Hamaika Pauso
Hitzaldi bat eman behar dut bihar Miarritzen eta oztopo franko izan dut prestatzeko orduan, izenburutik beretik hasita: uste bainuen "Etakideen nahigabeko irudikapenak (haluzinazioak, ametsak...)" aski neutroa zela, banekiela zer esan nahi zuen. Ametsak eta haluzinazioak, oro har, eta definizioz, borondatetik kanpokotzat jotzen ditugu, gertatu egiten zaizkigu.
Haatik, ikusi dugu etakideen amets batzuk, emakumezkoenak bereziki, bilatuak izaten direla, kontrolatu samarrak, zuzenduak, nola "Zeru horiek"eko Irenerenak hala "Koaderno gorria"ko Laura Garaterenak (nobelan kontatzen ez bazaizkigu ere).
Era berean, Iñaki Abaituak eldarnioak "konposatu" egingo ditu, eraiki, sortu: bere burua zigortu egingo du Julia eta Zigor Ortiz de Zarate elkarrekin larrutan irudikatuz, Zigor hiltzera dandarrez eroan baino lehentxeago.
Enigma horrek zer ezkutatzen duen asmatu nahi nuen, baina ezin. Ametsei eskatu nien laguntza, baina desegokiak izan nituen, desatseginak, txarrak: Saizarbitoriarekin solastatzen nintzen esate baterako Alderdi Ederreko banku batean, tamarindo artean. Zergatik ihes egiten ote dioten Abaituaren eldarnioek eldarnioaren definizioari galdetu nion, zer esan nahi duen Abaituak bere haluzinazioak berariaz bideratzea, eta erantzun gisa masaileko bat jo zidan: sandaliak bustita neuzkan eta kresalak larrua hondatzen du. Ezin aitzinatu. Saizarbitoriaren liburuak berriro irakurri nituen.
"Ehun metro"n ere bagenituen jadanik hamaika pauso, protagonistaren bizitzako pausorik luzeenak: erakundetik egotzitako lagunari bizkarrean jo eta bere kontra deus ez zuela esatea ahalbidetuko ziotenak, ulergarri zitzaiola bere jokabidea, mundu guztiak duela bere lekua.
Baina ez zituen egin.
Bizia galtzeko falta zaizkion hogei pausoekin alderatuko ditu, bere bizitzako biderik luzeenarekin.
Joxe Zuazalagoitiak hogei pauso horiek bai, egingo ditu.