Eibar KE, behar ez duen kapital-handikuntza egitera behartuta
Duela 15 urte, Espainiako Gobernuak 1251/1999 Errege Dekretua onartu zuen. Bere helburua zen futbol taldeen zorrak ekiditea.
Egin beharreko handikuntza
Arau horretan (eta hori aldatzen duen 1412/2001 Errege Dekretuan) zehazten da, 3. artikuluan, zein den futbol profesionalean diharduten klubek izan beharreko kapital soziala. Horretarako ezartzen duen formula honako hau da:
- Diharduen Ligan, gastu handiena eta txikiena izan dituzten bi taldeak baztertu.
- Gainontzeko guztien gastuen batez bestekoa egin.
- Batez besteko horren %25 kalkulatu.
- %25 horri, sozietateak duen ondasun negatiboa gehitu.
Zenbat diruz ari gara?
Eibarrek zorrik ez duela-eta, kalkulu horren arabera, Eibar KEak izan beharreko kapitala 2.146.525,95€koa da. Gaur egun Eibar K.E.ak duen kapitala 422.253€koa izanik (beharrezkoa baino 5 aldiz gutxiago), egin beharreko handikuntza 1.724.272,95€koa da.
Nola lortu?
Hainbat aukera daude:
- Herritarrek akzioak erostea. Abonatutako bazkideek erosteak dirudi lojikoena. Kontuan izanik bazkide abonatuak 3.500 lagun direla, horiek hartuko balute parte akzioen erosketan, bakoitzak 493 euro jarri beharko lituzke bataz beste. Horien erdiak ikasleak (tartean umeak), langabetuak, eta zailtasunak dituzten beste hainbat kolektibo direla kontuan hartuta, erdiak izango luke nolabaiteko ahalmena akzio-erosketan parte hartzeko. Horrek ekarriko luke bazkide arrunt batek 985 euroko inbertsioa egitea.
- Kanpoko inbertsoreek akzioak erostea. Kasu horretan, Eibar KEaren jabetza deslokalizatuko litzateke, horrek dakartzan ondorio guztiekin. Gaur egun Eibar KEaren jabetza herriko biztanle askoren artean zati txikitan banatuta dago.
Eta lortuko ez balu?
Abuzturako kapital-handikuntza bukatzea lortuko ez balu, taldea kanporatuko lukete liga profesionaletik eta 2.B mailara jeitsiko litzateke. Une honetan, Bigarren A mailako lehen postuan dago Eibar, 1. mailara igotzeko postuetan, baina kirol-merituen bidez igoera lortuta ere, mailaz jeitsiko litzateke.
Zergaitik orain eta ez azken 15 urteotan?
Errege Dekretua onartu zutenean, Eibar KE zegoeneko Bigarren mailan zegoen. Dekretuaren arabera, ez zaie handikuntza aplikatzen dagoeneko maila horretan daudenei, baldin eta ez badira bi denboraldi baino gehiagoz hortik azpiko kategorietan egon. Eibar KE 3 urtez egon da 2.B mailan; eta orain igo denez gero, behartuta dago handikuntza egitera.
Ondorioz, Dekretuak mugak jartzen dizkie kirol-emaitza onak lortzen dituzten talde txikiei.
Inposaketa geldiarazteko ekimenak
- EAJk Kongresuan galdera egin dio Kirolerako Estatu-idazkariari, azaldu dezan Dekretu hori aldatzeko asmoa duen. Dekretua aldatzea izango litzateke bidea Kirol Kontseilu Nagusiak handikuntza ez exijitzeko.
- PSEk ez du eskatu Dekretua aldatzeari, baizik eta Dekretua ez betetzea. Juridikoki ez dirudi posible denik hala egitea, baina hori eskatu du. Horretarako, eskaera bera erregistratu du Gipuzkoako Batzar Nagusietan, Legebiltzarrean, eta Kongresuan.
- EAJk Gipuzkoako Foru Aldundiari galdetu dio, jakiteko ea egoeran eskuhartzeko zein ekimen aurreikusten duen. Oraingoz, Foru Aldundiak (Bilduk) PSEren eskaera bera egin du: Dekretua aldatu bitartean, Eibar horren aplikaziotik at geratu dadila.
- Interneten Ignacio Barahona sinadurak jasotzen hasi da. Eskaera Futbol Profesionaleko Ligari egiten dio, Legea aldatu dezan. Berez, eskaera Espainiako Gobernuari egin beharko lioke, Dekretua aldatu dezan; baina funtsean, terminologia alde batera utzita, argi dago eskaeraren helburua berbera dela.
Funtsean, badirudi EAJ, PSE eta Bildu, hala nola Interneten sinatzen dihardutenak, eskaera desberdinak egin arren, ados daudela oinarri-oinarrian: Eibar KEari exijitzen zaion kapital-handikuntza ez da bidezkoa.
Baina eskumena Espainiako Gobernuarena da. PPren esku dago. Egingo al du zerbait egoera aldatzeko? Ikustear dago, baina denbora ez dauka soberan.
Zenbat denbora dago geldiarazteko?
Oso gutxi. Izan ere, abuztuaren 6rako egon beharko litzateke bukatuta kapital-handikuntza. Horren aurretik, gaur egun akziodun direnek onartu beharko lukete hori egitea; eta horretarako, Zuzendaritza Batzordeak Ez-Ohiko Batzar Orokorra deitu beharko luke.
Oraindik ez du deialdirik egin, baina egunotan egingo du. Estatutuen arabera hilabeteko epeaz egin behar du deialdia, eta hortaz, badirudi martxoko bigarren hamabostekoan izango dela.
Hori guztia aintzat harturik, handikuntza geldiarazteko epea, gehienez ere, Batzar Orokor horren eguna izango litzateke. Presioa egiteko hilabete eskas dago, beraz.
Irudia: Gorriteando un poco - SD Eibar
Eguneraketak
2014/02/18 13:47: Errege Dekretua vs. Legea
Hainbat lekutan irakurtzen ari naiz lege bat dela. "Existe una Ley que se creó para evitar la morosidad...". Berez, ez da lege bat, baizik eta Errege Dekretu bat (Real Decreto).
Zein da desberdintasuna? Legeak parlamentuak onartzen ditu (botere legegileak). Errege-Dekretuak, berriz, Gobernuak (botere exekutiboak). Zehazki, Ministroen Kontseiluak hartu behar du erabakia, eta erabaki hori berretsi behar dute bai Juan Carlos de Borbón y Borbón errege Jaun Txit Gorenak, bai Espainiako Gobernuko presidenteak (Mariano Rajoy jaunak) edo eskumena duen ministroak (José Ignacio Werth jaunak).
Horren garrantzia handia da: batetik, oposizioko alderdi politikoek ez dute eskumenik proposamenik egiteko. Eskaerak baino ezin dituzte egin. Baina bestetik, tramitazioa lege batena baino azkarragoa da. Datorren astean bertan, arazorik gabe, Ministroen Kontseiluak Errege Dekretua aldatu lezake, nahi baldin balu.
Muturrak beti mutur, eta beti muturtuta
Legebiltzarrean, eztabaidatzen diren gaiak aurrez zehazten dira. Taldeek ekimenak Erregistroan aurkeztu, eta Mahaiak onartzen ditu. Gaia eztabaidatzeko momentuan,ez dira beste kontuak eztabaidatzen. Eztabaida antolatua da.
EHBilduk Interpelazio bat aurkeztu zuen, Toki Administrazioaren arrazionalizazio eta iraunkortasunerako legeari buruz. Interpelazioa da ekimen parlamentario bat, Jaurlaritzaren jokabidea ezagutzeko gai jakin baten inguruan. 10 minutu aurkezpena egiteko, 10 minutu Jaurlaritzak erantzuteko, eta 5na minutu bigarren txandarako (III. Kapitulua, 1. Atala).
Minutu horiek erabili behar dira gai hori jorratzeko. Eta ez besterik. Beste gai bat lantzeko, prozedimenduari ekin behar zaio: "beste gai bat sartu nahi denean, beteta eduki beharko ditu gai horrek gai-zerrendan sartu ahal izateko Erregelamenduak ezarritako tramiteak" (II. Kapitulua, 78. artikulua, 4. puntua).
Legebiltzarkide batek ezin du bere diskurtsoa erabili bestelako gai bat jorratzeko: "Gaiari lotzeko deia egingo zaie hizlariei aztertzen ari den gaitik kanpo jarduten diren bakoitzean" (VIII. Kapitulua -Legebiltzarreko disziplina-, 2. Atala -Gaiari lotzeko eta ordena zaintzeko deia-, 114. artikulua). Eta artikulu berak zehazten du, legebiltzarkide batek hala jokatuz gero, hitza kenduko zaiola: "Hizlari bati gaiari lotzeko deia hirugarren aldiz egin behar badio lehendakariak esku-hartze berean, kendu egingo dio hitza".
Maiatzean Gorka Maneiro (UPYD) izan zen horrelako numeritoa egin zuena. Gaur Dani Maeztu (EHBildu) izan da. Interpelazioa egin du "Toki Administrazioaren arrazionalizazio eta iraunkortasunerako legearen inguruan", eta aprobetxatu nahi izan du beste gai batzuk jorratzeko. Presidenteak hiru aldiz eskatu dio bere gaira mugatzeko, eta ez du nahi izan. Erregelamendua eskuan, hitza kendu dio. Eta Maneirok egin zuen bezala, ospa egin du, EHBilduko gainontzeko legebiltzarkideekin batera.
Pataleta-eskubidea dute Maneirok eta EHBildukoek, eskubidea dute muturtuta aritzeko eta muturreko jarrerak izan eta muturreko proposamenak egiteko; baina ez dute eskubiderik arauen mugak hausteko, ezta bere betebeharrei uko egiteko ere. Izan ere, "Legebiltzarkideak derrigortuta daude beren portaeran Erregelamenduari jarraitzera" (III. Kapitulua, 3. Atala, 18. arikulua). Gaur Dani Maeztuk egin duena arau-haustea da, eta bere taldekideak muturtu egin dira, Presidenteak hori ez baimentzeagatik.
EITBk alderdiei eskeinitako denbora
Zegokiena baino zenbat puntu portzentual gehiago edo gutxiago izan duten denera (elkarrizketak kontutan hartu gabe)
EITBk Alderdiei eskeinitako denbora informazio publikoa da. Legebiltzarrean horren berri ematen du aldiro-aldiro, eta (egia bada ere ez dagoela formatu oso erabilgarrian) datu horiek herritarren esku daude nahi duenak aztertzeko. Datu horiek excel batean batu ditut errazago elkarbanatzeko.
Martxoan izendatu zuten Maite Iturbe EITBren Zuzendari, eta aproposa iruditu zait lagina hurrengo hilabetean hastea. Legebiltzarrean erregistratutako azken datuak uztailekoak dira. Hortaz, batu ditut 2013ko apirileko, maiatzeko, ekaineko eta uztaileko datuak. Dokumentua partekatzen dut hemen nahi duenak begiratzeko, eta bertako ondorio nabarmenenak doaz jarraian.
Elkarrizketak
- EAJri boto portzentaiaz legokiona baino 10 puntu portzentual gutxiago egin dizkiote.
- EHBilduri, legokiona baino 10 puntu portzentual gehiago.
- PSEri, legokiona baino puntu portzentual 1 gehiago.
- PPri, legokiona baino 7 puntu portzentual gehiago.
- Eta UPYDri, legokiona baino 0,58 puntu portzentual gutxiago.
Ondorioa: Elkarrizketetan oso kaltetua irten da EAJ, oso pareko geratu dira UPYD eta PSE, eta zegokiena baino denbora dexente gehiago izan dute PPk eta EHBilduk.
Albistegietan denbora vs. hauteskunde-emaitzak
- EAJri, botoz legokiona baino 15,2 puntu portzentual gutxiago.
- EHBilduri, legokiona baino 4,6 puntu portzentual gutxiago.
- PSEri, legokiona baino 2,9 puntu portzentual gehiago.
- PPri, legokiona baino 13 puntu portzentual gehiago.
- UPYDri, legokiona baino 1,6 puntu portzentual gehiago.
- Gainontzeko alderdiei, legokiena baino 1,6 puntu portzentual gehiago.
- EHBildu eta beste alderdiak batuta, legokiena baino 3 puntu portzentual gutxiago.
Ondorioa: oso kaltetua irten da EAJ. Kaltetua, neurri askoz txikiagoan EHBildu. Zegokiena baino apur bat gehiago eskaini zaie PSEri eta UPYDri eta dexente gehiago PPri. Beraz, ez da bidezkoa -inondik inora- EHBildu sare sozialetan egiten ari den kritika.
Informazio hau askoz zehatzago, eta Excel horretako informazioa txosten moduan aurkeztuta deskargatu dezakezue PDF dokumentu honetan.
OH: Laneko ordenagailuan ez daukat flash instalatzerik, eta hortaz ezin izan dut pdf txostena SlideSharera edo Scribdera igo.
EHBildu, postureo politikoa
Postureo politiko hutsa. Propaganda. Hori da EHBilduren politika egiteko modua. Gaurkoa horren froga argi bat baino ez da izan.
Duela hilabete t´erdi Osoko Bilkura Monografikoa eskatu zuen EHBilduk Legebiltzarrean. Egun osoz aritu dira gaur alderdi desberdinetako bozeramaileak, LOMCEren aurka (PPkoa salbu, EAEko hautesleen %11,73 duen alderdia baita LOMCE defendatzen duen bakarra).
Egun osoz 75 legebiltzarkide batzartuta LOMCEri bueltak eta bueltak ematen. Dozenaka langile horri bueltaka (kazetariak, zerbitzuak, laguntzaileak...). Espero genezakeen EHBilduk proposamen mardulen bat eramango zuela gaur besapean.
Bada, kuantitatiboki hutsaren hurrengoa eraman du: proposamen bakarra (EAJk 33, PSEk 36, PPk 12 eta UPYDk 11). Proposamen 1 bakarrik EHBilduk. Ez ditut beste alderdien 92 proposamenak aipatuko, baina bai EAJren bat, 6.a, ukatua izan dena. Aurka bozkatu dute PSEk, PPk eta UPYDk, eta abstenitu egin da EHBildu. Eurek esan beharko dute zergatik esan dioten ezetz proposamen honi: "euskal hezkuntza sisteman hizkuntzen erabilera arautzea euskal erakundeen eskumen esklusiboa da".
EHBilduren lana kualitatiboki ebaluatu behar badugu, zein da bere aportazioa? Bere proposamen bakarra ponentzia bat eratzea izan da. Ponentzia bat eratzeko ez da beharrezkoa inongo Bilkura Monografikorik egitea. Halako muntairik gabe ere sortu zitekeen Ponentzia.
Ponentzia bat eratzeko Bilkura Monografiko bat eskatzearen atzean arrazoi bakarra egon daiteke: jardun politikoaren helburua propaganda izatea, eta ez herritarren bizitzan eragina duten gauzak egitea (edo geldiaraztea, kasu honetan).
Gehiegizko zigorra, biktimentzako iraina
Estrasburguko Auzitegiak Espainia kondenatu du. Izan ere, hainbat urte daramatzate hainbat presok kartzela barruan... Espainiako legeen kontra.
Hogeita lau erahilketa egitea leporatuta, Parot Doktrina aplikatu zion Espainiak Ines Del Rio ETAkideari. 2008an kalean behar zuen, baina doktrina horren bidez, Legea hautsita, kartzelan darrai oraindik Del Riok.
Egoera hori ulergaitza da demokratikoa den Zuzenbide Estatu batean. Edo ustezko Zuzenbide Estatu batean, behintzat. Espainian, aldiz, sutsuki defendatu dute. Horrek agerian uzten du zer nolakoak diren Espainiako kalitate demokratikoa eta segurtasun juridikoa. Zorionez, Europar Batasunaren baitan dagoen Estatua da, eta Batasuneko Giza Eskubideen auzitegiak aho batez erabaki du Parot Doktrina bertan behera uztea.
Inés Del Río eta beste 54 preso aske utzi beharko ditu Espainiak. Hori gutxi ez, eta 30.000 euro eman beharko dizkio Del Ríori kalte-ordainetan. Ez da berri pozgarria izan biktima batzuentzat, iraingarritzat hartu baitute albistea.
Kontua da... Zuzenbide Estatua defendatzen duenak, nekez defendatu dezakeela Zuzenbide Estatuaren aurkako neurririk. Eta Zuzenbide Estatua eskuan, ezin dituztela preso horiek kartzelan mantendu. Hori horrela izanik, kuriosoak dira zenbait erreakzio. Izan ere, ustez Zuzenbide Estatuaren alde daudenak baitira gaur ospakizunetarako gogo gutxien daukatenak.
Ama, hoiei ze gustatzen zaie, Euskadi edo España?
Behin, umetan, bost bat urte izango nituen, dozenaka lagun ikusi nituen etxe parean Izquierda Unidako banderak eskuan. Aitari eta amari hori zer zen galdetu, eta partido politikoa zela. Eta nik, nire inozentziatik...
- Ta hoieri ze gustatzen zaie, Euskadi edo España?
Biak barrezka hasi eta "horreri, Mundua!!!" erantzun zidaten. Konzientzia politikoa eta identitatea eraikitzen ari nintzen hartan, faszinantea iruditu zitzaidan.
Gerora jabetu nintzen euren banderek estatu eredu bat bakarrik ez, nazio bat ere ordezkatzen dutela. Nik ere badudala nazio bati lotutako identitate bat, eta badela posible nork bere herrian sustraiturik munduarekiko ikuspegi irekia izatea. Are gehiago... horrela egindakoa baino aportazio aberatsagorik nekez egin dakiokeela munduari.
“I do not want my house to be walled in on all sides and my windows to be stuffed. I want the cultures of all the lands to be blown about my house as freely as possible. But I refuse to be blown off my feet by any.” (Mahatma Gandhi)
EA: bere lekua behar izatetik, bestearenean egotera
Abertzaletasunaren mesederako, 2 indar politiko handi egotea defendatu izan dut. Bi espazio politiko abertzale baitaude euskal soziologia politikoan: EAJ eta ezker abertzalea. Horregatik ez nuen ulertu bere garaian EAk EAJrekin erabat hautsi izana, bere indar propioa erakusteko saiakera baldar batean, bi hanka horien –eta ondorioz abertzaletasunaren- sendotzearen aldeko apustua egin beharrean.
EAk bere bidea egin behar omen zuen, ez beste inoren segidismoa. Eta bere bidea markatze hori hain zen garrantzitsua, zentzugabekeria iruditu zitzaidan barne zatiketa bat izatearen kostua asumitzera iritsi zela EA. Ez da kontu makala.
Orduan espero ez genuena (edo sinistera iristen ez ginena) zera zen: bere bide propioaren aldarriaren atzean zegoena oso bestelakoa zela. Bide propioa egin baino, artzaiz aldatu eta hark gidatutako artaldean integratzea -bere diskurtsoak asumituz- izango zela hain zuzen ere bere egitekoa. Zilegi dena, noski, baina duela 5 urte inondik inora inork espero ez zuena.
Ezker abertzale tradizionala eta Eusko Alkartasunaren arteko harremanak gozotzen joan ziren pixkanaka. Gernikako akordioa iritsi zen, Bildu koalizioa gero, eta berarekin batera beste sakrifizio latz bat: Nafarroa aldatzera bidean zegoen Nafarroa Bai koalizioa zapuztea. EAren ibilbide bitxi honek, eszizioak barne, balio izan du abertzaleen batasuna (bitasun perfektua, hobe esanda) posible egiteko. Hori aitortzen diet EAn geratu zirenei zein EA utzi eta betiko bidea jarraitzeko asmoz proiektu berri bat hasi zutenei. Alderdi abertzaleen atomizazioarekin amaitzea posible egin dute, eta aitortu beharrekoa da hori.
Baina hori aitortzearekin batera, ezker abertzalearen batasun berri horren (Bildu, Amaiur, EH Bildu) eduki politikoetan, espero nuenaren erabat kontrakoa gertatu da. Gernikako Akordioarekin eta Bilduren hasierako diskurtso eta keinuekin, bazirudien EA ezker abertzale tradizionalarengan eragin handia izaten ari zela bere diskurtsoak berritzeko eta demokratizatzeko. Ez dakit zein izan den kausa: Espainia ozpinduaren eragina (ilegalizazio mehatxuak eta inmobilismoa bake prozesuaren aurrean) edo ezker abertzale tradizionalak ezarritako hegemonia; baina badakit zein izan den ondorioa: hasieran EAk ezker abertzale tradizionalarengan influentziarik izan bazuen, dagoeneko erabat eraldatu da eta diskurtso zaharraz jarraitzen duen artzaiaren artaldeko kide baino ez da. Ezker Abertzalearen diskurtso tradizionala erabat propio asumitu du EAk. Pozik egoteko arrazoiak dituzte ideologia iraultzaile horretan sinisten zutenek, baina abertzaleen arteko elkarlanari mesede egingo zion diskurtsoen eguneraketa bat beharrezko ikusten genuenontzat ez dirudi pozik egoteko kontua.
Azken egunotan ugaritu egin dira EAJren Batzokien aurkako erasoak. Eta horren aurreko erreakzioetan sorpresa izan dut. Lehenago EAk eta Aralarrek ere jasan izan zituzten antzekoak, eta alderdi demokrata guztiek gogor gaitzetsi zituzten erasook, baita eurek ere. Eusko Alkartasunako gazteek, Gazte Abertzaleak elkarteak hain zuzen ere, “ataque fascista” gisa katalogatu zuten bere egoitzak jasandako erasoa. Gaur, berriz, horrelako ekintzen aurrean, bere kide diren zenbaitek beste alde batera begiratzea nahiago dutela dirudi. Besteak bere lekurantz hurbiltzeko zuen gaitasuna abandonatu, eta bestearenean egotera pasa dela dirudi. Gogoetan erratuta egoteko esperantza daukat, baina susmoa dut oraingo artzaiarekin ezin ote diren artaldetik irten.
Epaiketa injustuen ondorioz ebatzitako atxiloketak gauzatu beharraz
Segi erakunde politikoko kide izateagatik 8 pertsona atxilotzeko agindua jaso du Ertzaintzak. Behoa aurretik injustua deritzodala erakunde politiko bateko kide izate hutsa kriminalizatzea, ez baldin bada jarduera zehatzik frogatzen, eta horretara nire elkartasuna adierazi nahi diedala injustua deritzodan epaiketa hori jasaten ari diren 8 pertsona horiei. Uste dut iraganekoa den –edo iraganean utzi nahi dugun- egoera bati erantzuten dion Estatu-estrategia gogor bati erantzuten diola epaiketa honek, ETAri eta bere jardunari bere gaitzespen argia erakutsi ez dion oro erakunde terroristaren apendize kontsideratzearen bide maltzurrean oinarritutako estrategia eta Euskal Herrian beste hainbat epaiketa injustu ekarri izan dituen estrategia, hain zuzen ere, Egunkaria kasu horren adibide argia izanik.
Egoera horren aurrean eskaera luzatu zaio EAJri Ertzaintzak ez dezan askok injustutzat hartzen ditugun atxiloketa horiek gauzatu. Zentzu horretan, gogoratu beharra dago Ertzaintza polizia judiziala denez gero, Ministeritza fiskalaren, epaileen eta epaitegien esanetara dagoela, horien agindu zuzenetara, legez araututa hala egiten badute. Horren aurka egiteak izango lituzkeen ondorio lirateke bere arduradun politikoekiko inputazioa, beste polizia bat bidaltzea eta hortaz Ertzaintzaren polizia integral izaeraren izatezko deuseztapena, eta Ertzaintzak legea urratzeak suposatzen duen segurtasun juridiko eza. Legeak, gustoko edo ez, denok bete beharrekoak dira; eta erakunde publikoen kasuan, betearazteko ere bai. Bere funtzioen utzikeria larria litzateke, aipatutako arrazoiak medio, legeen kontrako jarduna egitea Ertzaintzak, herri honen gehiengoak lege horiek justuak ez direla uste izanda ere.
Legeen aurka egiteko erakunde legegileetan hartu behar dira horiek aldatzeko eta deuseztatzeko neurriak, eta auzitegietan –nazioartekoak barne- eskatu urratzen diren giza eskubideen bermea. Zentzu horretan lan mardula dago aurretik; eta baita horiek ahalbidetzera bidean, zenbaiten ikusmolde politiko ozpinduak eta zaharkituak egoera berrira egokitzea ahalbidetzeko. Hor jarri beharko genituzke ahaleginak arazo honi konponbidea jartzeko eta gauzatzear dagoen espetxeratzeari irtenbidea emateko, eta hala izatea espero dut, Ertzaintzak atxiloketa gauzatu ala ez, berdin-berdin izango baita beharrezko lan hori.
Simulakro urbanistikuak
Atxakixarik ez da falta izaten diru publikua porlanian gastatzeko, eta oiñ modan daguana kalietan oinezkuendako guniak sortzia da. Aspaldittik daroiat hori defenditzen, ta ez naiz ba horren kontra hasiko oin, baiña poltsikuari be begiratu bihar jako... krisisan atxakixakin bada be! Estaziño kalia barrizteko, 211.000 euro. Ego-Gain, 280.000 euro. San Agustin, 255.000 euro. Laugarren kale bat eindakuan milloi bat euro izango da danera. Ta damutu ezkero, ze?
1996xan Getxon peatonalizaziñua probau zeben obrarik eiñ barik. Pintura pixkat nahikua izan leike proba bat eitteko. Eredu hori Massachusettseko teknologia institutuak bere ikaslieri erakusten detsa, eta eredu horri jarraittu zetsan New Yorkeko Udalak Times Square berriztu aurretik probia eitteko. Guk, badaezpada, dirua aurretik. Eibartarrak harruak ez garanik ezingo dabe esan behintzat.
Obsesiño identitarixua... zeiñena?
Nahiko neuke krisisari aurre eitteko soluziñuak egotia mahai gaiñian egunotan. Langabezixa %35a igo ta zorra 8 aldiz biderkatuta gastu arruntari heldu ahal izateko, sozialistok argumentu gitxi dakez kanpaiñian zihar kontau ahal izateko. Euron zorion ta gaiñontzeko lurtarron zorigaitzerako, holako egoerieri aurre eitteko beti dake karta bat gordeta kanpaiñarako, euren maletiñak ondo berotu ostian: maleten diskursua. Obsesiño identitarixua ta Euskal Herrittik alde eittera bihartuko doguzela kanpotik etorrittako hainbeste euskal herritar. Astelehenian etorri jakun bisitan López Amañara, horretxek kontuokin. "Nunca más bajaremos la mirada por tener apellidos y acentos diferentes" esatera etorri zan gurera, ta bide batez Jaurlaritzak Eibarren eindako inbersiñuen sasiegixak kontatzera... baiña hori, beste baterako.
Galiziatik etorrittako langille baten alaban semia naiz. Valladolidetik etorritako langille baten alaban semia zan nere aitta be. Baiña gauzak ze diran, herri honen erabakitzeko eskubidian defentsa sutsua eitten dot. Neu be herri honen seme naizelako, nere lehen zortzi abizenen artian Rodriguez, Del Barrio edo Vazquez egonda be. Mingarrixa jake XIX. mendeko diskursuetan itxi nahi diran batzueri, ta horren aurrian anonimotasunetik deskalifikaziño personalera jotzia beste aukerarik ez dake, eta holako perlak jasatera kondenau nau gure herriko gizaseme batek: "el nieto de matarratas es el nuevo vocero del PNV".
El nieto de Casimiro, el nieto de Matarratas, Josu Mendicute está muy orgulloso de defender el derecho a decidir de su pueblo con su palabra y sin descalificar al ajeno desde el anonimato. Mal que les pese a los unionistas de este país, somos cientos, somos miles los ciudadanos y ciudadanas vascos y vascas descendientes de gallegos, castellanos, extremeños o andaluces que creemos en la existencia del pueblo vasco y en su derecho a decidir su futuro en paz y en libertad, y dicho sea de paso, que vivimos en un bilingüismo real. Y por mucho que les pese, derecho a decidir no es una obsesión identitaria, no es hacer un país para gente con 8 apellidos vascos y RH negativo. Yo, con apellidos españoles y RH positivo, reivindico el derecho de este pueblo a decidir su propio futuro. Porque más allá de una lucha de identidades, es reivindicar el pleno ejercicio de la democracia. Que no nos enreden.
Argi euki deixela Eibarko eta Euskal Herriko extremeño, andaluz, boliviar eta argentinarrok eta euren seme-alabek. Herri honen parte dira eta herri honen etorkizuna erabakitzeko eskubidia dake. Dakagu. Demokraziari mugak jartzen detsana da kanpotik etorrittako hainbeste laguni, gaiñontzekueri bezela, eskubidiak murrizten ari dana.