GALDUTAKO BATAILA
GALDUTAKO BATAILA
Jakin bagenekien bataila galduta genuela. Jakin bagenekien txalupatxo bat baino ez ginela tsunamia noiz etorriko zain, eta, hala ere, eguna ahalik eta gehien atzeratzen saiatu ginen. Denborak, baina, ez du barkatzen.
Ene lagunok, gure alaba Garazik badu esku-telefonorik. Bere ikasgelako azkena izan da telefonoa eskuratzen.
Ez ulertu gaizki. Ez nago esku-telefonoen aurka. Are: tresna baliogarritzat daukat egungo gizartean mugitzeko, hamaika aukera eskaintzen dizkiguna. Baina haur baten eskuetan aukera arrisku bihurtzen da eta tresna arma.
Kontua haurra lokalizatuta egotea baino haratago doa. Kontua "amonaren etxera autobusean bakarrik joan behar du eta badaezpada..." soilik balitz, gure seme-alabek edozein telefono ziztrin erabil lezakete. Baina ez, internet duen smartphone bat behar dute. Argazki kamera on bat behar dute. Whatsapp behar dute. Pantailarik onena eta prozesadorerik bikainena.
Eta zer nahi duzue nik esatea, 43 urte ditut eta maiz zalantzak ditut nola jokatu behar dudan jasotzen ditudan mezuen aurrean, zalantzak ditut sare sozialetan parte hartzeko garaian, hitzen eta irudien botere ikaragarriak kikilduta bizi naiz, jakin baitakit esaten, idazten eta erakusten dudan oro nire kontra erabili ahal izango dutela...
43 urte ditut eta horren jabe naiz. Alabak 12 urte ditu eta, oso azkarra den arren, ez dut uste horretaz jabetuko denik. Eta, hala ere, bizitza izorra diezaiokeen arma bat oparitu diot.
Galdu dugu bataila,bai, baina gure alabak erabilpen-kontratu bat sinatu behar izan du gure porrotaren truke. Kontsolamendu eskasa, badakigu, baina okerragoa zatekeen ezezko batek margotuko zukeen panorama.
Gogora dezagun Garaziren aita pipa erretzen duen eta txapela erabiltzen duen idazle frikie bat dela.
Nahikoa motibo bada barre egin diezaioten.
Telefonorik gabe uztea zuzenean bazterketa sozialerantz bultzatzea litzateke...
ZORIONAK XABI!
ZORIONAK, XABI
Nire lagun Felixek goizeko 07:34an esnatu ninduen joan den igandean.
"Zorionak, Xabi" egin zidan oihu. Nire ondoan egon izan balitz, zintzurra alderik alde moztuko niokeen laban herdoildu batez, baina zoritxarrez ez zegoen.
- Hiri normala iruditzen al zaik ordu hauetan deitzea? -izan zen nire lehenengo galdera.
Ea mozkortuta ote zegoen izan zen bigarrena.
Nire lagun Felixek, gauzak beti alderantziz egin ohi duenez, bigarrenari erantzun zion lehenik eta, zotinka, apur bat edanda zegoela aitortu zidan. Lehenengoaz , ordea, paso egin zuen. Nire makarrei eta haserreari jaramonik egin gabe, "zorionak"-ka jarraitu zuen hainbat minutuz.
Halako batean isildu zen.
- Hi, Felix... nire urtebetetzea bihar izango duk, ez gaur...
- Bazekiat, motel! -erantzun zidan-. Nik BERRIAko elkarrizketa dela eta deitzen diat. Irakurri duk Urkulluk esandakoa? "Espainiako gobernua gaizki ari da pentsatzen badu arazo bakarra Katalunia duela". Bejondeiala, Xabi, bejondeiala! Lortu duzue! Urkulluk berak ere hori esaten badu, hori nazioarteko agendan zaudetelako duk, motel!
- Zertaz ari haiz, Felix?
- Zertaz izango da ba? Lizarrustihistan-go independentziaz ari nauk! Raxoik arazo bat zaukak Katalunian eta beste bat Lizarrustihistanen, argi zagok...
- Egon, Felix, egon... Ez diat elkarrizketa irakurri baina... esango nikek Urkullu Euskal Autonomia Erkidegoaz ari dela...
Felix isildu egin zen orduan, bat-batean, zaplazteko batek alkoholaren euforia lapurtu izan balio bezala.
Ez zuen luze iraun, ordea.
- Kar...
Kar-kar-kar-kar...
Kar-kar-kar-kar-kar-kar...
Kar-kar-kar-kar-kar-kar-kar-kar-kar-kar...
Artean barrez lehertu beharrean jarraitzen zuen deia moztea erabaki nuenean...
TXOSTENA
TXOSTENA
Lehenengoa Barack Obama presidentea izan zen: "Gure nazioak gauza anitz ongi egin zituen urte horietan, baina beste batzuk gure balioen aurkakoak ziren. Horregatik, boterea hartu nuenean zalantzarik gabe debekatu nuen tortura, terrorismoaren aurkako borrokan daukagun tresna eraginkorrenetako bat gure idealei leial mantentzea baita"
Eta, bat-batean, txalotzeko gogoa sentitu nuen. Izan ere, Amerikako Estatu Batuetako presidentearengandik etorrita ere, tortura debekatzea gauza ona baita berez.
Gero, Senatuko Inteligentzia Batzordeko buru den Dianne Feinstein-en hitzak irakurri nituen. Haren ustez, CIA-k sekretupean gorde nahi izan duen txostenean aipatutako "gogortutako galdeketa teknikak" kontzeptua eufemismo bat baino ez da, eta teknika haiei "tortura ere dei lekieke" inolako arazorik gabe. Jarraian zera gehitu zuen: "Gure balioetan eta historian orban bat da, eta txostenak ez du orbana garbituko".
Eta, bat-batean, har txikitxo batek kosk egin zidan burmuinean hitzen ulermena kontrolatzen duen zonaldean, eta nire buruari galde egin nion ea "orban" hitza bera ez ote zen beste eufemismo bat izango, ea Feinstein delako horrek ez ote zuen "akats" hitza ezkutatu nahi izan.
Handik gutxira Jhon Brennan-en hitzak irakurri nituen. CIA beldurgarriaren zuzendariaren aburuz "akatsak" egin dituzte. Akatsak, ezen ez "orbanak". Alabaina, "akats" hauek funtsezko informazioa lortzeko baliagarriak izan ziren eta haiei esker "bizitza kopuru zenbatezinak" salbatu ziren.
Eta, bat-batean, hazkura sentitu nuen belarriaren atzean, "zorri" hitza entzuten dudan bakoitzean gertatzen zaidan bezala, eta hazka eta hazka hasi nintzen, neurrigabeki hasi ere, azalaren azpian "akats" eta "salbatzailea" kontzeptuak batzen zuen definizioa aurkituko nuelakoan.
Jarraian AEB-ko fiskal nagusia den Eric Holder-en hitzak irakurtzea egokitu zitzaidan. "Herrialdea zorretan dago CIA-rekin, irailaren 11tik atsedenik gabe lan egin baitu Al-Qaedaren nukleoa suntsitzeko, Bin Ladenen kasuan justizia egiteko eta talde terroristen erasoak saihesteko".
Eta, bat-batean, kolpe bat sentitu nuen urdailean, boxeolaririk iaioena ere zabuka uzteko moduko zartako horietako bat. Izan ere, iruditu baitzitzaidan fiskalak CIA-ren zuzendariak aipatutako akatsak zuritu nahian zebilela, edo are, atzera ere bihurtu nahi zituela akatsok "orban", jakina baita ezen orbanak, ubeldurak nola, txukun asko disimilatu daitezkeela makillaje geruza batzuen azpian.
Azkenik, atzera hitz egin zuen Dianne Feinstein batzordeburuak, eta argiro azaldu zuen ezen, orbanak orban, "Amerika bere akatsetatik ikasteko bezain handia da"
Eta, bat-batean, ileak laztu eta zangoak hasi zitzaizkidan dardarka.
Den-dena ulertu nuen.
Debekuak gorabehera, CIA-k torturatzen jarraituko du, baina hori bai, Senatuko Inteligentzia Batzordeburuaren zein fiskal nagusiaren gomendioei jarraiki, txosten hobeak egingo dituzte, sekretuagoak eta ilunagoak...
Are: hemendik aurrera txosten akatsgabeak idatziko dituzte.
Presidenteak berak txalotzeko modukoak.
KABROI HUTSAK GARA
KABROI HUTSAK GARA
"Kabroi hutsak gaituk" esan nion nire buruari. Eta albiste hura atzera ere irakurtzeak pentsamendua berretsi ez ezik handiagotu ere egin zidan, halako moldez non "kabroi" hitza izenondoz bete zitzaidan bat-batean.
Oso kabroiak. Kabroi osoak. Biziki kabroiak. Kabroi galantak. Kabroi itzelak.
Kontua da joan den astean, euskararen eguna zela eta ez zela, mezu bat iritsi zitzaidala Whatsapp-en bidez. Mezuarekin batera esteka bat "El periodico digital" webgune espainiarrean duela urte eta erdi inguru argitaratutako albiste batera eraman ninduena.
"Misterioa argitu da: euskara Afrikatik dator" zioen lerro-buruak eta une batez, sartu ez sartu egon nintzen, zalantzaz beterik, han sartuz gero haserretuko nintzelako susmoa izan bainuen. Eta, hala ere, sartu egin nintzen.
Bai, arrazoia duzue: burugabeki jokatu nuen, leloen pare.
Kazetariak hizkuntzalari batek egindako ikerketa bat zuen hizpide. Ikerketa horren emaitzaren arabera, euskara eta Malin hitz egiten den Dogon hizkuntza oso antzekoak dira, aztertutako hitzen %70 inguruk antzekotasun handia dute eta, horren ondorioz, euskara Afrikatik dator. Kazetariak orgasmo bat izan zuen emaitza hura ikusi bezain pronto eta, ziztuan eseri zen ordenagailuaren aurrean, tesi argi eta sendo bat burua zuela: ikerketa honek frogatu egiten du euskara ez dela Europako hizkuntzarik zaharrena. Utzi izan baliote, "izorra zaitezte, zuena tximu-hizkuntza txatxua baino ez da" idatziko zukeen...
Alabaina, kazetariaren gibel-asmoak alde batera utzi eta hizkuntzalari jator horren gainean jarri nahiko nituzke fokuak. Izan ere, gizonak hamabi urte pasa baititu dogon hizkuntza afrikarra eta gure euskara ikertzen. Hamabi urte! Zergatik eta hizkuntzak maite dituelako!
Ez dakit zuek, baina egindako ikerketaren emaitza gorabehera -egurra galanki eman zioten hemengo hizkuntzalariek eta inork ez du bere lana aintzat hartu nahi izan-, nik hizkuntzalari hori lanean imajinatu nahi izan dut: hiztegi pila baten erdian galduta, hari galdezka eta honi itaunka, Urliarekin biltzen eta Sandiarekin eztabaidatzen, loari eta familiari orduak lapurtzen...
Hamabi urte! Erraz esaten da, gero!
Zergatik eta euskaldunok kabroi hutsak garelako
Nola ulertu, kabroikeria hitza aipatu gabe, gure isiltasuna? Nola ulertu, bestela, horren zital jokatu izana hizkuntzalari txit jator baina txit inuzente horrekin? Zergatik ez genion ezer esan? Zergatik utzi genion bere bizitzako hamabi urte horiek alferrik galtzen?
Zertan ari zen lanean kontatzera etorri zenean -eta ziur naiz etorri zela-, hain zaila al zen gizona lepotik hartzea eta belarrira hitz batzuk xuxurlatzea...?
" Aizak, txikito, XXI. mendeko euskaldunoi bost axola zaiguk euskara nondik datorren... guri axola zaigun gauza bakarra zera duk, euskara nora doan jakitea... Beraz, ez galdu hire denbora eta segi ezak familiarengana... kalamidade halakoa!!"
Horren kabroiak ez bagina, zerbait esango geniokeen...
NIRE EZINTASUNA
NIRE EZINTASUNA
Duela urte batzuk, San Jeronimo kaleko sotoan Harkaitz Canok maisuki gidatzen zuen literatura-solasaldietan parte hartzen nuen. Ez nuen gehiegi hitz egiten -inoiz Harkaitzek berak leporatu dit erretzeko pipa isilik egoteko makulutzat erabili izana, eta ez zaio arrazoirik falta- baina asko ikasten nuen. Solasaldi haietan gehien gustatzen zitzaidana zera zen, liburu bat irakurri ostean buruan nituen sentsazioak zein ideiak solaskideen ahotsetan entzutea.
Literatura dut gustuko baina ez naiz oso iaioa literaturaz hitz egiten. Beno, oro har, ez naiz oso iaioa hitz egiten, ez literaturaz ez eta beste arteez ere. Egia da badakidala zerbait literaturaz eta egia da, halaber, idazletzat daukadala nire burua. Ofizioa eta teknikak ezagutzen ditut, bai, baina zoritxarrez idazteak ez nau kritiko on bihurtu. Eta gauzak horrela, iritzia eskatzen didatenean oso gutxitan gainditzen dut "gustatu zait/ez zait gustatu" bikotearen langa.
Solasaldietan, ordea, aukera izaten nuen nik sumatu bai baina adierazi ezin nituen ideia horiek entzuteko.
- Ahh, bai!! Horixe bera da nik pentsatzen dudana!!
Urte asko dira literatura-solasaldi batean parte hartu gabe. Gehiegi, aukeran.
Solasaldiak jada ez dira solasaldiak, ezpada irakurle klubak.
Harkaitz Canok hirugarren aldiz irabazi du Euskadi Saria.
Baina nik berdin jarraitzen dut, artearen aurrean ditudan sentimenduak ondo transmititu ezinik...
Agian horrexegatik, atzo, "Loreak" pelikula euskaltegiko ikasleekin ikusi ostean, San Jeronimo kaleko sotora joan nintzen zuzenean. Donostia Kulturako atezainak esan zidanez, Harkaitz ez da handik pasa aspaldi honetan.
- Eta nik ezin dizut lagundu -esan zidan atezainak-. Ez dut pelikula ikusi.
Etxera joan nintzen burutik zebilkidan hitza behin eta berriro errepikatuz.
Ederra... Ederra... Ederra... Ederra... Ederra...
Horrekin nahikoa balitz bezala...
UNE BATEZ SOILIK
UNE BATEZ SOILIK
Nire lagun Felix eta biok tabernan sartu gara zerbait hartzera. Telebistan, ia egunero bezala, Pablo Iglesias ari da hitz eta pitz. Eta, zerbitzariaren zain gauden bitartean, hari begira geratu gara biok.
Sinpatiaz jarraitzen dut Pablo Iglesiasen ibilbidea. Sinpatiaz eta, ezin ukatuko dugu, poz irriño batez. Diskurtso on eta koherente bat landu duela uste dut. Are: uste dut ezen "ahal dugu"-lako kontu hori ez dela kontu erretorikoa edota produktua merkaturatzeko leloa, ezpada benetako apustua. Iglesias erabat sinetsita dago. Hurrengo hauteskundeak irabaziko ditu eta ez dago atzera bueltarik. Madrilen, jakina, urduritzen hasi dira eta, egia esan, ez nau batere harritzen. Izan ere, Madrilgo politikariak oso ohituta baitaude lore-joko eta su-festa antzuetara -orain hi jar hadi eta gero neu jarriko nauk, lagunak gaituk eta hi eta bion artean moldatuko gaituk, pastel nahikorik bazagok ondo banatuz gero- baina orain loreek arantzak dituzte eta su festak ez dira atrezzoaren partea, ezpada benetakoak eta benetako bolbora daramate barruan...
Ez, Madrilgo estolderietako biztanleek jada ez dute jokoa maite. Arriskua benetakoa da eta egurra ematea erabaki dute. Orain orok balio du Iglesias jipoitzeko eta, hauteskundeak iritsi bitartean, bata bestearen atzetik emango dizkiote zartakoak inolako errukirik gabe.
Odol putzu batean martir bat ala makilatutako panpina bat utziko duten, horra zalantza bakarra...
Nire lagun Felix, ordea, ez dator bat nire irakurketarekin.
"Xabi, ez hadi fidatu. Iglesiasek eta bere lagunek oso argi zaukatek bidea ekonomiari dagokionean, eta txalotzeko modukoa duk egin dutena, baina, ez ahaztu, ezkertiarrak izanik ere, espainiarrak dituk. Eta zer nahi duk nik esatea, lurraldetasunaren gaiaren gainean txolopote ederra zaukatek. Nola jokatuko duten Katalunian, beraiek ere ez zakitek, eta hor zagok gakoa... Une honetan, Podemos duk CIU-ERC-CUP hirukotearen gehiengo absolutua kolokan jar dezakeen bakarra... eta badakik zer esaten duten ultraeskuindarrek... Espainia antes roja que rota.... Bestela, zer dela eta eskaini Iglesiasi hainbeste denbora telebista kate guztietan...?"
Zerbitzaria etorri eta bi garagardo eskatu dizkiot, durduzaturik oraindik.
Ez dizuet gezurrik esango: behingoagatik nire lagun Felixen konspirazioaren teoria berria zentzuzkoa iruditu zait.
Unetxo batez soilik, baina zentzuzkoa.
IZAERA
IZAERA
Azaroaren 9ko galdeketaren harira Raxoik egindako agerraldia ikusi ostean Tijuana in blu taldearen "Maki Navaja, el ultimo chorisso" kantarekin gogoratu nintzen. Hain justu, kantaren hasiera mitiko harekin non "Maki Navaja" marrazo batekin alderatzen zuten.
"Marrazoak hortzak ditu, barre egiten duenean erakusten ditu,
eta Makik labana bat du trebeziaz erabiltzen duena,
Marrazoak badaki igeri egiten,
Marrazoa utzi bakean,
Marrazoa ez da erruduna,
Bere izaera da eta..."
Bai, ene lagunok. Dena izaera kontua da. Raxoi horrelakoa da eta berak ezin du ezer egin gauzak bestela gerta daitezen. Are gehiago: horrelakoa da eta ezin zaio ezer leporatu horrelakoa izateagatik. Horrelakoa da, ez da bere errua.
Izaera, hortxe dago gakoa!
To be, or not to be, that is the question...
Eta Raxoi bada. Raxoi bera da legea. Raxoi bera da demokrazia. Kataluniarrak ez dira demokrazia baina bera bai. Raxoi bada, goitik behera eta behetik gora izan ere.
Demokrazia arimaz eta espirituz.
Baina hori gutxi izan, nonbait, eta demokrazia beregan gorpuztea erabaki du.
Eta gauzak horrela, Raxoik demokrazia etereotasunetik ukigarritasunera eraman nahi izan du. Geneetan tatuatu du. Bere DNA-n iltzatu du. Fisika eta kimikaren gainetik jauzi eginez solido bihurtu du demokrazia.
Demokrazia fisikoa. Demokrazia erraietan zein hesteetan. Demokrazia aluan zein barrabiletan.
Potro-demokrazia esaten zaio.
Alabaina, ez da bere errua. Izaera kontua baino ez da.
Izan ere, espainiarrek oso berezkoa baitute gauzak "por mis cojones" egitea...
BABARRUN-JANA
BABARRUN-JANA
Azkenean guri ere iritsi zaigu eguna. Etzi, azaroak 8, Lizarrustihistango biztanleok babarrun-jana ez-lotesle batean hartuko dugu parte eta bertan erabakiko dugu ea Lizarrustihistanek Europako estatu alokutibo txikitxo eta independente bat izan behar duen ala Espainiar estatu ez-demokratiko eta ustelaren eskutik jarraitu behar duen ume txikitxoa balitz bezala.
Suposatuko duzuenez, oso urduri gaude denok.
Ez luke zertan hala izan, egia esan. Azken batean, den-dena prest baitaukagu: nahi adina babarrun, ehun kilo odolki, txorixo-txirikorda ederra, gurdikada bete saiheski eta, itxuraz, oso minak diren Ibarrako piperrak. Baita bi galdera zehatz ere, aspaldian idatzitakoak.
Bozkatzeko metodologia ere zehaztu dugu: lehenengo galderari baiezkoa emateko, boto-emaileak ea babarrunak nahi dituen galderari baiezkoa eman beharko dio. Ea errepikatu nahi duen galderari baiezkoa emanez gero, bigarren galderari ere baiezkoa eman nahi diola ulertuko dugu eta, ondorioz, BAI/BAI atalean apuntatuko dugu. Erraza, ezta?
Bai, arrazoia duzue: dena askoz errazagoa litzateke baldin eta hautestontziak jartzen utzi izan baligute. Baina kontua da ez digutela utzi. Nonbait ilegala zen egin nahi genuena eta beraiek jakingo dute zergatik. Guk gureari eutsiko diogu eta, hautestontzirik ezean, onak dira lapikoak, platerak eta koilarak.
Arestian esan bezala, urduri gaude denok. Izan ere, susmoa dugu Espainiak ez digula babarrun-jana egiten utziko. Argudiorik ezean, gure babarrun-jana ilegala dela esango dute, , txorixoa ez-morala dela, eta odolkiak gizentzen duela... Berdin du.
Ibarrako piperrez armaturik egongo gara zain.
Eta bai, oraingoan ere arrazoia duzue: pentsatu duzuen lekutik sartuko dizkiegu piperrak gure festa zapuztera etortzen badira.
Beraz, jakinaren gainean daude... oso minak dirudite...
METAFORAK
METAFORAK
Rafa Larreina parlamentariak bete-betean asmatu du aste honetan bertan Madrilgo kongresuan egindako adierazpenetan.
“Espainia huts egin duen estatu bat da” esan zuen Larreinak gaztelera ederrean, baina hara joandako kazetariek nahiago izan zuten ez ikusiarena egin. Egia esan, ez nau batere harritzen. Izan ere, kazetari espainiarrei ez baitiete ordaintzen erregea biluzik dagoela gaztigatzen duen haurraren hitzak jasotzearren, ezpada erreginaren ustezko anorexia frogatuko duten argazkiak egitearren. Edonola ere, Titanic-en orkestrarena egiten jarraitu nahi badute, beraientzat kalte.
Jarrai genezake paralelismo erraz samarrak egiten. Espainia buztinezko oinak dituen erraldoia dela esan genezake. Esan genezake Espainiako demokrazia espageti-western txar bateko dekoratua dela, harri-kartoizko gezur txatxua baino ez. Esan genezake Espainia itxura ona duen baina barrutik guztiz ustelduta dagoen tipula dela. Eta esan genezake, zergatik ez, Espainia maite ez gaituen, jipoitzen gaituen eta, bereizi aurretik zintzurra labanaz moztuko digun senarra dela.
Bai, ene lagunok, jarrai genezake irudi paraleloak sortzen eta bakar batean ere ez genuke hutsik egingo.
Alabaina, ez dugu egingo.
Azken batean, kontua ez baita nola azalduko dugun egoeraren larria, ezpada zer egingo dugun senar horrengandik askatzeko.
Katalanek argi daukate egunen batean planto egin beharko dutela askatuko badira.
Zenbat metafora behar ditu EAJk begi-bistakoa dena ikusteko?
PENITENTZIA ESKE
PENITENTZIA ESKE
Bai, errua nirea izan zen. Nire esku egon zen sufrikario hura errotik moztea eta ez nuen ezer egin. Ziurrenik hamaika guraso bileratan bizi izandakoek antzutu dutelako sutan jartzeko nuen gaitasuna. Ziurrenik isiltzea erosoagoa zelako. Edo besterik gabe, nik ez dudalako Bittor Hidalgok duen ausardia.
Kontua da 15 haur eta 13 heldu ginela arratsaldea jolas artean pasatzeko asmoz bildutakoak. 28 lagun gehi 2 begirale. Denok ezezagunak eta -ohhhh!- denok euskaldunak!! Beno denok ez... erdaldun bat ere etorri baitzen tailerrera.
Jolasten hasi gara eta, bat-batean, esperpentoa. Begirale batek "voy a hablar en bilingüe" iragarri digu. Esan eta egin. Baina ez pentsa, ene lagunok, bilingüe era informalean, ez, ez... Bilingüe-bilingüe...
Bilingüe, taxuz eta fundamentuz, bilingüe-tasunaren mailarik gorenera iristeraino...
Halako moldez non, Finlandiako boloetan jokatzen hasiak garelarik, begiraleetako batek "ocho puntos" oihukatu baitu besteak "zortzi puntu" lortu ditudala jakinarazi ostean, eta gero, "bi puntu" batek, eta "dos puntos" besteak, eta jarraian "zure txanda da orain" batek eta "es tu txanda ahora" besteak, eta horrela beti -siempre-, eta oso azkar -rapidisimamente-, eta dena di-da batean -o en un ti-ta-, segundo bakar bat galdu gabe, aldiberekotasun ia perfektuaren gorazarre amaigabean, "hamar puntu, zorionak", "diez puntos, felicidades", benetan hamar puntu lortu izana hil ala bizikoa -importantititisisisisimo- balitz bezala, bilingüismoaren jagoleen -¿¿¿jagole???? ¿que demonios es jagole????- beldur balitz bezala, edo are, euskara finlandiera bezain arrotza balitzaigu bezala...
Ez, ez nuen ezer esan.
Eta okerrena zera da, nik badakidala ezen, horrelako egoera baten aurrean, maiz nahikoak izaten direla bi galdera erraz euskaldunon sufrikarioa errotik mozteko.
"¿Sabemos todos euskara?" lehenengoa.
Eta bigarrena, euskaraz hitz egiten ez dakitela aitortu dutenei soilik bideratua: "zuen artean, baten batek ez du ezer ulertzen euskaraz?
Txintik esan gabe onartuko dut nire penitentzia...