Neskazahar bat Tangerren
Farida Benlyazid marokoarrak "La vida perra de Juanita Narboni" ekarri du Zinemaldira, Angel Vazquez idazle espainiarraren izen bereko nobelan oinarrituriko filma, emakume baten bakarrizketaren bitartez hiri baten bilakaera ere erakusten diguna.
Orain dela 25 bat urte Javier Agirre zinegile donostiarrak eleberri beraren beste bertsio bat egin zuen, bere emazte Esperanza Roy aktorearekin batera, eta Venezian saria lortu ere bai. Banuen lankide errezildar bat film hori bere kuttun eta fetitxetzat zuena, baina nik ez dut inoiz ikusi eta ezin konparaziorik egin. Errezildarrak utzi eta gatozen, bada, gaurko emanaldira.
Tanger da filmaren kokalekua eta, Juanitarekin batean, egiazko "suieta": gai eta protagonista. Hiri internazionalaren estatusa zeukan Tangerrek kolonialismo garaian, eta bertan bizi zen hainbat jatorri, hizkuntza eta erlijiotako jendea, ez nahas-mahas baina bai elkarren ondoan: frantses, ingeles, espainiar, judu eta arabiarrak (ugarienak baina azpiratuak). Nahasketa horren emaitza da Narboni andereñoa ere: aita gibraltarra eta ama andaluziarra, pasaportez britainiarra da eta, bera espainolez mintzo den arren, aitarekin erdi ingelesez egiten du, Lizeo Frantsesean ikasi duen ahizparekin erdi frantsesez, eta neskamearekin hitz batzuk arabieraz.
"Melting pot" horiek oso maiteak ditu zinemak, eta ondo aprobetxatzen du Benlyazid-ek girotze-lan ederra egiteko. Bestalde, Juanita bera neskazahar histeriko samarra da, frustratua, pattarra eta marmarra maite dituena, eta oso ongi dago emana pertsonaiaren bakardade eta patetismoa. Hala ere, hortxe amaitzen da filma; esan nahi baita, protagonistaren nortasun horren inguruan jirabira etengabean gabiltzala, eta bere berriketa bezain errepikakorra gertatzen dela azkenerako.
Bi momentu erakusten ditu batez ere filmak: bata, Espainiako gerra zibiletik II. Mundu Gerrara bitarte, Francok inbaditu egingo baitu hiria 1940an; bestea, 1960 aldean, Marokok independentzia lortu ostean, hiria bere jatorri arabiarrerantz itzuliz doala sumatzen baita, eta kolonia garaiko nagusiak nor bere metropolira itzultzen; Juanita Narboni bezalako batzuk salbu, horiek ez baitute beste aberririk, bertan arrotz sentitu arren.