Eibar KE, behar ez duen kapital-handikuntza egitera behartuta
Duela 15 urte, Espainiako Gobernuak 1251/1999 Errege Dekretua onartu zuen. Bere helburua zen futbol taldeen zorrak ekiditea.
Egin beharreko handikuntza
Arau horretan (eta hori aldatzen duen 1412/2001 Errege Dekretuan) zehazten da, 3. artikuluan, zein den futbol profesionalean diharduten klubek izan beharreko kapital soziala. Horretarako ezartzen duen formula honako hau da:
- Diharduen Ligan, gastu handiena eta txikiena izan dituzten bi taldeak baztertu.
- Gainontzeko guztien gastuen batez bestekoa egin.
- Batez besteko horren %25 kalkulatu.
- %25 horri, sozietateak duen ondasun negatiboa gehitu.
Zenbat diruz ari gara?
Eibarrek zorrik ez duela-eta, kalkulu horren arabera, Eibar KEak izan beharreko kapitala 2.146.525,95€koa da. Gaur egun Eibar K.E.ak duen kapitala 422.253€koa izanik (beharrezkoa baino 5 aldiz gutxiago), egin beharreko handikuntza 1.724.272,95€koa da.
Nola lortu?
Hainbat aukera daude:
- Herritarrek akzioak erostea. Abonatutako bazkideek erosteak dirudi lojikoena. Kontuan izanik bazkide abonatuak 3.500 lagun direla, horiek hartuko balute parte akzioen erosketan, bakoitzak 493 euro jarri beharko lituzke bataz beste. Horien erdiak ikasleak (tartean umeak), langabetuak, eta zailtasunak dituzten beste hainbat kolektibo direla kontuan hartuta, erdiak izango luke nolabaiteko ahalmena akzio-erosketan parte hartzeko. Horrek ekarriko luke bazkide arrunt batek 985 euroko inbertsioa egitea.
- Kanpoko inbertsoreek akzioak erostea. Kasu horretan, Eibar KEaren jabetza deslokalizatuko litzateke, horrek dakartzan ondorio guztiekin. Gaur egun Eibar KEaren jabetza herriko biztanle askoren artean zati txikitan banatuta dago.
Eta lortuko ez balu?
Abuzturako kapital-handikuntza bukatzea lortuko ez balu, taldea kanporatuko lukete liga profesionaletik eta 2.B mailara jeitsiko litzateke. Une honetan, Bigarren A mailako lehen postuan dago Eibar, 1. mailara igotzeko postuetan, baina kirol-merituen bidez igoera lortuta ere, mailaz jeitsiko litzateke.
Zergaitik orain eta ez azken 15 urteotan?
Errege Dekretua onartu zutenean, Eibar KE zegoeneko Bigarren mailan zegoen. Dekretuaren arabera, ez zaie handikuntza aplikatzen dagoeneko maila horretan daudenei, baldin eta ez badira bi denboraldi baino gehiagoz hortik azpiko kategorietan egon. Eibar KE 3 urtez egon da 2.B mailan; eta orain igo denez gero, behartuta dago handikuntza egitera.
Ondorioz, Dekretuak mugak jartzen dizkie kirol-emaitza onak lortzen dituzten talde txikiei.
Inposaketa geldiarazteko ekimenak
- EAJk Kongresuan galdera egin dio Kirolerako Estatu-idazkariari, azaldu dezan Dekretu hori aldatzeko asmoa duen. Dekretua aldatzea izango litzateke bidea Kirol Kontseilu Nagusiak handikuntza ez exijitzeko.
- PSEk ez du eskatu Dekretua aldatzeari, baizik eta Dekretua ez betetzea. Juridikoki ez dirudi posible denik hala egitea, baina hori eskatu du. Horretarako, eskaera bera erregistratu du Gipuzkoako Batzar Nagusietan, Legebiltzarrean, eta Kongresuan.
- EAJk Gipuzkoako Foru Aldundiari galdetu dio, jakiteko ea egoeran eskuhartzeko zein ekimen aurreikusten duen. Oraingoz, Foru Aldundiak (Bilduk) PSEren eskaera bera egin du: Dekretua aldatu bitartean, Eibar horren aplikaziotik at geratu dadila.
- Interneten Ignacio Barahona sinadurak jasotzen hasi da. Eskaera Futbol Profesionaleko Ligari egiten dio, Legea aldatu dezan. Berez, eskaera Espainiako Gobernuari egin beharko lioke, Dekretua aldatu dezan; baina funtsean, terminologia alde batera utzita, argi dago eskaeraren helburua berbera dela.
Funtsean, badirudi EAJ, PSE eta Bildu, hala nola Interneten sinatzen dihardutenak, eskaera desberdinak egin arren, ados daudela oinarri-oinarrian: Eibar KEari exijitzen zaion kapital-handikuntza ez da bidezkoa.
Baina eskumena Espainiako Gobernuarena da. PPren esku dago. Egingo al du zerbait egoera aldatzeko? Ikustear dago, baina denbora ez dauka soberan.
Zenbat denbora dago geldiarazteko?
Oso gutxi. Izan ere, abuztuaren 6rako egon beharko litzateke bukatuta kapital-handikuntza. Horren aurretik, gaur egun akziodun direnek onartu beharko lukete hori egitea; eta horretarako, Zuzendaritza Batzordeak Ez-Ohiko Batzar Orokorra deitu beharko luke.
Oraindik ez du deialdirik egin, baina egunotan egingo du. Estatutuen arabera hilabeteko epeaz egin behar du deialdia, eta hortaz, badirudi martxoko bigarren hamabostekoan izango dela.
Hori guztia aintzat harturik, handikuntza geldiarazteko epea, gehienez ere, Batzar Orokor horren eguna izango litzateke. Presioa egiteko hilabete eskas dago, beraz.
Irudia: Gorriteando un poco - SD Eibar
Eguneraketak
2014/02/18 13:47: Errege Dekretua vs. Legea
Hainbat lekutan irakurtzen ari naiz lege bat dela. "Existe una Ley que se creó para evitar la morosidad...". Berez, ez da lege bat, baizik eta Errege Dekretu bat (Real Decreto).
Zein da desberdintasuna? Legeak parlamentuak onartzen ditu (botere legegileak). Errege-Dekretuak, berriz, Gobernuak (botere exekutiboak). Zehazki, Ministroen Kontseiluak hartu behar du erabakia, eta erabaki hori berretsi behar dute bai Juan Carlos de Borbón y Borbón errege Jaun Txit Gorenak, bai Espainiako Gobernuko presidenteak (Mariano Rajoy jaunak) edo eskumena duen ministroak (José Ignacio Werth jaunak).
Horren garrantzia handia da: batetik, oposizioko alderdi politikoek ez dute eskumenik proposamenik egiteko. Eskaerak baino ezin dituzte egin. Baina bestetik, tramitazioa lege batena baino azkarragoa da. Datorren astean bertan, arazorik gabe, Ministroen Kontseiluak Errege Dekretua aldatu lezake, nahi baldin balu.