Nire testu-editore berria euskalduna da: SciTE
Nik nire testuak testu editore huts batekin idazten ditut, beti txt formatuan. Zeozer maketatuagoa egin behar denean, Word bidez moldatu apur bat (gutxi), eta inori bidali behar bazaio formatu maketatuan, PDF bihurtu. Baina testua bada, eta ez maketa bidali edo gorde nahi dudana, testu soila e-posta mezuan edo txt gisa gordeta, eta listo.
MS Word erabiltzea testuak idazteko, gero eta nekagarriagoa iruditzen zait holakoen ondoan. Word gainditzeko, RTF erabiltzea ere ona izan daiteke, Joxek Faroan dioen moduan, baina nik uste dut testu arruntarekin nahikoa dela gehienetan.
Testu editorerako NoteTab erabili izan dut azken sasoi honetan PCan. Badakit Mac-ean testu soileko editore aukera ona dagoela, eta mundu horrekin kontaktua galdua dudan arren, Joxek bere artikuluan aipaturiko TextEdit hori horrelakoa delakoan nago. Baina oraintsu Sustatun SciTE editorearen berri izan dut, euskaratua gainera, eta instalatu dut.
Uste dut hemendik aurrera SciTE izango dela nire testu-editore erreferentziazkoa. Honako testu hau SciTE-n idatzi dut. Oso ona 3Arrano taldeak egindako euskaratzea. Sustatun bertan jakin dut hobespenak nola egin, bestela ez nukeelako asmatuko, baina foro bat ere ireki dute beren webean 3Arranokoek, eta pentsatzen dut erabili ahal izango dela nirea bezalako zalantzetarako.
SciTEren bertsio berri bat irten da. Eta euskarazko Windowserako bertsioa ere zuzendu egin dut (arazo larri bat zuen, ezin ziren fitxategiak klik bikoitzez SciTErekin ireki). Gainera, aukera orokorren fitxategiko aukera garrantzitsuenak pixkat azaldu ditut.