Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Ingelesen hilerria / Papera / digitala

Papera / digitala

Luistxo Fernandez 2005/06/14 10:03

Zer egingo diogu ba. Papera doa bide batetik, digitala beste batetik. Txoke bat dagoela bi mundu horien artean. Euskararen informazio zikloan albisteak batean eta bestean nola tratatzen diren da horren adierazgarri bat. Eta beste pare bat: Liburutegietako maileguari buruzko eztabaida; eta Eusko Jaurlaritzako HPSren laguntzetan paperak duen pisu nabarmenagoa. Sari banaketa pare batean Julen Gabiriak Bilboko Udal agintariekin izan dituen talka dialektikoak komentagai izan ditugu Interneten, Julenen blogean, beste blog batzuetan ere bai, eta Eibartarrak zerrendan ere bai.

Azken sariaren kontuak aipamena izan zuen Berrian. Bost bat lerro, juxtu juxtu. Berriako kazetariarentzat inportantea izango zen Julenek botatakoa (zerrendan kontatu zigunez, eskertu egin zion protesta), baina ez, nonbait, Berriako irakurleentzat.

Aurreko sariaren inguruan ere, Azkunaren zirko hura, benetan huraxe zen albistea, eta, bitxia bada ere, guk internautok, hori badakigu: komentatzen ditugu komentarioa merezi duten gauzak. Baina hedabide tradizionaletan ez dago, nonbait, usaimen bera duen inor... Eta, gainera, kazetariak gure blogak eta gauzak irakurtzen dituzten arren, ez duzu ikusiko, Julen, euskarazko interneteko esparruan edo blogosferan sortu den ezer, albiste bat, iritzi bat, polemika bat, scoop bat, sekula-sekula, uhin-errotatibetako notizia bihurtzen. Boliviakoaz, beharbada, informatuko dira Internetez eta han aurkituak kontatuko dituzte medioetan, baina, gu, euskal internautak, ez gara sekula notizia iturri.

Blogisten protesta, adibidez, DV eta Diputazioaren endredoaz... Gutuna, eta juxtu juxtu, apropos bidali genuelako! Hortik aurrera, hutsa gara, zero.

Zer da euskarazko Internet esparrua hedabide euskaldunentzat? ezer ere ez

Internetekoak albiste bihurtzen dituzten bakarrak, gure espeziekoak dira, kolaboratzaile kanpotarrak medioetan asteroko atal espezialduetan zokoratuta: Patxi Gaztelumendi Euskadi Irratian eta Jabi Zabala Berrian (baina utzi duela iragarri du).

Beste inoren errutinan ez gara sartzen. Eta Julen Gabiria ere, albiste da errutinagatik, sariaren errito programatuagatik, fax konbokatoriagatik: ez esaten duenagatik edo zinegotziei pasarazten dizkien estuasunengatik. Argazkia ere, Gabiria+saria, ez zinegotziaren aurpegia...

Arreta faltaren kontu hau ez da ere, erabatekoa. Apur bat esajeratzen ari naiz. Iritzietan normalago aurkitzen da prentsan Interneten arrastoa: Berrian Lakasta, Iñigo Aranbarri edo, batez ere, Lertxundirenenean. Argia astekaria ere atentoxeago dago Interneteko aktualitatera.

Hedabide tradizionalen kasu eskasaren kontu honetan, grazia egiten dit Euskadi Irratiko arratsaldeetako tertuliako kasuak. Maite Artolarekin egoten diren horiek, 20.30ak bitartean. Ohitura dute digitalei errepasoa egiteko, Internet bidez. Berria, El Mundo, Le Monde: horietan zer dagoen web portadan. Paperari begira, hor ere, ez zaie sekula okurritu (baina, ezta buruan haizeak urrinetik eman ere) aktualitate digital euskaldunak ea zer dioen (Berria salbu, papera salbu, alegia)... zer dioen blogosferak edo... Eta euren artean blogista bat dago, Mikel Irizar.

Horra, paperaren eta digitalaren arteko talka horren beste fronte batzuk

Liburutegietako mailegua

Musika eskubide editorialen defentsa korporatiboan, Internet, kopia eta partekatze-mekanismoen kontrako demonizazioa, kanon-kobraketa eta halakoak bultzatzen dihardute. Paperezko editoreek ere fotokopiagailua demonizatu eta zergapetu zuten bere garaian, eta orain papera doan irakurtzeko beste modu bat jarri dute jomugan: liburutegietako mailegua. Ikuspuntu bat Joana Albret taldeak Eibar.org-en daukan bazterrean eta Editoreen Galeuscan entzundakoak, non, dena esateagatik, uste dut Xabier Mendigureni Interneteko esparru libertinoaren zeozer pegatu zaion...

Liburutegietako maileguarenaak ez du beharbada papera / digitala dikotomiarekin zerikusi zuzenik, papera / papera delako hor jokoan dagoena. Baina, nire ustez, musikatik datorren astindu digitalak eragin du Linea Maginot hori eraiki nahia

Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntzak

Paperak gero eta pisu handiago du Kultura Saileko HPSren ingurutik sortzen diren euskararen aldeko laguntzetan. Sustatuko albiste honetan informazio apur bat. Hor aipatzen da Interneteko argitalpenen esparrua, baina deialdi barik geratzen den apartaduak gauza gehiago hartzen zituen: programen euskaratzeak ere bai, adibidez. Apartado horretan euskaratu zuen CodeSyntax enpresak blogetarako Eibar.org-ek eta Goiena.net-ek darabilten softwarea. Aurten holakorik ez, itxuraz.

Luistxo
Luistxo dio:
2005/06/16 11:44

Hau berria da: informazio orokorren artean (gehigarrietatik kanpo), blogen inguruko albistea Berrian gaur! Baina, adi, Txinako blogak dira gaia, Microsoftek ez dakit ze gaiztakeria adostu duela komunistekin... ja ja.

Hilabeteak daramatzate blogen kontuekin lanean, eta aterako dituzte blogak Berrian, horren dudarik ez dago. Martxelo Otamendi zuzendaria ere hizlari da Gaztelumendik UEUn antolatutako blogen inguruko ikastaroan, baina ez duzu ikusiko informazio orokorreko albisterik euskal blogen ingurukorik edo euskarazko blogetan sorburua duenik (ezta orohar, Interneten inguruko ezer: Kultura Sailak konbokatoria estandar baten bidez web baten bidez berri ematen badu, bai, orduan irteten da). Ez Wordpress euskaratu dela, ez komunitate bat han edo hemen bizi-bizi dabilela, ez Foru Aldundiak adarra jotzen diela blogista euskaldunei... Txinako blogarien gorabeherak, berriz, albiste dira.

patxi gaztelumendi
patxi gaztelumendi dio:
2005/06/30 19:22

Udako txozna bat gara orain. Itxaferuak, erraldoiak, koloretako izozkiak, postalak eta blogak. Egunero euskal blogosferako gune baten aipamena agertzen da Berrian. Hasteko modu bat da, hasiera. Aurrerantzean gehiago izan daiteke. Erreferentziak beharbada, iturri berriak. Nork daki. Berriako kazetarien plantila, blogosfera honetako gehienak baino gazteagoak dira gainera, eredu behar lukete, ispilu beharrean. Bitartean, atera beste bat, beroa egiten du eta.

Anonimoak dio:
2006/10/30 23:59

 

patxi gaztelumendi
patxi gaztelumendi dio:
2005/06/14 14:14

Gai hau izan genuen hizpide zapatu arratsalde batez lagun batzuk ere. Egunkariak (off line medioak) eta blogak aztertuz ibili ginen, garagardo arteko eztabaida batean. Han ziren, idazle eta editoreak, Berriako kolaboratzaileak eta blogile, zale eta lagun batzuk. Egia da, ez dugu lortzen informazioa batetik bestera garraiatzerik. Beldurra dago, mesfidantza, medio berrien ganeko segurtasun eza, ezezagupena.... ez dakit. Gertatzen ari da. Eta larria da.

Galeuska horretaz ez dut jardun nahi. Jorge Gimenezek, deabruak sortu ditu nahinon, krisiaz dihardu EZgaeren antzera, eta zenbakiak ez dizkigu erakusten. Fotokopiak direla, maileguak direla, Internet dela... gero eta mezu fobikoagoak pasatzen dituzte. Gu ordea, oharkabean... Eta gure kulturaren ordezkariak dira. Pentsa, Gara bezalako egunkari batek Xabier Mendiguren "el abogado del diablo" izendatu zuen, maileguen kontra agertzeagatik. Editorea eta idazlea den aldetik.

Tira, hau da gure mundua. Papera, digitala eta euskaldunak.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Luistxo Fernandez

Lan egiten dut CodeSyntaxen, Sustatun ere dexente editatzen dut. Eibarren jaioa naiz (1966) eta Donostian bizi naiz. Twitterren @Luistxo naiz. Azpìtituluak.com proiektuan ere banabil, eta niren kontsumo kulturala zertifikatzeko. Gainera, blog honek erdarazko bi bertsio ditu:

The English Cemetery

El cementerio de los ingleses

Nire kontsumo kulturala: 2012/13 | Zinea | Telebista | Artea | Liburuak | Antzerkia | Musika

Hemengo edukien lizentzia: Creative Commons by-sa.

E-postaz harpidetu: hemendik.

artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005 2004