Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Ez jardutea. Ibili

Ez jardutea. Ibili

Markos Zapiain 2017/01/25 13:05

Sorgintzan funtsezkoa da ariketei eustea, eustea eta eustea. Luzaro egon zaitezke emaitza garbirik gabe, eta etsi, baina ez, tira aurrera, aitzina beti sorgin euskalduna.

Sorginen hizkeran, beste gizakiekin partekatzen dugun munduaren deskribapenaren arabera gabiltzanean, normal bizi gara, tonalean. Ohiko munduko osagaiak harrapatu eta lotu egiten ditugu orduan; eta onartutako deskribapena proiektatzen diegu. Horren guztiaren ondorioa da hautemate normala. Uztartuta daude jende normalaren pertzepzio normal guztiak. Munduaren deskribapen onartuaren araberako errealitatearen eraikuntza zeregin kolektibo bat da hein batean, gizarte jakin bakoitzean dauden pertsona guztiek esku hartzen dute bertan. Horrek eragiten du gizartekide guztiek berdintsu hautematea gauzaki zehatz bakoitza.

Sorginaren ahalegina mundua ohiko deskribapenetik libre hautematea da, eta bestelako mundu batzuk eraikitzea. Nahiz eta denok dugun ahalmen hori, soilik pizten zaigu behin normaltasuna blokeatzen denean. Eta hori ez da batere ohikoa jende normalaren bizialdian: oro har, jaioz geroztik hil arte ez ditugu gizarte kontsentsuak oharkabean eraiki eta elikatutako munduaren mugak gainditzen.

Betiko jarrera eta hautemate horiek blokeatu daitezke haatik, barneratu dugun munduaren deskribapenari arrotzak zaizkion ekintza ez funtzionalen bitartez.

Munduaren ohiko deskribapenak era jakin batera jokatzera bultzatzen gaitu. Gure ekintzak oro onartutako deskribapen horretatik  datoz eta aldi berean egiaztatu eta sendotu egiten dute. Sorginek ekintza horiei “jardutea” deitzen diete, eta, eusten duten eta dituen deskribapenarekin batera, bere burua etengabe elikatzen duen sistema bat osatzen dute.

Munduaren edo norberaren ohiko deskribapenarekin bat ez datozen bestelako ekintzei sorginek “ez jardutea” deitzen diote.

Ez jarduteak eten egiten du deskribapen nagusiaren jarioa, mundu ezagunari dagokion hautemate moldea. Ez jardutea da beste munduetan barneratzeko sarbideetako bat; edota, tolteken hitzetan esatearren, tonaletik nagualerako zubietako bat. “Nagual” beste aldeari deritzote, bestelako munduei, hementxe bertan inguruan eskura dauzkagunak, beso baten distantziara, bide batez esanda.

Ez jardutea mundu normalean praktikatzen da, hala da, baina aldi berean bestelako munduetara ere bagaramatzanez, esan daiteke ez jardutearen praktika sistematikoak elkarguneak sortzen dituela bi munduen artean, tonala eta naguala bildu. Jungen hizkeran: geldika-geldika gogo kontzientearen eta inkontzientearen integraziora hurbilduko gara. “Norberaren osotasuna” deitzen diote emaitza horri sorgin toltekek, Victor Sanchezek jakinarazi duenez.

Besteak beste, biltzera heldu beharko genuke gurean bereizirik bizi ohi diren ni amesgilea eta ametsetako protagonista, ametsetako nia; honek normalean ez du haren berririk, baina sorgin ariketei esker biak elkartzera iritsiko zara. Goitik behera aldatuko zaizkizu orduan izaera eta bizimodua.

Sorginen ariketak talde bitan bana daitezke: alde batetik, betiko munduari dagozkionak, gorputz hau, hautemate arrunta. Zelatatzeko artea deitzen diote. Zelatatu beharrekoa, gure ohiturak, mintzamoldeak eta jarrerak dira. Horien artean indarra kentzen digutenak detektatu behar ditugu, eta desagerrarazi, indar handia pilatu beharra baitago burmuineko zati ezezagunak biziarazi eta mundu ezezagunetan barneratu ahal izateko.

Bizioak baztertzea, esaterako, sorginen ustez, oso hondoratuta ez dagoen edozein pertsonaren esku dago, eta berehala. Erretzeari, edateari edo jokoari uztea, aste bakar batean lor daiteke. Nahimena gutxiesten dugu, baina berez itzela da nahimenaren ahala, eta, beste batean ikusiko dugunez, sorgintzaren helburu nagusietako bat nahimena ametsetan infiltratzea da.

Sorginek ibilaldi luzeak egiten dituzte: egunero sei ordu edo gehiago. Sorgintzari gehien hurbildu izan zaizkion filosofoek ere, Thoreau eta Nietzschek, oso ibilaldi luzeak egiten zituzten ahal bezain maiz.

Noski, sorgina ez dabil edonola. Eskuak beti libre, ez makilarik ez antzekorik. Zerbait eraman behar izanez gero, motxila. Hatzak apur bat makotuta, ez ahurra ukitu arte baina ia-ia. Ibilaldiek bakartiak behar dute, aurikularrik gabe, ahal bezain isilik, mendiko edo hiriko soinuak lasai entzun eta segituan ahaztuta.

Sorgin ibileran, edozelan ere, begien erabilera da ziur aski garrantzitsuena: begirada ez duzu inon fokatu behar, saihestu arretagune bereziak eta zabaldu behako panoramiko bat. Ezkerreko begia ahal bezain ezkerrera eta ahal bezain gora eraman eta eskuinekoa berdin, ahal bezain eskuinera eta ahal bezain gora. Eutsi sei orduz ahaleginari, behakoa ezertan ez kontzentratzen ondo kontzentratuta. Hori egunero. Denboragarrenean, hautemateko zure inertziak dantzan jarriko dituzu eta zerbait berria jarriko da abian zure garunetan. Horixe izaten da ez jarduteen emaitza: ezohiko praktika arraroen bidez zure nia eta zure mundua desorekatu egiten dira, ziurtasunak galdu, eta horrek aukera berriak zabaltzen dizkizu. Begiak ezohiko modu batez kokatu eta erabiliriko ibilera hau da emaitza garbiak bizkorren erakusten dituen ariketetako bat.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.