Juan San Martin: soldadutzako gutunak
Juan San Martinen (1922-2005, aste honetan joan zaigu) bizibidearen errepasoetan, bere berak irakurri eta entzun izan ditugu azken egunetan medioetan. Baten baino gehiagotan tokatu zait irakurtzea, Juanitoren soldadutzako pasarteena, nonbait han ziotu zitzaiolako euskararekiko grina edo...
Adibidez, atzo Berrian, San Martinen berba batzuk erreskatuta:
* euskaltzale, soldadutzan: «Soldadutzara joan nintzenean, amari idazten hasi eta buruan ez zitzaidan sartzen amari gazteleraz ezer idaztea. Euskaraz idatzi nion, erdarazko grafiarekin. Ez nekin besterik. Lehenengo aldia izan zen euskaraz idatzi nuena. Eta giroaren aldetik, Madrilen txoke handia izan nuen hango mentalidadearekin. Euskaraz ezin zenuen hitzik ere atera, bestela, akabo. Erdaraz ez zekitenak zigortu egiten zituzten, eta erdararik ez zekiten euskaldunak teoria klasetan burla egitearren ateratzen zituzten, tontoak balira bezala. Itzultzaile egin behar izaten nuen. Behin euskaraz entzun eta brigada batek esan zidan: 'Malditos vuestros padres que os enseñaron esa puñetera lengua!»... «Oiga, perdone, a mi mis padres no me han enseñado nada malo'. Esan banion esan nion! Eman zidan jipoi ikaragarria! Lurrera bota, zapaldu... odolduta utzi ninduen. Horrek erreakzioa sortarazi zidan. Niretzat azkena izan zen. Hor hasi nintzen kontzientzia hartzen.
Soldadutzan beste eibartar batekin ibili zen Juanito gutungintzan. Jose Luis Fernandez geure aitarekin (ordurako eibartar, Elgetakoa izatez). Kintoak dira, soldadutzan, eta urte berean jaioak gainera. Gure aitarekin Burgosen ibili zen. Akaso ez zuten ibilbide bera egingo, ze aita ez zen Madrilen izan, Juanitok pasarte horretan dioen moduan, eta bai ostera Burgosekoaz gain Donostian, ospitale militarrean, Donostiako Atotxako inguru horretan.
Gutunak euskaraz idaztearena, aitarengatik dakit, ez bakarrik norberaren familiarekin egiteko... Beste batzuei laguntzeko ere egiten zuten. Eta horretan, neure aitak ere hartu zuen luma inoiz. Nafarroako euskaldun analfabetoren baten komunikazioak bideratzen lagundu izan zuen gure aitak Burgosko hartan, euskaraz halamoduz idazten eta irakurtzen nafar haiek etxekoekin zituzten tratuak. Batek daki nola moldatzen ote ziren, grafiekin eta euskalkiekin.
Beraz, hantxe hasi zen Juanitok eta Jose Luisek euskal letrei egindako ekarpena. Geure aitaren kasuan, ekarpena hasi eta amaitu, hantxe bertan. Juanitok, tornero gazte hark, beste ibilbide bat jarraitu zuen.
Kaixo Luistxo,
Juan San Martinen berba horrek Euskadi Irratian entzun nituen astelehen gauean. Orain dela hiruzpalau urte Manu Aranburuk egin zion elkarrizketa ederra errepikatu zuten. San Martinekin (eta gero jakin dudanez, zuen aitarekin ere) Burgosen soldadutzan ibilitako Antonio Olaizola bergararrarekin topo egin nuen kalean astelehen arratsaldean. Artean ez nuen ezagutzen anekdota hori baina beharbada Antonio Olaizola ere ibiliko zen itzultzaile lanetan Burgosen... Galdetuko diot hurrengo baten.
Ondo segi.