Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Zoriaren gidari

Zoriaren gidari

Markos Zapiain 2017/02/01 17:19

Julio Caro Barojak argi nabarmendu zuen sorgintzari dagokionez berriki arte izan dugun arazo nagusia: sorginek ez dute idatzi (Las brujas y su mundo). Sorginkeria pairatutakoek idatzi izan dute, edota Inkisidoreek; gehienez ere, erudituek. Orain ordea literatura aberats baten jabe gara. Eta hor ikas ditzakegu ez soilik sorgin ariketak eta xedeak; oinarrizko terminologia zelan bideratu ere bai.

Liburu horiei esker lausotu egiten da xamanismoaren eta sorgintzaren arteko muga. Don Juan xaman gisa etiketatua izan den arren maiz, bere burua sorgintzat dauka, "sorcerer" deitzen dio bere buruari, "brujo". "Sorgin" hitzari dagokionez, Caro Barojak zurgin, hargin eta gisakoei lotzen die, eta hasierako "sor" hori berriz latinezko "sors, sortis"-etik letorke, "sorcerer" edo "sorcier"-en lehen silaba bezala.

Hortik eratorri dira orobat euskarazko "zori" eta gaztelaniazko "suerte". Sorginak bere patua erabakitzen daki, bere zoria sortzen eta beraz baita hein batean irakartzen ere. Oso diziplinatua izan behar hortaz, bere buruaren jabe. Goitik behera hartzen ditu bere gain bere erabakiei lotutako erantzukizunak. Ezkutuan bizi bada ere, ez dabil ezkutukerian, inpekablea da.

Ingurukoei leporatzen dizkiegun gure zoritxarrak sarritan gure makaleriaren eta utzikeriaren ispilu izaten dira. Castanedak bere aitaz gorde zuen irudian egiturazko ahulezia tentel bat zen nagusi. Bere buruari errepikatzen zion Arana aitak oheratzean beti agintzen ziola Carlitos nerabeari biharamun goizean seietan esnatu eta igeri egitera joango zirela elkarrekin, baina gizona egundo ez zen garaiz jaikitzeko gai, eta gero beti asmatzen zuen aitzakiaren bat etxean gelditzeko. Castaneda kexu zen, ez zion barkatzen, aitaren erruz piszinarik gabe gelditu omen zen urte garrantzitsu haietan (bide batez, Euskal Herrian igerileku pilo bat dago, zenbait eskualdetan “igerileku” deitua gainera, arroketan, hondartzetan, aintziretan, erreketan; baina horietako bakar bat ere ez da piszina. Frantsesez “piscine” dugu, gaztelaniaz “piscina”. Zergatik ez baliatu igerileku mota berezi hori aipatzeko, bai iparraldeko eta bai hegoaldeko euskaldunen artean daukan erabilera zabal hori kontuan hartuta?).

Don Juanen erantzuna: eta zergatik ez zinen zeu joaten? Ezerk ez zizun eragozten. Eskura zenuen. Zeure gain hartu behar duzu urte haietan igeri egin ez izanaren erantzukizuna, ez aitari eta ez beste inori leporatu. Eta berdin jendeak egin omen dizkizun hainbat eta hainbat itsuskeriekin. Izan zaitez duina eta heldua behingoz, begiratu bizitzari aurrez aurre.

Bere buruaz inongo gupidarik ez duen zintzotasun zorrotz hori da bere zoria gobernatzera deliberatzen denaren betebeharretako bat, sorgin bizimoduaren ezaugarrietako bat.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.