Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Teknosexua

Ikasitakoa desikasten ikasten

Blogisten topaketa

Gari Araolaza 2005/03/10 22:10

Elgetako Espaloian antolatu dute, Joxe Aranzabalen ideiari tiraka. Euskal Blogistak elkartu, trago batzuk hartu eta bizi-bizian hango Wi-Fi-ari esker posteatzeko aukera ere, beste lagunak ezagutzearekin bat.

Gau elektorala izateak emango dio beste txispa bat. Nik zailtasun pixka bat badut egun hartan, Andoni semeak 3 urte betetzen bait ditu, baina saiatuko naiz han azaltzen.

RSSen hurrengo pausoa: publizitatea

Gari Araolaza 2005/03/01 11:20

Gaurko berria SiliconBeat blogean: Publizitatea RSS-etan.

  • Guk RSS-a sortzen dugu eta Kanoodleko lagunei bakarrik ematen diegu feed-era sarrera.
  • Kanoodlekoek, gure edukiari egoki datorkion publizitatea tartekatzen dute, eta doan eskeintzen dituzte gure edukiak+publizitatea, formatu desberdinetan itxuratuta.
  • Gure edukiak bere webgunean erakustea nahi dituenak Kanoodletik hartzen ditu, eta tartean publizitatea doa, gure albisteekin batera.
  • Kanoodle eta gure artean irabaziak banatzen ditugu.

Aberastuko garen? ez dut uste, oraingoz behintzat eta euskal munduaren tamainarekin. Sustatun bertan irailetik dauzkagu Google-ren anuntzioak eta zenbat irabazi dugun publikatu ezin den arren, esango dizuet pertsona batek ezingo lukeela oraindik afari bat egin hortik ateratako dirutzarekin. Baina gian Kanoodle-koak aberastuko dira, buztan luzeaz probetxu aterata.

Baina tontoak ez gara, eta gaztelaniaz eta inglesez ere badakigu pixka bat. Bide honetatik ez genuke gai interesgarriren bat aurkituko, edukiak landu eta publizitate bidez dirua emango ligukeena? Zerbait bururatzen zaizue?

Joxe

Gari Araolaza 2005/02/28 22:09

Zer esan Joxeren gainean...

Beste batzuk ( Maitek , Gabiriak , edo Joxek berak ) eman dute ostiralekoaren berri.

Joxeren prozesu honetan gehien harritu nauena Joxeren indarra eta adorea izan dira. Nonbaiten irakurri nuen berak eutsi behar zuela, bestela besteak galduko ginela eta... Horrela izango da. Nik ez dut nire burua egoera horretan imajinatzen. Alferrik "Aupa Joxe" saioak.

Ostiralean pentsatu nuen, eta orain ere ideia hori datorkit burura, Bego eta Mirenek izango zutela zerikusia indar horretan. Beraiek ikusi besterik ez dago. Miren ez dago argazkian, saskibaloi partida zuen biharamonean eta etxera joan bait zen.

Joxe eta Bego

Mila esker Joxe berriz ere, eman diguzun lezio honengatik. Bitartean, nik jarraituko dut RSS eta web semantikoa eta horrelako sinplekerietaz hitz egiten.

9000 metro koadro libre Eibarko erdialdean

Gari Araolaza 2005/02/24 10:29

Eibarrera etorri denak badaki zerbait faltan badaukagu, terrenoa dela. Bestela, ia denetik daukagu, baina terrenoa oso gutxi. Gainera espertoak gara azalera alferrik galtzen.

Hor markatuta dagoen zonalde hori 9000 metro koadrokoa da. Zezen-plaza eta Guardia Zibilaren koartela dauzkagu hor jarrita. Eibarko erdialdea da, ideia baterako, goraxeago gorriz inguratuta azaltzen den eraikina, Untzaga plazan (plaza nagusian) dagoen Udaletxea da.

Zezen plaza urtean bizpahiru aldiz erabiltzen da. Urtero Udalak dirutza gastatzen du urte guztian erabili ez den toki bat txukuntzen. Gero zezenketa ospatzeko dirulaguntza handia ematen du, eta hori dena 200 edo 300 pertsona joateko, horietako asko gonbidapenarekin. Jakin nahi nuke zenbatek ordaintzen duen.

Aurten gainera, Francisco Rivera Ordoñez eta Rocio Juradoren senarra omen datoz toreatzera. Glamourra barra-barra. Ea aurten behintzat ez zaigun gehiegi kostatzen eibartarroi, honelako izarrekin jendetza etorriko da eta.

Albokoa, ezkerrean ikusten dena, Guardia Zibilaren koartela. Honen gainean ez daukat esateko askorik. Ez dakit zer egiten duten hor. Goardia gaixoek pena ematen didate, kalean zainketa lanak egiten, edozein ordu eta egunetan, edozein eguraldirekin, eta hemen egotera behartuta. Beraiek ere nahiago lukete beste nonbaiten egon, seguru.

Skype prest!

Gari Araolaza 2005/02/23 13:37

Internet bidezko telefonoa da Skype . Doan. 6 Eurotan erosi ditugu mikrofonodun kaskoak. Baina horretarako, jakin behar nork daukan Skype, eta horregatik gaiek esaten duten moduan armairutik ateratzea pentsatu dut:

SKYPEn aurkituko nauzue, garaolaza erabiltzaile izenarekin.

Skype-rekin egin daitezke telefono normaletara deiak ere, minutuan bi zentimo baino merkeago (bai, bi zentimo hori literala da), baina VISA-ren segurtasun handiari esker, telefono normaletara deitzeko bonorik erosterik ez dut oraindik lortu. Hurrengo batean saiatuko naiz berriz.

PandaSoftware eta FUD

Gari Araolaza 2005/02/23 12:04

Galdetu Wikipedian zer den FUD : Fear, Uncertainty and Doubt edo Beldurra, Segurtasun-falta eta Zalantza. IBM-ren taktikak definitzeko asmatu zen termino hori, eta orain sarritan aplikatzen zaio Microsofti. Taktika dialektiko hori erabiltzen dute konpetentziaren aurka egiteko, beldurra eta zalantzak zabalduz. "Linux erabili nahi duzula? baina... arazo asko ez dituzu izango? konpatibilitaterik ez duzu galduko? Nork emango dizu guk ematen dizugun babesa?" eta horrelakoak izaten dira tipikoenak.

PandaSoftware enpresa bizkaitarraren propaganda jaso dut honako testuarekin:

El 14'5% de los niños ha concertado una cita con un desconocido a través de Internet.

El 44% de los menores se ha sentido acosado sexualmente por Internet.

¡Abre los ojos a la evidencia!

Descubre qué peligros acechan a los niños en la Red y cómo ponerlos a salvo, gracias a la campaña "Niños e Internet" de Panda Software

Hori da FUD-aren adibide ona. Noski, Pandasoftware segurtasun enpresa da, eta beraien produktuak saltzeko segurtasun-falta sentitu behar du bezeroak. Kasu horretan uste dut ongi dagokiela FUD erabiltzea (ez nabil etikaz...).

Sarritan hitz egin izan da antibirus enpresak direla birusen esistentziaren interesatu handienak. Izan ere, birusik ez balego beraien negozioa bukatuta legoke. Bide honetatik, argigarria da enpresa hauek ez dutela gomendatzen honako edo halako softwarea sistematik ezabatzea. Aldiz, pare bat lagunen ordenagailua birusez garbitzen ibili den edonork daki Internet Explorer eta Outlook Express izan direla azken urteetako birusentzako alfonbra gorri ederrenak. Horiei esker zabaldu dira hain ongi birus, troiano eta antzekoak.

Zer egingo diogu ba. Guk jarraituko dugu Thunderbird, Firefox eta Mozilla gomendatzen, 24 orduren buruan, azaleratzen diren segurtasun arazoak konpontzen dituzten tresnak . Bitartean, antibirus saltzaileak hurrengo birusaren zai egongo dira, berriz ere antibirus pakete piloa saltzeko. Ala ez dira zai egongo?

PS: Panda-ren mezu hori Spam gisa markatu dut nire Thunderbird-ean. Horrela, hurrengoan galdetu gabe ezabatuko dit nire Thunderbird lagunak. Nik ez dut FUD mezurik behar.

Euskarazko Podcasting-a desagertzeko arriskuan

Gari Araolaza 2005/02/20 23:12

Zer den Podcasting-a?

Demagun nik blogen testu bat idatzi beharrean grabaketa bat egiten dudala eta MP3 formatuan jartzen dudala. Norbaitek deskargatu eta bere MP3 entzungailuan jartzen du, autobusean edo trenean doala, edo pasiatzera doala entzuteko. Horixe da Podcasting-a.

Zergatik diot desagertzeko arriskuan dagoela?

Oraindik indar askorik ez du euskarazko Podcasting-ak. Jabi eta Patxik egiten dute antzerako zerbait beraien Irratia.com-eko programekin .

Kontua da euskalcasting-aren aurkako atentatu bat egon dela. Erralek egin du lehenengo aldiz. Nik ilusioz deskargatu dut, pentsatuz Luistxo guruaren ahotsa entzungo genuela.

Ba ez. Erral suizida honek afari osteko kantuak jarri ditu. Hori entzun ondoren nori geldituko zaio Podcasting-a errepikatzeko gogorik?

Ufff...

Zu, kakati: gurean beharrezkoa da Flash plugin-a

Gari Araolaza 2005/02/15 12:11

Harrigarria da nola 2005. urtean honelako sarreradun webguneak publikatzen diren:

Ongi etorri Ermuko udalaren web-orrira. Gure web-orria bisitatzeko beharrezkoa da Flash plugin-a instalaturik edukitzea. Web hau Internet Explorer 5.0 edo bertsio berriagoentzat optimizaturik dago. Gutxieneko bereizmena 800X600. (Ermuako Udala)

Eta niri zer axola? Nik nabigatzea nahi dut eta ez nabigatzailea konfiguratzen ibiltzea. Horrelako mezuak jartzen dituztenek benetan uste dute gure ordenagailua konfiguratzen ibiltzen garela?

Ba, ez. Mezu horiek jartzen dira garatzailearen aitzaki bezala. Ez naiz ni webgune irisgaitza egin duena: zuk daukazu nabigatzaile eta konfigurazio okerra esaten ari da. Nik aldiz, interpretatzen dut: Bai, badakit zenbait sistema eta pantaila bereizmenetan webgunea ez dela ikusten, baina ez dut hori konpontzen ibiltzeko gogorik/denborarik/dirurik

Nik ez dut proiektua kritikatzen. Agian kondizio horiek beharrezkoak ziren, zinegotzi edo alkate txoriburu batek dinamismoa eta animazioa (irudi animatuak) nahasten dituelako. Agian diru gutxi zegoen eta ezin zuten garatzaile txukun bat kontratatu edo... Auskalo. Proiektuak oso nahasiak izan daitezke, guri ere gertatzen zaigu. Bale.

Baina horrelakoren bat gertatzen zaigunean (eta noizean behin gertatzen zaigu, beste edonori bezala), ez dugu propagandarik egiten eta ez dugu errua bisitarien gainean uzten.

Argi eta garbi utzi behar da: erabiltzaile batek gure webgune batean ezin duenean sartu, dela arazo tekniko, kognitibo edo bisualengatik, errua webgunearen arduradunarena da, ez erabiltzailearena.

Beste gauza bat da webgune publikoek irisgarriak izan behar dutela ez dakit zein egunerako, baina hortaz beste egun batetan hitz egingo dugu.

Garbitu spama Gmail-en bidez (3. eta azkena)

Gari Araolaza 2005/02/10 16:07

Aurreko pausoak:

Gmail helbide bat lortu

Desbideratu zure e-posta Gmail-era

Azkeneko pausoa

Hirugarrena: konfiguratu zure e-posta programa

Azkeneko pauso honetan, zure e-posta programa arrunta (dela Outlook, dela Mozilla, Thunderbird, Eudora edo dena delakoa) Gmail-era lotu behar duzu. Horrela, mezuak handik jasoko dituzu, zure helbide arruntetik jaso beharrean.

Horretarako Gmail-en aukera txiki bat egin behar da.

Zoaz Settings aukerara, eta han Forwarding and POP

POP hori da mezuak deskargatzeko sistema. Hor egin beharreko aukerak:

  • Enable POP for all mail (even mail that's already been downloaded)
  • When messages are accessed with POP Archive Gmails copy

Ondoren, klik egin Configuration instructions loturan, aurkitu zure programa eta konfiguratu han esaten duen moduan. Listo!

Mapak Googlen

Gari Araolaza 2005/02/08 10:39

Zerbitzu berria Googlen:

AEB eta Kanada osoko mapak

Beti bezala, Googlek harritu gaitu

PS: Gu ere ari gara Skype frogatzen. Oraingoz denontzat mikroak erosi behar. Baina bilatu, bilatu...

Aurkezpena

naiz. Teknogauza guzti hauetaz idazteko sortu nuen bloga, baina orain gai eta maiztasun librean nabil.

Mastodon