Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Montaigne (1533-1592)

Montaigne (1533-1592)

Markos Zapiain 2017/03/26 21:35

-Nietzsche: “Montaigne bezalako pertsona batek idatzi izanak handitu egiten du, zinez, Lur honetan bizitzeko plazera”

-Filosofo gehienek ez dute filosofotzat, maizegi aipatzen du bere burua eta ez Ideia, Jainkoa edo Atomoa, ondoegi idazten du; literato gehienek ez dute literato petotzat, ez du genero ezagunik erabiltzen, ezin sumatu zein helburu duen, pasadizo eta aitorpen bilduma soila dirudi bere liburuak; muga-gizona, susmagarria

-Genero berri bat: entseiua, saiakera (zundaketa, esplorazioa, esperimentua, dakizunetik abiatu eta ez dakizunera hegaldatu)

-Konplazentzia eta erruki barik pintatzen du bere burua, umorez, gure literatorik exhibizionistengan ere harrigarria litzaigukeen ausardiaz: txikitasuna (1'57), baldarkeria, zetazko galtzerdiak bai neguan bai udan, zakil txiki bezain laburra, inpotentzia; liburua, besteak beste, txikitasunak eragozten dion presentzia indartsua lortzeko azkenik munduan

-Liburua idaztea, bere burua egituratzeko tresna (nik liburua egin baino gehiago liburuak egin nau ni)

-Diktatu egin zuen, ezin zuen pentsatu ibilian baino: bere dorreko liburutegian txango zebilela bururatzen zitzaiona eskribau bati diktatzen zion; gero, hori bai, etengabe erantsi zituen ñabardurak eta pasarte berriak, idatziz

-Montaignek berak euskaldunei buruz: mugimendua eta ibiltzea debekatzen badiezu, airea eta argia kenduko dizkiezu; bere burua Gallus Basco definitzen du, basko-galiar, basko-frantses, garai hartako jende denak bezala bestalde gaskoiz mintzo zen Akitania, Landak, Biarno eta inguru horietan; gaskoia okzitanierako mendebaldeko dialektoa da; bai “gascon” eta bai “basque” “vascon”etik datoz; Montaigne: “gure arbaso euskaldunak...”

-Harreman estuagoa zuen Montaigneren eskualdeak Nafarroarekin Frantziarekin baino; Nafarroako errege Henrike III.aren adiskide (gerora Frantziako Henrike IV.a izango zena)

-Montaigneren entseiuetan, bikain txertaturiko aipu ugari, aipuaren artista: ezin pentsatu besteak gabe; pentsatzea da besteari norberaren baitan toki egitea; eta heziketa, besteak pentsatutakoa ez buruz ikasi baizik eta ondo digeritu eta gure haragi bihurtzea

-Heziketan, haserrearen ondorioz ezartzen dugunean zigorra, ez gara zuzentzen ari, baizik mendekatzen

-Montaigne jaio bezain laster inudearen etxean utzi zuten, gaskoiz mintzo zena; bi urte zituela aitaren gaztelura ekarri eta aitak debekatu zuen Micheli latinez beste hizkuntza batean mintzatzea; zerbitzari guztiei latinezko esaldiak ikasarazi zizkien eta Alemaniatik irakasle bat ekarri zuen Michelentzat, frantsesez ez zekiena, eta den-dena latinez irakatsi ziona; biziki maite zituen Lukrezio, Plutarko, Zizeron, Erroma

-Bederatzi urte zeuzkala eskola frantsesera bidali zutenean, Bordelera, estralurtar

-Beraz, Montaigneren ama hizkuntza benetan aita hizkuntza, hizkuntza hila; ahoan txikitandik latina bezalako hildako lengoaia bat zuena, une langue mort, aho-mingaineko eritasun batek jota hil zen

-Montaigne, hizkuntza kontuetan, gaur egun ere ezohiko, estrabagante: Entseiuak japonieratik ari dira frantses modernora itzultzen, Montaigneren frantsesetik japonierara itzuli zuenak hemen sumatu ez ditugun ñabardurak ikusi eta ederki eman baititu japonieraz

-Edonola ere, frantsesez idatzitako lehen Filosofia liburua duzu Entseiuak; ez da batere purista, inguruan entzuten zituen gaskoizko hitz pilo bat zerabilen; Montaignek dio bere bizialdiko hogeita hamar urtean goitik behera aldatu zela frantsesa, bere aiton-amonek ez zuten ulertuko Montaigneren zahartzaroan entzuten zena

-Frantsesez idatzi zuen, besteak beste, buruan zuen irakurlea emakumea zelako, eta emakumeek ez zekiten latinez; maite zituen emakumeekiko harreman pribatuak eta gustuko zuen irudi hau: emakume ezezagun batek bere liburua logelako intimitatean irakurtzen; Montaignek dioenez, urreak asko dezake, baina edertasunak gehiago

-Marie de Gournay, hasieran Montaigneren miresle, gero elkar ezagutu eta Montaignek aliantza-alaba deituko dio, feminista bikaina, izugarri maite izan zuten elkar, 32 urteko adin-aldea eta Montaigneren inpotentzia hazkorra gorabehera, viagrarik gabeko garai hartan; Montaignek dioenez, zakilak erantzuten ez duenean ferekak aski

-Guretzat ere harrigarria den naturaltasunaz mintzo da sexuaz eta sexuaz mintzatzeko debekuaz, sexua neurriz gain bihurtzen duena interesgarri; debekuak desira pizten du

-Ezkontzaz eta maitasunaz: batetik, ezkontzak, Montaigneren ustez, jakintsuaren autonomia zapuzten du; horretan bat etorriko da Marie de Gournay 

-Bestetik, hobea izaten da amodiorik gabeko ezkontza, pasioak soilik ezkontzatik kanpo funtzionatzen omen du, bestela eguneroko bizitza kixkali egiten du; pasiozko maitale batekin ezkontzeak erantzukia dakar, iskanbila, negarra, jelosia, damua; horregatik dio maitale batekin maiteminduta ezkontzea dela "saskian kaka egin eta ondoren buru gainean ipintzea"

-Hortaz, ezkontza ondo joan dadin, senar-emazteek adulterioari eta ezkontzatik kanpoko pasiozko harremanei ezikusia egin eta diskrezioz onartu beharko lituzkete; ezkontzarik onena: emaztea itsu, senarra gor; ezkontza egokian, senar-emazteen artean, ez pasio itsua, baizik eta, patxadaz, adiskidetasuna gehi sexua: hori da giltza

-Heriotzari lotzen dio Montaignek ezkontzarena eta maitemintzearena. Ezkontzaren eta adulterioaren arteko oreka horretan helburua gure bizitza mugatu honetan ahal bezain ongi pasatzea da. Ez ahaztu hil behar dugula, gehien maite ditugunak ere ezinbestez hilko direla

-Hala ere, bizitzaren amaiera heriotza den arren, amaiera ez da xedea. Bizitzaren xedea gozamena da, eta helburua behar bezala gozatzea den heinean ez da ahaztu behar bizitza mugatua dela eta heriotza beti eta nonahi dugula zain, ez ideia ilunak gogoan erabiltzea gustuko dugulako

-Ustekabeko heriotzen hainbat adibide ipintzen ditu Montaignek: Esopo alegia idazlea hil zen atzaparretan dortoka edo apoarmatu bat zeraman arranoak atzaparrak laxatu eta dortoka buru gainean erori zitzaionean. Beste bat, orrazten ari zela zauritxo bat eginda. Larrua jotzen ari zirela, ema izterren artean, besteak beste, Kornelio Galo pretorea, Erromako armadaburu Tigelino, Espeusipo filosofo platonikoa eta Aita Saindu bat, gutxienez

-Beldurrik sakonena heriotzaren beldurra denez, heriotzaren ezinbestekotasunarekin onezkoak eginez gero edozein beldur gaindi dezakezu. Hiltzen ikastea da menpeko izaten desikastea. Heriotza onartzeak askatasuna dakarkigu

-Ondo bizitzeko eta gozatzeko, hortaz, ez ahaztu bihar bertan hil gaitezkeela eta bizitza berehala igarotzen dela. Ondo adierazten du Montaigneren ikuspuntua Enjoy Yourself (It's Later Than You Think) abestiak:

 Goza ezazu, uste baino beranduago da

Goza ezazu, ondo zauden bitartean

Urteak badoaz, begi-keinua bezain laster

Goza ezazu, uste baino beranduago da

-Leporatzen zaio ez zuela bere emaztea maitatu, baina garai hartan ezkontzak ez zuen maitasunarekin zerikusirik; Montaignek dioenez, gainera, ezkontzak jakintsuaren autonomia zapuzten du; horretan bat etorriko da Marie de Gournay, bere aliantza-alaba

-“Virgilioren zenbait neurtitz” saiakeran dio hobea izaten dela amodiorik gabeko ezkontza, pasioak soilik ezkontzatik kanpo funtzionatzen duela, bestela eguneroko bizitza kixkali egiten du; pasiozko maitale batekin ezkontzeak erantzukia dakar, iskanbila, negarra, jelosia, damua; horrela ikusten du Montaignek: saskian kaka egin eta ondoren buru gainean jartzea

-Ezkontza ondo joan dadin, ezkontzatik kanpoko pasiozko harremanei ezikusia egin eta diskrezioz onartu; ezkontzarik onena: emaztea itsu, senarra gor; ezkontza egokian, senar-emazteen artean, ez pasio itsua, baizik eta, patxadaz, adiskidetasuna gehi sexua: hori da giltza

-Zentzu honetan, esanguratsua da Montaigneren garaiko pasadizo bat, Bordelen kokatua, ezin hobeki konpontzen diren senar-emazteen pasio eta jelosia falta duena gai nagusi: senarra jauregian ezustean agertu, emaztea zerbitzari batekin alberdanian ikusi eta diotso: “laztana, imajinatu ni beharrean beste norbait sartu izan balitz”; alegia, ezkontzak kontu soziala da eta jendaurrean itxurak gorde beharra dago

-Emaztea bezala, umeak ere ez ziren bereziki maitatzen: haurren heriotza-tasa izugarria zen, kopuru batetik gora hiltzen uzten baitzituzten; ohitura: amak soberako ume jaio berria berekin oheratu eta biharamun goizean amaren pean itota; Montaignek halako batean dio bizpahiru hil zaizkiola, ez daki zehazki zenbat haur hil zaizkion, ez zion garrantzi berezirik ematen; sei ume izan zituen eta bakar bat iritsi zen helduarora

-Istripua zaldian; bere egingo du Ciceronen esaldi ospetsua: “filosofatzea hiltzen ikastea da”; beraz eta batez ere, bizitzen ikastea; hiltzen ikastea da ez bizitzea hil behar ez bagenu bezala; edonola ere, “Nire bizitzako zeregin nagusia da ahal bezain ondo pasatzea”

-Bizitzako unerik perfektuenak bakardadean sentitzen dira. Nafarroako errege Henrike III, gerora Frantziako Henrike IV izango zena, bisitan joaten zitzaion aholku eske. Hala ere, Montaignek injenioz babesten zuen bere independentzia: bere dorreko leiho batetik hurbiltzen zen edonor detektatu zezakeen; zenbaitetan bisitariarekin egoteko gogorik ez eta bazuen dorreko horma bat manipulatua, eta bertan ezkutaleku bat, aulki xume batekin, behar izanez gero bisitariak alde egin arte pare bat orduz edo han eserita aguantatzeko

-Gorroto zituen jende gozakaitza eta zoritxarraren adiktoak; jakintsuaren marka: patxada alai iraunkor bat; aukeran nahiago Demokrito irribera Heraklito negartia baino; Montaignek dio bere bizitza zoritxar ikaragarriz beteta egon dela, baina gehienak ez direla gertatu

-Montaigne: "gozamena dugu helburu"; bizitza, poza, plazera, desira, gozamena eta zorionaren alde, jakinduria alai bat nahi du; katolikoa izan arren, plazer haragikoia ez du bekatutzat; “katoliko hedonista” definitzen du Onfrayk

-Hil osteko zoriona hemengo zoritxarraren ordain: hori baino ideia arraroagorik...

-Larruaren plazera defendatzen du, Jainkoaren opari bat da; plazera naturala da, berez ona; fanatikoen desnaturalizazioak garamatza gure burua eta zehazki gorputza gorrotatzera

-Jende umila du eredu, herri xehea: nekazarien baretasuna goraipatzen du, lurrari lotutako jendearena: bizimodu soila, sinplea, diskretua; kulturaren zeregina: desnaturalizazioa geldiarazi

-Bere bizitzako lehen bi urteetako ama titikoaren sendi gaskoiaren sinpletasuna berreskuratzea du xede

-Tolerantea, zabala, eszeptikoa, fidagarriagoa zitzaion zalantza ziurtasuna baino; “zer dakit nik” zuen ikurritz, “Que sais-je?” bilduma ospetsuak heredatua; zenbat eta gehiago jakin, orduan eta duda gehiago; gure akatsei ezikusi egiten diegu, aldi berean akats horiek berak besteengan sutsuki gaitzesten ditugula; halatan, susmoetan oinarrituta torturatzen ditugu sorginak edo indiarrak, beren balizko errua aitor dezaten; hobe zalantzari bide eman eta susmoa bertan behera utzita; edozein aitzakia asmatu krudelkeria saihesteko

-Torturaren aurka garbi idatzi zuen lehen idazlea, Voltaire eta gainerakoen aitzindari (sorginen aurkako prozesuetan erruz erabili zuten tortura); gogor salatu zituen halaber espainolen izugarrikeriak Amerikako konkistan; koldarkeria da krudelkeriaren ama; Montaigneri ezer ez zaio beldurra bezain beldurgarri

-Hainbat erregerekin eta Aita Sainduarekin harremana izan zuen, baina boteretsuekin ez zen lausengari ez ipurgarbitzaile: munduko tronurik altu eta garrantzitsuenean ere, nor bere ipurdiaren gainean eseri behar

-Xenofobiaren aurka, eurozentrismoaren aurka, emakumeak gutxiestearen aurka

-Talentuei eta ahalmenei dagokienez, andrea eta gizona berdin-berdinak; gaur egungo desberdintasuna da indarrean dauden erakundeen eta ohituren errua; besteak beste, andreen instrukzio faltarena; ezkontzara arteko birjintasuna gorde beharra kritikatzen du; baita onarpenik gabeko sexu harremanak ere; emakumeen gozatzeko eskubidea aldarrikatzen du; orobat adulteriorako eskubidea, betiere diskrezioz; sexu harremanetan, goxotasunaren alde

-Xenofobiaren eta eurozentrismoaren aurkako erlatibista: Brasilgo kanibalak guretzat arraroak badira, gu neurri berean gara arraro haientzat; Montaigne, atzerritarrekin topo egitean, beti saiatzen da irudikatzen zer ikusiko ote duen beregan atzerritarrak, zer pentsatuko ote zuten esaterako zakila neurriz gain nabarmentzen duten prakei buruz, XVI mendean modan egon zirenak, ustezko basatiak biluztasuna eta sexualitatea hain modu natural eta jostarian bizi duten bitartean; Rabelais eta Montaigne dira Frantzian jakinmin etnologikoa erakusten duten lehenbizikoak: ezin dugu gure jendartea ezagutu ez badugu barneratzen jendarte mota desberdinak ezagutzeak ahalbidetzen digun ikuspuntu erlatibista eta perspektibista

-Beraz, Montaigneren eszeptizismoa ez da Pirronenaren tankerakoa, inoiz ez duena inongo iritzirik adierazten, baizik eta Sokratesenaren ildokoa. Sokrates zuen idolo: “dakidan gauza bakarra da deus ez dakidala”, “ezagut ezazu zure burua”; edonola ere, Montaignek, bere burua ez du bilatzen duenean aurkitzen; ezustean topatzen du, gutxien espero duenean

 

 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.