Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Ingelesen hilerria / San Ignuzioren etorrera Bilbora

San Ignuzioren etorrera Bilbora

moblog 2004/04/27 12:17

Richard Stallman ikusi eta entzun nuen atzo, Josulagunen Unibertsitateko paraninfoan, Deustun. Hitzaldiaz eta galde-erantzunez gain, show-arentzako tartea ere egon zen, nola ez. Santu-irudiz margotutako paraninfo jesuitikoan, San Ignazioaren begiradapean, tunika eta aureola atera eta jantzi zituen, bere ere santua zela adierazteko, San Ignuzio. Irudian bezala, baina argi izpirik irten barik.

Emacs-eko elizaren fedea erakutsi zigun, santuak bai baina jainkorik ez duen eliza, eta gure ordenagailuak bedeinkatu zituen. Guk ere badugu santu izateko aukerarik, baina horretarako, zorrotzak eta puruak izan behar dugu, eta lehenengo eta behin, exorzismoa egin behar dugu gure ordenagailuetan: programa pribatibo oro kendu behar dugu gure makinetatik...

Goizean Ciberart-eko ekitaldian egon zen Richard Stallman, GNU sistemaren sortzaile eta software librearen guru nagusia. Arratsaldez, e-Ghost Deustuko talde librearen antolakuntza militanteak gonbidatuta, Deustuko paraninfoan. Han ikusi genuen lagun askok.

Gaztelaniaz mintzatu zen Richard. Software librearen kontzeptura eta sorkuntzara nolatan eta zergatik iritsi zen kontatu zigun. Bere "biografian" http://www.oreilly.com/openbook/freedom/ idatzita dauden datuak dira, Xerox inprimagailuarekin gertatu zitzaiona eta...

Nik apunte batzuk hartu nituen hitzaldian. Horra ideia batzuk:

  • Esaten digute lagun bati zerbaiten kopia ematea pirata izatea dela. Laguntzea eta untziak armaz abordatzea, gauza bera direla. Ez da egia.
  • Kolaborazioaren bidez, software modu demokratikoan garatzen da. Ez bozketa bidez, baina erabakiak erabakien gainean elikatzen dira, eta azkenean erabaki soziala gailentzen da.
  • Softwarearen askatasunez gain, beste askatasun batzuk badaude munduan, eta ezin dira programatzen defenditu, zeuk defenditu behar dituzu. Espainian Zapaterok aukera du orain M-11-ren ondoren, askatasun murrizketarik ez ezarri eta erantzun positiboa eman ahal izateko (noski, Stallmanek espainol gisa tratatu gintuen Deustuko paraninfoan geundenok, Massachussetsen gutaz duten ikuspegi geo-politikoaren etorri zen, eta haretxekin joango zen, diot nik).
  • Bere mugimendu eta ideiek, softwaregintzan dute eragina, eta eduki libreetan beharbada... baina hortik kanpora (galdera egin zion batek, ea globalizazio politiko-ekonomikoaren aurrean berea iraultza aldarria ote zen... baina Stallmanek ez zion baietz esan).
  • Lehentasuna behar dugu, hemen eta orain, Europako software patenteen auzian esku hartu.
  • Software-ideia patentatzen badira, lan informatikoa mina-zelaia igarotzea bezala izango da. Ez dugu jakingo, lerro bat idaztean, noiz zapaltzen dugun ideia bat ala ez.
  • Patente informatikoak, ez dira injinerutzakoak bezala. Injinerutzan, materia fisikoarekin borrokan, urrats bat ematea gauza zaila da, eta osagai gutxi izaten du aurrerakuntza patentatu batek. Informatikan, softwareak milaka edo milioka lerro ditu, eta "software ideia" bat egitea erraza da, lerro pare bateko kontua da, ez da materiaren kontra egin beharreko aurrerakuntza bat. Gainera, software produktu batean ehundaka ideia egon daitezke, era horretakoak. Tresna eraginkorragoak egiteko balio dezale injinerutza fisikoko patenteak, baina patenteek softwarean programa eraginkorrak galerazi eta zaildu egiten dituzte. Gainera, patente "fisikoak" enpresak dituzte helburu, eta ez dute erabiltzailearen gainean errestrikziorik ezartzen: autoak parte patentatu asko ditu, baina tuning egitea ez zaio inongo erabiltzaileri galerazten. Softwarearekin, patentearen mugak erabiltzaileari ere ezartzen zaizkio (autoaren adibide hau ez zuen Richardek esan, baina uste dut balio duela Stallmanek esan ziguna ikusarazteko).
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Luistxo Fernandez

Lan egiten dut CodeSyntaxen, Sustatun ere dexente editatzen dut. Eibarren jaioa naiz (1966) eta Donostian bizi naiz. Twitterren @Luistxo naiz. Azpìtituluak.com proiektuan ere banabil, eta niren kontsumo kulturala zertifikatzeko. Gainera, blog honek erdarazko bi bertsio ditu:

The English Cemetery

El cementerio de los ingleses

Nire kontsumo kulturala: 2012/13 | Zinea | Telebista | Artea | Liburuak | Antzerkia | Musika

Hemengo edukien lizentzia: Creative Commons by-sa.

E-postaz harpidetu: hemendik.

artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005 2004