Richard Stallman, azkenean doan
Richard Stallman, azkenean Bilbon apirilaren 26an, doan. Deustuko unibertsitateko e.Ghost-ekoek marabillak egin behar izan dituzte Ciber-Art-ekoekin gauzak adosteko, baina hor doa informazio ofiziala, argitaratu daitekeen bezala. Duela aste batzuk eman genuen Stallman-en bisitaren berri Sustatun. Informazioa osatu dezakegu orain.
CiberArt ekitaldiaren barruan emango duen hitzaldia, datorren astelehenean izango da, hilak 26. Goizeko 9.40an izango da Euskalduna Jauregiko hitzaldia, A1 aretoan. 600 lagunentzako sarbidea du, eta CiberArt-eko matrikula egin dutenek izango dute sartzeko lehentasuna, matrikulatu gabeentzat ere, tokirik balegoi, sarbidea egongo delarik. Ingelesez hitz egingo du Richard M. Stallmanek Euskalduna: Software librea, kultura librea izenburuko hitzaldia emango du
Ondoren, arratsaldez, Deustuko Unibertsitatea bisitatuko du Stallman-ek. 17.30etan, bertako komunitate akademikoarekin eta euskal hacker taldeekin elkartuko da, paraninfoa. Sarbidea bakarrik aretoaren tamainak mugatuko du (400 lagun). Deustuko Unibertsitaterako bisita CiberArt-ek eta Deustuko Unibertsitateko software libreko taldeak, e-Ghost-ek, antolatu dute. Bien artean adostu da informazio hau zabaltzea, honako agiri honen bidez (gaztelaniaz). Deustuko paraninfoan emango duena gaztelaniaz izango da (badaki Stallmanek), bere hitzaldi klasiko bat: Software librearen mugimendua eta GNU/Linux sistema eragilea.
Azkenik, iluntzean (Sustatu-n bertan iragarri zutenez baina oraingoz ordu zehatzaren informaziorik gabe) Leioako Udondo Gaztetxeko Metabolik Hacklab-ekoek antolatuta, afari-elkarketa bat egingo da Stallman-ekin lasai-lasai egoteko aukerarekin, eta bidez batez, X-Evian LiveCDa aurkeztuko dute. Printzipioz, 20.30etan hori, baina jarri kontaktuan Metabolik-ekoekin, afarian laguntzatxo bat emateko ere ez zaie gaizki etorriko eta.