Aurki ezazu Telendro bat Googlen!
Hau da Telendro orria, Aurki-n kokatu duguna lehiaketa bat irabazteko. Lehiaketa jarri du abian Dirson-ek, Google-ri buruzko gaztelaniazko albistegi primerakoak. Telendro hitza Googleko bilaketa batean nork lehena jarri, hark irabazi. Ez da adar-jotzea. Lehiaketa bat da, eta batzuek irabazteko intentzio serioa daukagu. Oraingoz, lehenak goaz Google-n baina irailera arte, tarte handia dago. Aipamenak lortzen ari gara hortik, eCuadernon eta IdeaSapiens-en kasu.
Nonbait Dirson jauna edo andrea euskalduna ere badela jakin dugu.
San Ignuzioren etorrera Bilbora
Richard Stallman ikusi eta entzun nuen atzo, Josulagunen Unibertsitateko paraninfoan, Deustun. Hitzaldiaz eta galde-erantzunez gain, show-arentzako tartea ere egon zen, nola ez. Santu-irudiz margotutako paraninfo jesuitikoan, San Ignazioaren begiradapean, tunika eta aureola atera eta jantzi zituen, bere ere santua zela adierazteko, San Ignuzio. Irudian bezala, baina argi izpirik irten barik.
Emacs-eko elizaren fedea erakutsi zigun, santuak bai baina jainkorik ez duen eliza, eta gure ordenagailuak bedeinkatu zituen. Guk ere badugu santu izateko aukerarik, baina horretarako, zorrotzak eta puruak izan behar dugu, eta lehenengo eta behin, exorzismoa egin behar dugu gure ordenagailuetan: programa pribatibo oro kendu behar dugu gure makinetatik...
Goizean Ciberart-eko ekitaldian egon zen Richard Stallman, GNU sistemaren sortzaile eta software librearen guru nagusia. Arratsaldez, e-Ghost Deustuko talde librearen antolakuntza militanteak gonbidatuta, Deustuko paraninfoan. Han ikusi genuen lagun askok.
Gaztelaniaz mintzatu zen Richard. Software librearen kontzeptura eta sorkuntzara nolatan eta zergatik iritsi zen kontatu zigun. Bere "biografian" http://www.oreilly.com/openbook/freedom/ idatzita dauden datuak dira, Xerox inprimagailuarekin gertatu zitzaiona eta...
Nik apunte batzuk hartu nituen hitzaldian. Horra ideia batzuk:
- Esaten digute lagun bati zerbaiten kopia ematea pirata izatea dela. Laguntzea eta untziak armaz abordatzea, gauza bera direla. Ez da egia.
- Kolaborazioaren bidez, software modu demokratikoan garatzen da. Ez bozketa bidez, baina erabakiak erabakien gainean elikatzen dira, eta azkenean erabaki soziala gailentzen da.
- Softwarearen askatasunez gain, beste askatasun batzuk badaude munduan, eta ezin dira programatzen defenditu, zeuk defenditu behar dituzu. Espainian Zapaterok aukera du orain M-11-ren ondoren, askatasun murrizketarik ez ezarri eta erantzun positiboa eman ahal izateko (noski, Stallmanek espainol gisa tratatu gintuen Deustuko paraninfoan geundenok, Massachussetsen gutaz duten ikuspegi geo-politikoaren etorri zen, eta haretxekin joango zen, diot nik).
- Bere mugimendu eta ideiek, softwaregintzan dute eragina, eta eduki libreetan beharbada... baina hortik kanpora (galdera egin zion batek, ea globalizazio politiko-ekonomikoaren aurrean berea iraultza aldarria ote zen... baina Stallmanek ez zion baietz esan).
- Lehentasuna behar dugu, hemen eta orain, Europako software patenteen auzian esku hartu.
- Software-ideia patentatzen badira, lan informatikoa mina-zelaia igarotzea bezala izango da. Ez dugu jakingo, lerro bat idaztean, noiz zapaltzen dugun ideia bat ala ez.
- Patente informatikoak, ez dira injinerutzakoak bezala. Injinerutzan, materia fisikoarekin borrokan, urrats bat ematea gauza zaila da, eta osagai gutxi izaten du aurrerakuntza patentatu batek. Informatikan, softwareak milaka edo milioka lerro ditu, eta "software ideia" bat egitea erraza da, lerro pare bateko kontua da, ez da materiaren kontra egin beharreko aurrerakuntza bat. Gainera, software produktu batean ehundaka ideia egon daitezke, era horretakoak. Tresna eraginkorragoak egiteko balio dezale injinerutza fisikoko patenteak, baina patenteek softwarean programa eraginkorrak galerazi eta zaildu egiten dituzte. Gainera, patente "fisikoak" enpresak dituzte helburu, eta ez dute erabiltzailearen gainean errestrikziorik ezartzen: autoak parte patentatu asko ditu, baina tuning egitea ez zaio inongo erabiltzaileri galerazten. Softwarearekin, patentearen mugak erabiltzaileari ere ezartzen zaizkio (autoaren adibide hau ez zuen Richardek esan, baina uste dut balio duela Stallmanek esan ziguna ikusarazteko).
Mondegreen fenomenoa
Mendigurenek kontatzen digu Mondegreen
fenomenoaren adibide bat Eibartarrak zerrendan: >... eta >abesti batean bazen kontu nire ustez harrigarri bat: "Nuevayortikan" >ez-dakit-nora esaten zuen halako batean. "Nuevayortikan" hori ondo egokitzen >zen neurriz, baina pentsaeraz eta erreferentziaz arraroegia zen >Larrañagarengan. Grabazioa berriz entzuteko esan nion nire lankideari, >entzun genuen, eta azkenean konturatu ginen "Fuenmayortikan" esaten zuela >(Errioxako herri bat). Kantu baten letra aldrebes entzuteko daukagun abilezia. Hori da Mondegreen bat, ingelesez behintzat. Hemen, batek Bob Dylan-en bat kontatzen du, The ants are my friends.. http://phrases.shu.ac.uk/meanings/352450.html Neure seme Peru jeniala da holakoetan. Iaz abesten zuen: - Andre Maria, siempre serás mía. eta aurten: - Tubería, tubería! RRV-aren denboretan, nik Bilbon entzundakoak: - Eh, cho!, que te he dicho que no! (Hertzainak) - Cristo en Barrencalle, cristo en Barrencalle (Jotakie, Kriston burrundaye) Nik ikastolan umetan egiten nuena: - Munduaren aurrean, bisontia saldu (Munduaren aurrean gizonki azaldu, Pantxoa eta Peio, Aitorren hizkuntz zaharra) Mondegreenak oso itsaskorrak dira. Buruan sartu zaigunean hori esaten diharduela, horixe entzuten dugu behin eta berriro. Harik eta jakiten dugun arte, zein den letra benetakoa: une horretatik aurrera, letra zuzena entzuten dugu, eta galdetzen diogu gure buruari nola zitekeen aurrekoa gure burutik pasa. Izan ere, Steven Pinker hizkuntzalariari irakurria diot, mekanismo kuriosoren bategatik, Mondegreenetan entzundakoak ez dira izaten, normalean, kantarekin bat etor daitezkeen esaldiak, ateraldi zentzugabeak baizik. Luistxo
Artea(ga) da Euskadi
Zumalde, El Cabra. Arteagan ETAren museoa ireki omen duena. Etarra edo jeltzale edo nik-zer-dakit heterodoxo samarra beti... Erdaraz, "como una cabra" esango liokete askok. Nonbait, hau eta bere taldea izan ziren duela 40 bat urte Durangaldean Garaira sartu eta herritxo hori okupatu/liberatu zutenak. Ba, hara, Mendiguren gure zerrendakideak anekdota horrekin antzerkitxo bat idatzi zuen: Garai(a) da Euskadi. Zera da koxka: inoiz izan da Euskadi askaturik? Ba orduantxe izango zen, Garai, territorio liberatua, Euzkadi independentearen ametsa, sei orduz bada ere, egia bihurturik. Errepublika labur horren bizipen esperpentikoa da Mendigurenek idatzitakoa. Aipatu nahi nuen hau, bihar Liburuaren Eguna izanik, promozio giro jator honetan segitzeko. Viva Cervantes y su instituto. Portzierto, erakusketa hori "Artean" dagoela... Herri horren euskarazko izena Arteaga da, Artea idaztea Maltza edo Agiña idaztea bezainbestekoa da (Udalak izen ofizial hori aukeratu arren). Herri izendegia: http://www.euskaltzaindia.net/eoda/index.asp?hizkuntza=eu&onoma=herriak
Ni cedro, ni cerdo, dio gure ulemak
Copyrightari uko egin diot, hala nola musulmanak txerrikiari. Euskal Idazleen Elkarteko bazkidetza utzi dut, harekin lotutako CEDRO egile eskubideen "vigilante" retrogradoekin loturarik ez izateko. ( http://www.cedro.org ) . Ni cedro, ni cerdo, dio gure ulemak. Aitortza osoa izan dadin, zehaztu behar dut, baja eman aurretik CEDROtik nonbait tokatzen zitzaizkidan 23 euroen likidazioa agindu niela, eta bidali zidatela txekea etxera. Baita nik hura kobratu ere, Banco de Santanderren. Paradisurako bidea hartu aurretik, plazer terrenal txikitxo bat gorputzarentzat. Horixe izan da. Mohammed Attak ere, 40 birjinekin elkartu aurreko asteetan vodka katxarroak hartzen zituen Floridako tabernetan.
Plazido Mujikaren hiztegia
Plazido Mujikaren hiztegiari kritikak Eibartarrak zerrendan. Asierrek: Hiztegigintzan (bizitzan moduan) badagoz kantidadezaliak eta kalidadezaliak. Mujika lehenengo taldekua da. Beran helburua, hiztegi potolua eittia. Zehaztasun faltia, adiera okerrak... bardin jako. Ederra aldia Azkuekin: Kantidadia bai, baiña kalidadezkua eta zehatza. Amatiñok: Nik beti esan izan juat Mujikaren altxorraz egoki eta zuzen baliatzeko euskera asko jakin bihar dala. Biltegi galanta dok baiña ez jok euskaldunbarrixari zalantzak argitzeko balixo. Dana dala, argitaratu zan (hire aitxitxan dirulaguntzaz) denporan ez jeguan beste aukerarik. Kriston biharra, sekulako bonbazua izan zuan. Nik kazetari hasibarri moduan bisitau najuan bere Loiolako gelan eta ikustekua zuan gizon txiki-txiki ha millaka edo milloika fitxan artian. Egunkarian nenbilenean gure hizkuntza arduraduna, Patxi Petrirena, hiztegi honen oso aldekoa zen. Hizkera mediatikoko egunero sortzen diren jiro, topiko eta forma berriei erantzuteko orduan, ideiak emateko oso ontzat jotzen zuen Mujika. Kantidadea ondo etortzen da batzuetan. - Misil bat noraino iristen da? "alcance" begiratu eta 30 bat forma bai. Irispen horietako bat. Egunkarian irismen
erabiltzen hasi ginen. Teknohizkeran ideiak hartzeko ere balio zezakeen. - "enlace" begiratu, eta lotura, esteka eta beste dozena bat, hor, aukeran. - "preferencia" begiratu, eta beste ideia mordoa. - "pestaña" begiratu, eta adiera bat da "saliente en el borde": B, Erlatz. Pestaña bat Interneten, elementu grafiko ezagun bat da. Ikusi http://www.amazon.com eta atal nagusiak bereizten dituzten lotura grafikoak (Welcome, Books, Music...), goian, horiek dira "pestañak" gaztelaniaz. Ingelesez TAB esaten zaie, eta euskaraz, Mozilla nabigatzailea erabiltzen dugunok, bederen, fitxa
esaten ikasi dugu. Luistxo
Bilbao Exhibition Centre (BEC) eta "gure euskara"
Atzo zabaldu zuten Bilbaoko erakustazoka berria, Bilbao Exhibition Centre (BEC). Juan Jose Ibarretxe lehendakariak zera esplikatu zigun irekiera ekitaldian: "Gure euskal identitatea, gure euskara, gure produktuak, munduko plazan ipintzeko", horretarako izango da BEC.
Beharbada, euskaraz jarri izan baliote izena... Baina bestela, zaila egiten zait sinestea horretarako, "gure euskara" zabaltzeko, izango denik BEC
Baina izena guztiz erdalduna du, ingelesezkoa zehazki: Bilbao Exhibition Center.
Halabeharrez, laburdura asmatu behar izan diote, ze ingelesez izan arren, luzeegia da hala ere. Laburdura, beraz, BEC, baina ere berean, domeinua ez da BEC, baizik eta izen luzearena: bilbaoexhibitioncenter.com idazteko orduan luzeegia duda barik, akatsetarako errazegi.
Bilatzaileen bidez ere, BEC bilatuta aurkituko ote da hori? Horra zalantza: bi izenak dira ingelesak, baina bata luzeegia eta konplikatuegia, eta bestea laburregia eta jenerikoegia (BEC piloa dago munduan, eta Googlen ere bai, noski).
Buletin bat ere badu erakustazoka berriak, InfoBEC. Gazteleraz eta ingelesez bakarrik eskuratu daiteke, oraingoz. Erakustazokaren azpiegitura lan guztiak amaitutakoan jarriko dute euskaraz, agian.
Ikusiko dugu, ea nola zabaltzen duen BEC-ek "gure euskara" munduko plazan.
Richard Stallman, azkenean doan
Richard Stallman, azkenean Bilbon apirilaren 26an, doan. Deustuko unibertsitateko e.Ghost-ekoek marabillak egin behar izan dituzte Ciber-Art-ekoekin gauzak adosteko, baina hor doa informazio ofiziala, argitaratu daitekeen bezala. Duela aste batzuk eman genuen Stallman-en bisitaren berri Sustatun. Informazioa osatu dezakegu orain.
CiberArt ekitaldiaren barruan emango duen hitzaldia, datorren astelehenean izango da, hilak 26. Goizeko 9.40an izango da Euskalduna Jauregiko hitzaldia, A1 aretoan. 600 lagunentzako sarbidea du, eta CiberArt-eko matrikula egin dutenek izango dute sartzeko lehentasuna, matrikulatu gabeentzat ere, tokirik balegoi, sarbidea egongo delarik. Ingelesez hitz egingo du Richard M. Stallmanek Euskalduna: Software librea, kultura librea izenburuko hitzaldia emango du
Ondoren, arratsaldez, Deustuko Unibertsitatea bisitatuko du Stallman-ek. 17.30etan, bertako komunitate akademikoarekin eta euskal hacker taldeekin elkartuko da, paraninfoa. Sarbidea bakarrik aretoaren tamainak mugatuko du (400 lagun). Deustuko Unibertsitaterako bisita CiberArt-ek eta Deustuko Unibertsitateko software libreko taldeak, e-Ghost-ek, antolatu dute. Bien artean adostu da informazio hau zabaltzea, honako agiri honen bidez (gaztelaniaz). Deustuko paraninfoan emango duena gaztelaniaz izango da (badaki Stallmanek), bere hitzaldi klasiko bat: Software librearen mugimendua eta GNU/Linux sistema eragilea.
Azkenik, iluntzean (Sustatu-n bertan iragarri zutenez baina oraingoz ordu zehatzaren informaziorik gabe) Leioako Udondo Gaztetxeko Metabolik Hacklab-ekoek antolatuta, afari-elkarketa bat egingo da Stallman-ekin lasai-lasai egoteko aukerarekin, eta bidez batez, X-Evian LiveCDa aurkeztuko dute. Printzipioz, 20.30etan hori, baina jarri kontaktuan Metabolik-ekoekin, afarian laguntzatxo bat emateko ere ez zaie gaizki etorriko eta.
Arrain-Zope
Zope web aplikazioen zerbitzariaz jarduteko posta-zerrenda euskalduna da Arrain-Zope. Zopetista euskaldunen bilgunea izan dadila Arrain-zope. Sortzailea neu naiz, Luistxo Fernandez, CodeSyntax enpresakoa, baina espero dut zerrenda hau ez lotzea Codesyntax-ekin. Hasierako partehartzaile zerrendan, ezagutzen ditudan zopetista batzuk apuntatu ditut, eta batzuk dira nire enpresakoak, eta beste batzuk, ez. CS-koak ere, enpresaz kanpoko saltsetan ibiltzen gara Zope-rekin.
Hasierako harpidedunak:
- Gari Araolaza, Codesyntax, Eibar.org (Zettai) - Josu Azpillaga, Codesyntax, Uztarria, Aizarna.com (Zettai) - Luistxo, Codesyntax, Manterola.org (Zettai) - Igor Leturia, Elhuyar-Hizking21, Emun.com (webmaster orijinala) - Peio Arreitunaindia, IMH, Atxukale.com (Zettai) - Joseba
Pepe
Makazaga, EHU, eta bere proiektutxoak - Oier Araolaza (Dantzan.com) - Mikel Larreategi (Eibar.org)
Besterik ezagutzen baduzue hortik, mesedez gonbidatu parte-hartzera.
Printzipioz, zerrenda honela konfiguratu dut:
- izen-emate librea
- parte-hartze moderatugabea
- ataxmenik ez
- artxibo irekiak, publikoak
http://es.groups.yahoo.com/group/arrain-zope/messages
Konfigurazioaz beste zehaztapenik balu inork, mesedez esan.
Lehen puntuari dagokionez, zera pentsatu dut, zerrenda-kide berri bakoitzari aurkezteko eskatzea. Nahi duenak egingo du, nahi ez duenak, ez. Moderatzaile gisa, hala ere, izen-emate berri bakoitzaren oharra jasoko dut, eta zein apuntatu den publiko egingo dut, zerrendara mezua bidaliz eta aurkezteko eskatuz.
Gaiak:
- DTML eta script truko, adibide, eta arazoak
- Zope euskaraz: Localizer eta beste
- Hosting-a, bereziki Zettai.net darabilgunon artean
- produktuen euskaratze posibleak
- soft librea eta euskaldunok, oro har
Andoni eta Ixiarren ezkontza
Andoni eta Ixiarren ezkontzan... Ez nintzan izan argazki kolektibuan, eta kamara dijitala eruatia be ahaztu. Eskerrak Patxi akordau zan, eta harenakin hau etara genduan.