Kamiltxo eta Ibermatica
Joan den astean teknologia ekitaldia batera joan nintzen, gonbidapena aldez aurretik konfirmatuta. Ahotsaren teknologiak euskararentzako: diru inbertsio handia egin du Jaurlaritzak Scansoft enpresarekin, eta hark zer eman duen ezagutzera (Aditu izeneko ekimena). Bezperan e-posta mezu hau jaso nuen antolakuntzatik:
Subject: Acceso jornada técnica "Presentación Programa Aditu"Os adjuntamos el plano de acceso al Parque Tecnológico de Miramon (Donostia/San Sebastián) que facilita la organización del mismo.
Un saludo,
Euskarazko bertsiorik ez. Biharamunean, joan nintzen ekitaldira, Donostian, eta hurbildu zitzaidan antolakuntzako bat. Hauxe izan zen gure elkarrizketa:
HARK: Hola, ¿quiere la documentación y auriculares para seguir la presentación?
NIK: Nahi nukeena da norbaitek euskaraz atenditzea.
HARK: La traducción está disponible para el euskera y también para el inglés.
Ekitaldiko hizlari nagusiak izan ziren Kultura Sailburua (Miren Azkarate euskaltzaina) eta Hizkuntza Politikako Sailburuordetzako Koordinazioko zuzendaria.
Antolakuntzakoak ez ziren nonbait HPSkoak, Ibermaticakoak baizik, Gipuzkoako informatika enpresa handienekoak. Aditu programa honetan lan dexente izango dutela ematen du, ze behin teknologia garatuta, kontua da ezarri egin behar dela. Berez teknologia prest egoteak ez du esan nahi erabiliko denik: adibidez, panpinek euskaraz egiteko teknologia aspalditik dago eskuragarri, baina 21. mendea iritsi arte ez da halakorik izan euskaraz: Kamiltxo hartza, nonbait kasu bakarra oraindik sekula dendetako apaletan.
Ba, orain ere, teknologia ordain-fakturatik salto egin eta erabilpen praktikora iritsi dadin, Jaurlaritzak enpresa eta bezero potentzialen ezarpen posibleen kasu azterketak lagunduko ditu. Azterketa horietan kontsultore, Ibermatica izango da. Euskararen inplantazio enpresarialean laguntzeko horixe, bai, partner aukerakoa, weba erdera hutsez daukan enpresa. (hala ere, zirrikitu batetik sartu zaie euskara! adi irudiari segurtasun neurri eskasen ondorioa da, ez nahita agertutako ezer). Kamiltxok baino euskara gutxiago horiek
Aditu izeneko kontu honez Sustatun ere idatzi nuen
Papera / digitala
Zer egingo diogu ba. Papera doa bide batetik, digitala beste batetik. Txoke bat dagoela bi mundu horien artean. Euskararen informazio zikloan albisteak batean eta bestean nola tratatzen diren da horren adierazgarri bat. Eta beste pare bat: Liburutegietako maileguari buruzko eztabaida; eta Eusko Jaurlaritzako HPSren laguntzetan paperak duen pisu nabarmenagoa. Sari banaketa pare batean Julen Gabiriak Bilboko Udal agintariekin izan dituen talka dialektikoak komentagai izan ditugu Interneten, Julenen blogean, beste blog batzuetan ere bai, eta Eibartarrak zerrendan ere bai.
Azken sariaren kontuak aipamena izan zuen Berrian. Bost bat lerro, juxtu juxtu. Berriako kazetariarentzat inportantea izango zen Julenek botatakoa (zerrendan kontatu zigunez, eskertu egin zion protesta), baina ez, nonbait, Berriako irakurleentzat.
Aurreko sariaren inguruan ere, Azkunaren zirko hura, benetan huraxe zen albistea, eta, bitxia bada ere, guk internautok, hori badakigu: komentatzen ditugu komentarioa merezi duten gauzak. Baina hedabide tradizionaletan ez dago, nonbait, usaimen bera duen inor... Eta, gainera, kazetariak gure blogak eta gauzak irakurtzen dituzten arren, ez duzu ikusiko, Julen, euskarazko interneteko esparruan edo blogosferan sortu den ezer, albiste bat, iritzi bat, polemika bat, scoop bat, sekula-sekula, uhin-errotatibetako notizia bihurtzen. Boliviakoaz, beharbada, informatuko dira Internetez eta han aurkituak kontatuko dituzte medioetan, baina, gu, euskal internautak, ez gara sekula notizia iturri.
Blogisten protesta, adibidez, DV eta Diputazioaren endredoaz... Gutuna, eta juxtu juxtu, apropos bidali genuelako! Hortik aurrera, hutsa gara, zero.
Zer da euskarazko Internet esparrua hedabide euskaldunentzat? ezer ere ez
Internetekoak albiste bihurtzen dituzten bakarrak, gure espeziekoak dira, kolaboratzaile kanpotarrak medioetan asteroko atal espezialduetan zokoratuta: Patxi Gaztelumendi Euskadi Irratian eta Jabi Zabala Berrian (baina utzi duela iragarri du).
Beste inoren errutinan ez gara sartzen. Eta Julen Gabiria ere, albiste da errutinagatik, sariaren errito programatuagatik, fax konbokatoriagatik: ez esaten duenagatik edo zinegotziei pasarazten dizkien estuasunengatik. Argazkia ere, Gabiria+saria, ez zinegotziaren aurpegia...
Arreta faltaren kontu hau ez da ere, erabatekoa. Apur bat esajeratzen ari naiz. Iritzietan normalago aurkitzen da prentsan Interneten arrastoa: Berrian Lakasta, Iñigo Aranbarri edo, batez ere, Lertxundirenenean. Argia astekaria ere atentoxeago dago Interneteko aktualitatera.
Hedabide tradizionalen kasu eskasaren kontu honetan, grazia egiten dit Euskadi Irratiko arratsaldeetako tertuliako kasuak. Maite Artolarekin egoten diren horiek, 20.30ak bitartean. Ohitura dute digitalei errepasoa egiteko, Internet bidez. Berria, El Mundo, Le Monde: horietan zer dagoen web portadan. Paperari begira, hor ere, ez zaie sekula okurritu (baina, ezta buruan haizeak urrinetik eman ere) aktualitate digital euskaldunak ea zer dioen (Berria salbu, papera salbu, alegia)... zer dioen blogosferak edo... Eta euren artean blogista bat dago, Mikel Irizar.
Horra, paperaren eta digitalaren arteko talka horren beste fronte batzuk
Liburutegietako mailegua
Musika eskubide editorialen defentsa korporatiboan, Internet, kopia eta partekatze-mekanismoen kontrako demonizazioa, kanon-kobraketa eta halakoak bultzatzen dihardute. Paperezko editoreek ere fotokopiagailua demonizatu eta zergapetu zuten bere garaian, eta orain papera doan irakurtzeko beste modu bat jarri dute jomugan: liburutegietako mailegua. Ikuspuntu bat Joana Albret taldeak Eibar.org-en daukan bazterrean eta Editoreen Galeuscan entzundakoak, non, dena esateagatik, uste dut Xabier Mendigureni Interneteko esparru libertinoaren zeozer pegatu zaion...
Liburutegietako maileguarenaak ez du beharbada papera / digitala dikotomiarekin zerikusi zuzenik, papera / papera delako hor jokoan dagoena. Baina, nire ustez, musikatik datorren astindu digitalak eragin du Linea Maginot hori eraiki nahia
Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntzak
Paperak gero eta pisu handiago du Kultura Saileko HPSren ingurutik sortzen diren euskararen aldeko laguntzetan. Sustatuko albiste honetan informazio apur bat. Hor aipatzen da Interneteko argitalpenen esparrua, baina deialdi barik geratzen den apartaduak gauza gehiago hartzen zituen: programen euskaratzeak ere bai, adibidez. Apartado horretan euskaratu zuen CodeSyntax enpresak blogetarako Eibar.org-ek eta Goiena.net-ek darabilten softwarea. Aurten holakorik ez, itxuraz.
DVkoen blog gezurra eGipuzkoa jardunaldietan
Blogarien protestaren ardatz izan zen e-administrazioaren gaineko Gipuzkoako Jardunaldian izan nintzen joan den astean. Han entzundako batzuk ingelesez ( bat eta bi ), eta euskaraz (bat, bi, hiru eta honako mezu hau) komentatuta utzi nahi ditut blog honetan.
Blogen fenomenoaren gainean hizlari DVkoa jartzea, ba, Vocentoren aldeko propaganda saio bikain bat izan zen, duda barik. Blogintzan eurak aitzindari. Herriaren ahotsa media berrietan. Ederto. Horrez gain, programa gezurrak matizatu egin zituen DV-ko hizlariak: 1. Diario Vasco-renak dira egunkari nazionalen artean, lehen foro pre-moderatuak (hau da, karga libre da, baina a-posteriori moderazioa ez da ezabatzen, izatez bi lagun dituzte a tiempo completo horretan).
- Diario Vascorenak dira, egunkari nazionalen artean, irakurleei bloga izateko aukera eman dieten lehenak...
Beraz, haiek asmatutako kategorietan, bai, lehenak dira. Nahikoa da kategoria bat nahi erara definitzea, zeu horretan aitzindari zarela demostratzeko. Edozein modutan, paperean banatu zen programan gezurra ageri zen, eta ez zehaztapen xehe hori.
Kanpotik etorritako beste hizlari batek partaidetzaz pista onak eman zizkigun: Steven Clift ... Ba omen daude toki batzuetan erakundeek beraiek sustatutako partaidetzako plataformak sarean ( Queensland, Australia)... Baina berak normalago deritzo (eta neuk ere bai), herri-partaidetza beste toki batzuetan gertatzeari (medioetan, edo gune herritarretan): Clift bizi den Minnesora inguruan, adibidez, Northfiled.org, albistegi herritar eta kolektibo bat, non, aldi berean, administrazioaren ahotsa ere entzun daitekeen (aldameneko zutabean, Civic Blogosphere atalean, bloga duten kargu-publiko batzuen feedak sindikatuta daude!).
Hortaz, DV, bai, herri-partaidetza politiko-sozialerako toki bat bada. Klaro, bere parametro zehatzetan. Bere copyright vocentaurikoarekin... han bloga idazten duenak Copyright-ak hari ematen dizkio... Baina, duda izpirik ez daukat neuk, herri-partaidetzarako tresna gisa Eibar.org batek ez dela DV baino gutxiago: gehiago, izatekotan.
e-Demokrazia Hernanin?
eGipuzkoa jardunaldietako beste kontu bat: herri-partaidetzarik izan daiteke Interneteko gune foro instituzional ofizialetan?
Ba horren adibide bat ere eman zitzaigun. Hiritarrok2005 ekimena: Europa Pressek nonbaitetik atera du dirutza hori bultzatzeko eta horretan dihardute.
Sekulako exitotzat aurkeztu zitzaigun Hernaniko Foro hau: Hernani.2005hiritarrok.net Enfin, Hernanin demokraziarik ba ote dagoen sinestea zaila da (zerrenda bozkatuena, zinegotzi kopuruan gehiengo osora iritsiko zena, legez kanporatua izan zen), eta e-demokraziarik udal babesarekin... ba gutxienez dudosoa da. Eta exitoaren neurriaz, hilean 500 bisitara iritsi da webgune hori, bost hilabetean 200 bisitatik igota: datu hori powerpointean erakutsi ziguten balitzalez ez dakit zer... Eibar.org-eko estatistiketan, eguneroko 2000 bisitatan gabiltza... Egunean! ez hilean!
Europa Press-en aurreko inbento exitosoa Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan izan zen: Euskadi2005.net . Foro sorta bat aurkeztu zuten, ez-dakit-zer balitz bezala. Bi gauzatarako balio izan zuen Legebiltzarrak babestutako ekimen horrek:
- EHAK-ek zuzeneko foro ireki bat izan zuen Interneten: bestela ez zutela izango ematen du.
- EAJ-k bere forora zuzendutako galderak ez zituela erantzuten argitaratu zen. (Ibarretxe.com webean erantzuten zen edo ez ikusi beharko zen, baina...)
Bueno, horiek dira nik atetarako ondorioak... Legebiltzarreko komunikazio taldeak ez dakit bere inbertsioaren emaitzen analisi bera egin ote duen.
Arartekoarentzat, euskara "bigarren" hizkuntza ofiziala da
Arartekoaren interbentzioa e-Gipuzkoaren jardunaldietan. Tristea iruditu zitzaidan.
Jardunaldietan egiten den bezala, Euskal Herriko hizlariek zeozer esan euskaraz, eta igaro ziren gaztelaniara. Iñigo Lamarca Arartekoak, berdin, baina, nonbait, erderaz hasterakoan hori justifikatzea okurritu zitzaion, eta pare bat minutu eman zituen bueltak ematen gaiari:
- euskaraz hastearena sinbolikoa zela, baina gauza sinbolikoak ere garrantzitsuak direla...
- euskara bigarren hizkuntza ofiziala izanda, hemengoa dela eta bla bla bla... Harri eta zur geratu nintzen. Hizkuntza "sinbolikoa". Komunikaziorako eta bizitza moderno osorako hizkuntza ez da? Jardunaldien ildo orokor horretan, enfin, berriz ere euskara zokoratuta zegoela iruditu zitzaidan.
Baina, tira, sinbolismoa modu askotan uler daiteke, eta beharbada zentzu positiboan ere bai. Baina bestea ez dago nondik hartzerik, Arartekoaren hitzetan: euskara ez da BIGARREN hizkuntza ofiziala. Hizkuntza ofiziala da, koofiziala bestearekin, eta bigarrena, batzuek bihurtzen dute, besteak beste Arartekoak berak holakoak esanda (behin baino gehiagotan aipatu zuen, BIGARREN termino hori). Herritarren eskubideen aldeko sentsibilizatutzat hartzen dugu Lamarca, eta baita legedia kontuetan pertsona jantzitzat... Ba euskararen ofizialtasunaz eta euskaldunen eskubideez norbaitek esan beharko lioke zerbait.
Eta, portzierto, aldi bereko itzulpena bazegoen. Ingelesetik gaztelaniara eta euskarara egoki itzultzen zuten aurikular sistemetatik. Pentsatzen dut hizlari euskaldunek aukera bazutela hasi eta amaitu euskaraz egiteko, eta entzuleek aldi berean hori gaztelaniaz edo ingelesez jarraitzeko.
e-Administrazioaren lehentasuna: informatu ala gure isunak ordain ditzagun?
e-Administrazioaren eta herri-partaidetzaren Donostiako jardunaldiek bi ildo izan zituzten, joan den ostegun-ostiralean:
a) herri partaidetza bizitza sozio-politikoan Internet bidez
b) e-administrazioaren lehentasunak eta norabideak
Ez dut uste antolatzaileek, Gipuzkoako Diputazioan e-asuntoaz arduratzen direnek, bi alor horietan tentu askoz ibili direnik edo dabiltzanik.
a) alorrari dagokionez, ez dakite nor dabilen zer egiten Gipuzkoan, eta pentsatzen dute ordea, DV ari dela zoragarri.
b) alorrari dagokionez, Diputazioa enpeinatuta dago e-zerbitzu oso zehatz batzuk antolatzen: gure zergak ordaintzea. Oso adierazgarria izan zen Diputazioaren informatika erakundeko arduradunaren esposizioa. Herritarrok, zertifikatu digital baten bidez, sartuko gara laster Gipuzkoako udal guztiek gutaz dituzten datuetan eta ordainketak eta abarrak bideratu ahal izango ditugu. Besteak beste, 1982tik hona ordaindu gabe ditugun isunak ikusiko ditugu !!!!
Ez da broma. Diputazioak uste du herritarrok zertifikatu digitalak aterako ditugula, gu haien sarera konektatzeko, 20 urtean pagatu ez ditugunak ikusteko, eta isun horiek pagatzen hasteko... Enfin.
Bremengo gonbidatu majo bat bazegoen, Martin Hagen, eta hark oso garbi hitz egin zuen e-administrazioaren funtzioez:
- informatu
- komunikatu.
- trantsakzioak
Bere hitzaldia 3. puntuan zentratu zen, hori delako Bremenen egiten duen lana, baina argi esan zuen herritarren demanda 1. puntuan dagoela: informazio bila goaz gure kabuz e-administraziora, ez isunak pagatzera! Gainera, trantsakzioen alorrean erabiltzaileak zein diren argi zuen: enpresak eta intermediarioak. Haientzat da beren lana. Normala, online zergak ordaintzera dedikatzen dira jestoriak eta halakoak, edo horretarako egitura duten enpresak... jende arrunta ez da zertifikazioen zurrunbiloan sartzen. Aterako ote zuen eGipuzkoako inork ikasgairik Bremenekoak esandakotik?
Aldiz, eGipuzkoa ditxosoa ez da gauza ezta feed tontoena eskaintzeko beren Gipuzkoa.net sare osoan, edo zerbitzuz hornitzen duten Gipuzkoako Udal guztien sarea... Salbuespena bakarra da: CodeSyntax-en bezeroak dira, eta beste pare bat udal, beste enpresa txiki baten bezeroak.
Ez dago, informatzeko orduan, Eskoriatza baino udal txukunagorik (gure beste bezero baten bidez kudeatzen du hori hango udalak, Goienaren bidez, blogen diskriminazio kasu honetan adarra jo izan dioten beste taldea da Goiena, gogoratuko duzuenez), adibide soil bat jartzeagatik: albisteak bi hizkuntzatan... e-postaz jasotzeko aukera, RSS feedak ere bai, sinplizitatea diseinuan, eta kudeaketa zuzen-zuzena eta etengabe berritua.
Holakorik sistematikoki nola egin ez dakite eGipuzkoan. Adibide on hori (Eskoriatza) esistitzen denik ere ez dakite. Eta, hara, isun zerrenda informatizatua kontsultagai jartzen edo, aurkeztu zitzaigun beste marabilla bat, e-administrazio gipuzkoanoa telebista digitaleko kanal baten bidez eskainiko omen zaigula...
Nire testu-editore berria euskalduna da: SciTE
Nik nire testuak testu editore huts batekin idazten ditut, beti txt formatuan. Zeozer maketatuagoa egin behar denean, Word bidez moldatu apur bat (gutxi), eta inori bidali behar bazaio formatu maketatuan, PDF bihurtu. Baina testua bada, eta ez maketa bidali edo gorde nahi dudana, testu soila e-posta mezuan edo txt gisa gordeta, eta listo.
MS Word erabiltzea testuak idazteko, gero eta nekagarriagoa iruditzen zait holakoen ondoan. Word gainditzeko, RTF erabiltzea ere ona izan daiteke, Joxek Faroan dioen moduan, baina nik uste dut testu arruntarekin nahikoa dela gehienetan.
Testu editorerako NoteTab erabili izan dut azken sasoi honetan PCan. Badakit Mac-ean testu soileko editore aukera ona dagoela, eta mundu horrekin kontaktua galdua dudan arren, Joxek bere artikuluan aipaturiko TextEdit hori horrelakoa delakoan nago. Baina oraintsu Sustatun SciTE editorearen berri izan dut, euskaratua gainera, eta instalatu dut.
Uste dut hemendik aurrera SciTE izango dela nire testu-editore erreferentziazkoa. Honako testu hau SciTE-n idatzi dut. Oso ona 3Arrano taldeak egindako euskaratzea. Sustatun bertan jakin dut hobespenak nola egin, bestela ez nukeelako asmatuko, baina foro bat ere ireki dute beren webean 3Arranokoek, eta pentsatzen dut erabili ahal izango dela nirea bezalako zalantzetarako.
Bidegi aguantatu beharra
Ez dakitt premiñiak, hedonismuak ala espiritu santuak eragindda, baiña etxia dakat Donostian eta biharra Eibarren, eta Bidegi (Gipuzkoako Autopistaren jestoria) aguantatziakin potruetaraino nago.
- tag automatikuan detektoriak, nahi daben bezala funtzionatzen dabe. Azittaindik urtetzekotan, eskumatik seguruago %20ko erroria edo, ezkerrekuan huts eitteko aukeria %60 edo holan. Zarauzko nausixan Eibarrerutz, ostera, ezker-ezkerrekotik saiatu, ze bestietan kale eitteko aukerak %90ekuak dira.
- Beti obretan. Teoria ofiziala da Europistasek deskuido haundixakin laga zittuala gauzak azkenengo urtietan. Nere ustia da: zenbat eta obra gehixago, hobeto, %3ak geixao emoten dabelako.
- Informatzen ez daben web bat dauka Bidegik.
- Informaziñua web bidez emon emoten dau Bidegik, ez detaile edo berrittasun askokua, baina DiarioVasco.com-en portadaren bidez, eta itxura guztien arabera, DV-ri pagatuta han agertzeko. Hau da, Bidegik zerbitzu publikua emon biharrian, DiarioVascori dirua emon detsa informatzeko, eta herritarrok informaziño hori nahi badogu, DiarioVasco.com-en ataritik sartu biharra daukagu, peaje horrekin: Vocentoren publizitate, OJD datuak, eta gaiñerakuak puzteko erabiltzen gaittue.
- Obra bat ointxe amaittu dabe: tunel txukunketa Deba baiño lehentxuago. Tuenelen aurretik kartel barrixak jarri dittue (bi behintzat bai). Erdera hutsez.
Juan San Martin: soldadutzako gutunak
Juan San Martinen (1922-2005, aste honetan joan zaigu) bizibidearen errepasoetan, bere berak irakurri eta entzun izan ditugu azken egunetan medioetan. Baten baino gehiagotan tokatu zait irakurtzea, Juanitoren soldadutzako pasarteena, nonbait han ziotu zitzaiolako euskararekiko grina edo...
Adibidez, atzo Berrian, San Martinen berba batzuk erreskatuta:
* euskaltzale, soldadutzan: «Soldadutzara joan nintzenean, amari idazten hasi eta buruan ez zitzaidan sartzen amari gazteleraz ezer idaztea. Euskaraz idatzi nion, erdarazko grafiarekin. Ez nekin besterik. Lehenengo aldia izan zen euskaraz idatzi nuena. Eta giroaren aldetik, Madrilen txoke handia izan nuen hango mentalidadearekin. Euskaraz ezin zenuen hitzik ere atera, bestela, akabo. Erdaraz ez zekitenak zigortu egiten zituzten, eta erdararik ez zekiten euskaldunak teoria klasetan burla egitearren ateratzen zituzten, tontoak balira bezala. Itzultzaile egin behar izaten nuen. Behin euskaraz entzun eta brigada batek esan zidan: 'Malditos vuestros padres que os enseñaron esa puñetera lengua!»... «Oiga, perdone, a mi mis padres no me han enseñado nada malo'. Esan banion esan nion! Eman zidan jipoi ikaragarria! Lurrera bota, zapaldu... odolduta utzi ninduen. Horrek erreakzioa sortarazi zidan. Niretzat azkena izan zen. Hor hasi nintzen kontzientzia hartzen.
Soldadutzan beste eibartar batekin ibili zen Juanito gutungintzan. Jose Luis Fernandez geure aitarekin (ordurako eibartar, Elgetakoa izatez). Kintoak dira, soldadutzan, eta urte berean jaioak gainera. Gure aitarekin Burgosen ibili zen. Akaso ez zuten ibilbide bera egingo, ze aita ez zen Madrilen izan, Juanitok pasarte horretan dioen moduan, eta bai ostera Burgosekoaz gain Donostian, ospitale militarrean, Donostiako Atotxako inguru horretan.
Gutunak euskaraz idaztearena, aitarengatik dakit, ez bakarrik norberaren familiarekin egiteko... Beste batzuei laguntzeko ere egiten zuten. Eta horretan, neure aitak ere hartu zuen luma inoiz. Nafarroako euskaldun analfabetoren baten komunikazioak bideratzen lagundu izan zuen gure aitak Burgosko hartan, euskaraz halamoduz idazten eta irakurtzen nafar haiek etxekoekin zituzten tratuak. Batek daki nola moldatzen ote ziren, grafiekin eta euskalkiekin.
Beraz, hantxe hasi zen Juanitok eta Jose Luisek euskal letrei egindako ekarpena. Geure aitaren kasuan, ekarpena hasi eta amaitu, hantxe bertan. Juanitok, tornero gazte hark, beste ibilbide bat jarraitu zuen.
Ingelesen Hilerria Financial Times-en azaldu da!
Tira, ez blog hau, baizik eta benetako hilerria, Donostiako bazter eder hori. Egunkari ekonomikoek asteburuetarako izaten dituzte halako atal hedonista-kulturalak, eta halako batean idatzi zuen maiatzaren 13an Kieran Cooke batek, On the trail of Basque delights, ikusmira erromantiko eta topiko samar bat.
Donostia gustatu Kierani (normala), eta Hilerria bisitatu du (ez hain normala). Halaxe dio:
There is a British cemetery: Colonel Tupper ended his days in the mid 19th century fighting in Basque country. Not a bad place to finish up: it was in those times that San Sebastian became fashionable among Europe's aristocracy.
Ez dut uste garai aristokratiko modakoa Hilerrikoa denik. Hilerria gerra karlistetan bete zen, eta turismoaren kontu hori geroagokoa dela esango nuke. Edozein modutan, eskerrik asko Kieran, aipamanegatik.
Aipu honen berri izan dut Txikilike-Blex, blogari euskal-amerikarraren bidez. Financial Times-eko artikulua ordainpekoa da baina Txikilikek testua erreskatatu du honaxe.