Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera

Egunkarian aldeko erretratua

Leire Narbaiza 2009/11/29 00:24
Konzentraziñuaz aparte, erretratua be etara deskue.

...eta kitto.com-etik "ostu" dot erretratua, eta parkatuko deste. Nahiko illuna da, eta izan leike pipàrrik be ez ikustia. Igarri, baiña, igartzen da zenbat jente alkartu garan.

 Argazkiak.org | Egunkaria Libre Untzaga © cc-by-sa: etakitto

(ikusi nahi baduzue argazkia haundi-haundi danon arpegixak ikusteko moduan egin klik hemen

)

Ez dogu ahaztu bihar epaiketia hillan 14an hasiko dala, eta Gaur Martxelo Otamendiri entzun detsadan moduan, Audientzia Nazonalak ez desku esukaldunori ezer onik ekartzen.

Kaltia egin zeben oin zazpi urte itxi ebenian Egunkaria. Baiña katia haundixagua izan leike, kartzela zigorra, eta zelakua, gaiñera.

Ikusiko dogu. Mobilizaziño gehixago egongo dira, eta adi egon biharko gara.
Egunkaria, LIBRE!

Egunkariaren aldeko konzentraziñua Eibarren

Leire Narbaiza 2009/11/27 11:00
Epaiketa laster izango da.

 

Argazkiak.org | Egunkaria © cc-by-sa: txargain

 

Datorren zapatuan hilan 28xan, eguerdiko ordu 1etan, Egunkariaren aldeko elkarretaratzea egingo da Untzaga plazan. Eibartar guztiak dagoz gonbidatuta. Gero eta hurrago dago Egunkarixan epaiketia. Zentzugabekeria hori salatzeko deittu da konzentraziñua.

Gu gara euren azken esperantza!!

Ez dute uzten maitatzen gauean

Leire Narbaiza 2009/11/26 14:00
Eten barik!
no time for love 

Gaur pasatuko dira hogeita hamalau gazteak epailearen aurrera. Eurak gogoan, post hau.
Hertzainak taldearen kantuak hogei urte luze dauzka; baina, zoritxarrez, aktualitatea ez du galdu. Ez dute uzten maitatzen gauean.....
Entzun kantua letra irakurtzen duzuen bitartean:


No time for love
Hoien legea guretzat apartheid,
gartzela, ihesa, hauspena ta isiltzea
hoien legea,
zu ta ni euren gisara edukitzea.
Gordeak dituzu arma ta izpien
kontrako altzeiru atzean
eta gu negar gasen mende gaudenok
oker omen gaude

Ez dute uzten maitatzen gauean

Tortura sufritzen, zeldatan usteltzen,
gutunak idazten eta bertan hil.
Eutsi zioten minari baina
bakardadeak irentsi.
Gorteek justizia egin zieten
matoi txukunen gisan.
Maiz borrokatuak iraun gogoz
baina maizago hiltzea nahi

Ez dute uzten maitatzen gauean
ez agurrik, ez negarrik gauean
ez zergatik, ez norarik gabe
sirenotsa garraisi bakarra gauean.

Eraman zuten Francis Hughes gaztea,
baita haren lengusu Tom McElwee ere
etorri ziren Patsy Ohara,
Bobby Sands ta lagunen bila.
Bostonen, Chicagon, Saigonen,
Santiagon, Varsovian,
Gasteizen eta Belfasten
eta beste hainbat lekutan.
Hau zerrenda amaigabea!

Zatozte anaiei borrokan
lagundu nahi duten guztiak.
Gerrara ohitu zintezke,
baina gerra egon badago.
Arrainak itsasoa behar du ta
herriak zu behar zaitu.
Gure gogoak iraun artian
ez da beldurra nagusituko.

Ez dute uzten maitatzen gauean
ez agurrik, ez negarrik gauean
ez zergatik, ez norarik gabe
sirenotsa garraisi bakarra gauean.
Sirena garraisi bakarra gauean. 

Icebergaren tontorra

Leire Narbaiza 2009/11/25 18:02
Azaroaren 25a dugu gaur, emakumeenganako indarkeriaren kontrako eguna.
Puntu lila

Ez naiz egun seinalatuen zalea, egia esateko. Baina, zoritxarrez, horrelakoak beharrezkoak dira emakumeon kontrako erasoekin amaitu gura badugu.

Komunikabideek gaur behin eta berriro aipatuko digute zenbat andrazko hil dituzten euren bikotekideek edo bikotekide ohiek. Zenbat salaketa jartzen diren, zenbat atxilotu.....dena oso gogorra, dena oso larria. Baina inoiz galdetzen dute zergatik? Zer dela eta horrelako zenbakiak, kopuruak?

Argi dago genero biolentzia icebergaren tontorra baino ez dela, egunero hainbat eraso gertatzen direla. Eta horrela esanda, badirudi bortxaketaz edo sexu jazarpenaz dihardudala. Ez, arazo honen hondoan generoen arteko desberdintasuna dago. Gizon batzuek esango digute euren inguruko andreak ez direla eurak baino okerrago bizi, antzera bizi direla, eta arrazoia izango dute; izan ere, gizarteak aurrera egin du arlo honetan, eta gauzak pittin bat aldatu direla esan genezake.

kartel instituzonala

Hala ere, arazoa sakonagoa da. Jaiotzatikoa, esango nuke. Oraindik ere jaio berriendako arropa erostera joanez gero, neska ala mutila den galdetzen dute, janzki arrosa ala urdina erakusteko, eta hainbat familiak ez dio mutikoari arropa arrosa jarriko, eta alderantziz. Hau lehen ez zela hainbeste gertatzen esango nuke, ekografiarik ez zegoelako, eta sorpresa izaten zelako umearen sexua. Hortaz, arropatxo asko zuria zen, edo arrosa, urdina eta zuria.

Jende askok hainbesteko garrantzia ematen dio mutikoa urdinez janzteari! Zergatik? Ez daukat erantzunik, baina neska izan ez dadin, kutsatu ez dadin dela esango nuke. Horrela sumatu dut. Badirudi neskak urdinez janztea "baimenduago" dagoela; mutilak, ostera, ez.

Zuetako askok pentsatuko du hau sekulako tontakeria dela. Eta hala litzateke hor geldituko balitz. Baina ez, hori hasiera baino ez da. Jostailuekin jarraitzen du, printzesekin, arrosaz pintatutako gelekin, mozorroekin.....horrela nerabezarora arte.

Hori icebergaren ipurdiko zatitxo bat da, adibiderako. Beste gauza batzuk ere badaude, larriagoak. Iruzkin iraingarriak, esateko. Gure bular, ipurdi eta sexu organoez egiten diren komentario zabarrak. Nik neuk jaso dut horrelako erantzun bat asteon, eta benetan uste dut bota zidanari ihes egin ziola. Baina ez diot damurik igarri. Ni, ordea, iraindua sentitu nintzen, umiliatua, oso gaizki. Esan nion, jakina, ez naiz isiltzen den horietakoa. Hala ere, ez dut uste berak asko hausnartu zuenik.

Horrelako gauzak emakumezko guztiok sufritu dugu. Denok egin dugu antxintxiketan kale ilunetan, edo eskailera batzuk saihestu beldurra ematen zigutelako. Gizonezkooi gertatu ote zaie horrelakorik? Beldur hori zergatik da geurea bakarrik?

Lan munduan ere gure lekutxoa egiten ari garen arren, oraindik bidea luzea da. Horregatik Ela, Lab, Esk, Eilas, Ehne eta Hiru sindikatuek sexu jazarpenarekin amaitzeko protokoloa eskatu dute. Hemen behean jarri dut:

Azaroak25 2009 Eu
View more documents from txargain.

Eilas-en webean kartel hau topatu dut. Ikusita neukan eta asko gustatu zitzaidanez, jartzea pentsatu dut. Web horretan  unitate didaktiko bat ere badaukate ikasleekin gai hau lantzeko. Oso interesgarria iruditu zait.

 

Kartela

Eta amaitzeko Kantu bat Eutsi taldeak garbatutakoa egun dela eta. Beldur barik dauka izena

 

Hori desio dut, beldur barik bizitzea, kalean trankil, erasorik existituko ez direlako.

Guipúzcoa, Bilbao

Leire Narbaiza 2009/11/18 21:18
Televisión españolan ikusitakoa.

Domeka arratsaldean, sofari ipurdiarekin distira ateratzen ari gintzaizkiola, aho bete hagin laga gintuen infografia bat ikusi genuen. Zur eta lur, sor eta lor, zurtuta, harrituta esateko topa litezkeen esamolde eta esera guztiak erabili genituen

Izan ere, España directo saioan astakeria hau ikusi genuen:

 

Argazkiak.org | Gupuzcoa, Bilbao © cc-by-sa: txargain

 

 

Flipatuta! Egin liteke okerrago? Lehenengo herria jartzen dute; ostean, probintzia. Horretara, Guipúzcoa herria da eta Bilbao probintzia. Behin ere ez dute asmatu! Primitiban irabaztea ez dute esperoko, ezta?

Estatuko komunikabideei zer gertatzen zaie, baina, hemengo geografiarekin? Zergatik kostatzen zaie hainbeste ulertzea probintzia bakoitzaren hiriburuak izen bat duela? Eta bakoitzaren izena? Eta herriak non dauden? Oso erraza da! wikipedia, google, mapak, atlasak....Gaur egun ez dago aitzakiarik! Mila baliabide dauzkagu klik batean!

Utzikeria da, berdin zaie gurea. Espainiar nahi gaituzte, baina euren erara! Basko deskafeinatuak, gatz bako ogia baino txepelagoak. Ezjakin koadrila! Eta ortografiaz ez dut ezer esan! Horretaz blog oso bat idatz liteke. Zer egin genezake? Ez dute erremediorik, barren!

Post scriptum: Posta argitaratu ondoren, Luistxo Fernandezek (mila esker) bidali didan beste perla kultibatu bat, oraingoan ABC egunkarikoa. Honek ere badu komentatzeko hainbat gauza: 

 

Argazkiak.org | ABC: Victoria © cc-by-sa: sustatu

 

 

Urriko zurrunbillua

Leire Narbaiza 2009/10/28 10:39
Urrixa hillabete nahasgarrixa da neretako.

Aspaldixan amaittu genduazen oporrak. Biharrian  setienbrian batian hasi nintzan, pentsaizue! Baiña urrixa beti da kaosa neretako: ikasturtia hasten da. Horretara hainbat talde, hamaikatxo ikasle barri, beste urrats eta mailla batzuk; askotan zahar, beti barri.

Aldaketak beti kostau izan jataz asko. Adaptatzia ez da errezen egitten dodana. Darwinismuak kondenatuta nauka! Eta holakuetan nobienbria noiz etorriko egoten naiz, ia kokatzen naizen, ia moldatzen naizen.

Aurten, gaiñera, frantseseko klasia be kanbixau dabe, eta arratsaldez baiño ez dago. Hori dala eta, tartetxo baten juan bihar naiz, nere klase bin artian, Durangon, punta batetik bestera, beti berandu, eta belauneko bihurrittua zihero osatu barik. Beti atxitxiketan, zelako amorrua.

Sustatun be kolaboratzen hasitta. Beste bihar bat, gustora egitten dodana, baiña beste bat. Gaiñera, bertan argitaratzen dittugun post-ak Elena Lakak eta biok Anti-gona blogian batzen dittugu. Beste lan bat. Edarra, baiña, beste bat gehixago.

Belauna osatzen prozesuan, ni kursora adaptatzen, kolaboraziñua, loibatxua, frantsesian B2 maillan (idazlan mordo bat, oso-oso mailla altua), arrapaladan ibiltzian nekian...Eziñian nabil, nere blog maitte honeri jaten emon barik. denporia dakadanian, inspiraziñorik ez; eta inspirauta naguanian, astirik ez! Ikaragarrixa.

Eskerrak etxera aillegatzeko aszensoria jarri deskuela!!!! 5. pisura eruan egitten nabe, ez besuetan, baiña teletransportauta sentitzen naiz, benetan. Karua da, beiña merezi dau!

Urrixa azkenetan dago, eta laster azarua izango da. Ordurako zentrauta egon, eta zentzuduna izango naiz; bada sasoia-eta! amen!

Arrotza bidaian

Leire Narbaiza 2009/10/07 10:38
Post honetarako apunteak abuztutik dauzkat gordeta, idatzi barik.

Oporretako itzulerak, arrateek, frantseseko azterketak, lanean hasteak, Sustatuko kolaborazioek, belauneko bihurrituak, kurtso berriak......hauek guztiauek ez didate laga post hau amaitzen. Badakit urruntxo gelditzen zaizkigula oporrak, baina ezin utzi esan barik egun haietakoa.

Oporretan bidaia bi egin ditut, bata Lanzarotera izan da, lau izarretako hotel batera, pentsio erdian eta bakarrik; izan ere, premia larria neukan deskatsatzeko, eta ingurukoekin ezin nuenez, joatea erabaki nuen, buelta eta buelta egoteko.

Ez nago oso ohituta horrelako bidaietara. Hegazkina hartu dut, hoteletan egon naiz, baina inoiz ez horrela: pakete batean, eguzki-turismoa egiten. Normalean, hotelak merkeagoak izaten dira, edo hegazkina bai, baina pentsioetan, edo automobilean, edo hotela+abioia baina gero mugitzeko.....Horregatik nobata sentitzen nintzen, eta bakarrik egotearen esperientzia ere bizi behar nuen.

Loiun hartu nuen hegazkina (98548 hegaldia irtetera doa!!! Hitz egingo dut honetaz). Abioia beteta zihoan. Euskara gutxi entzuten zen bidaiarien artean. Eta langileek? Tutik ere ez! Hegaldi txarterra izanda, ezin da ezer egin? Ez dago azafata euskaldunik? Kataluniatik irteten diren hegaldietan ez dute katalana erabiltzen? Ezin dituzte agurrak, sikieran, ikasi? Beneta arrotza sentitu nintzen abioi hartan! Nire mundutik han urrun dago! Horrek pentsarazten dit, beharbada, ni bizi naizela mundu paralelo batean, benetako mundua beste hori dela....gehiengoarena!

Hotelean zer esanik ez! Hainbete ispilu, hainbeste doratu toki guztietan. Luxu faltsua, benetan. Hotela ederra zen, baina handikeria puntu bat ere bazeukan. Marbella estiloa. Itxurakeria. Turistak ez ziren atzerritarrak; izan ere, españolitoz beteta zegoen, arraroa Lanzaroten.

Hotelean ere arraro samar sentitzen nuen neure burua. Alde batetik, ohituta ez nagoelako; bestetik, dena oso desberdina zelako, baita jende modua ere. Bazegoen erakutsi nahi bat, jendea zerbait bazela, ez gosezto saldo bat, bufet librearen aurrean txoro-txoro eginda eglditzen dena. Oparotasun faltsua.

Bufeta aipatu dut, ia post oso bat merezi duen arren. Zenbat gauza! denetarik, kantitate handietan. Baina kalitatea? Itxura, beti itxura. Adibide bat: mahai oso bat zegoen tarta eta pastelekin. Oso gozozalea ez banaiz ere, gau batean tarta zati bat hartu nuen. puaj! Zer zan hura! Morokila! Nahiz eta itxura ederra zeukan, ez zegoen batere ona. Pena ikaragarria. Hala ere, afaltiarren platerek gainezka egiten zuten. Egia esatek, denok jaten dugu begiekin; ni jatuna naiz, Horratio. Baina askotan ez nuen jakiten zer hartu, maitasun barik, kariño gabe eginda zegoelako. Kantitatea eta itxura baino ez direlako garrantzitsuak. Hemen ere oropela, itxurakeria. Gainera, afariko edariak kobratzea, oparotasun hartan, oso kutrea begitantzen zait. Kontuan izan, gosaltzeko txanpana zegoela!

Gustura egon nintzen, pila bat deskantsatu nuen, lau liburu irakurri nituen....Oso ondo. Baina nire ingurua? Arraroa, arrotza erabat. Izan liteke ni izatea arraroa eta arrotza mundu horretan, seguruenik horrela izango da, baina hainbat momentutan gogorra, benetan.

Zein gogorra den turistaren bizitza!

Agur, Mercedes Sosa

Leire Narbaiza 2009/10/05 21:20
Mercedes Sosa domekan hil zan.

Argentinako kantarixa domekan juan zan. "Gracias a la vida" zoragarrixangaittik ezaguna, Violeta Parra-n kantuak kantau zittuan, eta sekula ez dogu ahaztuko bere abestixekin hasi giñanok.

Pena eta tristuria baiño ezin dogu sentidu. Halan da be, beti geratuko jakuz grabaziñuak bere abots indartsu eta ederraz gozatzeko.

Horregaittik, beheian dakazue salekziño bat; hori dalako egin leikixon homenajerik onena.

Disfrutaizue!

Découvrez la playlist mercedes sosa avec Mercedes Sosa

Txapela

Leire Narbaiza 2009/09/28 18:00
Sustaturako, Zer erantzi sailean

Kalean galdetuz gero zein den jantzi tradizionaleen artean gure ikurra, zalantzarik gabe, ia jende guztiak txapela esango luke. Euskal Herrian zein kanpoan; izan ere, italieraz basco esaten zaio...Bitxia da, txapela Euskal Herrian XIX. mendearen erdi aldean zabaldu zelako, duela gutxi, esateko.
 
Gaur egun, txapela kirol irabazleek baino ez dute jamzten. Tira, beroarena kendu behar zaio baieztapen honi, badakit; ertzantzak, herri batzuetako udaltzainak, armadako eta guardia zibileko eliteko kideek ere erabiltzen dute. Esan, bestela, gure kaleetan egun arrunt baten zenbat txapel ikusten diren?

Horregatik, argazki hau ikusi nuenean harrituta gelditu nintzen,

Txapela

oraindik ere imajinario kolektiboan txapela gure (gizonezkoen) ezaugarria delako, Ian McKellen-ek keinu bat egin nahi zigula uste dut, gaueko ekitaldi batera traje eta gorbatarekin joanda txapela janztean. Ondo jantzita. gainera.
Niri polita iruditu zitzaidan,  hemen zein ondo jaten den esatea baino orijinalagoa eta ederragoa. Bestalde, esan beharra dago, oso ondo geratzen zitzaiola, ia gizon guztiei geratzen zaien moduan: ederto. Benetan diot, oso-oso guapo egoten dira ia gizonezko guztiak.. Askotan komentatu dugu hainbat lagunek sanandresetan, Euskal Jaixan edo horrelako okasio baterako gure ingurukoak baserritar janzten direnean. Oso erakargarri egiten zaigu, egiatan!
Inoiz ikusi dituzue bilbotar peto-peto horiek domeketan traje eta gorbataz jantzita eta txapela buruan (era berezi batean jarrita) Zazpi kaleetan?  Badago gauza dotoreagorik? Ez.

txalela 2

Uste dut txapela erdia ahaztuta dagoen janzkia dela, berreskuratu beharko litzatekeena.Babes handia ematen du, gizonak dotore daude, erosoa da, eta edonon erabil daiteke. Prezioa ere ez da txarra. dena abantaila, zergatik ez jarri berriro ere modan? Burusoil askok eskertuko lukete!

Badakizue: txapela buruan eta ibili munduan!

"Si Sabino viviría"

Leire Narbaiza 2009/09/27 21:16
Iban Zalduaren nobela.
si sabino viviria

Izenburuak erakarri ninduen lehenengotan. Si Sabino viviría.....sujerentea, benetan. Sabino, bakarra, eta viviría hori hain guria... Malaletxe puntu bat ere ikusi nion tituluari eta aspaldian neukan irakurzteko gogoa. Gainera, "Lengua de trapo" argitaletxean kaleratuta. Pare bat liburu irakurrita neuzkan etxe horretakoak eta benetan disfrutatu egin nuen, oso lan bereziak eta desberdinak izan zirelako.

Denetarik entzun dut liburu honetaz: ganberrada hutsa dela, grazia zipitzik egiten ez duela,....Nik, ostera, lehenengo orritik hartu nion gustua. Martzianada bat da (sekula ez dut adjetibo hau hobeto erabili). Uste dut, gustatzearen klabea askotan irakurlearen begitean ere badagoela. Hortaz, hasieratik begirakune oker hori jarrita irakurri nuen, maltzurkeria noiz etorriko zain.

Liburua kritika bat da, euskal munduaren kritika, edo horrela ikusi dut nik. Euskal kulturaren erreferentzia erdi -izkutuz (deo agerikoz) beteta dago, keinu gaiztoak eginez. Liburu erdi jardun nuen bila ea noren aipamena egiten zuen zoko bakoitzean. Hori ere oso dibertigarria egin zitzaidan.

Pena gaztelaniaz idatzita dagoela; izan ere, lehen aipatu ditudan keinu horiek euskaldun alfabetatu batek baino ezin ditu ulertu; eta, hala ere, uste dut denak ez nituela asmatu. Horregatik diot, irakurle madrildar batek, adibidez, hainbat ñabardura on ez ditu ulertuko; beraz, euskaraz ere idaz zitekeen.....

Asko dibertitu nintzen irakurtzean, nire alderik gaiztoena agerian laga nuelako, eta gaiztakeria honek disfrutarazi zidalako. Hori dela eta, bene-benetan gomendatzen dut, baina denok dugun zoro puntu hori erbili behar da irakurtzeko, bestela akabo.

Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua