Muturrak beti mutur, eta beti muturtuta
Legebiltzarrean, eztabaidatzen diren gaiak aurrez zehazten dira. Taldeek ekimenak Erregistroan aurkeztu, eta Mahaiak onartzen ditu. Gaia eztabaidatzeko momentuan,ez dira beste kontuak eztabaidatzen. Eztabaida antolatua da.
EHBilduk Interpelazio bat aurkeztu zuen, Toki Administrazioaren arrazionalizazio eta iraunkortasunerako legeari buruz. Interpelazioa da ekimen parlamentario bat, Jaurlaritzaren jokabidea ezagutzeko gai jakin baten inguruan. 10 minutu aurkezpena egiteko, 10 minutu Jaurlaritzak erantzuteko, eta 5na minutu bigarren txandarako (III. Kapitulua, 1. Atala).
Minutu horiek erabili behar dira gai hori jorratzeko. Eta ez besterik. Beste gai bat lantzeko, prozedimenduari ekin behar zaio: "beste gai bat sartu nahi denean, beteta eduki beharko ditu gai horrek gai-zerrendan sartu ahal izateko Erregelamenduak ezarritako tramiteak" (II. Kapitulua, 78. artikulua, 4. puntua).
Legebiltzarkide batek ezin du bere diskurtsoa erabili bestelako gai bat jorratzeko: "Gaiari lotzeko deia egingo zaie hizlariei aztertzen ari den gaitik kanpo jarduten diren bakoitzean" (VIII. Kapitulua -Legebiltzarreko disziplina-, 2. Atala -Gaiari lotzeko eta ordena zaintzeko deia-, 114. artikulua). Eta artikulu berak zehazten du, legebiltzarkide batek hala jokatuz gero, hitza kenduko zaiola: "Hizlari bati gaiari lotzeko deia hirugarren aldiz egin behar badio lehendakariak esku-hartze berean, kendu egingo dio hitza".
Maiatzean Gorka Maneiro (UPYD) izan zen horrelako numeritoa egin zuena. Gaur Dani Maeztu (EHBildu) izan da. Interpelazioa egin du "Toki Administrazioaren arrazionalizazio eta iraunkortasunerako legearen inguruan", eta aprobetxatu nahi izan du beste gai batzuk jorratzeko. Presidenteak hiru aldiz eskatu dio bere gaira mugatzeko, eta ez du nahi izan. Erregelamendua eskuan, hitza kendu dio. Eta Maneirok egin zuen bezala, ospa egin du, EHBilduko gainontzeko legebiltzarkideekin batera.
Pataleta-eskubidea dute Maneirok eta EHBildukoek, eskubidea dute muturtuta aritzeko eta muturreko jarrerak izan eta muturreko proposamenak egiteko; baina ez dute eskubiderik arauen mugak hausteko, ezta bere betebeharrei uko egiteko ere. Izan ere, "Legebiltzarkideak derrigortuta daude beren portaeran Erregelamenduari jarraitzera" (III. Kapitulua, 3. Atala, 18. arikulua). Gaur Dani Maeztuk egin duena arau-haustea da, eta bere taldekideak muturtu egin dira, Presidenteak hori ez baimentzeagatik.