Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan

A merda tropical

xme 2005/09/21 18:34

Egun zoritxarrekoa izan da asteazkena Zinemaldiko sail ofizialean. "Tideland" irenstezinarekin hasi, "Odgrobadogroba" bitxiarekin segi (merezi zuen hala ere), eta amaitzeko, Ruy Guerra brasildarraren "O veneno da madrugada" (Egunsentiko pozoia), benetan jasangaitza.

Obra literarioen moldatze ugari ari gara ikusten aurten: Armendariz-Atxaga, Winterbottom-Sterne, Bauer-Esteban, eta Guerra-Marquez. Izan ere, Gabriel Garcia Marquez kolonbiarraren "La mala hora" gaztetako eleberria da film honen oinarria.

Badirudi idazle baten famak gora egin ahala, hainbat handiagoa dela haren idazlanetatik pelikulak ateratzeko aukera, eta hainbat handiagoa, halaber, pelikula horiek kaka zaharra izateko posibilitatea. Garcia Marquez nobeldunaren obretan oinarrituriko hainbat film gogoratzen ditut, bakar bat ere ez ona nire oroimenean, baina marka guztiak ontzera dator gaurkoa.

Ez dut Ruy Guerra oportunistatzat salatuko: filmak ez du idazle ospetsu baten moldatze komertzialaren aztarnarik; okerragoa da hau: pretentsioz puztutako lardaskeria. Argumentua hitz bitan laburtzearren: herrixka batean botere-borrokan dabiltza gobernuak izendaturiko alkatea eta bertako jauntxoak, adar-kontuak aipatu ohi dituzten paskinek giroa txartzen duten bitartean.

Gauez edo erdi-ilunetan gertatzen da film osoa, etengabe erortzen eta entzuten den euri tropikalak kaleak lokatzaz eta jendea amesgaiztoz betetzen duela. Euria eta ilunpea: pentsatzen jarrita, giro aproposa siesta on bat egiteko; filmak irauten duen bi orduak zerbaiterako aprobetxatuko nituen hartara.

Sua eta izotza

xme 2005/09/21 13:58

Jan Cvitkovic esloveniarraren "Odgrobadogroba" (Zulorik zulo) izan da asteazken honetan ikusi dugun bigarrena, film harrigarri eta sailkaezina, oro har komedia tonuan kontatua badago ere pasarte guztiz gogor eta krudelak baititu.

Hiletetako hitzaldiak eginez bizi da Pero, Eibarko Benigno Baskaran zenaren antzera, baina esloveniar hau pailazo samarra da berez, eta xelebreak ditu orobat ingurukoak: beti suizidatu nahi eta inoiz asmatzen ez duen aita, arreba gormutua, 600a tuneatzen duen laguna...

Elementu kontrajarriak elkarren ondoan jartzea baliabide interesgarria izan liteke, bizitzaren gazi-gozoak erakusteko-eta, hiletaren ondoren jendea mozkortzen eta orkestina eslaviarra Tom Jones-en "Sex Bomb" jotzen hasten denean bezala. Hala ere, Jan Cvitkovic askoz ere muturrerago joan da, pertsonaia batzuek une batean kantatzen duten bezala, "sua eta izotza" parekatzeraino, sexuaren alorrean batez ere: hasieratik erakusten dizkigu harreman posesiozko eta bortitz samarrak; hortik perbertsio gaixotietara igarotzen da, eta azkenerako bortxaketarik nazkagarri eta ankerrena ikusiko dugu.

Zuzendariak zer frogatu nahi zuen? Ez dakit. Ikusleok mutu utzi gaitu, irribarrea izozturik, bizitzaren zentzuaz edo zinemagile batzuen umore bereziaz galdezka.

Haluzinazio gogaikarria

xme 2005/09/21 10:19

Terry Gilliam, Monty Python taldeko irudi-sortzaile emankor eta harrigarrienak "Tideland" ekarri du Donostiara, haur baten fantasia-munduan barneratzen den film benetan aspergarria.

Gustuei buruz esan ohi da ipurdiak bezalakoak direla, hots, bakoitzak berea duela; hortaz, kontuz ibili behar dugu iritzia ematean, geure juzguen arrazoiak emanez eta desadostasunerako tartea utziz. Hala ere, filma ikustera koadrilan joan eta lagunarte horretatik kritikariek salbu denek amaitu aurretik alde egiten badute, zerbait txarto dabil.

Terry Gilliam-ek egundoko gaitasuna du mundu bisualak sortzeko, nahikoa da gogoratzea "Brazil", "12 monkeys" eta beste. Egunotan zinema-aretoetan ari dira ematen aurtengo bere beste film bat "Grimm anaiak". Trebezia hori agerian dago beste behin "Tideland" honetan, baina ikuspen eta irudi-sortak istorio baten zerbitzura edo hari loturik egon behar luke, eta hor egiten du film honek huts.

Jeliza-Rose guraso jonki eta zoratuekin bizi den neska-koxkor ameslari bat da (sekulakoa Jodelle Ferland haurraren lana, eta nabarmentzekoa Jeff Bridges, "Lebovski Handia" gogorarazten duen rolean); ez lagunik ez jaramonik egingo dion heldurik ez daukala, fantasia-mundu batean babesten da, panpinekin hitz eginez, errealitatearen eta ametsaren arteko marran jolastuz, pertsonaia are zoratuagoez inguratua.

Unibertso onirikoen fanatikoek gozatuko dute akaso. Niri, "beaje" txar bat iruditu zait, besterik gabe.

Giza balioen txatarra

xme 2005/09/20 15:31

Bohdan Slama zuzendari txekiarraren "Stesti" (Zorionaren antzerko zerbait) izan da astearteko bigarren filma, egungo hiri industrial bateko pertsonaien istorio gurutzatuekin hasi, baina kostunbrismoa gainditu eta gai sakonagoetara jauzi egiten duena.

Txikia nintzenean UHFn tarteka botatzen zituzten Europa Ekialdeko film haiekin gogoratu naiz: egiazko jendea eta problemak, Amerikako txiklearen aldean hain nabarmena egiten zitzaiguna eta Kieslowski batek goren mailara eraman zuena. Hau ez da Altzairuzko Hesiaz bestaldeko istorioa ordea: Txekia Europar Batasuneko kidea da gaur egun, gure auzoa, eta, berezitasunak berezitasun, antzeko arazoak dauzkana.

Monikaren mutil-laguna Amerikara doa, etorkizun oparoago baten bila; Tomik gazte alternatibo bat dugu, Monika isilka maite duena; Dasha ama gazte bat da, bere maitaleak jaramonik egin ez eta erotzen ari dena. Horiek eta auzo bereko beste hainbat lagunen bizitzak korapilatuz doaz filmean.

Espresuki aipatzen ez badira ere, zeharka ikusten ditugu egungo Txekia kapitalista berrira egokitu ez direnak: agure moxkortzioak, punki gazteak... Zentral nuklear baten ondoko hiri horretako hondakin eta puskailen antzeko zaharkinak dirudite, baina aldi berean sumatzen da inbididualismoaren kulturaz kanpoko bizimodu bat bilatzeko ahalegina.

Hain zuzen, filmaren berezitasu nabariena litzateke, modu sotilean, eskuzabaltasuna eta sakrifizioa, maitasuna eta errukia bezalako gaiak planteatzea, batere ideologikoa edo demagogikoa izan gabe. Drama tristearen atarian dabil oro har pelikula, baina Slama zuzendari gazteak asmatu du amaiera arroxari muzin eginez esperantzari leiho-tarte bat uzten.

Duintasunezko oroitzapenaren bila

xme 2005/09/20 11:11

Falklands/Malvinas uharteetako gerrara garamatza Tristan Bauer argentinarraren "Iluminados por el fuego" (Suak argiturik) film antibelizistak.

Argentinako Armadaren historia, berak nahiko lukeen aintza eta handitasunaren alderantzia da, izatez: kanpoko potentziak ez baizik eta bere herrikideak izendatu ditu aberriaren etsaiak, eta haien hiltze, bahitze eta desagerraraztean espezializatu. Diktadura militarraren garaian, kontrako presioa arindu eta herria kausa nazionalaren alde biltzeko, britainiarren jabetzako uhartedi hura inbaditu zuten, 1982an, baina emaitza desastre hutsa izan zen, alderdi gizatiar, militar eta politikotik.

Film hau 2001ean hasten da, piketeroen eta corralitoaren krisi garaian. Vargas soldadu ohia suizidatzen saiatu da, eta haren andreak Esteban Leguizamon-i deituko dio, Malvinasko abentura hartako lagunari. Horren haritik, hogei urte atzera egingo du Estebanek, eta gerra hura berreraikiko.

Stanley Kubrick-en "Paths of Glory" gogorarazten du film honek tarteka, epikaren kontrakoa bilatzen baitu: gerraren krudela, zentzugabekeria eta miseria erakutsi, eta militar profesionalen jarrera salatu: ofizialen erretorika aberkoi ustela, haien agintekeria harro merkea.

Alde horretatik oso ondo lortua dago Bauer-en filma, baita lubaki-kideen laguntasuna erakusten digunean ere, baina hala ere inpresioa sortzen du Historia lotsagarrizko bat iruditan jasotzera jo dela, benetako istorio bat kontatzera baino gehiago. Helburu jatorra da duintasunezko lekukotasun bat uztea, baina luzera aberatsago eta efektiboagoak izaten dira sorkari artistikoak.

Dolumin, maitemin

xme 2005/09/19 18:09

"April snow" (Apirileko elurra; ez dakigu jatorrizko izenbururik) Hur Jin-ho zuzendari korearrarena izan da asteleheneko hirugarrena, bikote-harreman eta sentimenduei buruzko melodrama hunkigarri baina geldoa; edo geldoa baina hunkigarria, norberak zein ezaugarri azpimarratu nahi duen.

Gizon-emakume adultero bi doaz autoan, istripua izango dute, eta koman geratzen dira biak. Haien senar-emazteek ospitalean ezagutuko dute elkar, eta baita egoeraz jabetu ere. Hortik aitzina, ezinbestean datorren aukera: bien artean zerbait sortuko ote den, ea horrek aurrera egiteko posibilitaterik duen, eta ea koman daudenak suspertuko ote diren, bata edo bestea, konbinazio-sorta osoarekin.

Hollywood-eko film komertzial batean ere ikusia genuen antzeko abiapuntua (abioi-istripuan hiltzen ziren han, eta protagonistetako bat politikari garrantzitsua zen). Pelikula amerikarraren aldean, delikadezia handiagoa eta ñabardura gehiago ditu korearrak, dudarik gabe, eta aktoreen lana neurtua da, eutsia ia.

Hala eta guztiz, planteamendutik aurrera ustekabe gutxiegi ditugula esango nuke, susmaturiko bideetatik gabiltzala une oro, eta ikusleari luzetxo egiten zaiola, horrenbestez.

Bihotz bakartien tangoa

xme 2005/09/19 13:58

Hiru film ditugu astelehenean sail ofizialean; bigarrena, "Je ne suis pas là pour être aimé" (Ez nago hemen maitatua izateko), Stéphane Brizé-k giza harremanen harrobi agortezinetik atera duena eta zinema frantziarra gure kontinenteko aberatsena dela erakustera datorrena, beste behin.

Jean-Claude 50 bat urteko gizon bat da, bizitza guztiz gris, arrunt eta kutrea duena: dibortziatua, epaitegietarako lan egiten du zorrak dituztenei bahimenduak jakinaraziz, seme koitadu ezgauza bat dauka berarekin lanean hasia, eta astean behin zahar-etxean bisitatzen du aita kexati-marmartia.

Françoise berrogei betetzekotan dagoen emakume maitagarri bat da, urte askoren ondoren ezkontzera doana Thierry-rekin, idazlea izan nahi omen duen tipo zabar eta berekoiarekin.

Bihotz bakarti bi, tango-ikastaro batek elkartuko dituenak. Hortik aurrerakoa erraz igar daiteke, planteamendua ikusita, baina sentiberatasunez eta sinesgarritasunez kontatzen asmatu du Brizé-k, hain gai erabilian errazegiak liratekeen topikoak aski ongi saihestuz.

Zinemaren historiara igaroko den filma izan gabe ere, komediaren eta dramaren elementuak egoki tartekatuz eta errealizazio zuzen batekin, pelikula txukun, duin eta gustagarria. Eta ez da gutxi.

Neskazahar bat Tangerren

xme 2005/09/19 12:11

Farida Benlyazid marokoarrak "La vida perra de Juanita Narboni" ekarri du Zinemaldira, Angel Vazquez idazle espainiarraren izen bereko nobelan oinarrituriko filma, emakume baten bakarrizketaren bitartez hiri baten bilakaera ere erakusten diguna.

Orain dela 25 bat urte Javier Agirre zinegile donostiarrak eleberri beraren beste bertsio bat egin zuen, bere emazte Esperanza Roy aktorearekin batera, eta Venezian saria lortu ere bai. Banuen lankide errezildar bat film hori bere kuttun eta fetitxetzat zuena, baina nik ez dut inoiz ikusi eta ezin konparaziorik egin. Errezildarrak utzi eta gatozen, bada, gaurko emanaldira.

Tanger da filmaren kokalekua eta, Juanitarekin batean, egiazko "suieta": gai eta protagonista. Hiri internazionalaren estatusa zeukan Tangerrek kolonialismo garaian, eta bertan bizi zen hainbat jatorri, hizkuntza eta erlijiotako jendea, ez nahas-mahas baina bai elkarren ondoan: frantses, ingeles, espainiar, judu eta arabiarrak (ugarienak baina azpiratuak). Nahasketa horren emaitza da Narboni andereñoa ere: aita gibraltarra eta ama andaluziarra, pasaportez britainiarra da eta, bera espainolez mintzo den arren, aitarekin erdi ingelesez egiten du, Lizeo Frantsesean ikasi duen ahizparekin erdi frantsesez, eta neskamearekin hitz batzuk arabieraz.

"Melting pot" horiek oso maiteak ditu zinemak, eta ondo aprobetxatzen du Benlyazid-ek girotze-lan ederra egiteko. Bestalde, Juanita bera neskazahar histeriko samarra da, frustratua, pattarra eta marmarra maite dituena, eta oso ongi dago emana pertsonaiaren bakardade eta patetismoa. Hala ere, hortxe amaitzen da filma; esan nahi baita, protagonistaren nortasun horren inguruan jirabira etengabean gabiltzala, eta bere berriketa bezain errepikakorra gertatzen dela azkenerako.

Bi momentu erakusten ditu batez ere filmak: bata, Espainiako gerra zibiletik II. Mundu Gerrara bitarte, Francok inbaditu egingo baitu hiria 1940an; bestea, 1960 aldean, Marokok independentzia lortu ostean, hiria bere jatorri arabiarrerantz itzuliz doala sumatzen baita, eta kolonia garaiko nagusiak nor bere metropolira itzultzen; Juanita Narboni bezalako batzuk salbu, horiek ez baitute beste aberririk, bertan arrotz sentitu arren.

Emakume biren gazi-gozoak

xme 2005/09/18 14:41

"Sommer vorm Balkon" ("Balkoiaren aurreko uda", hitzez hitz, nahiz badirudien "Uda bat Berlinen" izendatuko dela Alemaniatik kanpo) Andreas Dresen-ek zuzenduriko filmak bi lagunen bizitza-puska bat kontatzen digu, beren poz eta arazoak, egunerokotasunaren harian.

Katrin 40 urte betetzekotan da; banandua bizi da Max seme gaztetxoarekin, lan bila dabil, eta gehitxo edaten du; Nike neska gazte polit eta kementsua da, zaharrak zaintzen dituena etxez etxe baina gizon bat nahi duena bere bizizan. Atari berean bizi dira eta adiskide handiak dira.

Horra filmaren hasieran esan litekeena. Hortik aurrera, hobeto ezagutuko ditugu protagonista biak eta bien inguruko jendearen istorioak: Maxek ligatu nahi duen neskatxa, Nikek zaintzen dituen atso eta agureak... Filmari aurrera egiten laguntzen diona Nikek kamioizale batekin duen maitasun-afera da, bere baitan komedia polit baten osagai guztiak dituena, baina sustantzia gutxitxo ote den nago pelikula osoari eusteko.

Izan ere, nahiz akatsik ez eduki eta tartean drama-ukitu batzuk ere sartu (Katrinek bizi dituenak), film atsegin honek ez du funtsean ezer kontatzen, eta planteamenduan esan ditudan horiexek luzatzera mugatzen da irauten duen 100 minutuetan. Eta beste zerbait ere behar luke benetan ona izatera iristeko.

Andy eta Lucas, litxarreroak

xme 2005/09/18 10:59

Alberto Rodriguez espainiarrak "7 vírgenes" aurkeztu du igande goizean, gaizkiletzaren atarian dabiltzan gaztetxoei buruzko film sendo baina garratz samarra, Andaluziako hiri bateko bazter-auzoren batean kokatua.

Joan den astean artikulu bat idatzi nuen, hauts pixka bat harrotu zuena, gure artean gehien entzuten ziren abesti komertzialez, denak ere gaztelaniazkoak, eta adibideen artean ez nuen aipatu, aipa nezakeen arren, gaurko filma ikustean bururatu zaidana: Andy y Lucas bikote cadiztarrak kantatzen duen "Mi barrio".

Tano eta Richi (Andy eta Lucasen antzera) bihotzeko bi lagun handi dira, txikitatik. Tano erreformatorioan dago, baina 48 orduko baimena eman diote, bere anaia ezkontzen dela-eta. Zintzo ibiltzeko aholkatuko diote Tanori, ez sartzeko istiluetan, baina agindutakoaren guztiz kontrakoa egingo du noski mutikoak. Ez gaizto jarrita dabilelako ere: itxialdiaren ondoren askatasuna dastatzeko gogoa du, eta bere lagun-artean egin ohi dutena egingo du: zerbezatxoak, porrutxoak, arraiatxoak, lapurreta txikiak... Arazo larriagoren bat ere sortuko da tartean, hirian patruilatzen dabiltzan auzotarren autodefentsa-taldeekin, baina berez bezala doaz gauzak.

Gazteak bide "txarretik" baldin badoaz ere, ezin esan bide ona askoz hobea denik: lan kaxkarretan ahituta sumatzen dute langile-jendea, edo kanpora alde eginda, eta beraiek ez dute "pringao" horien antzera amaitu nahi. Horrenbestez, aukerak itxiz doaz, eta halako "no future" sentipen bat uzten digu pelikulak.

Ez nuen ezagutzen Rodriguez, eta zinegile serio bezain trebea dela erakutsi digu, istorioa esku onarekin kontatu eta aktoreak ederki zuzendu dituena. Juan Jose Ballesta protagonistaz gainera aipatu beharrekoa da Richi lotsagabearena egiten duen Jesus Carroza. Bestalde, helduen munduko jendeak pintzelkada pare batez sujeritzen digu neke eta penazko ibilbidea: Tanoren anaiak, amonak, Richiren amak...

Ez dakit filmak areto komertzialetan ze suerte izango duen, baina merezi du ikustea, eta merezi du zuzendariak horrelako edo bestelako istorioak kontatzen jarraitzea.

Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.