Hezkuntza Proiektuetan alde iluna integratzea komeni
Esperanza Agirrek bere ohiko zolitasunaz adierazi berri du Espainiak duen arazo larriena Unibertsitatearen aurreko ikasketena dela. Espainiako txoko honetan, Hezkuntza Ertainetan, 2016-2017 ikasturtean berritu behar dugu ikastetxe bakoitzeko dokumentu nagusia, Hezkuntza Proiektua deritzona. Bost puntu dauzka: non gauden, zer garen, zer lortu nahi dugun, hori zelan lortu eta dokumentuaren iraupena.
Bigarren puntuan sortzen da arazoa, hirugarren puntuarekin nahasten baita. Hezkuntza Sailak Hezkuntza Proiektua idazten laguntzeko banatu dituen gidetan, “nor gara?” hori honela definitzen da: “Zentroaren identitate-printzipioak. Definitzen gaituzten ezaugarriak eta baloreak. Zer izan nahi dugu?” Omen garenaren adibide, "gizabidezko, plural, inklusibo, kultura-arteko, euskaldun, parte-hartzaile, hezkide” ematen zaizkigu.
Tamalez, ordea, garena ia ez da inoiz bat etortzen izan nahi dugunarekin. Zer garen diagnostikatzeko orduan eskuzabalegiak izaten gara. Adibide horietan garena eta izan nahi genukeena nahasten dira. Eta izan nahi genukeena asmoa da, borondatea, fedea. Giza eskubideak aldarrikatze hutsak ez ditu eguneroko bizitzan mamitzen.
Izan nahi genukeena garenaren alde bat da, eta ez beti esanguratsuena. Hezkuntza Proiektuen bidez benetako lehengaia norabidetu behar badugu, ezinbesteko baldintza dugu lehengaiari aurrez aurre begiratzea. Haatik, ikasgela bat aspaldi edo sekula zapaldu ez dutenek irakaskuntzari dagozkionetan erakutsi ohi duten aingerukeria dario Hezkuntza Proiektua idazteko Gidari.
Egia da gure ikastetxeetako egoera orokorra ez dela katastrofikoa, salbuespenak salbuespen, baina Hezkuntza proiektatzeko orduan errealitate osoa behar da aintzat hartu. Hiru datu esanguratsu: hamabost urteko ikasle pilo bat dago ikastetxera etortzera derrigortua, ahaleginak eta bi egiten dituena lehenbailehen kanporatua izateko; inor gutxi dago zuzendaritza bere gain hartzeko prest; eta deigarria da zein luzea den bideozaintza eskatu duten ikastetxeen zerrenda.
Egia bada ere ikastetxeetan oro har borondate ona, eskuzabaltasuna eta diziplina nagusitzen direla, gabezia nabarmena luke edozein Hezkuntza Proiektuk baldin garena deskribatzeko orduan alde dongea kontuan hartuko ez balu.
Horrenbestez, "zer garen" adierazi nahi duen bigarren puntu horretan, Hezkuntza Sailekoek iradoki "inklusibo, euskaldun, hezkide" eta gisakoez gain, eta zintzotasuna eta egia osoa helburu, kudeatua izateko orduan benetako lanak ematen dituen ifrentzua ere aipatu beharra dago, lausotuta eta puskatuta aterako baitzaigu bestela argazkia. Hauxe ere bai baita garena: kuxkuxero eta marmartiak, zekenak, esker gaiztokoak, alienatuak, zikinak, zaratatsuak, gezurtiak, iruzurtiak, espainolak, morbosoak, harroputzak, poliadiktoak, lehiakorregiak, trepalariak, kolonizatu deseuskaldundu irribarretsu konplexuz beteak, ipurgarbitzaileak, tentelak, homofoboak, gaizkileak, jazarleak, biolentoak, matxistak, biolatzaile potentzialak eta psikopatak. Gero eta lizun gutxiago dago gainera, eta horrek adierazten du osasun aldetik ez gabiltzala batere ondo.
Ez baldin bagara gai Hezkuntza Proiektuetan errealitatearen alde hori ere barnebiltzeko, gure dokumentu nagusiak gurpila etengabe airean biraka daukan txirrinduak izango dira, zuloz jositako errepidean lur hartuko ez dutenak.