Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Josu Leokanne / EA: bere lekua behar izatetik, bestearenean egotera

EA: bere lekua behar izatetik, bestearenean egotera

Josu Mendicute 2013/05/02 14:05
Eusko Alkartasuna alderdiak azken urteotan izandako deriba ideologikoaz daukadan iritzia: ona izan da abertzaleen bitasuna posible egiteko, baina diskurtsoen berritzerako berarengan jarritako esperantzak ezerezean geratzear daude.
EA: bere lekua behar izatetik, bestearenean egotera

Erasoa Zaramagako Alkartetxean (Gazte Abertzaleak, 2004)

Abertzaletasunaren mesederako, 2 indar politiko handi egotea defendatu izan dut. Bi espazio politiko abertzale baitaude euskal soziologia politikoan: EAJ eta ezker abertzalea. Horregatik ez nuen ulertu bere garaian EAk EAJrekin erabat hautsi izana, bere indar propioa erakusteko saiakera baldar batean, bi hanka horien –eta ondorioz abertzaletasunaren- sendotzearen aldeko apustua egin beharrean.

EAk bere bidea egin behar omen zuen, ez beste inoren segidismoa. Eta bere bidea markatze hori hain zen garrantzitsua, zentzugabekeria iruditu zitzaidan barne zatiketa bat izatearen kostua asumitzera iritsi zela EA. Ez da kontu makala.

Orduan espero ez genuena (edo sinistera iristen ez ginena) zera zen: bere bide propioaren aldarriaren atzean zegoena oso bestelakoa zela. Bide propioa egin baino, artzaiz aldatu eta hark gidatutako artaldean integratzea -bere diskurtsoak asumituz- izango zela hain zuzen ere bere egitekoa. Zilegi dena, noski, baina duela 5 urte inondik inora inork espero ez zuena.

Ezker abertzale tradizionala eta Eusko Alkartasunaren arteko harremanak gozotzen joan ziren pixkanaka. Gernikako akordioa iritsi zen, Bildu koalizioa gero, eta berarekin batera beste sakrifizio latz bat: Nafarroa aldatzera bidean zegoen Nafarroa Bai koalizioa zapuztea. EAren ibilbide bitxi honek, eszizioak barne, balio izan du abertzaleen batasuna (bitasun perfektua, hobe esanda) posible egiteko. Hori aitortzen diet EAn geratu zirenei zein EA utzi eta betiko bidea jarraitzeko asmoz proiektu berri bat hasi zutenei. Alderdi abertzaleen atomizazioarekin amaitzea posible egin dute, eta aitortu beharrekoa da hori.

Baina hori aitortzearekin batera, ezker abertzalearen batasun berri horren (Bildu, Amaiur, EH Bildu) eduki politikoetan, espero nuenaren erabat kontrakoa gertatu da. Gernikako Akordioarekin eta Bilduren hasierako diskurtso eta keinuekin, bazirudien EA ezker abertzale tradizionalarengan eragin handia izaten ari zela bere diskurtsoak berritzeko eta demokratizatzeko. Ez dakit zein izan den kausa: Espainia ozpinduaren eragina (ilegalizazio mehatxuak eta inmobilismoa bake prozesuaren aurrean) edo ezker abertzale tradizionalak ezarritako hegemonia; baina badakit zein izan den ondorioa: hasieran EAk ezker abertzale tradizionalarengan influentziarik izan bazuen, dagoeneko erabat eraldatu da eta diskurtso zaharraz jarraitzen duen artzaiaren artaldeko kide baino ez da. Ezker Abertzalearen diskurtso tradizionala erabat propio asumitu du EAk. Pozik egoteko arrazoiak dituzte ideologia iraultzaile horretan sinisten zutenek, baina abertzaleen arteko elkarlanari mesede egingo zion diskurtsoen eguneraketa bat beharrezko ikusten genuenontzat ez dirudi pozik egoteko kontua.

Azken egunotan ugaritu egin dira EAJren Batzokien aurkako erasoak. Eta horren aurreko erreakzioetan sorpresa izan dut. Lehenago EAk eta Aralarrek ere jasan izan zituzten antzekoak, eta alderdi demokrata guztiek gogor gaitzetsi zituzten erasook, baita eurek ere. Eusko Alkartasunako gazteek, Gazte Abertzaleak elkarteak hain zuzen ere, “ataque fascista” gisa katalogatu zuten bere egoitzak jasandako erasoa. Gaur, berriz, horrelako ekintzen aurrean, bere kide diren zenbaitek beste alde batera begiratzea nahiago dutela dirudi. Besteak bere lekurantz hurbiltzeko zuen gaitasuna abandonatu, eta bestearenean egotera pasa dela dirudi. Gogoetan erratuta egoteko esperantza daukat, baina susmoa dut oraingo artzaiarekin ezin ote diren artaldetik irten.

etiketak: Politika
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Josu Mendicute

Goizaldean jaio nintzen, gurasoek koadrilarekin afaria amaitu eta Korrika Eibartik pasa artean. Urte batzuk geroago Eibarko Alkate izateko hautagai izendatu naute.