Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Zer da gizakia izatea gaur egun?

Zer da gizakia izatea gaur egun?

Markos Zapiain 2017/11/29 11:05
Euskonewsen urteko galderari erantzuna

Galderak berak ikuspuntu filosofiko jakin bat adierazten du: ez dago giza esentzia betierekorik, Heraklitoren erreka bezain aldakorra da gizatasuna, ez da gauza bera orain dela mila urteko gizakia eta gaur egungoa. Horregatik galde daiteke zer ote den gizaki izatea preseski gaur egun, iraganekoa eta etorkizunekoa ez bezalakoa izan daitekeelakoan.

Gaur egun gizaki izateko moduetako bat da orain arte giza naturatzat hartu izan duguna nola ari den errotik aldatzen ulertzeko eta bizitzeko gertu egotea, jendearen bilakaera arraroetara zabalik: bioteknologia, nanogintza, ingeniaritza genetikoa, robotika, interneti konektatutako objektuak, big data, inteligentzia artifiziala... sakonkiago aldatuko da gizakia datozen bost hamarkadetan aurreko bost milurtekoetan baino.

Darwin izan da giza berezitasunaren arazo filosofikoari erantzun zientifiko erabakigarria eman diona; teoria zientifiko guztien artean eboluzioarena da ebidentzia enpiriko gehien bildu dituena. Gizakia ugaztun bat da, bere arbasoak primate handien berdinak dira, ugaztunen eta ziminoen joera emozional eta sentimental berdinak ditu. Haatik, zuhaitzetatik jaitsi eta sabanan bizitzen hasi zelarik, bi oinen gainean zutitu behar izan zuen, burua altxatu, urrutira begiratu, garunak garatu, eta orduan ekin zion Lurra eta bere burua hobetze bidean eta arriskuan jarriko zituen ibilbideari.

Gizakiak etengabeko aldaketa du paradoxaz ezaugarririk aldagaitzena. Lan eta askatasun ere deitu izan zaio aldakortasun horri, indeterminazio eta huts; eta amaigabeko bilakaera horregatik esan daiteke jarraitzen duela gaur egun gizakiak izaten, gizaki izaten hasi zenetik izan dena. Aldi berean, gainera, gizakiaren ohiko irudi filosofikoaren loturak askatzea ahalbidetzen diguten bide teknologikoak jorratzen ari dira. Darwinek irudikatu ezin izan zituen aukera berriak ireki zaizkigu horrela: aurrerantzean ez dugu bilakaera naturala jasatera mugatu beharko; aitzitik, geure esku izango dugu bilakaera gobernatu eta bideratzea. 

Filosofia klasikoak behin eta berriz aldarrikatu du gizakia babesgabe eta zaurgarrien jaiotzen den animalia dela, ez dagoela egina, bere izaera eta bizimodua ez daudela determinaturik: ez du azal gogorrik, ez du arranoaren ikusmena, ez dortokaren oskola, ezta lehoiaren atzaparra ere. Jaio eta bost minutura marrazoak badaki egiten bere bizialdi osoan errepikatuko duena, ezin hobeki funtzionatzen du animaliaren senak. Gizakia, berriz, hain ahul jaiotzen da, heziketa prozesu luze bat behar baitu, maila indibidualean; eta, maila kolektiboan, historikotasunera kondenatuta dago.

Platonek kontatu zuenez, Jainkoek Epimeteori eskatu zioten animalia bakoitza, gizakia barne, horni zezan aurrera ateratzeko moduko berezitasun natural eta sen akasgabe batez. Piztia guztiak behar bezala ekipatu ostean, Epimeteo ohartu zen gizakiarentzat ez zitzaiola deus gelditzen. Horregatik ez dute gizakiek atzapar, oskol, ikusmen zoli edota instintu ziurrik. Hutsik utzi zituen. Prometeok konpondu behar izan zuen bere anaia ergelaren ezegitekoa. Horrenbestez, teknika eta zientzia Jainkoei ebatsi eta gizakiei eman zizkien; horrela bete ahal izan zuten nola-hala berezitasun zuten ezereza. Prometeo dugu aitzindari, Prometeo lapurra ari zaigu protesiz beteriko gure etorkizuna erabakitzen.

Disko gogorrean guztia idatzirik ez izateak ematen dio gizakiari animaliek ments duten moldagarritasuna. Eta horrek dakarkio halaber gehiegikeriarako eta adikziorako joera. Rousseauk dioen bezala, ipini uso goseti bati alboan okela-katilukada bat, edo katu goseti bati ale-katilukada bat, eta gosez hilko dira biak, usoa alea eta katua okela jateko programatuta baitaude. Aldiz, gizakia da betekadak hil dezakeen bakarra, Jainkoaren omenez barau egin, hamalau aldiz segidan masturbatu, are zakil odolduak min ematen dionean ere. Gizakiarenean, desira naturala ase denean ere, gogoak irrikaz iraun dezake; behin guraria amata ostean ere, asmoak piztuta iraun dezake. Rousseau berriro: “Espirituak zentzumenak endekatzen baititu eta borondateak hizketan jarraitzen baitu natura isiltzean.” (Juan Kruz Igerabideren itzulpena.)

Izaera osatugabe eta kili-kolozko horrek kokatu du gizakia historian. Ziurgabetasun horri loturik dago, orobat, bere buruari galderak egiteko joera, eta bere buruaren gain eragin eta bere buruarekin esperimentatzekoa. Gizakia, bere buruari aginduak eman eta obedi ditzakeen animalia ere bai baita; Nietzscheren hitzetan, promesak egin ditzakeen animalia. Hori bai, izua, tortura, sakrifizioa behar izan dira giza animaliarengan hitza betetzeko ahalmena sortzeko. Oinarri naturala menperatu behar izan da. Horrela, bere buruari aginduak eman eta obediturik, alda ditzake gizakiak bai bere izaera eta bai bere bizimodua.

Askatasun anbibalente hori erabilita, esaterako, justizia eta berdintasuna ezarri nahi izan dira esparru politiko eta sozialean, gabeziak gabezia eta txapuzak txapuza. Naturak urritasun kognitiboa eman dionari heziketa publikoa eta lana eskaintzen zaio, eta bozkatzeko Nobel Sariak duen eskubide berbera. Giza askatasunak borondatea erabiliz ezarritako erakundeek zuzentzen eta orekatzen dituzte zori naturalaren apetak gizakion artean desberdinki banaturiko dohainak.

Orain arte eremu politiko-sozialera mugatu bada ere zuzentze eta orekatze artifizial hori, aurrerantzean bertatik bertara zuzendu eta bideratu ahalko da loteria naturala bera, gorputza eta burmuina, herentzia genetikoa. Helburua da gaurdaino azarearen esku kezkagarritik eta pasiboki jaso dugun hornidura genetikoa geroenean aktiboki eta libreki hautaturikoa izatea.

Aurrerakuntza berri horien aldezleek, “bioprogresistak” deituak, Ilustrazioaren eta zehazki Condorceten baikortasunaren oinordekotzat dute beren burua: giza espeziea hobetu beharra dago, baina ez soilik ohiturei, etikari eta antolamendu politikoari dagokienez; giza gorputza bera ere hobetu daiteke eta tentela litzateke hobetzen ez ahalegintzea.

Egia da gizakiak aspaldi ekin ziola bere oinarri naturalaren gain teknologiaz eragiteari: aspirina eta Prozac, Viagra, kutisaren zimurtzea eragozteko kremak, liftingak eta xanpu ile-sortzaileak, edozelako protesiak. Datozen hamarraldietan biderkatu egingo da gainbehera sexuala eta zahartzaroa geroratzeko ahalegin arrakastatsua. Zahartzearen aurkako borrokan dabiltza buru-belarri Silicon Valleyko Singulartasunaren Unibertsitatean, non miliarka eta miliarka dolar ari baita Google inbertitzen. Gaur egun Burundin bezala, Frantzian XX. mende hasieran bizi itxaropena ez zen hirurogei urtera iristen. Orain bertan 83 urtekoa da, Espainian legez. Inork ez du ordea ehun eta hogeita biko langa gainditu. Muga hori nahi dute Silicon Valleyn bentzutu. Teknologia genetikoz sorturiko saguei dagoeneko ehuneko hogeian luzatu zaie ohiko bizialdia, urte bikoa, eta artifizioak hobeturiko sagu horiek, gainera, bizkor eta osasuntsuagoak dira naturalak baino: ez dute fibrosi kardiakorik, kolesterol gutxiago dute, eta abar. Singulartasunaren Unibertsitateko buru Ray Kurzweilek ziurtatu du honezkero jaioa dela mila urtez biziko den gizakia.

Zahartzearen atzeratzearekin batera, giza gorputz naturalaren gainean eragiteko beste aukera bat ekarri dute genomaren sekuentziazioak eta teknika berri batek, ahalbidetzen duena DNA zatiak testu bateko esaldiak bezain errazki ebaki eta itsastea. Horrek gurasoei umeen eritasunak enbrioian bertan ezabatzeko aukera emango die, eta baita ere seme-alaben ezaugarri fisiko-mentalak aukeratzeko askatasuna.

Aukeratzeko askatasun berri hori ere anbibalentea da eta eztabaidagarria izaten ari da. Elizak eta “biokontserbatzaile” deitzen zaien Habermas edo Fukuyama bezalako pentsalari batzuek ez dute, Jainkoaren edo Naturaren izenean, giza gorputza ukitu gura: Jainkoak edo Naturak nahi izan du nire umea trisomikoa izan dadin, diote, eta niri umilki onartzea dagokit. Ez dirudi jarrera hau nagusituko denik. Erdi kriminala ematen du eri datorren umea sendatzeko aukerari muzin egiteak, Jainkoaren, Natuaren edo berdin izugarri inportantea izan daitekeen beste edozeren izenean bada ere. Elizen doktrinen despit, botere publikoek baimendu egingo dute genoma alda dezagun, baldin eritasunak eragozteko bada. Gure planetako eskualderik gehienetan onartuko da teknozientziari esker enbrioian bertan pertsonak izan ditzakeen eritasunak detektatu eta sendatzea. Eritasuna eragoztea izan da orain arte medikuntzaren funtsa, eta horretan jarraitzen dugu, oraingoz bederen: zure umearen genoman garbi ageri bada Huntington eritasuna garatuko duela, kendu eta kito.

Biokontserbatzaileen ihardukia: naturala da zahartzea eta hiltzea, eta giza harrokeriaren alderik itsusiena erakusten du gaur egungo teknozientziak zahartzearen eta heriotzaren aurka egiten dituen ahaleginak. Bioprogresistek erantzuten diete zahartzea eta hiltzea bezain naturala dela zahartzearen eta hiltzearen aurka borrokatzea.

Edozein gisaz, medikuntza gaurdaino terapeutikoa izan bada oroz lehen, prebentziozkoa, aurrerantzean gero eta gehiago emango zaio giza ahalmenak sustatzeari.

Gizakiak beti izan du egin daitekeena egiteko joera, eta, aukera izanez gero, ez dio muzin egiten nabarmendu, distiratu eta perfekziora hurbiltzeari, arriskuak eta morala gorabehera. Antzeko bultzatzaileengatik bidaltzen dira seme-alabak elitezko eskola pribatuetara. Biomedikuntza berria, eritasunak saihesteko ez ezik, norberaren umeak ederrenak eta argienak izan daitezen ere erabiliko da. Eta seme-alabak hobetu eta bikainarazteko aukera teknologiko horrek bai, kontuan hartzeko moduko eztabaidak piztuko ditu; piztu ditu dagoeneko, baina batik bat Europan, jendaurreko eskrupulu moralen erresuman. Txinan, esaterako, ez dute denbora kalakan galtzen: 2015eko apirilean Txinako genetista-ekipo batek genoma-zatiak ebaki eta itsasteko teknika erabilita 85 giza enbrioien zelulak aldatu zituen. Ez ditugu emaitzak ezagutzen.

Nanoteknologiak ere lagunduko dio medikuntza berriari. Etengabe aritu, ari eta ariko da bilakatzen gizakia, eta aurrerantzean giza gorputzean nanotxip kontagaitzak ibiliko dira, bai organo jakinetan finkatuta eta bai harat-honat, besteak beste odolean. Nanometro batek neurtzen du giza azazkala segundo batean hazten dena; ile baten diametroa baino berrogeita hamar mila bider txikiagoa izaten da. Zenbait hamarkadaren buruan nanobotikak jendearen arterietan ibiliko dira, eta, esaterako, kolesterola detektatzeaz gain, kolesterol kaltegarria desegiteko gai ere izango dira. Eritasuna diagnostikatu eta sendatu, gorputzeko barrunbeetan bertan, eta gorputzaren jabea ohartu gabe. Nanotxip horiek, bestalde, internetera konektaturik egongo dira, eta, big datei esker, erabat pertsonalizatutako medikuntza ahalbidetuko dute. Adibidez, big datei esker miliarka minbizi-zelulen arteko alderaketa eta azterketa egin eta interpretatuko da, eta zure kasu partikularra sendatzeari inoiz ez bezalako prezisioz ekin ahalko zaio.

Prebentzioaren eta sendabideen hobekuntza baino deigarriagoa da, esan bezala, bikaintasunaren bila dabilen biomedikuntza: debeku moral, juridiko eta erlijiosoen despit, gizakiak perfekzionatzeari ekin dio. Naturak ikusmen txarra eman dit, itsusi egin nau, ergel; teknika berriei esker altua izan naiteke, begi aldi berean zilarkara, more eta laranjen jabe eta Einstein baino argiagoa. Arriskuetako bat da mila urte barru berez on den barietatea galdu eta giza arraza infinituraino biderkatutako pluskuanperfektuek osatzea. Beste arrisku bat, klase sozialen bereizteak itxura berri bat har dezakeela, aberats eder azkar hilezkorren eta txiro arrunt hilkorren artean.

Lehen begiratuan susmoa pizten baita, azkeneko milurtekoetan ezagutu dugun gizaki mota gainditzeko asmoa ez ote den elitista eta indibidualista. Ostera, bultzatzaile teoriko nagusien testuak eta eginahalak azterturik, ez dirudi hala denik: gero eta merkeagoak dira bioteknologiari loturiko jarduerak. Genomaren lehen sekuentziazioa 2003 urtean hasi zen, 13 urtez luzatu zen eta 3 miliar dolar balio izan zuen. Gaur egun bada aplikazio bat 999 dolarren truke genoma osoa sekuentziatzen dizuna. Eta laster odol-analisiaren salneurrira murriztuko da, ia-ia edonoren esku utzi arte. Teknomedikuntza berria mundu anglofonotik dator, non etikan azkeneko mende eta erdian utilitarismoa izan baita nagusi; eta utilitaristen helburua da ahalik eta zorionik handiena kutsatzea ahalik eta jende gehienari. Gure kasuan, teknozientzia berriak eskaintzen dituen onurak ahalik eta jenderik gehienaren esku jartzea, internet erabiltzeko aukera zabaltzen eta demokratizatzen ari den bezala.

Genoma aldatzeko aukerak eugenismoa dakar. Luc Ferryren esanetan, eugenismo hitzak, bereziki Frantzian, Hitler oroitarazten du automatikoki. Bioprogresisten eugenismoa, ostera, nazismoaren alderantzizkoa da; naziek desagerrarazi nahi zituzten arraza ariarraren goraldiari eragozpen izan ahal omen zitzaizkion gaizki jaiotakoak edo gaizki jaiotzera zihoazenak: ijitoa, judua, homosexuala, elbarria, eria... Bioprogresistek, berriz, eriak sendatzeko eta osasuntsuak hobetzeko tresnak bilatzen dituzte: nanismoa artatu, itsu jaiotzera zihoanari ikusmena eskaini, endekapenezko eritasunak eragotzi. Edonoren sufrimendu fisiko eta psikikoa arindu eta desagerraraztea dute xedeetako bat.

Beharbada eugenismo bioprogresista hori ez dadin nazienarekin nahastu ez ditu Luc Ferryk hau idazteko gehiegi erabiltzen ari naizen “La révolution transhumaniste”n “Honela mintzatu zen Zaratustra”ko sarreran Nietzschek gaingizonaz idatzi zituen sententzia ospetsuak aipatu, Xabier Mendiguren Bereziartuk euskaratuak:

Gaingizona irakasten dizuet. Gizona gainditu beharreko zerbait da. Zer egin duzue bera gainditzeko?

Izaki guztiek sortu dute orain arte zerbait beren buruaren gainekoa dena: eta zuek marea handi horren izbehera izan nahi al duzue, eta animaliarengana itzuli gizakia gainditu beharrean?

Zer da tximinoa gizonarentzat? Barre-algara edo lotsaizun mingarria. Bada gauza bera izan behar du gizonak gaingizonarentzat: barre-algara edo lotsaizun mingarri.

Harragandik gizonaganainoko bidea egina duzue eta oraindik zuen baitako asko harra da. Behiala tximino zineten eta oraindik ere gizona edozein tximino baino tximinoago da.

Zuetan jakintsuena dena ere bikoitza eta landare eta mamuzko bikuna da. Baina landare edo mamu bihurtzeko agintzen al dizuet nik?

Begira, gaingizona aldarrikatzen dizuet!

Gaingizona da lurraren zentzua. Zuen nahiak esan beza: gaingizona bedi lurraren zentzua!”

Nietzschek Zaratustraren ahotan jartzen dituen iragarpenak hurbilago daude bioprogresisten jarreratik nazien ergelkeria erotik baino.

Nietzscheren ildotik, biomedikuntza berriak, prebentzioa eta sendatzea ez ezik, gorago esan bezala, berez osasuntsua denaren ahalmenak biderkatzea ere bilatzen du: konexio neuronalak, ezagumena, zentzumenen indarra, ahalmen fisikoak. Hor izango dituzte aberatsek berek bakarrik eskura goi mailako ezaugarri apetatsuak eta beren arteko lehiak klub pribatuetan; era berean, orain bertan gero eta txiro gehiagok du interneteko konexioa eta mugikorra, janaria baino aiseago lor daitezke askotan, baina aldi berean aberatsen artean hirurehun mila euroko smartphoneak salerosten dira. Nolanahi ere, teknozientzia berriak, interneten gisara, Nietzscheren eguzkiak bezain eskuzabala behar luke, eta bere aberastasun agorrezinetik itsasoan urrea barreiatu, arrantzalerik txiroenak ere urrezko arraunez urrezko batelean egin dezan erramutan.

Mintzamolde mesianiko horri eutsiz amaitzeko: bioprogresisten arteko ameslari sutsuenak zahartzaroaren aurka ez ezik heriotzaren aurka ere badabiltza borrokan. “Heriotzaren heriotza” izena du Laurent Alexandreren liburu ospetsu batek. Hilezkortasuna, orain arte erlijioak baino promestera ausartzen ez zirena, teknozientziak ere bere gain hartu du, eta apaizak baino aurrekontu eta ganora handiagoz dihardute gaur egun teknologoak hilezkortasunaren aldeko lanean.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.