Icebergaren tontorra
Ez naiz egun seinalatuen zalea, egia esateko. Baina, zoritxarrez, horrelakoak beharrezkoak dira emakumeon kontrako erasoekin amaitu gura badugu.
Komunikabideek gaur behin eta berriro aipatuko digute zenbat andrazko hil dituzten euren bikotekideek edo bikotekide ohiek. Zenbat salaketa jartzen diren, zenbat atxilotu.....dena oso gogorra, dena oso larria. Baina inoiz galdetzen dute zergatik? Zer dela eta horrelako zenbakiak, kopuruak?
Argi dago genero biolentzia icebergaren tontorra baino ez dela, egunero hainbat eraso gertatzen direla. Eta horrela esanda, badirudi bortxaketaz edo sexu jazarpenaz dihardudala. Ez, arazo honen hondoan generoen arteko desberdintasuna dago. Gizon batzuek esango digute euren inguruko andreak ez direla eurak baino okerrago bizi, antzera bizi direla, eta arrazoia izango dute; izan ere, gizarteak aurrera egin du arlo honetan, eta gauzak pittin bat aldatu direla esan genezake.
Hala ere, arazoa sakonagoa da. Jaiotzatikoa, esango nuke. Oraindik ere jaio berriendako arropa erostera joanez gero, neska ala mutila den galdetzen dute, janzki arrosa ala urdina erakusteko, eta hainbat familiak ez dio mutikoari arropa arrosa jarriko, eta alderantziz. Hau lehen ez zela hainbeste gertatzen esango nuke, ekografiarik ez zegoelako, eta sorpresa izaten zelako umearen sexua. Hortaz, arropatxo asko zuria zen, edo arrosa, urdina eta zuria.
Jende askok hainbesteko garrantzia ematen dio mutikoa urdinez janzteari! Zergatik? Ez daukat erantzunik, baina neska izan ez dadin, kutsatu ez dadin dela esango nuke. Horrela sumatu dut. Badirudi neskak urdinez janztea "baimenduago" dagoela; mutilak, ostera, ez.
Zuetako askok pentsatuko du hau sekulako tontakeria dela. Eta hala litzateke hor geldituko balitz. Baina ez, hori hasiera baino ez da. Jostailuekin jarraitzen du, printzesekin, arrosaz pintatutako gelekin, mozorroekin.....horrela nerabezarora arte.
Hori icebergaren ipurdiko zatitxo bat da, adibiderako. Beste gauza batzuk ere badaude, larriagoak. Iruzkin iraingarriak, esateko. Gure bular, ipurdi eta sexu organoez egiten diren komentario zabarrak. Nik neuk jaso dut horrelako erantzun bat asteon, eta benetan uste dut bota zidanari ihes egin ziola. Baina ez diot damurik igarri. Ni, ordea, iraindua sentitu nintzen, umiliatua, oso gaizki. Esan nion, jakina, ez naiz isiltzen den horietakoa. Hala ere, ez dut uste berak asko hausnartu zuenik.
Horrelako gauzak emakumezko guztiok sufritu dugu. Denok egin dugu antxintxiketan kale ilunetan, edo eskailera batzuk saihestu beldurra ematen zigutelako. Gizonezkooi gertatu ote zaie horrelakorik? Beldur hori zergatik da geurea bakarrik?
Lan munduan ere gure lekutxoa egiten ari garen arren, oraindik bidea luzea da. Horregatik Ela, Lab, Esk, Eilas, Ehne eta Hiru sindikatuek sexu jazarpenarekin amaitzeko protokoloa eskatu dute. Hemen behean jarri dut:
Eilas-en webean kartel hau topatu dut. Ikusita neukan eta asko gustatu zitzaidanez, jartzea pentsatu dut. Web horretan unitate didaktiko bat ere badaukate ikasleekin gai hau lantzeko. Oso interesgarria iruditu zait.
Eta amaitzeko Kantu bat Eutsi taldeak garbatutakoa egun dela eta. Beldur barik dauka izena
Hori desio dut, beldur barik bizitzea, kalean trankil, erasorik existituko ez direlako.