Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak

#m30greba orokorra Euskal Herrian

Mikel Iturria 2013/05/30 08:00
Gaur, maiatzak 30, greba orokorra dago deitua Euskal Herrian.

Greba orokorra deitu du maiatzaren 30erako Euskal Herriko gehiengo sindikalak.

Kalean gertatzen ari dena sarean ikusteko aukera izango da M30 greba orokorra webgune kolaboratiboan. Twitter erabiltzailea @grebaorokorra da eta traola #m30greba.

Egoera den bezalakoa da eta bat egitea baino beste aukerarik ez dut ikusten.

50 emanaldi ispiluaren aurrean

Mikel Iturria 2013/05/28 22:22
Ispilua antzezlana 50 aldiz eskaini dute Aldatzen Laguntzen konpainiako Saioa Royok eta Ion Martinez Txikik. Azkena, maiatzaren 23an DOKAn.

Esan bezala, maiatzaren 23an eskaini zuten DOKA kafe antzokian Ispilua antzezlanaren azken emanaldia. Lagunez inguraturik esan zioten agur. Izan ere, ez da makala antzerki amateurraren munduan berrogeita hamar emanaldi eskaintzea, are gutxiago euskaraz.

Berandu iritsi nintzen eta Jon Plazaolaren bakarrizketa galdu nuen. Bikotearekin batera obraren soinu banda osatzen duten kantak jo zituzten zuzenean hainbat musikarik: Oreka TX, Demodé Quartet, Xabi Strubell eta Jurgi Willis Drummond, hain zuzen ere.

Zirrara izan zen nagusi amaieran. Xabino Artedramak zioen bezala, ez baita erraza zurekin hiru urteko ibilbidea egin duen antzezlanari adio esatea.

Ez dut Saioa ezagutzen, baina honek ondo baino hobeto definitu zuen Ion Martinez. Txikiri pasioa, gauzak egiterako orduan duen grina eskertu zion. Eta nik ere gauza bera azpimarratu nahiko nuke. Antiguako edo Donostiako hainbat jaitan ikusiko duzu lanerako beti prest. Emozioz beterik kontatuko dizu kristoren emanaldia eskaini zuela ez dakit non Euskal Herriko ez dakit zein antzokitan.

Izan ere, ohikoa bada jendea gurean kontzertuak ikustera mugitzea, baina arraroak dira Txiki bezalakoak teatroa ikustera alde batetik bestera ibiltzen direnak.

Ispiluaren bukaera iritsi da, baina seguru beste zerbait dutela esku artean Aldatzen Laguntzen taldekoek.

Espejo cincuenta veces representado, este apunte en castellano.

Francoren azken fusilamenduen kontrako protestak

Mikel Iturria 2013/05/19 21:50
Futbola bada gu lokartzeko arma izugarria, baina badira eremu horretan ere jakin eta kontatu behar diren istorioak.

Ulertzen dut futbola nazkaz begiratzen duen jendea. Niri ere ez zait kirol honen inguruan dagoen gehiena interesatzen, baina, hala ere, badauka zerbait.

Panenka aldizkarian agertutako artikulu bat euskaratu zuen duela gutxi Jon Tornerrek Argian. Alain Orsoni-ri eginiko elkarrizketa baten zatiak, hain zuzen ere. Orsoni Korsikako Ajaccio taldeko presidente izateaz gain, lider independentista ere bada. Bizitza arriskuan dauka eta horregatik izenburua: "Hil nahi banaute, erraz daukate, egunero ordu berean ateratzen naiz etxetik".

Ander Izagirreren osaba-aitona zenak, Juan Alcortak, ETAri 1980an idatzitakoak ekarri dizkit gogora: ETA: me encontraréis en Atocha.

Duela aste batzuk, berriz, Los cordones de luto artikulua bidali zidan Pablo lagunak. Bertan, Aitor Agirrek eta Sergio Manzanerak 1975eko irailaren 28ean Santanderko futbol zelaian Racing eta Elx taldeen artean jokatutako partidan egin zutena aipatzen du Raúl Gómez Samperio kazetariak El Diario Montañés-en duela aste batzuk sinatutako zutabean.

Txiki, Otaegi, Sánchez Bravo, García Sanz eta Baena fusilatzeko Francok emandako aginduaren kontra egin zuten protesta bi jokalariek. Zelaira ateratzeko pronto zeudela, aldageletako pasabidean jada, botetako lokarri bana lotu zioten elkarri bestearen beso batean.

 

Inori ez omen zioten ezer esan eta, lehen zatia bukatu ondoren, inor ez zela konturatu uste zuten, baina polizia (grisak, polizia armatua) bai konturatu zela. Lokarriak, xingolak, kentzeko esan zieten. Jokalariek esandakoa bete egin zuten eta horregatik atera ziren bigarren zatian zelaira.

300.000 pezetako isuna (1.800 euro) jarri zieten, baina, azkenean, 100.000 pezetakoa (600 euro) pagatu omen zuten. Heriotza mehatxuak jaso zituzten.

Sergio Manzanera, valentziarra, hegalekoa zen eta 27 urterekin utzi zuen futbola. Cayetano Ros-ek 2005eko urrian eginiko elkarrizketa batean irakurri dut Medikuntza egin zuela eta odontologoa dela gaur egun (Clínica Manzanera).

Aitor Agirre erdiko aurrelaria zen, bizkaitarra eta Athletic-en aritu zen ondoren. Eskerrak bi gol sartu zituela ditxosozko partida hartan eta Racingek 2 eta 1 irabazi ziola Elxi. Aitor Agirrek jatetxe bat du Getxon.

Protestas contra los últimos fusilamientos de Franco, este apunte en castellano.

P2P ekoizpenari buruzko hainbat testu

Mikel Iturria 2013/05/06 21:50
Duela urtebete, 2012ko maiatzean, Eraldalab jardunaldiak antolatu ziren Andoainen. Hantxe egon zen David de Ugarte sareak eta P2P iraultzari buruz solasean.

Igandean Amarauna irratsaioan blogarien tartean egotea tokatzen zitzaidan Maite Goñi eta Gorka Juliorekin batera. Gorkak P2Pri buruz hitz egiteko asmoa zuen (oporretako P2P sareak) eta hura irakurtzerakoan gogoratu nintzen Ricardo Amasték (Ricardo Antón) Colabora Bora webgunean apirilaren amaieran idatzitako artikuluarekin (#Euskadi p2p, munduko tokirik kopiatuena).

 

Azken hau irakurtzen nuen bitartean, David de Ugartek duela urtebete Eraldalab jardunaldietan esandakoa etorri zitzaidan burura.


 

Komentario asko daude Ricardo Amasté-ren artikuluan. Julen Iturbek idatzitakoa gero apunte bihurtu du eta Julenek defendatzen duen ideia nagusia da hainbat ildo eta ekintza daudela eremu honetan ere.

 

Horregatik interesgarria iruditzen zait kontutan hartzea Las Indias kolektiboaren webgunean topatutako hauek.

 

P2P ekoizpena: Indianopedian dagoen definizioa.

 

Krisiaren kontra, P2P iraultza industriala: duela urtebete Las Indias-ekoek abiatutako kanpaina (Iberiar penintsulan).

 

P2P ekoizpen moldea: Las Indias-ekoek argitaratutako liburua. 2013ko ekainean Bakalhau-k euskaraz argitaratzeko asmoa duena.

 

Eta Bakalhau aipatu dudanez, bi testu komunismo banatuari buruzkoak: duela ia urtebete plazaratutakoa (Komunismo banatua: testu ingurua) eta duela gutxi argitaratu dutena (Komunismo banatua: egitura). Ea 2014a baino lehen publikatzen duten hirugarrena.

 

Textos varios sobre el modo de producción P2P, este apunte en castellano.

Javier eta hamar gehiago

Mikel Iturria 2013/04/28 09:40
Gaur lau urte, 2009ko apirilaren 28an, hil egin zen Javier Ortiz. Gugan bego! Gezurra badirudi ere, Realari buruz hitz egingo dut

Lau urte joan dira di-da. Azkar pasatzen da denbora. Negargarria da bizitzen ari garena, baina gaur ez naiz negarrez etorriko (edo bai). Gaur Realari buruz hitz egin nahi dut. Eta ideia hau lotu Ortizekin berarekin. Diario de un resentido social abiatu eta gutxira aipatu baitzuen apunte batean realzalea zela. 2000ko uztailean izan zen hori. Eta orduan jakin nuen bera donostiarra zela.

Ostiral arratsaldean, Realaren museoan aurkeztu zuen Mi abuela y diez más liburua Ander Izagirrek. Xumea izan zen ekitaldia, goxoa, hurbila, irribarre batekin ikus-entzuten den horietakoa.

Ander Izagirrek Realarekin txikitatik izan duen harremana kontatzen du 90 minututan irakurtzen den liburuxkan (Jurdanek dioen bezala). Hau da, futbol partida batek irauten duen bitartean.

Izagirrek duen lehen oroitzapena pasa den mendeko 80. hamarkadaren hasierako Reala txapelduna da. 32 urte bete zuen ostiralean garaipen horrek. Gaur egungo Realera iritsi arte, beraz, partida mordoa ikusi ditu Anderrek. Batzuetan bakarrik, beste batzuetan lagunekin, askotan familia tarteko (amona Pepi maitagarriarekin).

Anderrek dio futbolzalea baino realzalea dela bera. Ni ere ez naiz ideia horretatik hain urrun, nahiz eta Anderrek (dioen) baino zerbait gehiago gustatu niri futbola.

Mikel Ayestaranek ere irakurri du liburua. Irakurri eta barruan daraman realzaleari buruz idazteko gogoa piztu zaio. Ayestaranek dio aita ez zuela futbolzalea. Nirea ere ez zen futbolzalea. Behin bakarrik eraman ninduen futbol zelai batera. Stadium Gal-era, hain zuzen ere. Real Unión-en lehen taldearekin jokatu zuen partida 15-16 urteko ume mokoa zen Roberto López Ufarte. Nik 5 bat urte izango nituen orduan. Esango nuke Unión Preferenten zegoela orduan.

Ume garaian ez nuen Realaren kamiseta bat izan, nik dakidala. Lehen elastikoa, Cruyff-en Bartzelona taldearena izan zen. 9 zenbakidun kamiseta bat.

Garaipenak lotu ninduen Realarekin, Ormaetxeak entrenatzen zuen talde harekin. 1981eko apirilaren 26an Gijonen lortutako txapelketa. 1982ko apirilaren 25ean irabazitako bigarrena, Donostian, Athletic-aren kontra. Baina laster ikasi nuen, gutxitan lotzen zirela Reala eta txapelduna hitzak.

Oker ez banago, Atotxara lehen aldiz joan nintzen Sanse eta Bilbao Athletic-en arteko norgehiagoka bat ikustera. Bizkaitarrekin batera Iru atezaina, Salinas anaiak. Hurrengo urtean 2. mailara igo ziren. Sansen Iturrino mutrikuarra zegoela daukat gogoan.

90. hamarkadaren hasieran utzi zidaten pase bat Realaren partida bat ikusteko. Oraindik gogoan dut nire harridura aurpegia gainerako ikusleen erreakzioen aurrean.

1992an edo 1993an egin nintzen bazkide, Anoetara etorri baino urtebete lehenago. Bazkide naizenetik, txapelketa bakarra irabazi du Realak: 2010eko ekainean Bigarren mailako txapeldun gisa igo baitzen lehen mailara. Partida eder batzuk ikusi ditut Anoetan, baina kaskarrak askoz ere gehiago izan dira. Eta partida kaskar horien aurrean, atsekabetzeko modukoa izan da askotan hainbat realzaleren jokabidea. Dena ez da iji-aja izan.

Futbolzale baino realzale nintzela konturatu nintzen, taldea Bigarren mailan egon zen denboraldietan ez niola kasu egiten Lehen Mailako ligari. Noizean behin Sanseren partidaren bat ikustea ere gustuko dut. Askoz ere gutxiago ikusten ditut jubenilak. Eta pendiente daukat goi mailako nesken taldearen partidaren bat ikustea.

Sanse aipatu dut. Sansek Real Union-en kontra jokatutako hainbat partida ikusi ditut. Eta bitxia egiten zitzaidan horietan ere nahiago nuela Sansek irabaztea, nahiz eta ni irundarra izan.

Duela bi urte, apirilaren 27an edo, Lasartek entrenatzen zuen Realak Bartzelona hartu zuen mendean. Garaipen horri esker salbatu zen Reala. Ozta-ozta.

Gaur, apirilak 28, Realak Valentziaren aurka jokatzen du Anoetan. Irabaziz gero, eskura izango luke talde txuri-urdinak datorren urtean Europako Txapeldunen Ligan aritzeko kanporaketetan parte hartzeko aukera ematen duen laugarren postua.

Biak, Valentzia zein Reala, ziren Ortizen taldeak. Espero dezagun honek Jamaikatik txuri-urdinen alde egitea.

Amen.

Javier y diez más, este apunte en castellano.

Euskal udaberriaren atarian al gaude?

Mikel Iturria 2013/04/21 23:15
Aste mugitua Donostian. AskeGunea.

Gaur bukatzen den astea Segiko kide izateagatik kondenatutako zortzi gazte donostiarren aldeko kanpaldiak markatu du (230/2013 Auzitegi Gorenaren epaia, pdf). Azken egun hauetan ehundaka lagun egon da Boulevard-ean txandak egiten gazte hauek presondegira eraman ez zitzaten.

Ezker abertzaleak praktikara eramandako desobedientzia zibilaren ariketa deigarria izan da. Mario Zubiagak zioen Garan ez dela hau lehen aldia: 2007ko otsailean Bilboko Esperanza frontoian (youtubeko bideoa) Ertzainzak Segiko 18 kide eraman zituela. Bideo honetan ikus daitekeenez, dozenaka lagun zeuden bertan, baina gutxiago kostatu zitzaien ertzainei kide horiek harrapatzea.

Donostian, berriz, giza-harresiak zailago jarri zituen gauzak. Hainbat egun itxaroten egon ondoren, polizi-operazioa apirilaren 19an hasi zen, goizeko 6:00ak pasata, eta lau ordu behar izan zituzten dena bukatutzat emateko (halere, goizeko 8:30ak aldera atxilotuta zeuden gehienak).

Hasi dira jada Euskal Udaberria aipatzen (Gararen barruko gehigarria, pdf) eta garbi dago gauzak mugitzen hasi direla, nahiz eta oraindik oso goiz den jakiteko zer gertatzen den eta zer gertatuko den jakiteko. Baina kontutan hartzekoa da berrehun pertsona daudela epaiketa zai oraindik.

Alain Coloma, PSEko gazteriako kideak, zioen bere blogean "con carácter general, (...) estamos en contra de que se detenga a cualquier persona por el único delito de organizarse" (...) "La Ley de partidos se hizo con una filosofía que hemos defendido y defendemos. Lo que no nos parece tan bien es que haya quien aprovecha esa filosofía para el "todo es ETA".

Oso esanguratsua izan da komunikabide gehienek nola apenas informatu duten Donostian egun hauetan gertatzen ari zenaren aurrean. Ostiralean bertan, Ertzaintzaren operazioa abian zela, hainbat despistatuk ez zekiten zergatik zeuden hainbeste trafiko arazo hirian.

Baina komunikabideek zutaz hitz egiteko zain egoteko garaiak paseak dira jada. AskeGunearen komunikazio-estrategia etxetik abiatzen zen, webgunetik, eta sare sozialetan ondo mugituz hedatu da (Iñaki Larrañagaren analisia Zuzeun).

Egun hauetan Boulevardean egon den kazetari bakan horietako bat Lander Arbelaitz izan da (hona hemen azken gaueko kronika: AskeGuneko gauaren kronika harresiaren bihotzetik).

Boulevardean egon zen Lander gauean eta Ertzaintza iritsi zenean hainbat bideo grabatu zituen giza-harresiaren barrutik. Hemen ikusten da nola eramaten zuten jendea banaka eta beste honetan azken hogei minutuak daude grabatuak.

Halako batean baina, ertzainek malamaneran hartu zuten Lander (esku batean kazetari karneta zuela eta bestean telefonoa), lurrera bota eta handik atera zuten. Bideo honetan ikusten da dena.

Ez Urkullu lehendakariak ezta Beltran de Heredia kontseilariak ere (ona Imanol Muruaren analisia) ez dute ondo ikusten pertsonak kartzelaratzea ideologiagatik edo erakunde bateko militante izateagatik. Baina Imanolek ondo adierazten duen bezala, EAJ ez dago egonkortasun instituzionala arriskuan jartzeko prest.

Ikusteko dago zer egingo duen Bilduk.

¿Ya es primavera en Euskal Herria?, este apunte en castellano.

Dom-en ordenagailu oso eramangarria

Mikel Iturria 2013/04/14 11:00
Aste honetan sarean ikusi dudan istorio xelebre bat kontatu nahiko nuke gaur. Dom-en ordenagailu oso eramangarria. Goizean ez dut behar den bezala zehaztu: ez dakit benetakoa den edo produktu bat saltzeko marketing kanpaina bat.

Dom DelTorto Londresen bizi den tipo bat da. Ikus-entzunezko eremu zabal horretan aritzen da lanean, hain zuzen ere animazioak egiten. Otsailaren hasieran, norbait sartu zen Dom-en apartamentuan eta ordenagailu bat eta tableta bat lapurtu omen zion. Aste batzuk pasa ziren material horren berri izan gabe, baina handik aste batzuetara ordenagailua Teheranen agertu zen.

Nola izan zuen DelTortok horren berri? Ordenagailuan jarrita zuen Hiddenapp izeneko aplikazio bati esker. Aplikazio honek ahalbidetzen du zuk jakitea ordenagailua internetera konektatuta dagoenean hura non dagoen. Are gehiago, webcam baten bidez erabiltzailearen argazkiak bidaltzen ditu, baita  beste hainbat informazio eskaini ere.

Esan bezala, aplikazio horren bidez jakin zuen ordenagailua Teheranen zegoela. Ez omen da harritzekoa horrelako materiala Iranen agertzea: bertan genero horrek merkatu handia baitauka. Britainia Handiaren eta Iranen arteko harremanak kontutan izanik, zaila zuen Deltortok materiala errekuperatzea.

Haserretuta, tumblr-en blog bat sortu zuen (Dom´s Laptop is in Iran; hau da, Dom-en ordenagailu eramangarria Iranen dago). Jasotako argazkiak publikatzen hasi zen, besteak beste.

Ostegun honetan baina, birala bihurtu da tumblr hori (hau da, mugimendu itzela izan du sarean). Une honetan, igotako material guztia jada ez dago ikusgai, DelTortok babestu egin baitu bloga. Berak orain dioenaren arabera, jabea berarekin harremanetan jarri da eta iMac-a bueltatzeko asmoa agertu du. Era berean, jabe berriak zehaztu du berak ez duela ordenagailua lapurtu.

Deltortok dio gauzak bere horretan uzteko erabakia hartu duela. Hau da, ordenagailua Iranen uztea. Zergatik? Batek daki, baina arazoak ere izan ditzake, hainbat irudi pribatu argitaratu baititu sarean inolako baimenik gabe.

Ez da lehenengo aldia horrelako zerbaitek sarean oihartzuna lortzen duela. Mashable-n bidez, gogoratu dut This Guy Has My Macbook.

Informazio osatzeko erabilitako material gehiago:

Man traces stolen laptop to Iran, blogs photos of new owners

Stolen Laptop Sends Mystery Pictures from Iran

Un joven localiza en Irán su ordenador robado en Londres y espía a sus nuevos 'propietarios'

Hasieran esan dut Dom-ek animazio lanak egiten dituela. Hona hemen Deacon Blue taldearen Hipsters diskoko Turn kantaren bideoa.

El pórtatil de Dom, este apunte en castellano.

Literatura eta memoriari buruzko solasaldia

Mikel Iturria 2013/03/22 12:22
Martxoaren 19an, Mari Jose Olarizegik eta Harkaitz Canok Iñigo Astiz kazetari-poetak (poeta-kazetariak) gidatutako solasaldian aritu ziren Koldo Mitxelena kulturgunean.

Antzerkia eta dantza dFERIA jaialdiaren jarduera osagarri gisa programatutako solasaldian ez ginen pertsona gehiegi bildu Koldo Mitxelena Kulturunean, baina interesgarria oso izan zenez, hona hemen KMko youtube kanalean eskegitako bideoa osorik. Ordu t´erdi inguruko luzapena du, baina irratsaio baten moduan entzun dezakezue.

Bere tokian egon direnak (jendea zein erakundeak) #galtzeimer

Mikel Iturria 2013/03/11 22:35
2008ko ekainetik, makina bat mediku, erizain, gizarte ongizateko profesional, etab. ezagutu ditugu. Horietako batzuk bidelagun jatorrak izan dira. Ezin denak aipatu, askoren izenak ez baititut ezagutzen. Sistema ere bada garrantzitsua.

Osakidetza

 

Garai hauetan, krisi ekonomikoa dela eta, berau aitzakia gisa hartuta, Osasun zerbitzu publikoa ezbaian dago. Egia da ere, duela urte batzuk, jendeak bereak eta bi botatzen zituela zerbitzu publikoen kontra, baina azken bolada honetan joera hori baretu dela esango nuke.

 

Irunen bizita, oso gertu dugu eskualdeko ospitalea (Bidasoa) eta hori oso gauza ona da. Besteon gainetik, bi profesional ekarri nahi ditut lerro hauetara, urte hauetan guztietan izan dugun harremana gogoan:

 

Sistiaga doktorea. Neumologoa da Bidasoa Ospitalean. Mediku honek nahikoa ondo kontrolatu du aitaren gaitza. Bere beharra izan dugunean, beti izan dugu harekin hitz egiteko modua. Telefonoz edo pertsonalki.

 

Lorenzo doktorea. Familia medikua Irungo Anbulategian. Kasu honetan ere, asko jarri du bere aldetik. Berarekin hitz egiteak asko lasaitzen zuen ama eta beti-beti izan du atea zabalik. Asko eskertzen da.

 

Irungo zerbitzu sozialak

 

2008ko irailean edo, hurbildu ginen Irungo zerbitzu sozialetara. Mª Eugenia Muñoz izeneko gizarte laguntzaileak artatu gintuen (egun horretan eta urte hauetan guztietan baita egun gehiagotan ere). Menpekotasun adierazpena lortzeko jarraitu beharreko urrats guztien berri eman zigun. Azkar samar eman genituen urrats horiek eta maila goreneko menpekotasuna aitortu zioten aitari.

 

Hasiera batean, 2008ko irailetik abendura bitartean bi egoitzetan izan zen aita: Donostian bata, Irunen bestea. Ez zegoen beste aukerarik. Gauzak hobetu zirenean, egoitzatik atera eta etxera eraman genuen.

 

Egoitzen inguruan ez daukat kexurik, baina, egia esateko, aitarentzat traumatikoa izan ziren egonaldiak eta handik ateratzeko ahalegin guztiak egin zituen.

 

2009ko urte hasieran, etxera eraman zuen amak. Bera izan zen zaintzaile nagusia 2012ko otsailera arte (horrek suposatzen duen guztiarekin). Azkenean, onartu zuen pertsona bat behar zuela. Proba batzuk egin genituen otsailetik ekainera bitartean eta, orduan, pertsona bat kontratatzea erabaki genuen.

 

Adiskidetuak Elkartea

 

Norbaitek Marilen izeneko pertsona baten telefonoa pasa zidan. Ez nekien nora ari nintzen deika. Adiskidetuak Elkarteko bolondresa zela esan zidan Marilenek.

 

Haren gomendioz etorri zen Pilar Ramírez etxera. Kolonbiarra da Pilar eta martxoaren hasieratik dago lan bila. Hileko lehen astelehenean berarekin hurbildu nintzen Adiskidetuak Elkartera. Lapitzeko eskolaurreko zaharrean du egoitza, Irungo hainbat elkarterekin batera. Orduan ezagutu nuen Marilen.

 

Marilenek eta beste lankide batek adierazi zidaten Adiskidetuak Elkarteak prestakuntza, lan eta lege aholkularitza ematen diela atzerritarrei. Ez dute ezer kobratzen (adiskidetuak a bildua yahoo.es / 943 639690). Era berean, elikagaiak banatzen ditu atzerritarren artean (iaz, hamabost elkartek banatu zituzten elikagaien bankuak emandako jakiak Irunen).

 

Irungo Lapitze elkarteko lokal horretaz gain, Udalak lokal txiki bat eman die Irungo erdigunean, baina hori egokitzeko dirua behar dute. Dirulaguntzak eskertzen dituzte.

 

Gipuzkoako Foru Aldundiaren gizarte zerbitzuak

 

Zaintzaile hori hartzeko, aitaren goi mailako menpekotasuna zela medio, dirulaguntza eman zigun Gipuzkoako Aldundiak (Irungo zerbitzu sozialen bidez tramitatua). Azken zortzi hilabeteetan edo, 800 eurotik gora jaso dugu hilero. Lehenagotik, 500 eurotik gora menpeko pertsona etxean izateagatik.

 

AFAGI

 

Elkarte honekin ere izan genituen harremanak. Hasiera batean, 2008ko uda amaieran. Gero ez naiz ni gehiegi ibili beraiekin harremanetan. Ama noizean behin joan da Irungo Gizarte Zerbitzuetara eta, oker ez banago, izan duen psikilogoen laguntza elkarte honek ematen du (AFAGIk bazkidetza kanpaina du abian).

 

Askok jakingo duzue Guillermo Nagore kazetariak zortzi hilabeteko ibilaldia egin zuela 2012ko udaberritik urte amaiera arte La Memoria es el camino izeneko proiektuan eta Alzheimerra aintzat hartuko lukeen Estatu politika bat aldarrikatuz.

 

Personas y entidades que han estado en su sitio #galtzeimer, este apunte en castellano

Azkenean, attak eskapo egitea lortu zuen #galtzeimer

Mikel Iturria 2013/03/05 22:45
Galtzeimerra bukatu da attarentzat. Fleya ere hil egin da egun hauetan.

IMG_20120318_103656

"- Atzo, zer? Ihesi?"

"- Ihesi? Keba! Intentatu."

"Eta biok barre egin genuen".

2008ko udazkenean atta Irungo zentro batean zegoen, baina bertatik alde egin nahi zuen. Saiatu zen eskapo joaten, baina ez zuen lortu. Duela egun batzuk baina, bai: 2013ko otsailaren 28an, goizeko 10:20 aldera hil egin zen.

2009ko urte hasieran etxera ekartzea erabaki zuen amak. Bidasoako Ospitalean izandako egonaldi laburrak kenduta (urtean bizpahiru), etxean egon da lau urte hauetan zehar.

2012ko otsailera arte, ama zen zaintzaile nagusia. Azkenean, lortu genuen beste pertsona baten laguntza onartzea; Mayte, Ainhoa, Olga eta Pilar izan ditugu hilabete hauetan. Irungo Adiskidetuak Elkartearen bidez izan genuen Pilarren berri, baina hori beste egun batean kontatuko dut.

Oraindik ere, aurreko astean paseatzera atera zen ia egunero. Larunbatean, ospitaleratu eta ostegunean hil egin zen. Urte hauetan guztietan lortu du behintzat beste egoitza bat ez zapaltzea.

Lerro hauen bidez egun hauetan jasotako dolumin eta animo mezuak eskertu nahi ditut. Mila esker!


"Inoiz baino hobeto sentitzen dot zure mina. Besarkada bat ezin estuago"

Otsailaren 28ko gauerdian mezu hau utzi zidan Fleyak facebook-en, nire aitaren heriotzaren berri izan zuenean. Handik ordu gutxira, bera izan zen eskapo egin zuena. Rafa Chirbesek hau irakurriko balu, esango zidan: “Ez gaituzte utzi; hil egin dira”. Hau da, ez dela eufemismorik erabili behar heriotza ezkutatzeko. Ados. Ez da hori nire asmoa.

Fleya Javier Ortizen Patera irakurle taldeko kidea zen. 2000-2001 urteen bueltan ezagutu nuen. Gutxitan egon bagara ere elkarrekin, askotan trukatu ditugu mezuak 2000ko irailetik 2004ko apirila bitartean.

Igande goizean eman zioten azken agurra lagunek Fleyari (nik larunbatean egin nion bisita tanatorioan). Halere, Fleyak utzia du enkargua lagunak festa batean elkartzeko eta hori egiteko asmoa dugu udaberriaren amaieran, udararen hasieran.

Amaitzeko, Jaio Espíak idatzitako mezu hau utzi nahi dut hemen azpian (argazkian, ezkerrekoa da Jaio; eskubikoa, berriz, Fleya):

2012ko uda: Jaio Espía eta Fleya de Ugalde

"La trascendencia es permanecer en la memoria de quienes nos quieren. Vivimos como si no fuéramos a morir, cuando es lo único cierto de todo lo que sucede en la vida. Y nos es muy difícil ponernos en el lugar de la persona a la que acaban de avisar que no hay nada que hacer, que se muere. No podemos ponernos en su piel, porque nos aterra la idea. Y sin embargo, no es tan importante vivir con dignidad, que lo es, como morir con ella".

Y finalmente mi padre consiguió escapar #galtzeimer, este apunte en castellano

Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Nuevo blog Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Stat counter