Ikasitakoa desikasten ikasten
Euskara hutsezko bilaketak Googlen
Atzo, Google-ren Co-Op zerbitzu berria aurkitu eta di-da (ordu erdi) batean Euskara hutsezko bilatzailea sortu genuen Sustatun. Horrelako boteprontoko gauzekin (sarritan egiten ditugu) inoiz ez dut jakiten lotsatu behar garen ala harrotu, hain esfortzu txikiarekin hain emaitza onak ateratzean (Izan ere sistemaren mugak kontutan hartuta, uste dut emaitza oso onak ematen dituela).
Kontua da lan txiki horrek azaleratzen duela hainbeste urteren buruan daukagun beharra: Googlek euskarazko orriak identifikatzeko modua izatea.
Izan ere, guk martxan jarritako sistema oso mugatua da, euskarazko webguneak eskuz identifikatu eta sartu behar bait ditugu sisteman, eta pertsonengan oinarritutako sistema hauek ez dute luzarora balio. Egunen batean aspertuko gara sistema mantentzeaz, eta orduan segituan hasiko da emaitza okerrak ematen.
Irakurri nuenez gai hau azaleratu zuen Vicent Partalek E.H. 2.0 jardunaldietan
Nik badakit gure webgune guztietako HTML-a ongi etiketatuta emango bagenu euskarazko edukiak direla esanez ( lang="eu" atributua erabiliz) asko aurreratuko genukeela.
Baina uste dut pauso nagusia Googlerengan dagoela. Googlek kontutan hartu behar gaitu, euskarazko orriak identifikatuz. Testu bat hartuta euskarazkoa den ala ez erabakitzeko algoritmoak informatikarientzat ezagunak dira, eta badaude horretarako sortutako tresnak, hemengo hau bezalakoa
Orduan, Googlek euskara identifikatu ahal izatea ez da arazo teknikoa, lehentasun kontua baizik. Googlerentzat ez da lehentasuna euskarazko edukiak identifikatzea, euskal eduki eta internauta gutxi daudela iruditzen zaiolako. Nola konpon genezake hau? Egin beharreko lan batzuk (eta sentitzen dut, baina pilota bueltan datorkigu)
- Entitate esanguratsuek (dela Jaurlaritza, Kontseilua edo denok) Google Españarekin (sentitzen dut baina gauza horrela da) kontaktua egin eta behar eta interes hau adierazi.
- Gure nabigatzaileen hizkuntza lehenetsi moduan euskara konfiguratzeko esfortzu txikia egin, estatistiketan masa kritikoa lor dezagun. Euskaratu zure nabigatzailea
- Sortzen ditugun euskarazko eduki eta webgune guztietan, lang="eu" atributua ongi jarri. Normalean hau hemen azaltzen den moduan honela:
<html xmlns="http://www.w3.org/1999/xhtml" xml:lang="eu" lang="eu">
Azkenik, uste dut Vicent Partalek azpimarratu zuen txindurri lana izango dela efektiboena, baina horretarako denok helburua garbi izan behar genuke.
SMS gerlak
Urriak 14, 11:05, 1414 zenbakitik:
Orange. Le informamos que a partir de ahora su nuevo numero de Atencion al Cliente es el 1414. Para cualquier consulta no dude en llamarnos
Urriak 14, 13:07, 9003 zenbakitik:
Euskaltel informazioa. Zure Bezeroarentzako Arreta Zerbitzuaren zenbakia ez da aldatu; 1717an gaude, nahi duzun edozertarako.
Urriak 14, 13:07, 9003 zenbakitik:
Euskaltel informa. Para todo lo que quieras tu numero de Atención al Cliente sigue siendo el 1717.
Aurretik izan genuen beste gerla bat: Browser wars
Segway erabiliz Iratin
Postdata da ETBko programa onenetakoa. Joxe Mari Gabiria, Elixabete Garmendia, Nerea Iriarte eta Unai Loidiri zorionak, ETBko azken mohikanoak bezala ikusten ditut, eta ez naiz bakarra
Ostiralean erreportai oso teknosexuala eman zuten: Irati magikoa Segway-an . Inbidia demasa piztu zitzaidan Microsiervoen Visita a Barcelona en Segway irakurri nuenean, eta pentsatu nuen egunen batean ere egingo nuela.
Orain Iratin ikusi dut hori egiteko aukera. Badakit Patxi ere honelakoen fan handia dela. Ze ondo pasatuko nuke berarekin batera joango banintz! Seme-alaba gazteegiak ditut nik. Agian nere aitaginarrebarekin joango naiz. Mendizale sutsua da hura, baina dena autoz egitea gustatzen zaio. Piriniotako mendi eta bortu guztiak ezagutzen ditu errepidetik!
Tim O'Reilly Gasteizen GAUR
Pasa diren bi asteetakoa Euskal Herria 2.0 izan zen moduan (han kale egin nuen, ezin denera), aste honetan gaurko hitzaldia da tinglado honetan gabiltzanok jarraitu beharrekoa.
Oraingoan bai, han izango naiz, Tim O'Reilly entzuten . Proposamena: saioaren irteeran han gauden euskal teknosexologoak elkar agurtu eta jokaldia komentatzeko elkartzen bagara? Nik ere denbora gehiegi ez dut, baina gustora agurtuko nituzke e-lagunak.
Tramitera onartu da Mutrikuko portuaren inguruko salaketa bat
Lanak aurrera doaz Mutrikun, argazkietan ikusten den moduan baina pasa den astean albiste on bat izan genuen. Epaile bat hasi da ikerketarekin, salatzen dena egia ote den.
Hobetu Leike plataformak salatu duenez, proiektu osoa egiten hasi dira (babes dikea eta portua) eta ingurumen ikerketa zati batetarako bakarrik egina dago.
Albiste osoa El Pais-en atera zen asteburuan, eta Berdeen webgunean irakurri daiteke:
Una juez indaga si hay delito ecológico en la ampliación del puerto de Mutriku
PS: Albiste ona da, izan ere, dauden interesak egonda, orain arte epaileak ez dira ausartu proiektua gelditzera, eta beti proiektua gelditzeak sortuko lituzleen kalte ordainetarako (??) fidantza ikaragarriak eskatu izan dituzte.
XHTML pixka bat: <q> </q> etiketa
A List Apart-en irakurri dut. Aipuak egiteko etiketa ezezaguna da <q> </q>. Ezezaguna da, eta arrazoia Internet Explorer omen da, ez duelako egoki erakusten.
Bere efektua komillatxoak ateratzea izango litzateke.
Adibidez: jouaient
hitz frantsesak bost bokaleak dauzka bata bestearen atzetik.
Normalean <blockquote> etiketa erabiltzen dugu gauza hauetarako, baina blokeko elementua da, ez parrafo batean sartzeko.
Aurreko adibidea ongi ikusiko duzu Firefoxekin bazabiltza eta gaizki Internet Explorerrekin.
Soluzioa ere erakusten du Stacey Cordonik bere A List Apart-eko artikuluan
Euskaltel: ez dut tratu hau merezi (3)
Aspertuko zaituztet, baina bukatu beharra daukat:
Mugikorren estaldura: zenbat eta okerrago, irabazi gehiago
Euskaltelen webgunera joan, eta estaldura noraino iristen den jakin nahiz gero, Amenaren webgunera bideratzen zaituzte. Amenaren webgunean badago "estaldura mapa" izeneko sail bat. Han sartu eta gutxi gora behera hau irakurri nuen: estaldura %100-koa denez, jadanik ez dugu maparik. %100 ! kar-kar!
Udan Mutrikuko kanpin batean egon gara. Han badago estaldura apur bat, mugikorrak puntutxo bat markatzen du. Oraintxe etorri zaigu faktura, eta konturatu naiz zenbat aldiz eten zaigun konexioa. Deitu norbaiti, hark erantzun, hiru segunduz ez dut ezer entzuten, eskegi, eta berriz deitu. Horixe dio gure fakturak, bost eta sei aldiz gainera.
Emaitza? 0,33 Euroko 6 dei 3 minutuko tarte batean. Absurdua. Inozoa ni ere. Pentsatzen nuen hain estaldura eskasa egonda fakturatzera ere ez zela iritsiko. Bai zera.
Esperantza askorik gabe deitu nuen Euskaltelera, gutxienez nire kabreoaren konstantzia uztera. Sutan jarri nintzen:
- Begira, erreklamazioa jarri nahi nuke. Izan ere, hainbeste dei "interruptus" ditut nire fakturan... Norbaitek emango dio bistazo bat nire fakturari deskontu bat egiteko, ez? Gainera zuen errua da, estaldura txarra bait dago kanpin hartan. Faktura ikusi besterik ez dago.
Teleoperadorearen erantzuna segundurik itxoin gabe:
- Estaldura txarragatik ez dira fakturak zuzentzen. Zure erreklamazioa idatzi dut, baina oraintxe bertan ixten dut ere. Ez duzu beraz gure aldetik beste notifikaziorik jasoko.
Horixe da ona: zenbat eta estaldura okerragoa, Euskaltelek gehiago fakturatzen du, eta inor ez da zure fakturari bistazo bat emateaz arduratzen, inolaz ere!
Ez da kopuruagatik, baina demagun nire faktura 1000 Eurokoa dela eta 1000 Euro horietatik 800 Euro direla hitzik esan ahal izan gabe fakturatu direnak. Berdin zaie. Orduan ere, ez du inork gainbegiratuko zure faktura. Hau da bezero bati ematen zaion tratu txar eta begirune falta.
Euskaltel: ez dut tratu hau merezi (2)
Euskaltelengandik jasotzen dudan tratu txarren bigarren zatia:
LTD edo TDT ez da kabletik pasatzen
LTD, TDT edo Lurreko Telebista digitalaz ari naiz.
Antena arrunta jarrita baduzu etxean, 2006 urtearekin batera telebista digitala izateko aukera izan duzu, gustoko dekodetzailea erosi ondoren. Kanal gehiago bai, baina neri gehien gustatzen zaidana: irudi eta soinuaren kalitate hobea, ia DVDaren mailakoa, gehi zenbait irrati kalitate digitalean.
Aldiz, telebista ikusteko Euskaltelen kablea erabiltzen baduzu, ez duzu LTDrik. Telebista digitalaz gozatzeko, Euskalteli berari erosi behar diozu dekodetzailea (90 Euro inguru) eta gainera hilero 3 Euro ordaindu behar dituzu. Hau da, kable bidezko telebista zerbitzua ez duena baino okerrago gaude.
Zergatik? Bada, Euskaltelek nahi duelako, zuk beraien plataforma digitala erabiltzea eta kontsumitzea.
Zein kostu du beraientzat LTD integratzeak? ia zero.
Berriz ere, Euskaltelen galdera sortzen zaie: zer egingo dugu: zerbitzua doan hobetu ala gehiago kobratu? Dudarik ez, bigarren aukera.
Euskaltel: ez dut tratu hau merezi (1)
Euskaltel sortu zenean askok pentsatu genuen ez zela Telefonica bezalakoa izango eta begirune pixka bat izango zutela bezeroekin. Laster konturatu ginen ezetz, beste bat gehiago zela Euskaltel. Hona hemen azken urtean Jose Antonio Ardanza, lehendakari izan zenak ordezkatzen duen konpainiak azken urtean eman dizkidan ostikadak:
Kable bidezko Internet zerbitzuaren prezioen logika
Oker ez banago, 2005-ean hau zen prezioen eskema, Despega produktuan:
Despega 300 Kbps -> 22 Euro hilean ( 73 Euro/Mbps )
Despega 1 Mbps -> 39 Euro hilean ( 39 Euro/Mbps )
2006-an hauek dira dauzkagun aukerak:
Despega 300 Kbps -> 23 Euro hilean ( 76 Euro/Mbps )
Despega 3 Mbps -> 39 Euro hilean ( 13 Euro/Mbps )
Zein da jokua? 23 Euro hilean gutxi fakturatzea iruditzen zaie, eta 3 Mbps saldu nahi dizkigute. Bezeroen aldetik, jakina da gaur egun 300 Kbps abiadura nahikoa dela etxe bateko erabilpen arrunterako. Zerbitzua hobetu? 22 Euroko bezeroei ezta pentsatu ere ez!
Horrela jarraituta, hurrengo urtean, edo hemendik bi urtera, bideo asko ikusi nahiko ditugu Internetez. Momentu horretan, 3Mbps-ra pasatzea beste aukerarik ez zaigu geldituko. Orduan lortuko du Euskaltelek nahi zuena: fakturazioa handitzea. Ikusten dugu Euskaltelentzat zerbitzua ez da garrantzitsua, baizik eta fakturazioa.
(Jarraituko du)
Sustatu 5 urte egitera doa
Atzo tokatu zait Sustatu.com domeinua berritzea. Duela 5 urte errejistratu genuen lehenengo aldiz, eta hilabete ondoren publikatu zen lehenengo artikulua Sustatun. Hasierako beste zenbait artikulu hemen
Horrek esan nahi du laster 5 urte betetzen dituela. Tarte honetan ia 4000 albiste publikatu dira. Nolabait ospatu beharko dugu.