Txillardegiz
Irutxuloko Hitzan jasoa, "Hirian leku bat egin nahi diote" artikuluan.
-Nola deskribatuko zenuke Txillardegi?
Gizon konplexua zen, nortasun aberats eta interes ugarikoa. Ingeniariaren adimena zeukan eta bihotz erromantikoa. Behin borroka edo proiektu bat zuzentzat joz gero, buru-belarri eta eskuzabaltasun handiz inplikatzen zen.
-'Txillardegi eta ziminoa' liburua argitaratu zenuen. Zertaz hitz egiten duzu bertan?
Alde batetik, Txillardegik abiarazi zuen euskal nobelaren historiako ugaztunaren aroa. Peru Leartzako eta Haizeaz bestaldetik eleberrietan nabarmena da ziminoaren protagonismoa. Bestetik, ukatu egin zuen gizakiaren eta animaliaren arteko desberdintasuna funtsezkoa dela dioen aurreiritzi filosofiko-erlijiosoa. Graduala da aldea, ez esentziala. Liburuan aztertu nuen Txillardegik nola ulertu eta erabili duen ziminoa bere ipuin, nobela eta saiakeretan, eta ulermen eta erabilera horrek zelako bideak zabaldu dizkion euskal literaturari. Joan Mari Irigoienek dio Txillardegiren obra, oso polisemikoa izateaz gain, polisimio handikoa ere badela.
-Honela jartzen du Argian egin zizuten elkarrizketa batean: "Txilardegirentzat gizakia funtsean zimino hutsa da". Zer esan nahi du horrek?
Txillardegi euskal letren plazara jalgi zelarik kreazionismoa zen nagusi: Orixe, Laffitte... Errietak jasan behar izan zituen arren, Txillardegik, egia helburu, Darwinen irakatsiak bere mundu-ikuskeran integratu zituen. Ez gara Jainkoaren seme-alabak, baizik eta gorilaren anai-arrebak. Eta, jendartean bizi ahal izateko barruan daramagun ziminoa disimulatu eta kateatu behar izaten badugu ere, bizirik gauden bitartean ezin dugu zeharo ito. Tentsio horrek ematen dio tragedia eta grazia pertsonon bizitzari.
-Txilardegiren zein lan, bertute edo gogoeta nabarmenduko zenuke?
Bakoitzetik bat, merezi baitzuen. Lana: Peru Leartzako. Ezin hobeki barneratzen da Txillardegi burua galtzen ari den protagonistaren irudimen eta gogoeta puskatuetan. Umore beldurgarri batek bizi du. Bertutea: Espainia zer den ahal bezain objektiboki diagnostikatzeko ahalegina eta, ondorioz, benetako etsaien aurka benetan borrokatzeari eusteko ahalmena. Gogoeta: euskalduna euskalduna da. Tankera horretako ebidentziak izaten dira igartzen zailenak. Gure zientziaren oinarrian A A dela dioen baieztapena dago, eta ezin dela aldi berean B izan. Xamanen ahaleginak gorabehera, gizakia gizaki da eta ezin da aldi berean tigre izan. Era berean, Txillardegik erakutsi zigun euskaldunaren funtsa ez dela arraza, historia, sagardoa edo baserria, baizik euskara bera.