Wittgensteinen pentsamendua
Hauxe da Wittgensteinen gogoeta abian jarri zuen harridura: hitz egin,
hitz egiten dugu, noski, baina zer da zehazki egiten duguna mintzo garelarik?
Nola funtzionatzen du zentzuak esaldian, zer da perpausa? Kanten galdera ezagut
dezakedanaren mugen gainekoa bazen, Wittgensteinek itaunduko du zer ote den era
onargarriz esan dezakedana. Eta zentzuz esan dezakedanaren mugak
tautologia eta kontraesana dira: tautologia beti da egia, baina ez digu ezer
esaten munduaz; kontraesana beti da gezurra, eta ez digu ezer esaten munduaz.
Lehen Wittgensteinentzat, tautologiaren eta kontraesanaren artean dagoen
perpausak, zentzuzkoa denean, mundua irudikatu egiten du. Izan ere, hizkuntzak
eta errealitateak forma logiko berdina dute, isomorfoak dira: adibidez izenak,
hizkuntzaren azken osagai definiezinak, bat datoz gauzekin, errealitatearen
azken osagaiekin. Munduaren irudi legez funtzionatzen du perpaus onargarriak.
Alabaina, ezin da perpausen bidez munduaren eta hizkuntzaren forma logiko komuna
azaldu. Hori norberaren lokartze unea zehazki kronometratu nahi izatea
litzateke. Perpausek forma logiko hori “erakutsi” egiten dute, ezin dute
“adierazi”.
Tractatus-ean, hortaz, Atomismo Logiko osoan bezala, izenaren zentzua bere erreferente erreala da. Eta perpaus onargarria, era berean, mundua deskribatzen duena da, hots, Natur Zientzietakoa. Ordea, Natur Zientzietako gaiak ez dira garrantzitsuenak gizakiontzat.
Sakonkien dagozkigun gaiak etikoak, mistikoak, estetikoak dira. Baina ezin dira hitzez adierazi. Mistikaz berbetan hasten garenean ez dugu botatzen zentzugabekeriak baino. Esan daitekeena, guztiz argiro esan daiteke; eta ezin esan daitekeenaz, hobe isiltzea. Lehen Wittgensteinentzat, beraz, badago egia, mintzoz adieraz daiteke, egia adierazten hasi eta bukatu egin behar dugu, eta egia adierazi ostean isildu: jolastu, maitatu, bizi. Horrexegatik dio Tractatus-ak zati bi dituela: idatzirik dagoena eta idatzirik ez dagoena. Eta bigarrena ei da garrantzitsuena.
Betiko eta eguneroko hizkera, bestalde, ez da gai mundua artez deskribatzeko, nahasia baita. Horrenbestez, munduaren berri emateko, logikoki perfektu bilakarazi beharko dugu hizkuntza. Lehen Wittgenstein gazte suhar solipsistak hizkuntza aldatu nahi du, halatan mundua ere aldatuko duelakoan, munduaren mugak nire hizkuntzaren mugak baitira.
Heldu ahala, aldiz, baretu egingo da, eta Bigarren Wittgensteinek munduko hizkera ugari aldakorrak bere horretan onartzearen eta uztearen alde egingo du.
Ikerketa Filosofikoak liburua da Bigarren Wittgensteinen filosofiaren adierazpen nagusia.
Honen arabera, zentzuak ez du erreferentearekin zertan bat etorri: “Platon” zentzua ez zen Platon pertsonarekin batera zendu. Ez da egia munduaren eta hizkuntzaren forma logiko komunak perpausak zentzudun bilakatzen dituenik. Ostera, erabilerak erabakiko du hitzaren edo perpausaren esanahia. Hizkuntzaren adierazpenek anitz erabilera eta helburu dute eta jarduera desberdinei lotuta daude: erregutzea, eskertzea, madarikatzea, agintzea, gertaera bat kontatzea, eta abar.
Perpaus mota bakoitza hizkuntza-joko jakin baten adierazpena da. Hainbat arlotan erabiltzen dugu hizkuntza, eta erabilera horietako bakoitza hizkuntza-joko bati dagokio. Beraz, perpaus baten esanahia ezagutzeko, dagozkion hizkuntza-jokoa eta jarduera ezagutu beharko ditugu.
Beste jokoek bezala, hizkuntza-jokoek ere, funtzionatuko badute, arauak behar dituzte. Eta, argi eta zuzen jokatzekotan, arauak ezagutu behar. Desberdinak baitira zientziaren hizkuntza-jokoaren arauak, erosketan erabili beharrekoak, elizan, eta abar.
Hizkuntza-jokoek ez dute inolako funtsik. Ez dute Wittgensteinek “senide-antza” deritzona erakutsi baino egiten, joko desberdinen arteko analogiak eta berezitasunak nabaritu baino ez. Hizkuntzaren esentzia bilatzea zentzugabekeria da. Arauen deskribapen argira mugatu beharko genuke.
Edozelan ere, Lehen Wittgensteinek zein Bigarrenak antzera ikusten dute filosofiaren zeregina. Orain arte, filosofia isildu beharrekoaz etengabeko kalakan aritu da. Buru eritasun bat izan da filosofia, hizkuntzaren funtzionamendu zuzena ongi ez ulertzearen ondorio. Gramatikaren atzapar tronpariek mendean hartzen gaituzte, eta bost liburuki mardul idazten ditugu “Izatearen Esentziaz”. Orduan Wittgensteinek diosku: “begira, zu gaixorik zaude, eta nik osa zaitzaket. Irakur ezazu nire obra, ulertu ondo, eta sendatuko zara. Eta, behin sendaturik, isildu egingo zara”. Terapia gisa ikusten du Wittgensteinek filosofia: ez dago filosofia-arazoak konpontzerik, errealitate berriren bat ezagutzera emanez adibidez, zentzubakoak baitira; filosofia-arazoak desegin egin behar dira, eta ahaztu. Arazo filosofikoa eulia da, botila barruan. Wittgensteinek botilaren zulorako bidea erakutsiko dio euliari.
Kontsulta eta hauteskundeak
Ibarretxek De Gaulleren antzera ikusten du lehendakariaren harremana herriarekin: hitzarmen batek lotzen ditu, alderdien eta hedabideen gainetik. Ibarretxek Euskal Erdiari kontsulta agindu zion eta hitza betetzen ari da, konstituzionalisten presioa gorabehera, batik bat dependentista jeltzaleena. Eta hiritarrok Ibarretxek proposaturikoa arbuiatuko bagenu, etxera joango litzateke, De Gaulle bezalaxe.
Konstituzioa muga gisa ezartzea ez da batere demokratikoa. Espainiako Konstituzioa aski ona da, baina ez da demokratikoa, ez sorkuraz ez menturaz. Aitzitik, Ibarretxerena ez da ekimen oroz lehen abertzalea (Ezker Batua ez da abertzalea), baizik demokrata, lurralde jakin batean demokraziaren kalitatea apur bat (ez gehiegi) hobetzeko ahalegina.
Patxi Lopezi hauteskunde autonomikoak irabazteko aukerak murrizteko tresna ere bada kontsulta. Azken hauteskundeetako emaitzek jeltzaleak beldurtu zituzten; hurrengo autonomikoek, ezker abertzale nagusia eskubide politikorik gabe dagoela, eta PP galbidean, Ibarretxeren eta Lopezen arteko lehia polarizatua ekarriko dute. Dena den, Lopezen proiektu politikoa Ibarretxerena baino zentzuzkoagoa eta erakargarriagoa balitz ere, ez luke irabaziko, Lopezen beraren egitura psikofisikoa dela eta. Espainian apika bai, EAEn ez. Erkorekari ere ezingo lioke irabazi. Jose Luis Bilbaori ordea bai, Lopezek irabaz liezaioke.
Sozialisten artean, Ibarretxeri irabazteko gai, euskaraz ondo ikasiko balu eta lehendakari izateko lezio egoki batzuk jaso ondoren, Santano ageri da, Irungo alkatea. Edonola ere, Ibarretxeren ekimenak Lopezi txikitu egin dio irabazteko aukera.
Herriari galdera, beste ikuspuntu honetatik ere autonomikoetan nagusitzeko bitarteko eta iskilu: Auzitegi Konstituzionalak kontsulta inpugnatzea bera ere Ibarretxerentzat garaipen goxoa litzateke. Ezker abertzalearen ordezkari politiko asko espetxean edo espetxerako dago (berehala dugu ANVren eta EHAKren aurkako epaiketa), eta kontsultaren saltsaren bidez Ibarretxek aiseago erakarriko ditu 2001ean jaso zituen bozen tankerakoak.
Kontsulta hau ondo irtengo balitz erraztu egingo litzateke, beharbada, herriari Tren Lasterrarena bezalako hainbat egitasmori buruzko iritzia eskatzeko ohitura demokratikoaren zabaltzea. Kontsultak eta erreferendumak patxadaz eta sarritan egin beharko genituzke, Ibarretxerenari ematen ari zaizkion kutsu dramatikoa epeldu eta desegin. Hobeki profitatu beharko genituzke Interneten baliakizunak.
Amaren maitasunaren deslokalizazioa
Rowena Bautista filipinarrak Clinton eta Princela Bautista seme-alabak Filipinetan utzi eta AEBetan beste bi ume zaintzen ditu. Azkeneko bi Gabonetan ez da Filipinetan egon. Berriki itzuli delarik, Clintonek, 8 urteko mutikoak, ez du ama ukitu nahi izan. “Zergatik etorri zara?” galdetu dio kopetilun.
Gero eta gehiago dira Rowenaren antzera sorleku txiroa utzi eta denboraldi luzeetan atzerri aberatsagoan lan egitera behartuta dauden amak. Rowenak bere amari utzi dizkio seme-alabak eta Washingtonera joan da. Edozein neskamek kobratzen baitu Washingtonen, sendagileak Filipinetan adina.
Dena den, Rowenaren ama irakaskuntzan dabil eta goizeko 7etatik arratseko 21:00ak arte lan egiten du. Halatan, Rowenak Anna de la Cruz neskamea kontratatu behar izan du Clinton eta Princela egunez jagoteko. Anna de la Cruzek, berriz, bere seme nerabea 80 urteko bere amaginarrebaren ardurapean uzten du.
Rowenaren bizitzak gero eta zabalagoa den joera mundial bat erakusten du: herrialde aberatsek goxotasuna eta laztanak inportatzen dituzte herrialde txiroetatik. Berriki arte “brain drain” delakoa baino ez zen aipatzen, buru pribilegiatuen ihesa herri atzeratuetatik lehen mundura. Orain “care drain” edo “zaintzaren ihesa” ere badugu.
Amak alde egin dien umeak pilo ikaragarria dira. Filipinetan, esaterako, umeen %30 (8 milioi inguru) bizi da gutxienez gurasoetako bat atzerrian duela (ia denak AEBen; AEBeko filipinar etorkinen %70 emakumea da; eta ia denek "care" edo "zaintza" arloan lan egiten dute. AEBen gaur egun langileen %20 "care" delakoari loturiko lanetan dabil, oroz lehen umeak, zaharrak eta eriak zaintzen).
Nazio Batuek 1959an aldarrikatu zituzten Haurren Eskubideen seigarren artikuluaren arabera, umeak “maitasuna behar du, eta ulerberatasuna, eta, ahal den heinean, bere gurasoen erantzukizun eta zaintzapean behar du hazi”, eta “ume txikiak ez du bere amarengandik bereizi behar, salbuespenezko egoeretan izan ezik”. Oraingoz, aldarrikapen horiek ez dira onkeriazko ametsak baino, ez dira gai umeak globalizazioaren arriskuetatik babesteko.
Marxen eta Freuden
kategoriek arazo berri hauek argitzen lagun diezagukete. Ugazaba kapitalista
langilearen lanari dagokion plusbalioa bereganatuz dirua pilatzen eta
desberdintasun ekonomikoa areagotzen doan bezala, lehen mundukook hirugarren
munduko amen maitasun-plusbalioa gureganatuz heziketari eta garapen
psikologikoari loturiko aldeak sakontzen ditugu. Eta Freuden transferentzia:
hirugarren munduko amen berezko maitasuna, beren umeenganakoa, gure umeengana
erakartzen dugu, boterearen eta diruaren bitartez.
Oro har, edozein dela ere ama hauek beren seme-alabak aurrera ateratzeko asmatzen dituzten konponbideak, gehienek oinaze handiz sentitzen dute bereiztea, erruz eta damuz. Vicky Diazek, Filipinetan bost haur utzi dituen irakasle batek, dioenez, “egin dezakezun gauza bakarra da zure maitasun guztia zaindu behar duzun umeari ematea. Nire umeak ez daudenez, zaindu beharrekoei emango diet”. Horrela, Vickyk berak bilatu ez duen arren, mundu mailako afektuen deslokalizazioan esku hartzen du. Lekuz aldatutako neskame eta zaindariek ez baitute soilik denbora eta kemena sorlekutik atera eta herri aberatsera bideratzen: maitasuna ere bai. Zentzu honetan, maitasuna injustuki banatutako indarra da, herrialde jakin batzuetatik erauzten den sentimendua, beste batzuen onurarako.
Migratu behar izan duten amek txarto pasatzen badute, ez dabiltza hobeki beren seme-alabak. Hauen emaitza akademikoak bereziki kaxkarrak dira. Ikaskideekin alderatuta, maizago gaixotzen dira, sarriago daude amorratuta, nahastuta eta apatiko. Maizago eta sarriago erabiltzen dituzte delinkuentzia eta suizidioa.
Ume hauek nozitzen duten afektu-gabezia eta herri aberatsetako umeek gozatzen duten maitasun-oparotasuna alderatuz gero, nabarmena da bidegabekeria.
Mundu-mailako politikak batik bat politika ekonomiko behar luke, eta desoreka lotsagarri horiek konpontzen ahalegindu.
Aipaturiko datuak eta beste asko, liburu honetan:
GLOBAL WOMAN: Nannies, Maids, and Sex Workers in the New Economy, Edited by Barbara Ehrenreich and Arlie Russell Hochschild, Metropolitan Books, 2003.
Arazo honen inguruko artikulu interesgarri bi:
1-Robert Frank: “High-Paying U.S. Nanny Positions. Puncture Fabric of Family Life in Developing Nations”
2-Arlie R. Hochschild, “The nanny chain”
Hiru ama eta Milenaren kasua
Gaur egungo umeek dibortzioari eta zaintzari loturik aurki ditzaketen egoerak gero eta konplexuagoak dira. Xiringazko ereintzak, alokaturiko sabelak, robot depresiboentzako eta klon matxuratuentzako harrera-familiak… horrek guztiak korapiloak sortu ditu oraindik orain gardentzat jotzen zen amatasunari dagokionez.
Giza izaeraren ezagutzari hogeigarren mendean egin zaion ekarpen funtsezkoenaren oinarrian, psikoanalisiaren oinarrian, Ediporen konplexua dago. Freudentzat, ama nor ote den erabakitzeak ez zuen arazorik sortzen: badakit ziur nor den nire ama, eta ama bakarra dut. (Horregatik iruditzen zitzaion aurreratuagoa patriarkalismoa matriarkalismoa baino: amaren ebidentzia zentzumenen bidez eta zuzenean jasotzen dudan bitartean, aita detektatzeko arrazoia eta inferentzia logikoa erabili beharrean nago, adimena piztu eta garatu beharrean.)
Kontua da gaur egun ama bakarra dardaraka eta dantzan hasi eta biderkatu egin zaigula, gutxienez hirukoiztu. Ume bakar baten amatasunean esku har dezaketen hiru andre bereiz daitezke: obozitoak jartzen dituena; umea sabelean eraman eta erditzen dena, umegilea; eta umea hartu, onartu eta hezten duena. Herri bakoitzak filiazioari eta umeordetzari buruzko legeria berezia du. Frantziak hirugarren emakumeari aitortzen dio ama izaera; umea zaintzen duena izendatzen du “ama”. Dibortziatuz gero, umea zaintzeko orduan azken honek luke zeresana, aurrekoek ez. (Derrida eta Roudinesco, De quoi demain, Flammarion, 70 or.)
Ez da hain erraza Goenkaleko Milenaren ama nor ote den erabakitzea. Munduratu zuen errumaniarrarekin harreman handirik ez du. Leonorrek hartu zuen, baina aspaldion ez dabil batere ondo. Nire uste apalean Koldo eta Nekane komeni zaizkio, ertzainaren porrak babes handia eman baitiezaioke ume koitaduari mundu arrano honetan.
Baietz klona gutxietsi
Umea zaintzeagatiko borroka kasu guztietan ez da benetakoa, baizik dibortzioak dakarren oinazearen eta suminaren adierazpenetako bat. Batzuetan zaintza ez da eskatzen bikotekide ohia izorratzeko baino. Umea haztea oso baita gogorra. Eta, diotenez, gaur egun elkarketa-eredu hegemonikoa ez da honezkero sendi patriarkala seme-alabekin, baizik bikote kontraktuala. Eta umea gero eta gutxiago hartzen da familia biribiltzera letorkeen osagarritzat; eranskin desorekatzailetzat hartzen da maizago, gremlin amorragarritzat, lehenbailehen neutralizatu beharrekoa.
Zaintza benetan partekatu nahi izatera, garatuago genituzke klonazioak eman diezazkigukeen aukerak. Edozein gisaz, behin klonazioa egunerokoan txertaturik izango dugularik ere, etorkizun ez oso urrunean, dibortzio-prozesuetan ez da erabiliko umeen onura eta bikotearen bakebidea helburu. Aitzitik, gertagarriagoa da honako ika-mika hauxe:
Dibortzioa. Bi bikotekide ohiek nahi omen dute umeen zaintza.
“Ba klona itzazue”.
“Ados”.
Alta, berehala bilatuko du amorruak mintzatzeko bidea, eta dibortziaturiko biek jatorrizko umea eskatuko dute, jaiotzazkoa.
“Baina klona ez al da ba definizioz jaiotzazkoaren berdin-berdina?”
“Berdina bai; ez ordea berbera”.
Epaiketa galdutakoak konformatu beharko du klonarekin.
Gizakiok gatazketan darabiltzagun jokabideak eta mintzamoldeak kontuan hartuta, ezin baikorra izan.
Diskriminazio positiboa?
Hori erabat
ziurtatzekotan, haatik, onartu beharko genuke senarrak eta emazteak, biek, epaileari
umea zaindu nahi dutela sinetsarazten diotela, biek maila berean edo senarrak
apur bat gehiago, egia izan ala ez, eta hala ere epaileak amaren alde egiten
duela, uste duelako emakumeak historian jasan duen zapalketa umeen ardura amari
emanda nolabait orekatuko duela. Ez ote da gehiegi suposatzea? Epaileen deliberamenduen oinarrian andrearen aurkako bidegabekeria historikoa konpentsatzeko
nahia dagoela sinetsi behar al dugu?
Espainiako hedabideetan maizen ageri diren epaileen jarrera aztertuta, ez al da zentuzkoagoa suposatzea azpitik dabilela ez sinpatia feminista hori baizik inertzia matxista hau: emakumea umea egin eta jagoteko sortu zen, eta gizona berriz negozioa zaintzeko, txikiteorako eta futbolagatik sufritzeko?
Printzipioz, seme-alaben zaintzak partekatua behar luke. Ez da ez egoki ez zuzen zaintza partekatua salbuespena izatea.
Epaileen arriskua: inertzia patriarkalak jota eta kasu zehatzak poliki aztertu gabe zaintza amari ematea. %96 gehiegi da. Ama ludopata mozkor ugari dugu Euskal Herrian. Dibortzioak bestalde mingarriak izaten dira maizegi, ez dugu bertan gure alderik maitagarriena erakusten. Umea manipulatzea ez da tentaldi soila izaten, norberaren alde eta bikotekide ohiaren aurka jar dadin. Epai zuzena ematekotan, funtsezkoa da epailea psikologo fina izatea eta senar-emazteei arretaz entzutea; baina baita umeei ere; hori bai, inorekin batere fidatu gabe.
Izan ere, batik bat adin jakin batzuetan, guraso batek hartu behar izaten du umeei mugak eta arauak ezartzeko erantzukizuna, bitartean besteak etengabe muxukatu eta litxarreriak eta play-stationak erosten dizkien bitartean. Aldi batez, umeari zoragarri zaio edozer onartzen dion guraso hori, eta legeak betearazten dizkiona berriz pikoleto mozorrotu. Jakina, pikoleto gaiztoarekin ez du bizi nahiko. Epe luzera ordea bista da zein guraso izango zaion umeari onuragarriago. Eta umea, lainezak eta maitasun-eroskeriak ez badute zeharo ergeltzen, berandu baino lehen ohartuko da.
(Orokorregiak ziurrenik kasu zehatz hurbil batzuetatik hemen ateratako ondorioak.)
Biktimen erabileraz
Dirudienez, 2001ean Ibarretxe biktima gisa agertu zitzaigun Mayor Orejaren eta Redondoren oldarraldiaren aurrean, eta horrek inoizko emaitzarik onenak ekarri zizkion. Oraingo honetan, Ibarretxek badaki Zapaterok ez duela akordiorako bere proposamena onartuko, eta uko horren bila omen dabil biktima gisa nabarmenago agertu ahal izateko. Ordea, Zapaterok ez du inolaz ere nahi Ibarretxe berriro ere biktimatzerik, eta horregatik ez du zuzenean txoritara bidaltzen Lehendakariak elkarrizketa eta akordioa eskaintzen diolarik. Biktimarik biktimenak irabaziko baititu hauteskundeak. Dena den, joko politikoaren biktima gisa azaltzea eragingarria baldin bada, ez dute gutxi bultzatzen odolak eta heriotzak.
Analista askoren ustez, ETAk mesede galanta egin zien sozialisten interes elektoralei Isaías Carrascoren hilotza bozketa bezperan eskainiz, sozialistak agerrarazten baitzituen horrela inor baino biktimago. Benetako borroka, zure aldeko biktimak ahalik eta zalaparta mediatiko handienaz nabaritzea eta aldi berean zuk eraginikoak ahal bezain osotoro ezkutatzea bilakatu da. Etenik gabeko hauteskunde-kanpaina honetan, ez duzu deus balio ez bazara ikuskizun elektoraletan zenbait hankamotz tiragarri erakusteko gai.
Zaharrek diotenez, behiala bazen biktimen oinazeari loturiko lotsa bat, dezentziari eusteko ahalegin bat. Aspaldion berriz alderdi politikoak gero eta gutxiago arduratzen dira beren ikuskizunetan umezurtzak, mutilazioak eta torturatuak erakutsi ahal izateak eragiten dien euforia disimulatzen. Proiektu politikoak landu eta proposatzeak baino efikazkiago akuilatzen ditu zauri deigarriak ikusarazteak. Ezker Batuaren, EAren eta Aralarren gainbeheraren arrazoietako bat: eskas dabiltza biktima kontuan. Halaber, jeltzaleen oinazea psikologikoegia da. Muinoirik izugarrienak telebistaz modurik sentimentalenean erakusten asmatuko duen alderdiak irabaziko ditu hurrengo hauteskundeak.
Nolanahi ere kontuz: biktimaren begirada zein arriskutsua izan litekeen Patricia Highsmithen ipuin honek oroitarazten digu: zortzi urteko mutil baten amak ur-gezatako dortoka bat dakar etxera, afaltzeko. Dortokaren okelak zapore goxoa ukan dezan, bizirik egosi beharra dago. Amak, semearen aurrean, irakiten dagoen uretara bota dortoka eta eltzea tapakiz estaltzen du. Dortoka izutuak eltze-ertzari heltzen dio aurreko hankekin, eta buruaz tapakia altxatu eta apur bat ateratzea lortzen du. Lipar batez, mutilak hilzorian den animaliaren behako etsia ikusi du, amak irakiten ari den uretan koilarakada gogor batez berriro murgilarazi baino lehen. Begirada horren kolpe traumatikoak ama sukalde-laban batez zastatzera bultzatzen du semea.
Zizekentzat, gaur egun benetako trauma-eragilea ez da kausa zuzen baten alde bere burua sakrifikatzeko gertu dagoen heroiaren begirada, baizik defentsarik gabeko biktima harrituarena, ez duena ulertzen zergatik ari zaion zerbait hain izugarria eta aldi berean zentzubakoa gertatzen. Begirada horrek mugitzen ditu botoak eta boto-ehiztariak.
Ez betetzeko legeak
Hiritar eredugarri izateko ez da aski legea txintxo-txintxo betetzea. Elkarrekin bizitzen ikastea, legea goitik behera betetzea baino askoz ere konplikatuagoa eta interesgarriagoa da. Herri bateko kide peto izateko ez da aski legedia esplizitua ezagutzea, ezinbestekoa da jakitea legeak debekatzen duen arren denda jakin batek jai-egunetan ere irekitzen duela, eta legea gorabehera guztiok onartzen dugula. Gure gizartean bizitzen jakiteak eskatzen du ondo bereiztea ez bakarrik legea noiz bete behar den eta noiz ez, baizik halaber kontuan hartzea eta ez ahaztea legea bete dadila eskatzea sarritan umekeriatzat jotzen dela; are gehiago, eskakizun horretan tematzeak agintariekin arazoak ekar diezazkizukeela.
Nik ezagutzen ditudan herri guztietan, guzti-guztietan gero, badago igandez estraofizialki zabaltzen duen dendaren bat, denoi inoiz primeran etorri izan zaigunez, konpetentziakoei barne, inork salatzen ez duena. Eta aise irudika liteke ze bekozko iluna jarriko luketen alkateak edo udaltzainek, hiritar batek legea betearazteko eta denda horiek igandeetan itxiarazteko exijitzen tematuko balitzaizkie.
Hortaz, hiritar jator izatekotan zenbaitetan legea betetzea ez da batere komeni. Alde batetik, desobedientzia obedientzia baino etikoki zintzoagoa izan daitekeelako. Bestetik, agintariak, legea bete dadin nahi izanik ere, badakielako legea berez, edo bizi dugun egoeragatik, ezin dela bete (eskatu bestela autogintza 120 kilometro orduko baino lasterrago joaterik ez duten autoetara muga dadila, edo paper ofizialetan erosi duzun etxearen benetako salneurria ager dadila, edo presoak etxetik hurbil espetxera ditzatela…). Azkenik, legea edo agindua aldarrikatzen duenak legea ez dadila bete nahi izan dezakeelako, nahi hori ezkutatzera behartuta dagoen arren.
Azken konplikazio hau ez da Estatura mugatzen. Guraso naizen aldetik, maiz gertatu izan zait alabei zerbait agindu eta nahiago izatea agindua ez dezaten bete. Batzutan ikaragarria litzaidake obedituko balidate eta biziki pozten naiz aginduari muzin egiten asmatu dutela ikusten dudalarik, aitortzen ez diedan arren, horrek adierazten baitu gure gizarte korapilatsu honetan bizirauten ikasten ari direla.
Hainbat legek eta aginduk hauxe iradokitzen diete azpitik hiritarrei edo seme-alabei: “ez ezazu bete, ez zaitez ergela izan, baina konpondu zaitez ni ez konturatzeko. Konturatzen banaiz eta zu ez bazara konturatzen ni konturatu naizela, ezikusia egingo dut beharbada. Baina argi ibili, zu harrapatu eta gainera konturatu naizela ohartu zarela garbi balego, zigortu beharko zintuzket”.
Txikitandik eta pixkanaka-pixkanaka ikasten goaz zein den ezinbestez bete beharreko legea edo agindua, zein legek ez duen garrantzirik, zein agindu ahal den ez obeditu (baina kontuz, baliteke gurasoek nahiago izatea ez-obeditze horren berririk ez jakin), zein den agintariek ez betetzea nahiago duten legea, aitortu ez dezaketen arren…
Lege eta aginduekin bezalaxe gertatzen da adierazpen arruntekin ere. Baieztapen askoren helburu bakarra kontrakoa gerta dadin bideratzea da. Demagun bihartik aurrera Euskal Herrian bazkalostean “neuk ordainduko dut” aldarrikatzen duten guztiei “ados, abante, egizu” erantzuten zaiela, eta ez ohiko “ezta pentsatu ere, kendu paretik, nire txanda da”. Erreka joko luke berehala gure herriak, harridurak akabatuta.
Artistak eta hautu politikoa
Hautu politiko baten alde garbi egiten duen ospetsuak hiru erantzun mota eragin ditzake mireslearengan:
1-doala pikutara, nire mirespena eten eta itzaliko dut. Horrela erantzun zuen hainbatek adibidez Antonio Resines Ajuriaeneara bozgorailu batez Ibarretxeren aurka deiadarka agertu zenean. Maitasuna gorroto bilakatu zitzaien.
2-mireslearen ikuspuntua aldatzea, hain zuzen ospetsuaren adierazpenek erakutsiriko norabidean: abertzale nintzen, baina Resines unionista bada orduan ni ere bai.
3-bi mutur horien arteko aukera askotarikoak, esaterako hauek biak:
a) doala pikutara, diot orain. Baina poliki-poliki jarrera-aldaketa dator, eta hurrengo hauteskundeetan gogoeta berria: “ondo pentsatuta, Resinesek arrazoi zuen, adore handiz erakutsi dit argia, nire amorruaren gainetik egon da beti”.
b) edo bestela arrazoizkoena dirudiena: bereizi egin behar da batetik hautu politikoa edo jokabide etikoa eta bestetik kalitate artistikoa. Pedofilia salaketen eraginez Michael Jacksoni Walk of Fame-ko izarra kentzea ez da zuzena izan. Resines unionista da, eta artista gisa penagarria, hortaz doala pikutara.
Politikaria eta kultura gizona
Apika baten batek inoiz sinetsiko zuen "kulturak askatuko zaitu" eta gisakoetan. Politikariak sarritan idazlea, artista, ospetsua, berritsu ganorabakotzat dauka, hauteskunde kanpaina batean apaingarri gisa ondo eman dezakeena, baina erabaki serioak hartzeko orduan hobe ahal bezain urruti. Juan Ajuriagarra politikari petoa zen. Eta begira nola erabili zuen kultur jendea ataka estu batean (Saizarbitoriak kontatu du “Gorde nazazu lurpean” liburuan): Gerra zibilean, faxistak
Sukarrietara hurbiltzen ari zirela-eta, buruzagi jeltzaleek Sabino Aranaren
hezurrak bertako hilobitik atera zituzten ezkutuan. Ajuriagerrak EBBko buru Doroteo
Ziaurritzi kutxa bat eman zion, Sabinoren hezurrak zituela
esanez. Handik pixka batera, Ajuriagerrak kutxa hori Lapurdiko Betharramera
garraiatu zuen, fundatzailearen hezurrei lur emateko, Isaac Lopez de
Mendizabal, aita Donostia eta Alberto Onaindia artistak lagun zituela.
Ajuriagerrak esan zuen Mixel Garikoitzen hezurrak hango elizan daudelako
lurperatu zituztela bertan Sabinorenak. Euzkadi Buru Batzarreko egoitzan ere
behin baino gehiagotan errepikatu zuen jende askoren aurrean oso pozik
zegoela azkenean lortu zuelako Sabinoren hezurrak Lapurdin leku seguruan
ehorztea. |