Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain

Tiresias

Markos Zapiain 2015/10/04 11:00

Leire Narbaizak jakinarazi dit blogen irakurleak eta irratiko entzuleak biderkatu egiten dituela ipurdia, orgasmoa, bularretakoak eta gisakoak aipatzeak. Penagarria dirudien arren, baina ezin eragotzirik kosta ahala kosta bilatzea ahalik eta audientziarik aberatsena, Leireren aholkua aintzat hartu eta mitologiako kontu lizun batzuk aipatuko ditut.

Mitoek betiko galderei erantzuten diete, filosofikotzat edo erlijiosotzat hartzen direnak eta edozeinek bolada sentibera batean bere buruari egiten dizkionak: nondik nora nago ni hemen munduan? Ba ote du zentzurik nire bizitzak, giza bizitzak? Gu gizakiok zer gara, animalien artean beste animalia bat, ala gure eta gainerako animalia guztien artean ba al da funtsezko desberdintasunik? Zergatik hobetsi behar da jokaera ona, zintzoa? Zer gertatuko zait hiltzean?

Hauxe da betiko galdera horietako bat: sexu harremanetan jende guztiak sentitzen du antzeko zerbait? Ala gozamena zeharo desberdina ote da pertsonaren arabera, nork berea? Aurpegiko imintzioek eta konbultsioek antzera sentitzen dugula iradokitzen badute ere, berdintasun hori ez ote da proiekzio bat? Ez baita ezinezkoa pertsona bakoitzak orgasmoa modu guztiz desberdinean bizitzea eta sentitzea.

Edo, bederen, orgasmoa alde batetik gizonek eta bestetik emakumeek desberdin sentitzea.

Behin batean, Olinpoan, Jainkoen egoitzan zeuden Zeus eta bere emazte Hera, eta sarri bezala liskartuta eta haserre bizian, Zeusek emakume hilkorrak tronpatu eta biolatzeko grina baitzuen eta Hera jeloskortu egiten zitzaion.

Oraingo honetan eztabaidagai hain zuzen sexu kontuetan emakumeak ala gizonak, zeinek lortzen duen gozamen handiagoa. Zeusen ustez, andreek hobeto pasatzen dute. Heraren iritziz, jakina, alderantziz. Adostasunik ez eta Tiresiasi deitzea erabaki dute, Tiresias, gizon jaio zen arren, udazkeneko arratsalde batean, mendian zebilela, bide bazterrean suge bikote bat larrua jotzen ikusi eta makilaz emea hil egin baitzuen, eta ondorioz emakume bilakatu, eta hurrengo hamar urteak emakume gisa bizi izan zituen, orgasmoak barne.

Hamar urte horiek igarota, berriro mendian, beste suge bikote bat txortan ikusi, arra makilaz zulatuta hil eta gizon izatera itzuli zen.

Beraz, Tiresiasek jakingo du, datorrela Olinpora. Tiresias, sexu harremanetan gizonak ala emakumeak, zeinek gozatzen du gehiago? Tiresiasen erantzuna: plazer kopurua hamar zatitan banatuz gero, emakumeak bederatzi puxtarri eramango lituzke, gizonak bakarra.

Ikaragarri haserretu zen Hera, berak aldeztutakoaren aurkakoa baitzen, eta amorruaren amorruz begi biak erauzi zizkion Tiresiasi.

Orduan Zeusek, errukiturik, eta Tiresiasek orainaldian aurrean zuena ezin ikus zezakeenez, konpentsatzeko etorkizun urrunean ikusteko ahalmena eman zion, alegia, igarle egin zuen. Orduz geroztik dugu Tiresias igarle itsu ospetsua, Sofoklesen “Edipo errege” tragedian rol garrantzitsua izango duena.

Gaur egun antzeko galderak darabiltzagu, zeinek pasatzen ote duen hobeto. Eta, tamalez, ez dirudi erantzunak askoz ere zehatzagoak direnik. Hori bai, zozoagoak dira.

Zientifiko deritzegun erantzun horiek, gainera, arras aldakorrak dira. Gaur Science aldizkari ezin ospetsuagoak artikulu bat argitaratzen du eskemez, taulez eta zenbakiz josia, milaka eta milaka laguni orgasmo-plazera neurtzeko hodi batzuk ipini eta emaitzen berri emanez, eta emaitzek zientifikoki frogatzen omen dute orgasmo-plazera berdin-berdina dela gizaki eta are animalia guztiongan. Aldiz, datorren hilabetean Nature aldizkari zientifiko ezin ospetsuagoak artikulu zorrotz bat argitaratuko du erakutsiz teknika aurreratuenei esker frogatu dela andrearen orgasmoa kualitatiboki desberdina ez ezik askoz ere sakonagoa dela gizonarena baino.

Eta hurrengo astean gutuna zuzendariari, batetik gizonak eta bestetik andreak sailkatze hori binarismo faxista dela, jendea bi sexuetako batean kokatzera behartzea hainbat laguni bortxakeria gogorra zaiola eta patogenoa izatera irits daitekeela.

Labur, gaur egun sexu gozamenari buruz ez dakigu benetan eta era eztabaidaezinean Tiresiasen garaian baino gehiago, baina auzi hori azaltzeko gure kontaerak indarra eta xarma galdu du.

Pandora

Markos Zapiain 2015/10/04 10:45

Zeusek, beraz, Prometeo zigortu zuen. Baina baita gizona ere oro har, suak eta teknikak harrotu eta jainkotu baitzezaketen. Beharrezkoa zen ahulduko zuen zerbait. Horregatik asmatu zuten olinpiarrek Zeusen aginduz Pandora, lehenbiziko emakumea. Ordu arte baziren Jainkosak, ez ordea andre hilkorrik.

Zer dago lehenago, mitologiaren misoginia ala emakumearen zapalkuntza sozio-politikoa? Mitologiak bideratzen du emakumearen zapalkuntza polisean, emakumea edozeren errudun egin behar hori, ala alderantziz, edota biak aldi berean, edo biologia ote dago horren guztiaren azpian, gizonaren beldur biologikoa zehazki? Ahuleziar antropologikoaren adierazpen da mitologia? Kontua da emakumeek Atenaseko demokrazian ez dutela bozkatzeko eskubiderik politikatik bazterturik geldituko dira esklaboekin eta etorkinekin batera.


Pandora Greziako Evatzat hartu izan da. Biak sortu ziren gizonen ostean eta gizonengatik. Ez Evak ez Pandorak ez dute Jainko Jaunaren agindua betetzen, desobedientzialariak dira, eta ondorioz hondamendia dakarkiote gizonari. Evak bezala, Pandorak sartu zuen gizona sexuan, ugaltzean eta heriotzean. Evak Paradisutik erauzi zuen Adan, eta Pandorak berriz Urrezko Arotik gizona, emaztea eta familia txertaturik gizonen txoko ordu arte xaloan.

Badira halaber desberdintasunak. Judu-kristauen Jainkoak gizona bakarrik egon ez zedin sortu zuen Eva, eta Adanen saihets batetik; ostera, Pandora ezerezetik sortu zuten Jainkoek, panpina artifizial, eta berariaz gizona galbideratu eta hondatzeko.

Olinpiar bakoitzak ezaugarri seduzitzaile batez apaindu zuen Pandora, eta eder ezin erakargarriago atera zitzaien, gorputzez zein janzkeraz, gizonen desira iluna erremediorik gabe pizteko modukoa. Eva naturala ez bezala, Pandora, teknikaren emaitza denez, finagoa eta zibilizatuagoa da edozein gizon baino. Polit-polita du azala, eta mamia azkarra, aldakorra, gezurtia eta traidorea.

Hesiodok darabilen izenaren arabera, zakur-eme bat da Pandora. Frantsesez chienne eta gaztelaniaz perra hitzek gorde dute zentzu hori, baina ingelesez eta euskaraz ez. Latinetik etorriko zaie ziur aski, latinak grekotik bereganatu ondoren. Une chienne, Pandora, nahikeria asegaitzen menpeko, nola edozelako apetak (soinekoak, jauregiak, bidaiak), hala sexuan, hamaika orgasmo segidan eta berriro eta berriro, gizonak bata bestearen ostean seko ahitu arte.

Jainkoek Epimeteori oparitu zioten Pandora, eta Prometeok anaia inozoari agindua zion arren inolaz ere ez onartzeko Jainkoen presenterik, Pandora ikusi bezain laster zeharo maitemindu zen. Epimeteo tentelak izorratu behar gizonen patxada bozkariotsua.

Ezkondu zirenean, Pandorak, bere aldetik, kutxa misteriotsu bat jaso zuen opari, eta agindu zorrotza, ez zezala inolaz ere zabaldu. Haatik, emakumea izaki, jakinminak jota, tapakia ireki eta barrutik zoritxarrak oro jalgi ziren eta munduan hedatu: beldur, kalamitate eta gaitz guztiak. Itxaropena izan zen kutxaren hondoan atera gabe gelditu zen sentimendu bakarra. Pandorak, emakumeak, kutxako tapakia altxatu baino lehen, gizonen tribuak bare bizi ziren lurrean, baina orduz geroztik lan nekezari ekin behar izan diote, eritasunek jo dituzte, hil egiten dira.

Horixe izan zen Prometeoren lapurretari erantzuteko Zeusek gizon guztien aurka asmaturiko madarikazioa, hots, emakumea, Pandora. “Kalón kakón” deritzo Hesiodok, “gaitz ederra”, opari anbiguoa baita; gizonak ezinbestez maiteko du, jakin arren zoritxarra ekarriko diola. Pandoraren inguruan biraka biziko da gizona aurrerantzean, liluratuta, eta ezingo da jainkoekin lehiatu.

AEBeko zenbait unibertsitatetan, politikoki politaren izenean, debeku da Pandoraren mitoa irakastea. Gehienez ere, Goetheren Pandoraren berri emanez konpentsatzen dute mito grekoaren misoginia, Goetheren Pandorak emakumetasuna goraipatu eta sagaratzen baitu.  

Prometeo

Markos Zapiain 2015/10/03 09:49

 

Prometeoren mitoak iradokitzen du zergatik behar duen gizakiak mitoa. Behin Zeusek kosmosa ezarrita, behin betiko harmonia, Jainkoak aspertu egiten ziren, perfektutasun mugigaitzak eta harmonia zoriontsuak eraginiko asper kosmikoa. Entretenitu beharra zuten, dibertitu, ikuskizun bat. Eta horregatik sortu zituzten hilkorrak, hiltzea zor duten bizidunak.

Jainkoek figuratxo batzuk egin zituzten, estatuatxoak, animalia guztienak, eta, bizia eman baino lehen, Japeto Titanaren seme Prometeo eta Epimeteori eskatu zieten animalia bakoitza ezaugarri egokiz hornitzeko. Kronosen anaia zen Japeto. Epimeteok esan nahi du pentsatu, jardun OSTEAN egiten duela, EPI ostean da. Hausnartu barik dihardu. Anaia du Prometeo, jardun baino lehen pentsatzen duena; PRO: lehenago. Prometeok konpondu behar izaten ditu Epimeteoren errakuntzak.

Epimeteok Prometeori erregutu zion bere esku uzteko jolas atsegin hori, eta atzaprra, larru lodia, adarra, arintasuna, oskola, begi zolia eman zien animaliei. Ekosistema orekatu bat sortu zuen. Gizakiarengana heldu zenerako, baina, xahutua zuen aurrera irteteko iskiluen altxorra. Ezin gizakia hornitu. Horrenbestez jaiotzen da babesgabe, ez du hegalik, ibiltzen ere ez daki.

(Horregatik behar du mitoa.)

Prometeo, anaiaren okerraz jabetutakoan, Olinpora igo eta Ateneari arteak eta teknikak ebatsi zizkion, eta Hefaistos errementariari berriz sua, eta gizakiei oparitu zizkien. Bizirauteko giza baliabideak ez dira naturalak.

Ogiari ematen zioten grekoek garrantzi berezia. Jainkoek ez dute jakirik behar, nektarra eta anbrosia hartzen dute baina ez gosea asetzeko baizik eta gozatzeko; piztiek, ostera, gordinik irensten dute janaria. Gizakiak dira garia egosi eta ogia egin dezaketenak. Sua behar ordea. “Gordinetik egosira” da Lévi-Straussen liburu baten izenburua, animaliatik gizakiarenganako sukalde-igarobidea sakonki aztertzen duena mitoan. Gizakia, halatan, Prometeori esker eta Jainkoen despit, aurrera doa. Horregatik dio Marxek edozein egutegi laikoko lehen saindua behar lukeela Prometeok.

Noski, Zeus biziki haserretu zen. Prometeoren lapurretak bidegabeki hausten du harmonia. Suak gizakia Jainkoak bezain sortzaile bihur lezake. Edo suntsitzaile, sua eskuan gizakiak unibertso osoa erre bailezake. Gehiegikeria dugu hemen, harrokeria, hybrisa, arrisku kosmikoa.

Bere gaiztakeriaren tamainako zigorra ezarri zion Zeusek Prometeori: Kaukasoko arroka galdu batean lotu eta kateatu zuen, arrano batek etengabe jan ziezaion gibela. Arranoak jan eta gibela berehala berrosatu, arranoak jatena eduki zezan berriro ere, eternitate osoan.

Behin batean, baina, Zeusen seme Herakles/Herkules handik igaro eta Prometeoz errukitu eta askatu egin zuen. Ordea, Zeusek agindua zuen Prometeo ez zuela egundo askatuko, sekula betikoz atxikiko zuela arrokari kateatuta. Hala ere, Zeusek biziki miresten eta maite baitzuen bere seme Herkules, ez zuen Prometeoren askatzea gaitzetsi nahi izan, eta konponbide polita asmatu zuen emana duzun hitza hautsi eta aldi berean ez hausteko, zorrotzek beharbada amarruzko konpromiso hipokrita leritzoketena: Prometeori iradoki zion bere askatzeari ezikusia egingo ziola baina eraztun bat eraman beharko zuela beti, harridun eraztun bat, eraztuna katea zati bat delakoan eta harribitxia arroka zati bat. Hortaz, Prometeok ez dio erabat utzi kateatua izateari, hatzean baitaramatza katea eta arroka zati bana. Zeusek zin-hitzari eutsi dio. Hortik omen datorkigu eraztun harribitxiduna eramateko ohitura.

Ederki kontatu du mitoen etsai Platonek Prometeoren mitoa “Protagoras” elkarrizketan. Garbi azaltzen du hurrengo milurtekoetan Filosofiak txitean-pitean aztertuko duen gai bat: gizakien eta gainerako animalien arteko aldea. Mitoak darakutsanez, gizakia ez da ezer zehatza, gizatasuna gabezia da, Epimeteoren akatsa. Animaliena ez bezala, bere sena ez dago behin betiko programatuta eta horrek egiten du libre, bere burua eta historia asmatzeko gai. Platonek Protagoras sofistaren ahotan jarri zuen mito hau, eta Mirandollako Picok, Rousseauk, Kantek, Hegelek, Heideggerrek, Sartrek, Blumenbergek, giza berezitasuna ez dute bestela pentsatu: gizakia ez da badena eta bada ez dena, zioen Hegelek. Gizakia ez du bere instintuzko programazioak agortzen, inurria edo zaldia bezala, ez da soilik badena, ageri duena, ez da gorputz huts; aitzitik, ez dena da, etorkizunera proiektatutako bere asmoak, asmazioak, aukerak, munduan oraindik gauzaturik ez daudenak baina egon litezkeenak. Gizakiak ez du behin betiko erabakitako esentziarik, egiteko dago beti, horixe izaki giza askatasuna. Asmatzen dituen makina artifizialek lege naturaletik aska lezakete. Noski, filosofo askorentzat hori lilura hutsa da; Spinoza eta Nietzscherentzat, esaterako, ustezko giza askatasuna funtsean ez dago giza jokabidea erabakitzen duten kausen ezagutza falta baizik.

Prometeoren mitoa ez da ahitu, ez ahituko. Etengabe izan da erabilia sortu zenez geroztik. Goethek, esaterako, behin eta berriro landu zuen. Gohetherentzat, Prometeo Napoloen zen batik bat, eta Napoleon Prometeo, zuzia irazekita giza historia aurrera daraman heroia. Goethek, zahartu ahala, edozelan ere, gero eta hurbilago sentitu zuen Epimeteo. Freuden interpretazioa ere aipatu behar suaren sorreraz: Prometo sua itzaltzeko txiza-lehia berez homosexualari eutsi zion lehen gaztea izan zen, senari amore emateke sua amata barik atxikitzeko gauza izan zen lehenbiziko mutila.

Hans Blumenbergek XX. mendeko bigarren zatian idatzi zuen mito bati buruz inoiz idatzi den libururik indartsuena, Arbeit am Mythos, Trabajo sobre el mito (ez dago frantsesez), eta Prometeoz dihardu.

Zeusek ordena ezarri

Markos Zapiain 2015/10/02 21:00


Mitoek darakutsate giza helburua, bizitzaren zentzua, bizimodu ona, hein garrantzitsu batean, nork bere burua harmonia kosmikoari egokitzea dela. Era berean ikusiko dute bizimodu ona estoikoek. Aztertu behar ordea nondik sortu den egokitu behar omen gatzaizkion harmonia kosmiko hori. Kaosa izan baitzen hasieran.

Hesiodok Teogonian kontatutako mito batzuek azaltzen dute kaosetik kosmosera nola heldu garen. Teogoniak esan nahi du Jainkoen sorrera edo jaiotza, “gonia” horrek gene eta genetikarekin harremana du. Dena den, Hesiodoren Teogonia aldi berean Kosmogonia bat ere bada, Jainko pertsonalak Unibertsoko esparruak ere badirelako: Gaia Lurra da, Urano zerua, Poseidon itsasoa, Hades infernua, eta abar.

Genesia edo Big Bang-a Hesiodoren arabera: hasieran Kaosa zen, eta horrek artean ez zuen inongo atributu pertsonalik. Kaosa zulo beltza da, osina, ezaugarririk gabeko gaua, ohiko amesgaizto hori: etengabe erortzea eta erortzea, ziztuan, oinarririk aurkitu gabe inoiz. Kaosetik, eta ez zaigu kontatzen zergatik eta nola, Gaia sortu zen, Lurra, euskarria, elikatzailea, eta Gaiak, bere barne ahalmenetik, zerua sortu zuen, Urano. Urano berehala itsatsi zitzaion gainean Lurrari. Etengabe jotzen zuten larrua. Gaiak umeak egiten zituen, baina amaren sabelean gelditzera behartuta zeuden. Halaxe izan zituzten indar izugarrizko hamabi Titanak, hiru Ziklopeak (begi bakarrak) eta hiru Hekatonkiroak (ehun besodun eta berrogeita hamar burudunak), hamazortzi indar kaotikoak. Uranok ez zien amarengandik irteten uzten, beldur baitzen ez ote zioten ama Gaiaren maitasun esklusiboa lehiatuko.

Halako batean, Gaia haserretu egin zen: astun zuen sabela, min egiten zion, eta barruan zeuzkan umeei proposatu zien aita kalitzea. Titanik gazteenak, Kronosek, aitaren ahalaren bekaizti, amaren proposamena onartu zuen. Gaiak suharrizko igitai bat eman zion. Kronosek, aitaren zakila amaren barruan sentitu zuelarik, zakila eskuineko eskuaz oratu eta ezkerraz ebaki zion. Mitologiaren arabera, latindarrek pasadizo hau dela eta deitu zioten ezker eskuari sinister, sinistrum, gero gaztelaniaz siniestro eman duena, italieraz sinistra. Euskarazko “ezker” du gaztelaniazko “izquierda”k jatorri.

Kontua da orduantxe sortu zirela espazioa eta denbora. Ordu arte, Lurrak gain-gainean zuen zerua, tarterik ez. Zakila ebakita Zerua Lurretik desitsatsi eta oinazez uhurika urrutiratu zen, eta han goian gelditu zen Zerua, urrutiko sabai. Bortxazko bereizte horri esker dugu tartea, espazioa.

Baina gainera Titanak, Ziklopeak eta Hekatonkiroak askatu eta Lur gainera irten ahal izan ziren eta elkarrekin harremandu; eta horrelaxe abiatu zen belaunaldien segida, denbora.

Hori bai, hasieran intzestuzkoak ziren harremanak oro, erremediorik gabe.

Kronosek aitaren zakila itsasora bota zuen, eta, zakilaren esperma itsasoko aparrarekin nahastearen ondorioz sortu zen Afrodita, maitasunaren Jainkosa, Botticellik maskor baten gainean hondartzara datorrela pintatu ziguna.

Kronosek, bere aldetik, arreba Rearekin harremanak izan eta ondorioz hainbat ume izan zuen. Kronos bera bezala, Zeus zen anai-arreben artean gazteena. Kronosek, berak aita Uranori egindakoa gogoan, ez zuen bere umeak jaiotzerik nahi eta jan egiten zituen denak. Ospetsua da Goyaren margolana, Saturno bere haurrak deboratzen. Saturno da Kronosen latindar izena.

Hortaz, bere haurrak jaten zituen. Baina amak Zeus txikia Kretako leizezulo batean ezkutatu zuen, amona Gaiaren konplizitatez. Kronosi umearen ordez harri koxkor bat eman zioten jatera oihaletan bildua, eta, ez zenez itxuraz oso mizkina, aldaketaz ohartu ez. Leizezuloan, Amaltea ahuntz jainkotiarrak elikatu zuen Zeus, bere kornukopia edo ugaritasunaren adarretik.

Zeusek zuzendu zuen Kronosen belaunaldiko Titanen aurkako guda. Iskilu indartsuak zituen; besteak beste, ziklopeek oparitutako oinaztargia, trumoia eta oinaztua. Eta indarrari esker irabazi zuen. Behin irabazita, Tartaroan itxi zituen indar kaotiko haiek guztiak. Aita Kronosi tisana traidore bat edanarazi eta irentsiak zituen Zeusen anai-arrebak goitikatu zituen: Hera, Hades, Demeter, Poseidon eta gainerakoak.

Zeusek artez banatu zuen Unibertsoa bere anai-arreba olinpiarren artean, horrela deituak Olinpo menditik egin zutelako Titanen aurkako gerra. Indarrari esker irabazi zuen Zeusek; baina argia, maltzurra eta zuzena zelako mantendu ahal izan zuen zuen kosmosa kosmos gisa. Aitonaren eta aitaren ohiturari jarraiki, bere emazte bi irentsi zituen: bata Metis zen, Zuhurtasuna edo Maltzurkeria. Zeusek barruan zeraman ordudanik maltzurkeria zuhurra. Bestea, Temis, ohitura eta legeen Jainkosa zen, Justiziarena.

Hortaz, Zeusek, kaosa menperatu eta harmonia kosmikoa ezarri ahal izateko, oinaztargiak, trumoiak eta oinaztuak ematen zioten indar izugarriaz gain, zuhurtasun azkarra eta justizia ere behar izan zituen. Kosmosa Jainkoen artean era bidezko eta zuzenean banatu zuen, eta banaketa justu horren gainean altxatu zen harmonia. Harmonia zuzen bat ezarri zuen halatan Zeusek unibertsoan, hau da, Jainko-Jainkosen artean.

Arazoa zen, arazo larria, aspertu egiten zirela. Eta ikuskizun atsegin batez entretenitu eta dibertitzeko sortu zituzten bizidunak, edo, gauza bera baita, hilkorrak; eta zehazki gizakiak. Baina gaizki atera zitzaizkien. 

Politeismoa eta sekularizazioa

Markos Zapiain 2015/10/02 19:21

 

Mitologia grekoa bizirik zegoenean Mediterraneo osoan kontatzen ziren Apolo, Odiseo, Afrodita eta gainerakoei buruzkoak, Egipto eta Turkiatik hasi eta Hispania arte. Irunen bada erromatarren hilerri edo nekropoli bat, Ama Xantalenen, eta Jupiter, Minerva, Diana, Marte eta enparauen irudiak agertu dira, alegia, erromatartutako Jainko grekoen botozko irudiak.

Irun/Oiasson latinez, baina gehienetan grekeraz beneratu zituzten hurrengo sarreretan ezagutuko ditugun Jainkoak, grekera baitzen garai hartako ingelesa, edo Erdi Aroko latina, batez ere jende ikasiaren artean. Ahalik eta irakurlerik gehienengana iritsi nahi bazenuen, grekeraz idatzi behar. Koiné Glossa edo hizkuntza komuna zeritzoten Mediterraneo osoan ulertzeko moduan asmatu zuten grekera batuari, hizkuntza komuna. UPyDk horrelaxe izendatzen du orain gaztelania, Konstituzio sakratua pentsatua eta idatzia izan zen hizkuntza. Era berean, Jainko Jaunak grekera batu hartan idatzi zuen Bibliako Itun Berri gehiena.

Mitologia horrek jendearen eguneroko bizitza erabakitzen zuen. Oro har, Odisean eta Iliadan kontatutakoak historikotzat jotzen zituzten, eta tenpluak eta sakrifizioak eskaintzen zizkieten Zeus, Hera, Hades, Artemisa, Hefaistos, Atenea, Afrodita, Ares, Apolo, Poseidon, Demeter, Dionisori. Sarritan hamabi izaten ziren olinpiarrak, Jesusen dizipuluak bezala. Homero oinarri azaltzen zituzten fenomeno naturalak, historia, etika. Homero izan zen Greziaren irakaslea. Odisean eta Iliadan ikasten zuten greziarrek zer den zintzoa izatea, edo ergela, zer den erotzea, maitemintzea, hiltzea.

Mitoak jasotzen dituzten idazkiak ez daude liburu kanoniko bakar batean bilduak, Bibliaren edo Koranaren antzera. Asko dira mitografoak, K.a. 8. mendetik K.o. 3. mendera luzatzen da haien jarduna, Homero, Hesiodo, Eskilo, Sofokles eta Euripides tragikoak, Pseudo-Apolodoro, Platon bera, Plutarko, latindarren artean Ovidio... Horrela, mitoek tokian tokiko eta garaian garaiko kutsua hartzen dute eta hainbat aldaki dituzte. Halatan, nik mitoren bat kontatzean hanka sartu eta norbaitek salatuz gero, ihardets niezaioke aldaera desberdinak darabiltzagula, nik zehazki Pseudo-Apolodororena. Azken batean, nork irakurtzen du gure artean Pseudo-Apolodororen mitografia? Angel Errok apika, baina aingerutiar ez ezik olinpikoegia ere bada nire hanka-sartzeak salatzen denbora galtzen ibiltzeko. Lasai sartuko dut hanka hortaz behin eta berriz.

Edozein gisaz, aipaturikoak idazleak dira, baina mitoak ahozkotasunean murgildutako kultura batean sortu ziren; eta gerora ere, idatziz jaso zituztenean, ez ziren bakardadean eta isilik irakurriak izateko idatzi, baizik eta errezitatuak izateko.

Filosofia agertu zenean mito horiek osatzen zuten grekoen irudikapenen orea, mitoen gainean edo mitoekin batera agertu zen Filosofia, eta, aurkakotasunak aurkakotasun, Filosofiak inoiz ez dio utzi apur bat mitikoa izateari.

Mitoen mundu-ikuskerak dakarren grazietako bat da ezen erlijio politeista baten izenean inoiz ez dela hilketarik egin. Egiazko bakarra omen den Jainkoagatik lagun hurkoa hiltzea monoteismoen berezitasuna eta mania izan da, batik bat kristauena, eta baita islamdar eta juduena ere.

Filosofia agertu zen lurraldean, Grezian, esan bezala, mitoa bazen ere nagusi, eta sarritan kontrakotasun bat ezarri nahi izan bada ere mitoaren eta filosofiaren artean, Cornford, Gigon, Blumenberg, Vernant eta Iturriotz bezalako adituek garbi erakutsi digute mitoan logos franko dagoela, eta logosean berriz mito asko. Kontzeptuak ezin du narrazioa erabat eta behin betiko azaldu. Platonek xede zuen heziketaren erdigunetik mitoa kendu eta arrazoi matematiko eta dialektikoa ezartzea, baina hala ere ez zion muzin egin nahi izan mitoaren erabilerari bere egitasmoen berri emateko. Garai historiko desberdinek modu berezian baliatu eta bizi izan dituzte mito horiek. Dioniso, Prometeo, Pan eta Edipo bezalako Greziako mitoak bizi-bizi dabiltza gure artean oraindik, Goetheren Prometeo, Freuden Edipo edota Laura Mingegiren Sisifo lekuko. Bestalde, Lévi-Straussen esanetan, mito baten edozein interpretazio ere mitikoa da era berean, mitoaren aldakietako bat. Freuden interpretazioa Ediporen mitoaz Ediporen mitoaren kontakizuna bezain mitikoa litzateke.

Vernant, Gigon, Cornford eta , Ferry adituek diotenez, Greziako filosofiako muin nagusiak lehenagotik zituen mitoak erakutsiak. Esaterako, zein da bizitzaren zentzua, zer da gizakiarentzat bizimodu ona: funtsezko galdera horri erantzuna filosofiak gerora kontzeptuetan garatuko zuen, baina ordurako aspalditik zuen mitoak narrazioen bidez iradokia.

Mito grekoen nire irakurketak sekularizazio deitu izan dena onartuko du ia beti, hau da, ikuspuntu razional zientifiko eta laikoak mitoaren muin sakratua bere baitan balerama bezala jokatuko dut. Horrela ikusten dute kontua, besteak beste, Nietzschek, Max Weberek, Karl Löwithek, Schmittek, Jean-Pierre Vernant erresistentziako heroiak, Marcel Gauchetek, Joxe Azurmendik, Ander Iturriotzek, Luc Ferryk.

Sekularizazioari dagokionez, zenbait filosofok begien bistakotzat jotzen dute, alde batetik, kristauek lehenbiziko mendean DENOK garela berdin Jainkoaren seme-alabak aldarrikatu zutelako dauzkagula gaur egun Giza Eskubideak, unibertsalak diren Giza Eskubideak hain zuzen. Erlijio kristauaren unibertsaltasunaren itzulpen laikoa litzateke Giza Eskubideen unibertsaltasuna; Nietzsche batek kristau etikaren sekulartze apenas disimulatutzat ditu 1789an aldarrikatu Giza Eskubideak, Ferryk zehazki Nazareteko Jesusek kontatutako talentuen parabolarena (Mateo 25, 14-30).

Bestetik, Löwithen ildotik, historiaren filosofia modernoak kristau eskatologiaren sekulartzeak lirateke: kristauek historia azken egunera arteko ibilbide gisa ikusten dute, Azken Judiziora artekoa (horixe izango da Denboraren Amaiera), eta horren “ondorioz” genuke PROGRESOA giza historia ulertzeko funtsezko kontzeptu, hortik letozke Hegelen eta Marxen Historiaren Filosofiak, eta azken iraultzaren osteko komunismoa zuzenean letorke Azken Judizioaren osteko zerutik.

Hirugarrenik, Schmitten ustez, kontzeptu juridiko moderno garrantzitsuenak kontzeptu teologiko sekulartuak lirateke (subiranotasuna, eta abar).

Azkenik, Max Weberek dio kapitalismoa herri protestanteetan garatu zela batez ere, Luterok sinesten zuelako gure mundualdiko arrakasta ekonomikoak adieraziko lukeela gure arima hil ostean salbatuko dela.

Ordea, oso kontuan hartzekoak dira Hans Blumenbergek sekularizazio kontzeptuaren erabilerari eginiko kritikak, batez ere “La legitimación de la Edad Moderna” liburuan. Izan ere, egia da sekularizazioaren aitzakian esajerazio komiko samarrak ere egin izan direla, besteak beste ikastetxeetako azterketak eta notak ipintzea kristauen eskatologiatik eta Azken Judiziotik eratorri nahi izan direlarik: suspentsoa errudun bekatariari dagokio, eta beraz infernura; gainditzeak berriz arimaren salbazioa adieraziko luke, zerura.

Blumenbergek nolabaiteko autonomia onartzen dio Modernitateari: dena sekularizazioaren arabera mekanikoki ulertzea ezer ganoraz ez ulertzeko modu ugarietako bat iruditzen zaio.

Miedo a la morcilla

Markos Zapiain 2015/07/23 09:20

Sabino Arana usa la palabra “maqueto” y por lo tanto es un puto nazi. Quevedo se mofa de los negros, que huelen a grajo, y que temen comer morcilla por miedo a comerse a sí mismos, por la dificultad de distinguir sus propios dedos de los mondongos, y se trata una cumbre de la poesía española y universal. La proporción entre calles y glorietas dedicadas a Quevedo y a Sabino es de ciento sesenta y siete a una. 

Guraso agurgarriak 2

Markos Zapiain 2015/07/06 12:40

Askotarikoak izaten dira seme-alabak D ereduan matrikulatzeko bultzatzaileak. Gaur egun ez dira gutxi euskararen aurkako gurasoak umeak D ereduan sartzen dituztenak ez dakizkien etorkinekin nahas, ikasleak latina aukeratu ohi duen bezala ez latinaren beraren amoreagatik, baizik eta matematikatik ihesi. Euskararen aurkakoak dira baina etorkinen aurkakoagoak. Sufritzeko jaio ziren eta asko sufritzen dute.   

Zuetako batzuk euskararen aurka zaudete eta A eredurik hurbilena urrutiegi dagoelako matrikulatu dituzue seme-alabak gurea bezalako D ereduko ikastetxe batean. Kontuz: euskararen aurkako aurreiritzi ideologikoek seme-alaben ikasketak zaildu eta eragozten dituzte. Etxean entzundako euskararen aurkako purrustadek blokeo psikologiko antzeko bat eragiten diete ikasle askori, eta, euskaraz ikasi behar dituztenez ia ikasgai guztiak, ez dira batere ondo moldatzen. Harreman zuzena dago ikasle horien nota txarren eta etxean euskararen aurka sumatutako giroaren artean. Horrenbestez, euskararen aurka egonda ere saiatu mesedez zuen seme-alaben garunak larregi ez kutsatzen, haien ikasketen onerako. Bestela, hobe duzue A ereduan matrikulatzea, albo kalte hutsaltzat jo dezakezue Sollube egunero bi bider zeharkatu beharra.

Aurten, gure ikastetxeko neska errumaniar batek, Claudia Miruna Filipek, atera du Selektibitatean EAEko bigarren notarik onena. Euskaran ere hamar. Hain zuzen hamar urte zituela etorri zen Bermeora, ez zekielarik ez gaztelaniaz ez euskaraz. Ikaslearen eta bere familiaren borondatea da etorkinak euskalduntzeko Hezkuntza Sailak eskaintzen dituen programak aprobetxatzeko orduan faktorerik garrantzitsuenetakoa.

Euskarak ez du arnasbide handirik Institutuetan. Euskal nerabezaroan guaitasuna erdaraz dator ia beti. Gainera, irakasleok ez gara denok euskararen aldeko militanteak preseski eta ikasleak ondorio aberatsak aterako ditu baldin euskaraz egiteko agintzen dion irakasleari ondoren euskaraz dakien beste irakasle batekin gazteleraz entzuten badio. Hori bai dela IKASTEA. Lorratz sakonagoa uzten du ikaslearengan irakaslearen despit jasotakoak irakasleak berariaz jakinarazitakoak baino, eta ikaslea berehala ohartzen da ezen proportzionalak diruditela euskararen aldeko noizbehinkako erretorika sentimentalaren beroak eta eguneroko bizitzako ohiko jardun espainolak, berotasun horrek jardun espainolak eraginiko erru sentimendua konpentsatu nahiko balu bezala.

Edozein gisaz, arazoak ikastetxeetako mugak gainditzen ditu. EAEko Hezkuntza Sistemako boteregune batzuk espainoltze foku gogorrak dira. Ez da soilik Delegaziora deitu eta jubilatzeko dauden telefono-hartzaileek ez dituztela euskara ikasteko aukerak erabili nahi izan, edo ez zaizkiela eskaini. Hezkuntza Sailean barreiaturik badago eskema honen aldeko militantzia lauso bat: hedabideetan eta ikasleen aurrean euskararen aldeko mintzamoldea erabiliko duzu, baina kontu serioak gaztelaniaz, lotuta dauden bezala independentziaren aldeko noizbehinkako hitzaldiak eta Espainian gero eta sakonkiago txertatzen gaituzten erabaki eta jokabide errealak.

Adibidez, Planifikaziora deitu eta euskaldun zahar peto batek hartu dizu telefonoa. Euskaraz egiten diozu, hark gaztelaniaz erantzun. Euskaraz jarraitzen duzunez, hiruzpalau aldiz galdetzen dizu: "Tú eres nuevo, ¿verdad?" Alegia, euskaraz agurtu ostean planifikazio kontuak gaztelaniaz eztabaidatu behar direla ez jakiteko bezain heldubakoa zara, ezta? Hots, inozo bat oraingoz, zeharo tentela ez bazara noizbait errealitateaz jabetu, irentsi eta konpontxo egitera helduko zarena. Planifikaziokoak soilik egiten dizu euskaraz gaztelaniaz egin behar duela ahazten zaionean.

Hezkuntza Sailean funtsa gaztelaniaz pentsatzen da. Esaterako, orain ari dira Heziberriko curriculumak amaitzen, hori jakinarazi digu arduradunak. Eta berehala erantsi: "para tenerlos en euskara tendréis que esperar algo más, hay que traducirlos". Irakatsi beharreko edukia gaztelaniaz dago proiektatua, hausnartua, idatzia. 

Hezkuntza Sailaren begirada gutxitan desbideratzen da hegoaldeko fijaziotik. Selektibitatearen arduraduna oso pozik zegoen EHU-UPV G9 taldean sartu delako. G9 hori da la cosa más cutre que ha parido madre, denok ulertzeko hizkuntza unibertsalean esatearren. Espainiako bederatzi unibertsitatek osatzen dute: Castilla la Mancha, Extremadura... Eta gu ere hor gaude, eta beraz txit pozik. Noski, Espainiakoa dugu DNIa, ona da espainolekin ere erlaziona gaitezen, baina etsigarria da egiaztatzea Hezkuntzan ere ETB2koa errepikatzen dela. Hedatu behakoa Frantzia aldera ere, koño, Europara, aberastu erreferentziak. 

Guraso agurgarriak 1

Markos Zapiain 2015/07/05 12:25

 

Guraso agurgarriak, egun on:

eskerrik asko gure ikastetxea aukeratzeagatik. Egia esan, Batxilergoan nekeza litzaizueke beste edozein aukera, garestiagoa bai, bederen. Hala ere, mila esker. Zuzendaritza taldea iazko bera da. Kideak aurkeztuko dizkizuet.

Gure ikastetxean gauzak ia beti bide onetik joaten dira, artez, harrigarria bada ere, kontuan hartuta 450 ikasle eta 60 irakasle eta 10 atezain, administratibo eta garbitzaile gaudela gutxi gorabehera. Ez dago hilketarik astero, matrikulak eta azterketak garaiz egiten dira, ikasleek selektibitatea gainditzen dute. 

Baditugu halaber arazoak, tentsioak, aise imajina dezakezuenez. Horietako batzuk tentsio dira, baina ez arazo. Esaterako, zenbait gurasoren ohiko kexua: irakasleek ez dute berdin funtzionatzen.

Hori ez ote da ona, ordea? Leibnizek zioenez, aniztasuna eta barietatea berez da on. Institutuko irakasle guztiak balira ezin bikainagoak, ikastetxe pobreagoa genuke. Hobea litzateke liburutegi bat maisulan apartekin batera best-seller-ak eta sudokuak ere lituzkeena, soilik Odisea, Jainkotiar Komedia eta Hamleten mailakoak lituzkeena baino. Ikasleek bizitzan hainbat eta hainbat gizaki mota desberdinei egin beharko diete aurre eta onuragarria da egitate horri lehenbailehen aurre egin diezaioten. 

Gainera, irakasleen nortasunak eta beraz ikasleekiko harremanak zorionez askotarikoak badira ere, prozedura pedagogioetan ez dago inongo anizkeria disolbatzailerik. Ikasleek edukiak zein neurritan asimilatu dituzten eta haien jarrera eta ahalegina balioesteko orduan baremo uniformeak dauzkagu mintegiz mintegi. Alde handiegia badago notetan mintegi bereko irakasle desberdinen artean, arazotzat jo, aztertu eta konpondu egiten da.

Ikasleen arteko barietatea ere zoragarria da. Urritasun kognitiboa duten ikasleekin batera gaindoatuak dauzkagu. Hezkuntza Sailak helburutzat du aniztasunari ganoraz erantzutea, irakaskuntza gero eta doikiago egokitzea behar eta eskaera desberdinei. Duela bosturteko gutxi batzuk ikasgela eredu bakarra bazegoen, orain, aldiz, desberdintasunei erantzuteko laguntza bereziak dauzkagu, HBSP edo Hezkuntza Berariaz Sendotzeko Programan bilduak. Besteak beste, HIBP edo Hezkuntza Indartzeko Banakako Planaren bidez zenbait ikasleri curriculum-ak egokitu egiten zaizkie. Baditugu, bestalde, Dibertsifikazio gelak, DBHko hirugarren eta laugarren mailan. Aurten zabalduko dugu aurrenekoz ZIG edo Zeregin Ikasketa Gela, kontserjeari zegokion etxean kokatua...

Egia da handiagoa dela maila arruntera heltzeko zailtasunak dituzten ikasleei laguntzeko ahalegina, zailtasunak adimen ikaragarri indartsuak izateagatik dituztenei baino. Edozelan ere, aparteko gaitasunak dituzten ikasle hauentzat ere badira aukera berriak. 

Hau dena, esan bezala, berrikuntza garrantzitsua da irakaskuntzan. Orain dela hamabost urte askoz ere uniformeagoa zen eskaintza.  

Las mujeres son unas putas gatazas folladoras

Markos Zapiain 2015/06/21 22:41

Umbralen beste gogoeta interesgarri bat

Besteak beste, horrelakoengatik eman zion gure erregeak el Premio Príncipe de Asturias

Zapatak dimititu du

Dimiti ezak heuk ere, Pelipe

Letizia, ea noiz hasten zaren fundamentuz jaten

Umbral eta Felipe

Todos los maricones huelen a mierda

Markos Zapiain 2015/06/20 22:39

Francisco Umbralen gogoeta bat da. Cervantes Saria jaso baino lehen idatzi zuen.

Felipe VIk eman zion saria.

Dimiti ezak, Pelipe.

Letizia, ea noiz hasten zaren fundamentuz jaten.

 

Se trata de una reflexión de Francisco Umbral. La escribió antes de que le fuera concedido el Premio Cervantes.

Felipe VI le dio el premio.

Felipe dimisión.

Leticia, a ver cuándo empiezas a comer con fundamento.

Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.