Pirron
Eszeptikoei paralogismoetan jausi izana leporatu izan zaie: eszeptikoen doktrina bera litzatekeen dogmatismo baten izenean kritikatzen ei dute dogmatismoa; ez dute dudarik dudaren onuraz; arrazoiaren izenean kritikatzen dute arrazoia; egiaren izenean egia.
Ez da oso kritika zehatza, eszeptikoak behin eta berriz baitio besteen dogmak deseraiki ostean bereak ere baztertzen dituela, Wittgensteinek egiaren gailurrera iristeko erabili duen filosofia-eskailera botako duen bezala, goialdeko bake isilean bizitzeko.
“Ez dagoela egiarik diozu, baina hori egiatzat duzu” egotzi izan diotelarik, hau izan da erantzun eszeptiko bat: “egia bakar bat dago, egiarik ez dagoela”; baina maizago: “ez dakit ezer, ezta hori ere”.
Zenbait presokratiko aipatu izan da Pirronen aitzindari gisa. Erlijioari dagokionez, Jenofanesek bitxitzat jotzen zuen Jainkoak beti norberaren itxura izatea. Zaldien Jainkoek zaldi itxura lukete. Halatan, zalantzazkoa da edozein Jainkoren existentzia.
Eleako filosofoek, bestalde, erakutsi ziguten mugitzen dena ezin dela izan; dakusaguna, horrenbestez, ez da. Baliteke Jainkoak giza irudimenak sortuak izatea, bai, baina gainera ez dakigu ziur aurrean duguna badenetz.
Gorgias sofistarengandik ere Pirronek arrazoibide garrantzitsuak jaso zituen: ez dago egiarik; balego ezingo genuke ezagutu; ezagutuko bagenu ezingo genuke komunikatu; eta komunikatuko bagenu inork ez liguke ulertuko.
Platon, Aristoteles, zinikoak, estoikoak, Epikuro eta Pirron bat datoz: zoriona da gizakiaren xede nagusi, eudaimonia. Eta, Pirronen ustez, axolagabetasunaren bidez lor liteke, adiaforiaren bidez.
Pirron ez omen zen ezertaz kezkatzen, ez zuen ezer idatzi: adiskideak eta dizipuluak arduratu ziren maisuaz. Timon-en bidez iritsi zaigu haren pentsaera.
Pirron Indiaraino iritsi zen Alexandro Handiaren espedizioarekin; eta Victor Brochard adituak uste du gimnosofisten eragina izan zuela: mundua itxura engainagarria da, irudiak badatoz eta badoaz, eta desatxikimendua eta deustaz ez arduratzea da bidea.
Pirronek inori abisatu barik herritik alde egiten zuen eta ezustean itzultzen zen, non ibilia zen azalpenik emateke. Behin batean, lagun batekin solasean zihoala, laguna lokatzezko putzu batean erori eta Pirron berdin-berdin jarraitu zitzaion hizketan. Solaskidea pixkanaka zutitu, garbitu eta, bien bitartean, Pirron hitz eta pitz, ezer gertatu ez balitz legez. Gero, aurrera txangoa. Putzuan eroritakoari miresgarria iruditu zitzaion Pirronen errotiko ezaxola.
Bi bider huts egin zuen Pirronen apatiak: behin batean, zakur bat zaunka eta gaiztoki hurbildu zitzaion eta izuturik zuhaitz batera igo zen; beste batean, berekin bizi zen arrebarekin liskartu zen. Hala ere, Pirronen esanetan, edonork daki beldur eta haserre zehatz horiek zeharo saihestezinak direla, eta ez dira kontuan hartzeko modukoak, ez bata ez bestea.
Sokratesek zioen zekien gauza bakarra zela deus ez zekiela; Pirronek, hori ere ez: ezin dugu ezer jakin, ezta ere zerbait dakigun ala ez. Honelako zerbait litzateke Pirronen erantzuna edozein kezka, erru sentimendu zein heriotzaren ikarari: ez dakit zehazki zer gertatu zen, zer ari den gertatzen, zer gertatuko den; ez naiz garbi ikusteko gai, arras konplexua da bizitza, eta beraz ez dut epaituko, ez dut kontuan hartuko. Ez dakit gauza handirik, berdin dio, beharbada bai beharbada ez, auskalo. Ez da hain desberdina bizirik egotea eta hilik egotea.
Eszeptikoen doktrinaren arabera, ezinegonaren eta urduritasunaren iturrietako bat egia jakin nahi izatea da, egia ezagutzen tematzea.
Ordea, hutsala eta tentela da ustezko egiek eragiten diguten emozioa, aztoramena eta estresa. Zoriontsu ibiltzeko, gugandik kanpoko ezerk ez digu axola behar, adiaforia. Bizitzan merezi duen bakarra ataraxia da, bakea ariman. Itxura baizik ez den mundu batean bizi behar dugunez, jokatzeko orduan komenigarrien zaiguna hartuko dugu aintzat, beti ere ataraxia xede.
Gauzak beren baitan zer diren ezagutzerik ez dago, sentipenak ez dira itxura hutsa baizik. Inoiz ez dut jakingo gauzak zer diren; gehienez ere, gauzak zer zaizkidan. Ezin da esan “eztia gozoa da”, baizik eta “eztia gozoa iruditzen zait”.
Ez dago arrazoimenaz fidatzerik, zentzumenetan oinarritzen baita. Arrazoizkoak iruditzen zaizkigun kontzeptu askok pertsonek sortutako hitzak dituzte oinarri; hitz horiek egiarekin zerikusirik ez duten ohituren edo botere-jokoen ondorio dira eta zeharo baldintzatzen eta mugatzen gaituzte, gu konturatu barik; hobe lehenbailehen baztertzea.
Uko egin behar zaio inor epaitzeari eta oro har iritziak emateari (epojé), ezer ez baita faltsu, ezta egiazko ere; ez dago beste edozein baino egokiagoa den baieztapenik. Iritziak eta epaiak dira giza sufrimendu guztien kausa; iritzia gordetzetik eta ezagutzari uko egitetik sortzen da zoriona.
Labur: inor epaitu barik, ezta zure burua ere, iritzi emateari uko eginez, gauzak eta gertaerak benetan nolakoak ote diren ezagutu nahi izan gabe, kezkei eta oinazeei ihes egin diezaiekezu eta bake sakon ukiezinean bizi. Dogmatismotik eta egia bilatzeak eragiten duen urduritasunetik askatzeak baretasuna dakar.
Erlijioan, eszeptikoen doktrinak ondorio agnostiko eta fideistak izaten ditu. Aise irudika liteke zein disparate handia izan dakiokeen eszeptikoari fedearen edukia, baina jendarteko eta bereziki fanatikoen arreta ez deitzeko, errituak bete, eta azkenik egokitu eta ondo samar pasa liteke.
Paralogismoarena baino kritika sendoagoa: egitez, eszeptikoek ia beti zalantzaren erabilera konformista egiten dute, ondorio kontserbadoreak dakartzana: komeni zaigunez eguneroko bizitzan ezaxolaki jotzea aurrera, orduan arazorik gabe onartu indarrean dauden usteak eta erakundeak. Ez da filosofia heroiko iraultzaile bat; zentzu horretan dio V. Brochardek eszeptizismoak baduela zaharraren filosofiatik asko.
Litekeena da terapeutikoa izatea eszeptizismoaren erabilerarik onuragarriena: nork bere buruari aplikatu beharko lioke batez ere, ideia kezkagarri edo mingarriei, urrutiratu, hoztu eta ahazteko behingoz.
Gauzen izaeraz irakurtzeko bide bat
-Lukrezio, erromatar epikurozalea (Epikuroren laudorioa, III, 1-30)
-San Jeronimok Lukrezioz dioena, eztabaidagai
-Liburu bakar bat idatzi zuen, “Gauzen izaeraz”, latinezko bertsotan; guztiaz dihardu (bertsoaren eztiaz, IV, 1-25)
-Latindar hizkuntzaren urritasunaz kexu, ideia grekoen berri behar bezala emateko orduan (I, 135-145)
-Atomoak eta hizkiak, munduak eta liburuak (I, 814-829)
-Jaio berriaren negarra: igartzen du zein gogorra den bizitza (V, 222-227)
-Beldurra (I, 1.204-1.235)
-Heriotza (III, 1.046-1094)
-Atenasko izurritea (VI,1.137-1.287)
-Heriotzari beldurra (III, 59-82)
-Erlijioa gorrotagarri: Ifigenia edo Ifianassaren sakrifizioa (I, 62-101)
-Benetako pietatea, jendailarena ez bezalakoa (I, 1.198-1.203)
-Epikuroren doktrina heriotzaren beldurraz (III, 870-977)
-Suave mari magno (II, 1-61): Kontuz: jakintsuaren gozamena ez du naufragioak berak pizten, baizik berak naufragioari ihes egin izanak
-Simulakroak (IV, 35-52)
-Maitasuna, semen-gainezkaldiaren ondorio: haluzinazio; kezka eta zoritxar iturri (IV, 1.030-1.191)
-Sexu plazera, gizonak eta emakumeak konpartitua (IV, 1.192-1.207)
-Herentzia, antzutasuna (IV, 1.208-1.277)
-Bikote ataraxikoaren laudorioa (IV, 1.278-1.287) (Onfrayren interpretazioa)
-Babes erregua Venusi, plazeraren eta alaitasunaren gorazarre (I, 1-40)
Lukrezio eta San Jeronimo
Epikurok ezkutuan bizitzeko aholkatzen zuen, eta Lukrezio dizipuluak aintzat hartu zion: Lukreziori buruz ez dakigu ia ezer. Ez jaiotza eta heriotza lekurik edo data zehatzik (Kristo aurreko lehen mendean, hori bai, 90-50 gutxi gorabehera), ez jatorri geografikorik, non bizi izan zen, gizarte maila, itxura fisikoa, izaera, harremanak, heziketa intelektuala, maite kontuak, arbasoak, ondorengoak…
Hala ere, San Jeronimok ziurtatu zuen Lukrezio maitasun edabe baten ondorioz erotu zela, eta eromena desagertzen zitzaion tarte laburretan idatzi zuela Gauzen izaeraz. Gero, 44 urte inguru zeuzkala, bere burua hil omen zuen.
San Jeronimo hori dalmaziarra zen, eta Erroman bizi izan zen K.o. 4. eta 5. mendeetan. Gutun idazle ospetsua izan zen, Mateoren ebanjelioaren iruzkingilea, Biblian aditua (Biblia latindarraren itzultzaile eta zuzentzailea).
André Compte-Sponvillerentzat (Le miel et l’absinthe) edo Logre doktorearentzat (L’anxiété de Lucrèce) San Jeronimok dioena egiantzekoa da. Gauzen izaeraz-i omen darion doinu erori eta etsian oinarritzen dira.
Aldiz, Michel Onfrayk bere Filosofiaren Kontrahistoriako lehen liburukian dio Lukrezioren ospea belzteko grina horren azpian arrazoi ideologikoak daudela funtsean: Jeronimo izan baitzen kristautasuna sortu zuen eskribetako bat. Sakratutzat zuen Biblia, eta edozein bide zerabilen kristautasunak balia ez zitzakeen obren aurka. Horien artean nabarmenetakoa zen Gauzen izaeraz. Platonen eta estoikoen aurka ez zuen ezer, noski, espiritualistak baitira, bazka egokia kristauentzat. Epikurozaleak, eta zehazki Lukrezio, aitzitik, errotik dira materialistak, erlijioaren aurkako gorrotoa erakusten dute (fededuna menpeko eta beldurti bihurtzen baitu), apaizak gaitzesten dituzte eta beste munduak eta edonolako haraindiak ukatzen.
Lukrezioren aurkako kalumnia horien arrazoia nagusia, Onfrayren esanetan, errotik antierlijiosoa den Lukrezioren pentsaera izan zen. Edozein erlijioren kontrakoa; eta, horrenbestez, baita antikristaua ere, garaia baino lehen (Lukrezio, esan bezala, Kristo aurreko lehen mendean bizi izan baitzen).
San Jeronimori difamazioaren bidea Lukrezioren liburu bakarrak berak erraztu zion, ospetsuak baitira pasiozko maitasuna kritikatzen duten bertsoak. Jeronimok hortik ondorioztatu bide zuen Lukrezio maitasunak erotu eta suntsitu zuela, andre batek irentsaraziriko edabe magiko baten erruz (kristauentzat, Evaz geroztik, emakumea beti baita erdi sorgina).
Hori gutxi balitz, Gauzen izaeraz-en materialismoak erakusten duenez, gauza, sentimendu, zurrunbilo, gertaera, arima, bertsolari, espiritu eta jainkoak atomoetara mugatu daitezke, atomoen konbinazioak dira. Mundua animatzen duten indarren deseraikitze razionala gauzatzen du Lukreziok, natur fenomenoak zientifikoki azaltzen ditu, ez adibidez Jainkoren baten mendeku gosearen adierazpen gisa. Lukrezio ez da kreazionista, ez du uste Jainkoak halako batean unibertsoa ezerezetik sortu zuenik: unibertso infinituak eta atomoak betidanikoak dira. Errematerako, munduen jarraikako desegiteak eta berregiteak ziklo mekanizista itsu baten arabera gertatzen dira; Lukreziorenean ez dago probidentzia jainkotiarrik.
Lukrezioren aurkako gorrotoa puztu zuen beste zergatiko bat izan zen desliluratzeko orduan haren metodoa hain eragingarria izatea: Lukreziok Siriusen hastapenari jarraitzen baitio, hots, mundua oso urrutitik eta oso goitik aztertzen ahalegintzen da. Ondorioz, bere txikitasunean ageri zaizkio gizarteen oinarri diren ilusioak: monogamiaren aurreiritzia, kasu; baita erlijioa ere. Ohiko jainkoen inexistentzia defendatzen du, eta erlijioak irentzaile eta beldurgarri direla ia beti. Oro har, ez du autoritate printzipioa onartzen, ez ditu bere egiten apaizek eta elizek, printzeek eta agintariek eta beren Estatuek darabiltzaten uste komunak. Eta jendartean nagusi diren adostasunen aurkako egiak aldarrikatzeak ez ohi ditu lagunak erakartzen. San Jeronimoren tankerakoak ez bederen.
Onfrayk tragikotzat jotzen du Lukrezioren aukera: Ongiaz eta Gaizkiaz haraindi idazten du (ez darabil Ongi eta Gaizki terminorik), ez da preskribatzailea, normatiboa, arau emailea. Tragikoa ez da ez baikorra ez ezkorra: errealitatea bere horretan ikusi nahi luke, den legez. Spinozaren hitzetan: ez du egiten ez barre, Demokritok bezala, ez negar, Heraklitoren gisan; aitzitik, dagoena baretasunez ulertzen ahalegintzen da Lukrezio.
Jeronimok Lukreziori materialismo xarmatua erabiltzea egotzi zion, liluraz eta sorginkeriaz mukuru. Onfrayk hemen alderantzikatze psikologikoaren legea dakus: besteri leporatu beharra norberaren buruan sumatu ez arren beste edonorentzat nabarmena dena. Alegia, santu kristau batek, ama baten birjintasunean sinesten duena, amodioa egiten duen espiritu santuan, ura ardo bilakatzean, filosofo materialista bati lilurakeria leporatzen dio, nahiz Lukreziok, arrazoia eta atomismoa lagun, dagoena ahal den neurrian ulergarri eta zentzuzko egiten ahalegintzera mugatzen den, antsiaren ahultzea eta bizipoza xede.
Lukrezio eta amodio atomikoa
Unibertso infinituan atomoak elkartuz mundu kontagaitzak nola, halaxe sortzen dira zenbait hizki konbinatuz ezin zenbatuzko liburuak. “Gauzen izaeraz” Lukrezioren liburu bakarrak mundu horietako baten mapetako bat erakusten du, aski osoa. “Funtsezko guztiaz” izenburua ere ez letorkioke txarto. Bere sei ataletan fisika, epistemologia, psikologia, antropologia, historia, kosmologia, meteorologia eta eskatologia biltzen ditu poema zientifiko inspiratu honek. Berau hau duzu epikureismoaren adierazpenik behinena, gaurkotasun handiko dotrina inondik ere.
Bizipoza du xede Lukreziok. Oinaze fisikoa berezkoa du bizitzak, baina egia ezagutzeak (adore handia eskatzen du) alferreko zenbait kezka uxatzen lagun dezake. Hauen artean goibelenek erlijioa dute iturri, alegia, gauzen izaera latzari, batik bat munduaren arroztasun esentzialari eta heriotzari, aurrez aurre begiratu ezina. Heriotzari beldurrak bultzatzen gaitu erlijioaren pareko diren ospea, dirua eta agintea bilatzera.
Lukreziok Venus gozoari laudorio bakezale batekin ekiten dio bere poemari, baina Atenaseko izurrite garratzarekin amaituko du, zoragarria bezain izugarria baita gure mundu arrano hau. Zehatzago: mundua ez zen guretzat egin. Behi esnea dopinga da. Lehenagokoa da belarria, entzumena baino. Ilunabar baten ederra Jainkoari eskertzea belearen elea da, Hari sudurraren existentzia eskertzea legetxe, betaurrekoak eraman ahal izateko bezain praktiko sortzeagatik.
Gizaki erlijiosoaren izaera gogaikarria, heriotzari ikaraz eta ilusio teleologikoaz gain, grina kontrolagaitzek eta osteko damu proselitistek erabakitzen dute. Gezurrezko infinituek bilakatzen diote bizialdia infernu: besteak beste, hil osteko zigor infinituek.
Ordea, infinitu txarrak baztertu eta egokiak aintzat hartzeak dakar egia, eta heriotzaren onarpena. Infinituak dira, eta eternalak, gauzen lehenkiak -gorputzen lehen haziak, atomoak; orobat lehenkiok harat-honat dabiltzan hutsunea. (Atomoen joan-etorriak eta talkak hutsean: gela ilun batean eguzki izpiak ikusarazten duen hautsaren dantzak irudikatzen du egokiro.) Unibertsoak ez du muturrik, ez dago erdigunerik, oinaztua espazioan barrena mendeetan zehar ibilita ere ez litzateke inongo mugara hurbilduko. Unibertsoaren baitako mundu kalkulaezinak, bestalde, etengabe osatu eta desegiten dira.
Arimak bezal-bezalaxe. Ez dago gorputza hil osteko arimarik, gorputza eta arima batera sortzen, hazten eta hiltzen baitira: arima ere lehenki materialez osaturik dago. Ezer ez da hutsetik sortzen, ezta guztiz desagertzen ere. Hortaz, atomo konbinazio aldakor bat gara gu; hiltzean, osatzen gaituzten atomoak disolbatu egingo dira, gero, beste batzuekin nahasturik, bestelako gorputzak eratzeko. Ni naizelarik, ez da heriotzarik; heriotza datorrenerako, ni ez naiz izango: ez dugu zertan larritu.
Baretasun alaia helburu, kontuan hartzekoa da halaber simulakroen gaineko Lukrezioren teoria ederra. Gauzen gainazaletik etengabe hegaldatzen dira beren mamu bikiak, eta ziztu ezin biziagoan zeharkatzen dute espazioa norabide guztietarantz. Zenbaitetan, begi batekin topo egiten dute; orduan, begi horren jabeak gauza “ikusi” egiten du. Zoriona lortzekotan, mamuokin ondo konpontzen ikasi beharra dago.
Maitemina eragiten dutenak dira arriskutsuenetakoak. Lukreziok dioenez, haziaren gainezkaldiak pizten du maitasuna. Nerabeari, gorputz tentagarri bat ikustean, mukuruka duen semena, maskulinoa zein femeninoa, urduritu, bildu eta gorputz horretarantz jalgitzen ahalegintzen zaio; ametsetan, halako gorputzen irudiek parrastan botarazten diote isurkia. Maitemintzea hain zuzen itsutzea da, norberaren hazia soilik gorputz jakin bati dagokiola uste izateraino. Ahal bezain sarri saiatzen da amorostua zoramen atsegin hori eragin dionaren irudia berpizten, gauez ohean bakarrik kasu. Halatan, gero eta maitearen menpekoago bizi da. Maitearen irribarreek besteren bati lasaitasuna zapuzten diote. Gainera, ezin du maitemindurik ez denak adina goza: sentimenduak zurrundurik, ezin baitio plazerari merezi duen arreta opa.
Amodioak, orobat, barregarriki distortsionatzen du gure pertzepzioa: maite kankailua “maiestatez betea” ikusarazten digu, kontakatilu gaiztoa “nortasun handiko”, mutu anorexikoa “apal”, eta abar.
Amodioa egitea beraz ez da txarra, bai aitzitik maitemintzea. Maitemina datorkigula sentitzen dugularik, horrenbestez, semena lehenbailehen hustea aholkatzen digu Lukreziok, bakarka, ordainduta edo ahal bezala.
Epikuro salbatzaile (eta II)
-Tetrafarmakon, botika laukoitza:
1-Jainkoak materialak dira, atomikoak, poz-pozik bizi dira meta-munduetan eta ez digute bat ere jaramonik egiten (Nietzscheren iruzkin jeniala Paseatzailea eta bere itzala 7-n)
2-Heriotza ez da beldurgarria; ez dago heriotzaren sentipenik: gu gaudenean ez dago heriotzarik eta heriotza datorkigunerako gu ez gaude
3-Sufrimendua eramaten erraza da; latzegia bada, berehala hilko gaitu; bestela, sendatuko gara; eta hiltzen ez gaituen sufrimenduak jakintsuago egiten gaitu
4-Zoriona gure esku dago
-Bizimodu zoriontsua lortzeko ezinbestekoa da desirak mugatzea
-Desiren dietetika:
1-Desira natural beharrezkoak: jatea, edatea, lo egitea
2-Desira natural ez beharrezkoak: sexua (bereizi afrodisia eta eros)
3-Desira ez natural ez beharrezkoak: boterea, dirua, ospea
-Gizarte bizitzak desira eta helburu artifizialak sortzen ditu: aberastasunaren bilatze obsesiozkoa; ingurukoak manipulatu, kontrolatu eta menperatu nahia; apeta garestiak, ohoreak, fama (“loria eterno, hilen eguzki”)
-Tentelak dira desira eta helburu horiek, infinitu makur batek bultzatuak: lortu bitartean urduri gaude eta behin lortuz gero ez gaituzte asetzen, eta berehala asmatzen eta biderkatzen ditugu desira berriak; hurbil dute gerora “bekatu” eta “adikzio” deituko dena
-Gozamen luze lasaia bilatzen du Epikurok, ez orgiastiko itsua; gozamen hedonistan ez da desira gure jabe, baizik gu desirena; filosofoak daki plazera harrapatzen, plazerak harrapatua izateke; merezi duen gozamenak kemena eskatzen du, ahulezia arbuiatzen du; nolabaiteko aszetismoa eta goi mailako gozamen fina elkarren beharrean dira
-Zoriona lortzeko aski da desira natural beharrezkoak asetzea
-Baina orduan zen da filosofatzeko desiraren eta adiskide-desiraren estatusa? Ez baitira ez naturalak ez beharrezkoak, baina bai ordea gutxienez garrantzitsuak zoriona erdiesteko orduan
-Epikurok zoriona gozamenarekin identifikatzen du, plazerarekin (grekeraz “hedoné”; hortik datoz “hedonista” eta “edonista”)
-Bereizi gozamen katastematikoak (geldiak, kontenplalariak) eta zinetikoak (orgasmoa, pozezko irrintzia, dantza); Aristipo eta Epikuro
-Plazera eta gozamena eragiten ez duen bertutea eta zintzotasuna, antzarrak ferratzera bidali (Platonen, Aristotelesen eta estoikoen aurka)
-Jakintsuak gozamenen kalkulu zuhur bat egiten du: jarduera batzuek dakarten gozamena laburragoa eta ahulagoa bada ondoriozko sufrimendua baino, hobe lehenbailehen baztertzea (mozkorra, ostea, alkoholismoa)
-Plazer tentelak zoritxarra handitu eta desiren biderkatze eta etengabeko itzulera itogarria elikatzen du
-Baztertu desira hutsalak, boterea eta ospea; bestek zer nahi duen ez dagokizu, ez egin pelikularik, zeu zara erdigunea; mugatu desira naturalak betetzera: berez loratuko da gozamena, bizitze hutsak dakarren benetako plazera: kezkarik ez, baretasuna, kemen alaia, zorion luzea
-Ergelkeria galanta, iraganari eta geroari kateaturik bizitza galtzea
-Ez deitoratu (eten iraganaren katea), ez beldurtu (eten geroaren katea), baizik eta maitatu (zaindu oraingo askatasuna)
-Urrutiratu irudimena gerta litekeenagatiko kezka beldurtitik (maite dudan jendeak sufri dezake, abandonatua izan naiteke, hil egingo gara) eta pentsa etorkizunak une perfektu ugari ekar diezazkizukeela
-Oroimena borondate kontua da: batetik, Montaignek aipatu “ahaztearen zientzia”; ahaztea ez da vis inertiae hutsa, baizik eta fakultate aktiboa (Moralaren genealogia); bestetik, zaindu oroitzapen atseginak atxikitzeko joera naturala
-Baztertu errua eta damua, dakizula oroimena zorion iturri
-Baztertu larridura eta izua, dakizula irudimena ere zorion iturri
-Ongi etorri oroitzapen atseginak eta itxaropen zuhurrak, gorputzeko oinazea zein arimako durduza sendatzen lagun baitiezagukete eta oraingo gozamena sendotzen eta edertzen
-J. Salem: “Arimak betegintzarrez biziriko oraina berez bezala zabaltzen da iraganera eta etorkizunera”
-(Dena den, ergela da orainaldi ederra galtzea gogoa etorkizunerako egitasmo eta ametsetan edukitzeagatik; orainak izan behar du aingura eta bihotza)
-Horazio poeta epikurozalearena da “carpe diem” esapide ospetsua: bakea ariman, harrapatu oraina, murgildu goitik behera arreta osoz oraingo une honetantxe, sagaratu oraingo bizipoz hau: azkenekoa bazenu bezala bizi oraingo une hau, lehenbizikoa bazenu bezala
-Jokatu beti Epikuro begira bazenu bezala
-Egun txarretan, oroitu: izan konfiantza bizitzan, ezustean beti dakartza egun perfektuak
-Hilak hogei dituen oro ospatu Epikuroren jaiotza besta lasai batez. Maisua bizirik zela ospatzen zuten eta ez gara ba katea orain eteteko bezain odolbakoak izango
Epikuro salbatzaile (I)
-Grezia klasikoan filosofia-segida nagusia idealista da, Parmenides>Platon>Aristoteles>estoikoak, oroz lehen estoikoak; jende gehienak filosofia estoizismoarekin identifikatzen zuen (eta du); aldiz, sofistak, zinikoak, Epikuro eta Pirron bazterrekoak ziren, herrian ez zuten ezarpen handirik (gero Erroman bai, epikurozale ospetsu franko: Lukrezio, Julio Zesar, Horazio, Virgilio…)
-Zinikoen antzerki probokatzaileetatik eta estoikoen bertute solemne sarritan exhibizionistatik urruti, Epikurok (341-270) ezkutuan bizitzeko aholkatzen du; besteak beste, ekitaldi jendetsuak eta politika baztertzeko
-Platonek Akademian ez zituen onartzen gazte aberats agintarigaiak baizik; aitzitik, Epikuroren Lorategian denetarik zebilen: hetairak, esklaboak, bikote ezkonduak, etorkinak… ; Lorategiak, bestalde, ez zuen platonikoen, aristotelikoen edo estoikoen kutsu intelektualik, toxikotzat jotzen baitzuen Epikurok erudizioa
-Gizakia ez da berez gizartekoi, zoon politikon; aitzitik, hobeki babesten da ataraxia polisetik berex poliseko zurrunbiloan baino
-Sokrates, Platon eta Aristotelesen polisa estoikoek kosmos osora zabaltzen dute, Epikurok Lorategira murrizten du
-Gizartean lehia, fanatismoa, ergelkeria da nagusi: hiriko kontuetan nahasteak zoritxarra dakar eta alferrik da gizartea hobetzen ahalegintzea; Epikurok erretiroa aldarrikatzen du Lorategiko lagunartera
-Fisika eta Kanonika etikaren zerbitzura; etika da epikureismoaren muina
-Atomismoaren eskandaluzko baieztapenak: dena da atomo eta huts; arima ere atomikoa da, gorputz; espazioa infinitua da eta munduak kontagaitzak, gurea ez da mundu infinituetako bat baino; gure mundua desagertuko da; heriotza betirako loaldi baten antzekoa da
-Ondorioz, idealisten herra eta liburu materialisten desagerraraztea; idealisten garaipena bi mila urtez
-Demokritoren determinismoa eta Epikuroren (edo Lukrezioren) klinamena, aurreikusi ezineko ondorioak dakartzaten atomoen mugimendu estrainioak, askatasunaren berme; askatasuna eta azarea atomoen goitik beherako erortze eterno beti berdinean txertatzen dira; era berean, zorionak jakintsuaren gorputzean beharko du txertatu (Mattéi)
-Epikuroren abstentzio politikoa klinamenaren hiritartze bat da, elkarren metafora dira (Marx): hiria jendarteak behar lukeenaren parodia izaten da, eta adiskide-taldea bertatik desbideratu egiten da, atomoa bezala inertziazko erortze-lerro nagusitik
-Determinismo hitzak esan nahi du dena erabakita dagoela, kausa-ondorioen katean ez dagoela ezustekorik, askatasuna lilura hutsa dela. Deterministak dira Demokrito, estoikoak, Spinoza, Nietzsche.
-Marxen metaforaz: hirian oro har jendea bekereke gisa dabil, ¿dónde va Vicente? donde va la gente, badago jokabideen determinismo antzeko bat. Eta ezustean Epikuro eta bere lagunak inertziazko arrastotik desbideratu egiten dira, ez dute beraiengandik espero zena egiten, erretiratu eta Lorategira doaz. Atomoen desbideratzeak ahalbidetzen zuen askatasuna, eta epikurozaleen desbideratzeak hiriko bizimodu zurrunetik askatzen ditu
-Simulakroak gauzen mamu bikiak dira, atomo leunez eratuak, gauzetatik desitsatsi eta espazioa ziztu bizian zeharkatzen dutenak, begi batekin topo egin arte: orduan begiak gauza ikusten du; halatan, Epikurorentzat ezagutza zentzumenetan oinarritzen da, eta egiazkotzat ez du zentzumenek hautemanikoa baino; paradoxaz, ordea, zentzumenek hauteman ezin dezaketen atomoa du errealitatearen bermetzat (atomoaren existentzia abstrakzioz da ondorioztatua; zentzu horretan, izaki ideal bat da)
-Jakintsuaren helburu, oinaze fisikoa uxatzea (aponia) eta arimako kezka eta ezinegon urduria baretzea (ataraxia)
-Filosofoa arimaren medikua da, psikoterapeuta, filosofiak ez du ezertarako balio ez badu bihotzeko oinazea sendatzen
-Epikuroren filosofiatik iritsi zaiguna aholkua da, exhortazioa, bizimodua aldatzeko deia; ez teoria luzea baizik eta gogoan etengabe erabiltzeko esapideak (dogmak), arima zorionbidean jartzeko
-Orain bertan ekin filosofatzeari, indar guztiak une oro gozamen zoriontsura bideratzeari, hauxe baituzu egunik zoragarriena, hauxe unerik zoragarriena; ez ahaztu hilkorra zarela eta berehala hil zaitezkeela
-Inoiz ez zapuztu poza, esaldi mingarririk ez, zaindu inguruko alaitasuna
-Irriz behar da filosofatu
-Behar bezalako pertsonak jakinduria eta laguntasuna bilatzen ditu beste edozeren gainetik
-Laguntasuna ez du ekonomia edo etnia antzekotasunak erabakitzen, ezta ideologiak edo politikak ere; askatasuna du oinarri
-Adiskidetasuna ondo dator zorionari eusteko eta zoritxarretatik babesteko; hala ere, abiapuntu utilitarioa duen arren, berez da desiragarri, bizimodu filosofikoaren gailurra baita, eta zinezko laguna prest da bizia lagunaren alde emateko
-Adiskideaz ez errukitu aienez eta deitorez, baizik ekintza zehatzen bidez lagundu; laguntasuna fabore eta opari errealetan mamitzen da, ez ideien munduan edo fantasian
-Adiskideen laguntza baino beharrezkoagoa dugu konfiantza laguntza horretan
-Deus ez zaigu alaigarriago lagunari mesede egitea baino
-Adiskidetasuna da bizitza zoriontsua lortzeko jakinduriak eskuratzen dituen ondasunen artean garrantzitsuena; Lorategiko kideak laguntasun goxo eskuzabal batek biltzen ditu
-Adiskidetasuna dantzan dabil Lurraren gainean eta zorion jainkotiar batez bizi gaitezkeela iragartzen digu
-Lorategikoa, bestelako bizimodu bat; mundu osora heda liteke patxadaz Lorategi-sarea; Epikuroren Lorategiaren eragina kristauen zenobioetan
Iker Monteroren azterketa
"Sokrates" galdetu diet.
Eta Ikerrek: "Dakidan gauza bakarra da ezer ez dakidala".
Egia da, ez du ikasi. Sokratesi buruz ez zekien esaldi hori bota zuela baino, eskola bateko gomuta. Edonola ere, erantzun perfektua.
Urertzeko mamarrua
Horixe da Joseba Mikel Ugalderen liburu berriaren izenburua.
Hona Mamarruren perla batzuk:
-Ahaztea
Ahaztea eta hastea osagarriak dira, ez ahaztea eta nahastea diren hein beretsuan.
-Odoleko ahaideak:
Bits eta beach, bi hitz. Urrunekoak bezain bazter berekoak.
-Kale bakarra:
Lagunartean, bat zerbait kontatzera zihoan, "Bilbon bada kale bat..." Haren ondoan zegoen beste batek ez zion jarraitzen utzi, "Aulestin ere bai!"
-Bata eta bestea:
Idaztea, behatzea, ezinbestean. Irakurtzea, bahetzea, hobebeharrean.
On egin!
Birika absurdo horiek
Aitaren eraginez, Camusen literatur eta saiakera lanetan behin eta berriz ageri da heriotza-zigorra. Aita ez zuen ezagutu, hamaika hilabete zeuzkan lehen mundu-gerran absurdoki hil ziotelarik. Heriotza-zigorraren aldekoa zen, baina behin batean kondenatu baten dekapitazioa zuzenean ikusi, etxera joan eta goitika eta goitika aritu zen; aurrerantzean, semeari kontatuko ziotenez, heriotza-zigorra ez dela zigor bat aplikatzea errepikatuko zuen, baizik gorputz bat birrintzea, horixe ikusi baitzuen, “lege” eta “justizia” kontzeptuak gorabehera. Semea ere ikusitakoaz fioko zen, inoiz ez gogoeta hutsaz: “Justizian sinesten dut -esan zuen-, baina justiziaren gainetik defendatuko nuke nire ama”.
Hamazazpi urte zeuzkala tuberkulosia diagnostikatu zioten eta medikuei entzun zien ez zela luzaro biziko. Akidura, sukarra, itolarria, odol-karkaxak… biriketan zeramalako izango zuen beti herio hain presente. Aita hila, ama goibel analfabeto erdi gor-mutua, osaba atzeratua, amonaren jipoiak… Bizitza absurdoa da, erabaki zuen. Suizidatu ala ez, horixe izan zuen kezka nagusi; horixe zitzaion filosofiaren funtsezko galdera.
Ausardiagatik goraipatzen dute aspaldion Camus, bere lagunengan gailen zebiltzan ikuspuntuak salatzeagatik, jakin arren bazterkeria nozitu beharko zuela. Urte biz baino ez zuen iraun Aljeriako alderdi komunistan. Absurdoak iruditzen zitzaizkion Marxek bere ideiak zientifikotzat jotzeak zekartzan ondorioak. Ez zen alderdi zientifikoen diziplinara egokitzen, batez ere Moskuko ugazaben ankerkeriak estaltzeko zerabiltelarik. Antzeko zemaia zerien Sartreren eta Stalini fidel zitzaizkionen irainei Camusen aurka, eta Agustin Ibarrolak Juan San Martini botatakoei, sobietarrek Hungaria tankez itotzea kritikatzeagatik, ezkerra askotarikoa dela ulertu nahi ez eta “desbideratuak” txikitzeko ohitura hartu dutenen zemaia: edo nire alde zaude edo bestela objektiboki etsaiari laguntzen zabiltza, eta beraz kontuz ibili, ez baitago beste aukerarik.
Camusen erantzuna: “Ezkertiarra naiz, baina egia eskuinak adierazten badu, orduan eskuindar.” Libertarioa ez da ezinbestez liberalen sator. Gogotsu lagundu zien Espainiako errepublikazaleei eta bereziki CNT-ri. Mendebaldeko idazle bakarra izan zen Hiroshimakoa kondenatzen, artean gerra gori zela, bonba bota eta bi egunera. Eta lehenbizikoa dimititzen Unescok Espainia onartu zuelarik.
Wikipediak dakar Camus Aljeria frantziarraren aldeko izan zela eta ez da egia: hori bai, ez zuen onartu kolono zuri gaiztoaren eta arabiar txiro txintxoaren pelikula manikeoa. Bere gurasoak eta bera zuri txiroak ziren eta makina bat arabiar aberats ezagutzen zuen. Errotik zen antikolonialista, eta gazte zela testu bikainak idatzi zituen Kabiliako hildura salatuz. Era berean, gerora ez zen isildu frantses inperialisten hilketa eta torturen aurrean. Baina ezta izugile independentisten sarraskien aurrean ere.
Sasoi hartan lastertasun bizia hartu zuen lehia bitxi horrek, ea nork lehenago eta hobeki kondenatu. Orain askok uste dute idaztea batik bat ondo kondenatzeko bide bat dela. Sartrek eta kideek zioten frantsesak Aljerian eta naziak Frantzian pareko zirela, eta FLN-koen astakeria oro zuritzen zuten Saint-Germain-des-Prés-eko beren bulego erosoetatik, zibilen masakreak barne. Aldiz, Camusentzat, erresistentzian zinez engaiatua, ezin ziren alderatu soldadu nazia eta Frantziako miseriatik ihesi Aljerian 1830az geroztik bizi zen etorkin-familia. Edozein terrorismoren aurka zegoen; zentzu honetan, Camus da ziur aski mendebaldeko idazleen artean koherentziarik tinkoena darakutsan idazlea. Etengabe saiatu zen Aljerian meniak lortu eta odol-jarioa negoziazioetara bideratzen. 150 gestio pribatu egin zituen FLN-ko 150 kideri heriotza-zigorra barka ziezaieten. Ez zen Arjelia independentearen aldezle, baina are gutxiago Arjelia frantsesarena. Estatuaren aurkako, beste libertario asko bezala, ez zuen armada berririk nahi, ezta bandera eta muga berririk ere. Aljeriaren eta Frantziaren arteko konfederazio batean ikusten zuen irtenbidea. Aljeriatik heriotza desagerrarazteko lanetan ziharduela hil zen, auto-istripu absurdo batean.
Absurdoa da maitagarriena, zioen, bizitza bera, Sisiforen lana. Zoriontsu irudikatu behar dugu Sisifo bere arrokari bultzaka. Inoiz ez zion utzi futbolean jokatzeari, igeri egiteari, eguzkia hartzeari, dantzari, amodioari, jakinik herio biriketan zeramala. Haren obra ezizen-iturri bilakatu da: Caen-en bada Albert Camus deritzon salerosle bat, eta “La peste” jarri diote.