian, jendaurrean egite zuen Stalinen alde eta bere filosofiak, "lehen Kojeve" izendatu dugunak, gizakiaren alde suntsitzaile, ebakitzaile, hiltzailea nabaritzen zuen.

Stalin 1953an hil zen. Berrogeita hamarreko hamarralditik aurrera, ezinbestean ebaki, suntsitu eta hil beharra zeharo baztertu eta zer geratzen ote den une baten eta hurrengo unearen "artean" eta gisako gai metafisiko eta arinagoak aztertuko ditu.

Zeri lotu "kehre" hori? Hitz beste egin zuen, besterik gabe, eta antropologiatik ontologiara igarotzeak beti dakar mintzamoldea baretzea, Heideggerren kasuan bezala? Hala ere, hitz beste egite hori, baretze hori, naziekiko zein Stalinekiko lotura filosofiko nabarmenegiak (hizkeraren biolentziak erakutsiak) askatu nahiak ekarriko zuen agian, izan zedin kalkuluagatik (irabazleen artean lasaiago bizitzeko), izan zedin aitortu gabeko erru sentimendu batengatik? Edota adinak bultzatu ote zuen erradikaltasunetik posibilismora? Susmoak Mendebaldean, disimulatu behar?

Esate baterako, "Commentaire" aldizkarian argitaratu "Marx da Jainkoa, Ford haren profeta bakarra" hitzaldia, Sobiet Batasuna kritikatzen baitu, frantziarrek zerbaiti antzeman eta susmoak uxatzearren emango zuen, sobietarren baimenaz?

4-Ez dakigu zein ziren unean uneko Kojeveren beharrak, zein joko zerabilen Frantziako eta Europako Administrazioekin eta KGBrekin, zer sinetsarazi behar zien orain lagunei gero etsaiei, zein zituen egiatan lagun edo etsai.

5-Nolanahi ere, ez diegu zerbitzu sekretuei zertan sinetsi. Kojeveren biograforik jantzienak, Dominique Auffret-ek, ez die sinetsi, eta horrek oraindik gehiago korapilatuko du auzia.

6-Azkenik, uste dut Kojevek oso garbi zituela bere helburu filosofiko politikoak eta, KGBn ibili baldin bazen ere, bazela nor KGB bere alde erabiltzeko, KGB Kojeve erabiltzeko adina behintzat bai.

Datozen sarreretan, internauta, Kojeveren helburu filosofiko eta politiko horien berri izango duzu.

Aurkezpena

mzap 2005/05/13 20:31

Alexandre Kojeve, sortzez Alexandre Vladimirovitch Kojevnikov (Mosku 1902-Bruselas 1968), joan den mendeko filosoforik eraginkorrenetakoa izan da, eta bere itzala gero eta gehiago ari da zabaltzen gure mende honetan. Haren nortasunaz Heideggerrek Izateaz zioena esan liteke: ezkutatzearekin batera nabaritzen da, eta zenbat eta ageriago orduan eta gordeago. Bere filosofia ere, filosofia handi guztiak bezala, anbiguoa da, eta, esaterako, haren gogoeta erabili dute eta erabiltzen ari dira, politikan zein ekonomian, joera oso desberdineko pentsalariek: globalizazioaren aldekoek bezala etsaiek ere, esaterako.

Apunte hauetan, errusiarraren obra zabalaren giltzarrietako baten bitartez barneratuko gara haren pentsaeran: ororen mamia aztertuko dugu, globalizazioaren oinarri filosofiko bat, hainbat eremutan, hala nola ontologian, fisikan eta, oroz lehen, antropologian -eta honen baitan epistemologian, eskatologian, politikan, historian eta estetikan, besteak beste.

Apunte hauek blogean erakusteko hainbat motibo dago. Ez ditut aipatuko hiru baino.

1-Alde batetik, egia bilatu izan du beti filosofiak, egiaren kontzeptua eta balioa desberdina izan badaiteke ere filosofia batetik bestera: baten egia besteak ezinezkotzat jo dezake. Nolanahi ere, filosofian, funtsezko gai bat baino gehiago, bultzatzaile nagusitzat har daiteke egiaren bilatzea, bereziki guztiaren funtsaren egia.

2-Bestetik, denboraren inguruko gogoetak eman dizkio filosofiari orrialderik ederrenak: Aristotelesen Fisika IV-koak, San Agustinen Aitorkizunak-en hamaikagarren liburukoak, Kanten Arrazoimen hutsaren kritika-koak Estetika transzendentala-n eta Eskematismoa-n..., Nietzscherenak betiereko itzuleraz...

Beharbada, Kojeveren zenbait orrialdek, Introduction a la lecture de Hegel-eko Note sur l'eternite, le temps et le concept atalak, esaterako, edo Le Concept, le Temps et le Discours liburu osoak, antologia horretako leku nabarmen bat bete beharko lukete; orain arte ez zaie merezi bezainbesteko jaramonik egin, eta apunteok hemen jartzeak hutsune hori berdintzen ere lagundu nahi luke.

3-Hirugarrenik, mundu osoan neoliberalismoa bortxaz ezartzen ari diren batzuek aitajaun filosofikotzat hartu dute, hala nola Fukuyamak edo Wolfovitchek. Beraz, gure garai historikoari zuzenean eragiten dio Kojeveren obraren erabilera batek.

Kojevek estatu unibertsal homogeneoa aldezteko zein arrazoibide erabili zuen aztertuko dugu. Halako arrazoibiderik badela egiaztatze hutsa harrigarri gerta liteke, honez gero zalantzagarria baita ea estatu indartsu zenbaiten interes miserable batzuez gainera ba ote dagoen mundu osoan estatu bakar bat ezartzeko zio edozein gizakirentzat onargarririk.

Hori aztertu aurretik, hala ere, munduko gizaki guztiak berdintzen gaituena, halakorik balego, zer ote den erakutsi behar genuke.

Kojevek Hegelen bi esaldiok hartu zituen abiapuntu: die Zeit ist der Begriff selbst, der da ist eta Was die Zeit betrifft,... so ist sie der daseiende Begriff selbst. Honela itzultzen ditu: aurrenekoa, Le Temps est le Concept lui-meme, qui est la [dans l'existence empirique]; bigarrena: En ce qui concerce le Temps [il faut dire qu] il est le Concept lui-meme qui existe empiriquement.

Hegelen bi baieztapenok barnebiltzen dutena argitzea eta garatzea dute hein handi batean helburu bai Kojeveren lanak eta bai hemengo testu hauek.

Kojeverentzat, bestalde, tradizio filosofiko klasikoaren araberako "denbora" izenaren adiera, eta berehalakotasunez edo zuzenki, eguneroko bizitzan, ezagutzen dugun "denbora" izenaren adiera arrunta, bat datoz. Hori bai, bat etortze hau zertan den sakonki aztertuta, ondorioak aski ezohikoak dira, aski harrigarriak.

Azkenik, Kojevek Hegelen gogoeta gaurkotu eta frantsesez jarri nahi izan zuen; gu Kojeverena euskaraz berridazten ahaleginduko gara, errusiarrak kontzeptu berak adierazteko garai desberdinetan erabilitako hitz desberdinak koherentzia ulergarriago batera bilduz, korapilo eta nabardura zailak argituz eta, azken batean, lan pedagogiko bati ekinez. Begirunezko hermeneutika baten bidez mamituko dugu azterketa, hots, testuak itzuli, antolatu eta interpretatuko ditugu. Kojevek berak filosofia zabaltzeko orduan pedagogiak duen garrantzia azpimarratu zuen, eta "filosofia" izena merezi duen gogoetak ez duela eragozpenik edozein hizkuntzatan goitik behera eta osotoro azaldua izan dadin, itzulpenaren bidez. Halatan, Kojeverentzat, alemanetik frantseserako bidean, zein frantsesetik euskararakoan, egiak, alegia, egiaren adierazpenak, ez du fitsik ere galtzen.

Existentzia, esentzia; morfema, adiera

e-markos 2005/01/27 04:18

Filosofia klasikoak aspaldi egin zuen bereizketa bikoitz bat: gauzari dagokionez, alde batetik existentzia enpirikoa dugu, zentzumenen bitartez jasorikoa; bestetik, existentzia horren esentzia, forma. Alegia, batetik katu ?erreala? eta bestetik katu ?ulergarria?, ?ideala?.

Era berean, hitzari gagozkiola, alde batetik Koj?vek morfema deritzona genuke, adierazlea, euskarri enpirikoa, izan dadin tintazkoa, soinuzkoa, mimikoa; eta bestetik hitzaren adiera, esanahia. Hau da, batera katu soinu segida, eta bestera hiztegiko katu definizioa.

Gaur egun, oro har, onartzen da gauza baten esentzia nahitaez dagoela erabat zehazturiko existentzia bati lotua. Katuaren esentzia, adibidez, ezin du gauzatu katuak baino. Ezingo luke harri batek edo arrosa batek gauzatu, ezta katu bat ez litzatekeen beste animaliaren batek ere.

Ordutegi librearen alde

mzap 2005/01/17 08:32

Hain zaigu miresgarri ziminoa!

Eta, Elias Canettik dioenez, gizakiok salerosketan gabiltza tximinoengandik antzekoen.

Zuhaitzaren adarretatik goiti doala, ziminoaren esku biek ez dute zeregin berdina: lehenbizikoak adar berri bati heltzen dion bitartean, bigarrenak aurreko adarrari oratu behar dio. Abiada arriskutsuz doalarik gora, sarritan oratze horrek salbatuko du erortzetik, bigarren esku horrek bakarrik eusten baitio gorputzaren pisu guztiari.

Lehenbiziko eskuak adar berria hartu orduko, hori bai, ziztuan askatu beharko du bigarrenak adar euslea. Lasterrago, bizkorragoa igoera.

Esku bakoitzak, hortaz, oratu eta askatu beharko du, arin-arin. Noski, ezkerrak eskuinekoaren aurkakoa egin beharko du, txandaka.

Zuhaitzetik lurrera jaitsi ondoren ere tximinoak eskuen arteko txandakatze azkarrarekin jarraitu zuen.

Eta Canettik jatorri horixe bera ikusi dio komertzioari.

Izan ere, salerosketan, jasoriko zerbaiten ordainez beste zerbait ematen duzu. Lehenbiziko eskua nahi duzun salgaira abiatzen den bitartean, bigarrenak oraindik zurea duzun trukegaiari oratzen dio. Behin lehenbizikoak gutizia harturikoan, bigarrenak ordaindu egingo du. Ez lehenago. Estu zaindu beharra dago saleroskidea.

Iruzurra arbolatik erortzea duzu: lehenbiziko eskua hutsik baina bigarrena jadanik sosa emana.

Edonola ere, gizakiok salerostean sentitzen dugun poz fisikoak adieraziko luke arrakastaz errepikatu dugula antzinako igoera adarrez adar.

Horrexegatik gaude gizakiok tximinoarengandik hurbilen saltzaile zein erosle gisa.

Zergatik oztopatu poz hori igandez zein jaiegunez?

Izan ere, ez ote da askoz ere desorekatuagoa eta arriskutsuagoa igandez Anoetara zein San Mamesera joaten dena Max Centerrera joan nahi duena baino? Begien bistakoa den arren, sindikatuek ez dute txintik ere esaten.

Ez gara gutxi haatik aukeran nahiago dugunok tximinoa alboan, futbolzalea edo ehiztaria baino.

Sindikatuek langileentzako baldintza eta soldata egokiak lortzen ahalegindu behar lukete eta ez lanpostu berriak itotzen, ondoren beren ezina eta porrota ezkutatzeko erru alegiazkoak besteri garrasika leporatuz.

Langabetuak ez dira sindikatzen eta langabetuak dira ahulenak. Baina sindikatuek afiliatukeria babesten jarraitzen dute. LABeko eta ELAko militantea naiz aldi berean, eta lotsatuta nago.

Drogaren eta abortuaren zigor-gabetzearen aldekoek aldarrikatzen genuen legalizatzeak inor ez duela drogatzera edo abortatzera behartzen. Orobat erosteko orduan, eta ez dugu zertan onartu erosketak noiz egin behar ditugun gure ordez eta gure onerako erabaki nahi dutenen gurasokeria.

Jaiegunez eta igandez, menturaz, euskal ehiztariek mendia hustu eta saltoki tzarra beteko dute aurrerantzean. Eta, Jainkoa lagun, beharbada, amets bat dut, etorkizun eder batean, ehiztariz zein futbolzalez bete Max Centerrak Saturno aldera hegaldatuko dira, edo ifernu zulora amildu, eta tximinoak izango gara berriro Lurrean nagusi, eta bozkarioz beteko dugu Lurra, zeren Lurra berez ez baita bizkarroi bat, ez baita esaterako kuskuta edo, Zuberoan esaten den bezala, ogitina.

ETAkidea protagonista

mzap 2005/01/11 22:20

Xabier Mendigurenek Eider Rodriguezen "Eta handik gutxira gaur" eta Lander Garroren "Orain galdera berriak ditut" ipuin liburu ederrak iruzkindu berri ditu "Egunen harian" bere blogeko idazki batean, euskal literatura ETA zelan erakusten ari den eta erakutsi duen ikergaia intuizio mamitsuz aberastu duena.

Bazter errealetan tiro ugari zebilelarik, gure literaturan ia ez zen bortxarik ageri. Tiroak urriago, etakide protagonista gehiago.

Hurrengo zerrendak etakideren bat protagonista (edo garrantzi handiko pertsonaia) duten euskal eleberri batzuk biltzen ditu.

("110. Street-eko geltokia"ko Joseba Telleria etakidea ote den ez dago garbi, baina Espainiako Justiziaren omenez etakidetzat jo dugu, ziplo sartzen baitzaitu zakuan zerorrek etakide zinenik imajinatu ere ezin zenuen arren.

Bestalde, Karlos Santistebanen eleberri biak, "Terrorista" eta "Mikel Zabalza edo izuaren tunela", zailak dira aurkitzen.)

Egin litezke aise dozena erdi bat jardunaldi gai honen inguruan, Guggenheim-enean esaterako.

-Ehun metro (1976)

-Grand Placen aurkituko gara (1982)

-110. Street-eko geltokia (1985)

-Terrorista (1986)

-Mikel Zabalza edo izuaren tunela (1987)

-Exkixu (1988)

-Mugetan (1988)

-Etorriko haiz nirekin? (1991)

-Ni naizen hori (1992)

-Gizona bere bakardadean (1993)

-Nerea eta biok (1994)

-Amaren begietan (1995)

-Hamaika pauso (1995)

-Zeru horiek (1995)

-Berriro igo nauzu (1996)

-Arian ari (1996)

-Joan zaretenean (1997)

-Nik ere Germinal! egin gura nuen aldarri (1998)

-Koaderno gorria (1998)

-Berandu da gelditzeko (1999)

-Agirre zaharraren kartzelaldi berriak (1999)

-Pasaia blues (1999)

-Euliak ez dira argazkietan azaltzen (2000)

-Lagun izoztua (2001)

-Ekaitz aroa (2001)

-Iraganean galdua (2001)

-Rebel Mayo Colorao (2002)

-Hiruko-tik "Herriak bizi behar du" nobela (2003)

-Ugerra eta kedarra (2003)

-Denboraren izerdia (2003)

-Hodei berdeak (2003)

-Hamar urte barru (2003)

-Soinujolearen semea (2003)

-Ezinezko maletak (2004)

Atxagaren ustelkeria morala

mzap 2005/01/10 08:44

Kritiko espainol batek esan du "Soinujolearen semea"ren ezdeuskeria narratiboak Atxagaren inkonpetentzia morala adierazten duela.

Jendeak, bizirik den heinean, hainbat ahalmen izaten du, eta, bizilegeak agintzen baitu, ahalmenok mamitzeko inguru egokiena bilatzen edo sortzen saiatzen da. Gaitasun jakin bat gauzatzeko orduan balio moral bat ondo datorkigunean, orduantxe aldezten dugu. Duintasuna, berbarako, ona izan liteke orain, baina txarra etzi: etzi eskuzabaltasunak ase gaitzake hobeki. Gudariari pizgarri zaiona kaltegarri dakioke artistari. Halatan, balio unibertsalak aldarrika daitezke, eta biziki poztuko da aldarrikaria, baina ematen du egitez nork bere gaitasunak gauzatzeko komeni zaizkion balioak dituela bilatzen eta asmatzen.

Harrigarri gerta daiteke banakoenean bezala herrienean ere jarrera moral nagusi definigarriak antzeman ahal izatea. Baina dirudienez herri bakoitzari ere bere etika dario, Elias Canettik "Masse und Macht" ("Masa y poder", "Masse et Puissance") XX. mendeko libururik ederrenetarikoan erakutsi duenez. Etengabe migratzera kondenaturiko juduek fideltasuna ezarri behar izan zuten balio gailen; holandarrek berriz itsasoari lurra zelan irabazi izan dute arazo, eta ondorioz elkartasuna lehenetsi dute, baina elkartasun berezi bat, herri osoa dike bilakatzen duena.

Euskaldunoi konplikatua egiten zaigu "txukun" hitza itzultzea, erdaldunei bere esanahia ulertaraztea. Orobat, Atxagaren aurkako epaian nabaritzen denez espainolen eta euskaldunen balio etikoak desberdinak dira. Ez soilik politikoak. Aspaldi handiko hedabidezko oldarretan bederen (hauteskundeak, Ibarretxeren plana...) espainolek politikoak baino oinarrizkoagoak ei diren hastapen moral unibertsalen alde egitera datozela diote behin eta berriro, Zaldi Eroaren "Gizon Jakintsua" ariete. Berek ordezkatu giza balio unibertsalekin bat ez gatozenak, itsusiak eta gaiztoak gara; gizatasunetik itzuri gara, kito. Terrorismoaren biktimen artean hierarkiak ezartzeko ere ez dute inongo arazorik, Manzanas eta Carrero unibertsalak baitziren, Zabaltza eta Muguruza berriz kaxero hutsak.

Inperio espainolaren garaian sustraituko zen menturaz arrazoibide zaharberritu hori: euskaldunon harrera beroak "Soinujolearen semea"ri gure ustelkeria morala nabarituko luke. Unibertsalismoak dakartza halako ondorioak; pluralismoak aldiz erakusten digu bi herri desberdin daudela, eta bere iraupena kili-kolo ikusten duen herri baten balioak eta Nobel Saria nahiz Europako Txapeldunen Liga irabaztera ohitutako beste batenak desberdinak behar dutela nahitaez.

Moral unibertsalak "halakoa da Gizakia", diosku, "eta halakoak ditu funtsezko balio; ezar ditzagun lehenbailehen". Bitxia da alabaina zein ongi etorri ohi diren bat moral unibertsal hori eta bere aldekoaren tradizioa eta ingurua. Moral unibertsalaren aldekoak ez du dagoena begirunez ezagutu nahi izaten, eta desberdintasunak aintzat hartu, baizik arrotz zaiona berdindu, burua larregi ez nekatzearren edo patologia uniformizatzaileren batek joa.

Inork ezin baitu hurkoaren morala artez epaitu, inork ez daki eta zein diren benetan bere jokabidearen zioak. Haserreak eta suminak, sarritan funtsezko sentimendu etikotzat hartuak, ez dute garbi ikusten laguntzen. "Inkonpetente moral" zein "putaseme higuingarri" oihukatzeak norberaren barrua askatzen lagun dezake, edo norberaren moralaren edo interesen etsaiaz norberak uste duena adierazi apika, baina horrek ezin du eragotzi etsai horrek bere burua zintzotzat har dezan. Ez du ematen Atxagak bere burua bereziki gaiztotzat duenik. Ezta Atxagaren kritiko moralistak ere.

Gainera, zintzotasunak sarritan ez dio kalte baino egiten literaturari.

Euskal eleberria, zorrirantz?

mzap 2004/12/13 09:52

Dortoka da Harkaitz Canoren "Beluna jazz", "Pasaia blues" eta "Belarraren ahoa"ren arteko zubia, dortokak eraman du oskolaren gainean Rotterdam Pasaiaraino eta Pasaia New Yorkeraino. Eta dortokaren euskarri, hiru eleberrietan, zalantza.

Bestalde, euskal eleberri modernoan, hasieratik beretik ugaztuna nagusi izan ondoren, batez ere tximinoa, zaldia, balea, tigrea, zerria, satorra eta behia, aipatu Canok 1996an "Beluna jazz" zuri-beltzaz zomorroaren gailentasunaren aroa abian jarri zuen. "Sp-rako tranbia", "Eulien bazka", "Kolosala izango da", "Larrepetit", "Kilkerren hotsak", "Van't Hoffen ilea"... guztia bete zaigu orduz geroztik kakalardoz, sitsez, erlez, matxinsaltoz, kilkerrez, sugandilez, labezomorroz, inurriz eta euliz. Gero eta ugariagoak dira euskal eleberrietan larrurik gabeko animaliak, edo larrua ilez estalirik ez dutenak behinik behin.

Esate baterako: Inazio Mujikaren "Gerezi denbora"ko animalien errege, astoa izan genuen. Aitzina egin dugu Zomorroaren Aroan haatik, eta kilkerra gailendu da gerra zibilari buruzko azken urteotako eleberrietan.

(Bitxia: satorra protagonismo berezi batez jabetu da Zomorroaren Aroan, berez ugaztuna den arren. Ugaztunaren Aroan ez zioten jaramon handirik egin. Baleak zanpaturik apika. Zeren bai deigarria, balea eta satorra espezie berekoak izan daitezen! Ezin biak etiketa beraren pean bizi.)

Esan beharrik ez dago, sailkapen horrek deus gutxi balio du. Joera orokor lauso bat adieraztera mugatzen da. Egitate larregi uzten du bazterrean.

Sailkapen honetatik at, berbarako: Joan Mari Irigoienek "Babilonia"n etekin ederra atera zion gerora ere erabilia izan den baliabide bati: pertsonaiek animaliaren baten arketipoa dute barne-muinetan itsatsirik, pertsonaien eta errealitatearen arteko harremana baldintzatuko duena. "Babilonia"n, zehazki, herensugearenganako sentimenduak aurrerapenak ekarriko dien trenarengana proiektatuko dituzte.

At halaber, Saizarbitoriaren eleberriek badute hainbat berezitasun: alde batetik, arras urriak dituzte animaliak; bestetik, biziari baino gehiago heriori lotuak dira ("Ehun metro"ko protagonistaren odola miazkatzen duten usoak, "Bihotz bi"ko Luxio muslaria, zezen disekatua gainera erori eta hila,...); azkenik, animaliaren bat nabaritzen baldin bada, sardina duzu latan, "Egunero hasten delako"n jadanik ageri baitzen. Totem buruzagi, sardina latan. Ondorio psikoanalitikoak, inportanteak.

Zomorroaren Aroa noizbait bukatuko balitz, dena den, zein litzateke hurrengo Aroa, zein ezustekoz txundituko gintuzke halabeharrak?

Zomorro azpi-espezie batez menturaz, Bizkarroiaren Aro batez.

Izan ere, euskal eleberrietan, espezieen bilakaeraren alderantzizkoa izan baita gezia: Txillardegirenean primatea izan zen nagusi. Hirurogeita hamarreko, laurogeiko eta laurogeita hamarreko hamarkadetan, berriz, askotariko ugaztunak. Canok Zomorroaren Aroa hasi zuen.

Itxuraz, bada belaki antzeko bat, aldi berean zomorroaren eta narrastiaren aitzindari. Baina ez du oso nobelistikoa ematen. Bai aitzitik zorriak, zomorrorik zaharrenetarikoak.

Vudu

mzap 2004/11/29 21:37

Larunbateko "Mugalari"n Iturraldek zioen legez, irakaskuntzak badu bere alde polita. Esate baterako, beti izaten dira gorabehera berriak.

1-Joan den astean, asteazkenean, Batxilergoko ebaluazioak izan genituen. Ordurako notek ordenagailuan behar zuten. Patxadaz zuzentzea egokiena den arren, nire ikasleek Filosofiako azterketa ahal bezain berandu jartzeko joera izaten dute. Asteburua zuzentzen igaro ostean, astelehenean 2.B nuen eta asteartean 2.C. Denbora aldetik, estu-estu.

Kontua da astelehenean 2.B-koek ziurtatu zidatela ezin zutela azterketa egin, asteartean 2.C-koekin batera nahi zutela.

Konforme. Astearte gauez ordu biak arte gelditu ondoren, goizeko seietan jaiki nintzen zuzentzera. Aski ez haatik. Baina luze jota eguerdirako behar zituzten tutoreek notak.

Ez nuen beste erremediorik izan, eskola ordu bi bertan behera utzi baino. Etika eta Filosofia irakasle izaki, gainera, ezin justifikantean "Gaixotasun arina" edo antzekoren bat jarri, Zientzia arlokoen kuttuna. Aitzitik, egia beti aitzina: beraz, ez ditut ordu horiek justifikatuko eta soldatatik kenduko dizkidate.

Baina 2.B-koei mesede egiteagatik izan zenez azken batean, 2.B-koek jakinarazi didate galdutakoa beraiek berdinduko didatela. Ikusi behar. Edonola ere, hamazazpi urte behar izan ditut irakaskuntzan halako eskaintza harrigarri bat jasotzeko.

2-Horrenbestez, asteazkenerako, edo ostegunerako, ikasleek bazuten noten berri. Ostiralean eztarriko mina nuen sentitu; gauez irentsi ere ezin nuen ia. Eztarriko minari aste buruak sentsazio desatsegin bat erantsi dio sabelpean, ezintasun itsusi bat lizunkeriaren organoan. Berrogei urte, pentsatu dut, edo berrogeita bat.

Baina keba. Gaur goizean, 2.B-ko J. E.-k, "gutxi" Filosofian, pasa den astean bolalumaz egin zuen marrazki bat erakutsi dit. Bertan neroni ageri naiz, Far West itxurako paisaia batean, urkatuta hilik. Iroshiren antzirudia oparitu dit E.-k, bizarrean puntutxoak eta ile kizkur samarra. Begi hiletako zurian, gurutze bana. Oinak zintzilik. Eta, azen ontzeko, txintxeta gordin bat sexu-aldean gogor iltzaturik. Maisuaren aurkako vudu eragingarria.

Platoni buruzkoa zen azterketa. J. E.-k sarean aurkitu omen du Platonek aipatu Atlantida Izaro inguruan datzala.

Bere gain halako lanak hartzen dituen ikasle batek, alegia, nabigatzen ari dela "Big Boobs.com" beharrean Platonen gaineko ikerketan dabilenak, duda barik merezi du Filosofia gainditzea.

Benidormen jazoa

mzap 2004/11/27 17:36

Karlos Linazasororen "Itoko dira berriak" B.n dago kokatua. Linazasorok argitu behar izan gabe ere ohartu naiz B. hori Benidorm dela, urtero joaten bainaiz bertara Aste Sainduko oporretan. Narratzailea Linazasoro bera da. Karlos Linazasoro idazleak Karlos narratzaile eta protagonista nola ikusten duen zehaztea txit litzateke konplikatua. Aski bedi azpimarratzea Levante hondartzan besoak astinduz laguntza eskatzen ari den bainuzale bat itotzen uzten duela, eskumenean duen arren. Desberdina baita jendea urruti hil dadin, heriotza eragozteko ezein aukerarik ez duzula, edo alderantziz, hau da, errudun senti zaitezen eraz. "Itoko dira berriak"eko pertsonaiak kalakan dabiltza hondartzan txano laranjadun bainuzalea itotzen den bitartean. Oroitarazten dizkizute erakunde horiek, askotarikoak, oinazea, tortura eta gerra saihesteko ahalmena izanik deus ere egin ez baina aitzitik Giza Eskubideen aldeko prentsaurrekoak eta kongresuak amorruz antolatzen dituztenak. Nolanahi ere, mundua politagoa litzateke erakunde ezagunek "Itoko dira berriak"en doinu irrigarriaz egingo balituzte kritikak eta autokritikak.

Bestalde (onar iezadazue aitorpen intimoa), Linazasororen pertsonaien berritsukeria ezgai hori zartatu nahi nuke, oroz lehen nire baitan; aldiz, narratzaileak Benidormez dioena bozkarioz mukuru egin dut neure:

"B., hiri irekia, kultura eta arte eta pentsamolde desberdinen elkargune eta arragoa... pertsonen berdintasunaren eta aitatasunaren paradigma da, podium hauxe meritu ez eskasen ondorio dena... Egin dezagun, bada, topa hiri zoragarri honen ohoretan!"

Javier Rojok Espainiako Senatua "Itoko dira berriak"eko Sortaldeko hondartza antzeko bat bilakarazi nahi luke: pertsonaia bat Valladolidekoa, beste bat siguenzarra, Astorgakoa hirugarren bat, Ayamontekoa bestea, Linazasoro bera euskalduna... Haatik, Rojok Senatuan Espainiako lauzpabost hizkuntzak erabil daitezen gura du; Sortaldeko hondartzan, berriz, ez dute euskaraz baizik egiten. Alegia, "Itoko dira berriak" hasi eta buka dator euskaraz, baita pertsonaien jatorriak ezin direla euskaldunak izan susmarazten duenean ere. Horrelako eragina baitu Benidormeko euskal giroak.

Halako batean, urruneko puntutxo laranjak ostertzarekin bat egiten duen bitartean eztabaidan dabiltzanei zein hiru gauza eramango lituzketen uharte galdu batera galdetu eta "txakurra" da erantzunetan gailen. Hortaz, balirudike baiezta litekeela Linazasoro bat datorrela Deleuze eta Guattarirekin, filosofo frantses garrantzitsu horien ontologiaren oinarrietako bat hauxe baita: "etxean txakurra edo katua dutenak ergel hutsak dira". Baina agian Linazasorok emendatuko luke: "eta ez dutenak ere bai."

Tximeleta eta Judas Iskariote

mzap 2004/11/20 16:59

Tximeleta efektuak berez natura munduan edozer eta guztia beste guztiarekin harremanaturik dela erakusten du, harreman horiek gizakiontzat ia beti gordeak eta ulergaitzak badira ere. Edozein gisaz, hasiak gara, dirudienez, harreman horren alde bat ezagutzen, gizakiok halakoak ezagutzera heltzen ohi garen moldean, alegia, zartakoka: gure erasoei, naturak erantzun egiten die, sarritan bortizki, azken aldiko hozbero surrealista eta uholde bitxi horiek adierazten dutenez. Ustiategi huts uste genuena hasia da amorruz ihardesten, eta Dorre Biki piloa eraitsiko du datozen urteotan.

Dena dela, ez soilik aldiberekotasunari begira, lehen begiratuan tximeleta efektuak ez baitu aintzat hartzen aldiberekotasuna baino, baliteke historian ere tximeleta efektu antzeko bat irudikatzea zentzunaren aurkakoa ez izatea guztiz: Leibnizek eta Borgesek bederen erakutsi zuten agian zu orain hau irakurtzen egon ahal izateko ezinbestekoak izan direla Santimamiñeko margolariak, Judasen musua, azken Mohikanoaren bainuak Ipar Amerikako erreka alaietan, Real Unionek hainbat Liga irabazi izana eta psikoanalisiaren hedatzea herrialde aberatsetan.

Ikuspuntu horrek, gizaki arruntoi eramangaitz gertatzen zaigun erantzukizun izugarri baten zamaz uzkurtzen digu morala, esaten eta egiten dugun guztiak iraganeko gertaerak oro behar izan baititu, bai horixe, baina orobat erabakiko baitu etorkizun larriaren gorabehera bakoitza. Alegia, hamaiketakoan kruasana ala donutsa aukeratzeak, ondorio erabakigarriak ekar ditzake, hamar mila urte barru ilargian ur eskasia dela eta liskarturiko bizilagun batzuek konponbideak bila ditzaten orduan.

Ordea, kontua da zelan jakin ziurtasunez zein den aukera egokia, zerk egingo ote duen konponbidea eskuragarriago, kruasanak ala donutsak, gure oraingo jokabide artezak ala maltzurrak.

Indian eta, oro har uste dute jokabide zintzoak ondorio ederrak eta zuzenak dakartzala, oroz lehen norberarentzat; egia esan, badirudi erlijio eta autolaguntza molde ia guztiek halakoak sinisten dituztela. Hots, hobeki zara biziko, baldin ez bazabiltza beti zure adiskideez atzetik gaizki esaka, esan gaizto horiek boomeranga bezala atzera zuregana itzuli eta bertan seko kakaztuko baitzaituzte.

Baina demagun ongiaren eta gaizkiaren neurria beti dela berdina Unibertso aldiberekoan, halaber pozarena eta haserrearena. Halatan, poza zeureganatzen duzun heinean, beste bati kentzen diozu. Eta demagun pozak ez dakarrela ondorioz nahitaez pozaren emendioa, historian zehar ere orekaz dabiltzala poza eta korromioa. Orduan, zure bizitzan pozkorregia izan bazara, beste batek ordainduko du gerora, eta zure poza sakrifikatzeak beste baten edo batzuen zoriona ekarriko luke. Horrexegatik dio Borgesek Jainkoa ez zela ospe oro har oneko Jesusengan hezurmamitu, baizik eta geure kostaldea galipotak bezain zikindua eta zigortua izan den Judasengan.

Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.