Arrotza bidaian
Oporretako itzulerak, arrateek, frantseseko azterketak, lanean hasteak, Sustatuko kolaborazioek, belauneko bihurrituak, kurtso berriak......hauek guztiauek ez didate laga post hau amaitzen. Badakit urruntxo gelditzen zaizkigula oporrak, baina ezin utzi esan barik egun haietakoa.
Oporretan bidaia bi egin ditut, bata Lanzarotera izan da, lau izarretako hotel batera, pentsio erdian eta bakarrik; izan ere, premia larria neukan deskatsatzeko, eta ingurukoekin ezin nuenez, joatea erabaki nuen, buelta eta buelta egoteko.
Ez nago oso ohituta horrelako bidaietara. Hegazkina hartu dut, hoteletan egon naiz, baina inoiz ez horrela: pakete batean, eguzki-turismoa egiten. Normalean, hotelak merkeagoak izaten dira, edo hegazkina bai, baina pentsioetan, edo automobilean, edo hotela+abioia baina gero mugitzeko.....Horregatik nobata sentitzen nintzen, eta bakarrik egotearen esperientzia ere bizi behar nuen.
Loiun hartu nuen hegazkina (98548 hegaldia irtetera doa!!! Hitz egingo dut honetaz). Abioia beteta zihoan. Euskara gutxi entzuten zen bidaiarien artean. Eta langileek? Tutik ere ez! Hegaldi txarterra izanda, ezin da ezer egin? Ez dago azafata euskaldunik? Kataluniatik irteten diren hegaldietan ez dute katalana erabiltzen? Ezin dituzte agurrak, sikieran, ikasi? Beneta arrotza sentitu nintzen abioi hartan! Nire mundutik han urrun dago! Horrek pentsarazten dit, beharbada, ni bizi naizela mundu paralelo batean, benetako mundua beste hori dela....gehiengoarena!
Hotelean zer esanik ez! Hainbete ispilu, hainbeste doratu toki guztietan. Luxu faltsua, benetan. Hotela ederra zen, baina handikeria puntu bat ere bazeukan. Marbella estiloa. Itxurakeria. Turistak ez ziren atzerritarrak; izan ere, españolitoz beteta zegoen, arraroa Lanzaroten.
Hotelean ere arraro samar sentitzen nuen neure burua. Alde batetik, ohituta ez nagoelako; bestetik, dena oso desberdina zelako, baita jende modua ere. Bazegoen erakutsi nahi bat, jendea zerbait bazela, ez gosezto saldo bat, bufet librearen aurrean txoro-txoro eginda eglditzen dena. Oparotasun faltsua.
Bufeta aipatu dut, ia post oso bat merezi duen arren. Zenbat gauza! denetarik, kantitate handietan. Baina kalitatea? Itxura, beti itxura. Adibide bat: mahai oso bat zegoen tarta eta pastelekin. Oso gozozalea ez banaiz ere, gau batean tarta zati bat hartu nuen. puaj! Zer zan hura! Morokila! Nahiz eta itxura ederra zeukan, ez zegoen batere ona. Pena ikaragarria. Hala ere, afaltiarren platerek gainezka egiten zuten. Egia esatek, denok jaten dugu begiekin; ni jatuna naiz, Horratio. Baina askotan ez nuen jakiten zer hartu, maitasun barik, kariño gabe eginda zegoelako. Kantitatea eta itxura baino ez direlako garrantzitsuak. Hemen ere oropela, itxurakeria. Gainera, afariko edariak kobratzea, oparotasun hartan, oso kutrea begitantzen zait. Kontuan izan, gosaltzeko txanpana zegoela!
Gustura egon nintzen, pila bat deskantsatu nuen, lau liburu irakurri nituen....Oso ondo. Baina nire ingurua? Arraroa, arrotza erabat. Izan liteke ni izatea arraroa eta arrotza mundu horretan, seguruenik horrela izango da, baina hainbat momentutan gogorra, benetan.
Zein gogorra den turistaren bizitza!