Sindikatuei, grebalarien zenbatzeaz
Greba egunetan ez dute irakasle guztiek greba egiten, eta ikasle asko etortzen dira ikastetxera. Bigarren Hezkuntzako Institutuetan zuzendaritzak antolatu behar izaten ditu zaintzak. Zuzendaritzari lana errazten dio bezperatik jakiteak zein irakaslek egingo duen greba. Ordea, sindikatu batzuek aldez aurretik ez apuntatzeko aholkatzen dute, ezjakite horri esker eragindako nahastea administrazioari gogorragoa egingo zaiolakoan.
Administrazioa, tamalez, enteratu ere ez da egiten greba egunetako nahasteaz edo nahaste faltaz. Zuzendaritzak jan behar izaten du marroia, eta zuzendaritza ia beti klaustroko irakaslerik mudurri eta pardilloenek osatzen dute, ikuskariak derrigortuta, zuzendaritzan egoteko ez bokaziorik ez dohainik ez gogorik izaten ez dutenak, baina ez dutenak adiskide psikiatra bat txosten bat betetzeko prest zuzendaritzak eragin estresa kaltegarri izan lekizukeela ziurtatuz, edo, aktore gaitasun mugatuak izaki, ez dakitenak ikuskariaren aurrean negarrez hasten edota garrasika.
Errugabeak zigortzeaz gain, beste ondorio kaskar bat ere eragiten du zuzendaritzek grebalarien izenen berri aldez aurretik ez edukitzeak, eta ondorio hau sindikatuen beren interesen aurka doa. Esaterako, azkeneko greban, zuzendaritzak eguerdirako bidali behar zizkion datuak administrazioari. Hori jakinik, eguerdia baino lehentxeago deitu zuen ikastetxera grebalariei izenik ez apuntatzeko aholkatu zien sindikatu bateko ordezkari batek, grebalari kopuruaz galdezka. Hogeita hamabost erantzun zitzaion arren, hogeita hemeretzi izan ziren benetan grebalariak, astearteetan lau irakasle hamabiak baino beranduago sartzen baitira lanera (lanpostu herena duten bi, besteak beste). A posteriori baizik ezin izan ginen ohartu. Beraz, sindikatuek eman zituzten datuetakoa baino zabalagoa izan zen irakasle grebalarien kopurua.
Biharamunean, zuzendaritzako mudurriek ez bestek bete behar izan zuten ohiko zeregin goibel horietako bat, alegia, bezperan administrazioari igorritako datuak zuzendu, osatu eta birbidaltzea, eta horren erruz apur bat deskuidatuta gelditu zen jazarpenaren eta berdinen arteko tratu txarraren kontrola.