Zuzeneko musika eta kontzertuak Donostian
Gari Araolazak idatzi zidan aurreko batean. Melissa and the Jacks taldean ari da eta Donostiako taberna batean zuzenean aritzeko aukerei buruzko galdera luzatu zidan. Di-da erantzun beharrean, Donostia Kulturan galdezka hasi eta hainbat lerro bidali nizkion. Pixka bat gehiago landu eta blogean jartzea okurritu zait.
Argazkia: Melissa and the Jacks
Sare publikoa edo parapublikoa
Donostia Kulturak hainbat gune ditu:
- Victoria Eugenia Antzokia, kluba barne (120 lagunentzako areto aski polita) eta Antzoki Zaharra. Posta elektroniko honetara idatzi: jazzaldia a bildua donostia puntu eus.
- Dkluba programaren helburu nagusia "musika independentea Donostiako auzoetara zabaltzea eta bertako musika taldeak sustatzea helburu duen programa da". Kultur etxeetan programazio nagusiena Intxaurrondo Kultur Etxean dago, baina egoten dira ere aukerak Larratxo, Egia eta Lugaritz kultur etxeetan. Nora idatzi? dkluba puntua zirkuitua a bildua gmail puntu com.
- Bigarren puntu honekin lotuta, Musikagela izeneko zerbitzua du udalak : "Hiriko musika-jarduera sustatzeko eta dinamizatzeko proiektu bat da, entsegurako lokalak, kontzertuak, ikastaroak, aholkularitza eta beste ekimen batzuk barne hartzen dituena. Intxaurrondo eta Egia Kultur Etxeetan kokatuta dago". Aipatu loturan harremanetarako bideak zehazten dira.
Katapulta: "Katapulta plataformaren helburu nagusia Euskadirekin lotura daukaten sortzaileak bultzatzea da". Gainera, "Katapulta Tour Gipuzkoa musikako eta formatu txikiko arte eszenikoetako zirkuitua da, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura, Turismo, Gazteria eta Kirol Departamentuak bultzatzen du, Kutxa Kultur, Donostia Kultura eta Buenawista Prolleckziom’s-ekin elkarlanean". Azken elkarte honek Musikariaren txokoa izeneko gunea du sarean: Rincón del Músico.
Kursaal Eszena: bertako taldeen ligatik kanpo, baina 20 bat bolo antolatzen dira urtean zehar.
Kutxa Kultur Kluba: Kutxa Fundazioak Tabakaleran martxan duen programazioa.
Musikene: goi mailako ikastegiak ere badu auditorio bat. Irekiera kontzertu zikloa programatu dute eta horrek segida izango duela iragarri dute. Harremanetan jartzeko bideak.
Sare publikotik at dauden lokalak
Aldez aurretik, komeni da esatea pasa den urtean Udalak indarrean jarri zuela araudi bat hiriko hainbat gunetan egiten ziren kultur ekitaldiei baimena emateko. Komunikatu beharra dago jarduera eta hortik aurrera, ustez, ez da pega askorik edozein kultur jarduera taberna eta gainerako gunetan antolatzeko. Baina interesatzen zait jakitea zein den antolatzaileen iritzia. Beraz, nahi baduzue, utzi komentarioren bat azpialdean.
2019ko martxoko eguneratzea. Arteak Ireki egitasmoa musikariak eta musikazaleak batu ditu Eusko Jaurlaritzak lokaletan kontzertuak egiteko onetsitako dekretu murriztaile bat dela eta.
Dabadaba: une honetan bertan hiriko tokirik biziena rock-aren eremuan (hitz hori zentzu zabalean hartuz). Nazioarte mailako zirkuituan tokia egin duena hiru urteko epean.
Le Bukowski: 25 urtez kaña ematen ibili ondoren Egian (gure eszenako nork ez du bertan jo?), azken bolada honetan lasaiago dabil, baina bai egiten dituela kontzertu gutxi batzuk hilean zehar.
Doka Antzokia: Ez dira Dabadabaren kontzertu kopurura iristen, baina zuzeneko asko ere dituzu bertan.
Mogambo: hauek ere 25 urte bete dituzte Trintxerpen... eta jarraitzen dute jo eta fuego.
Guardetxea: aldaketak egon dira Urgulleko lokalean, baina bertan kontzertuak eta bestelako kultur jarduerak egin daitezke.
Altxerri Bar: jazz-aren tenplu bakarrenetakoa gure hirian. Pasa den urte amaieran, beste batzuek hartu omen dute taberna, baina jarraitzen dute musika zuzenean programatzen.
Be Club: garai bateko Be Bop zena. Salamanka pasealekuan dagoena, Kursaalari begira.
Eiger edaritegia. Musika beltza maite baduzu. Kontzertuak baino DJak.
Akerbeltz. Garai bateko beste erreferentzia ezinbestekoa. Hemen ere DJak gehiago.
Tanger Bar: Okendo kaleko klasiko bat. Kontzertuak egiteko asmoa bai, baina noizean behin.
Koh Tao kafetegia: goiko tabernaren alboan. Noizean behin ere emanaldiak dituzte.
La Taberna de Egia: Gazteszenarako bidean beti azken tragoa edo emanaldiaren ondoren lehena hartzen duzun toki hori.
Txondorra: Egian hau ere. Programazioa badute.
El Andén Café Teatro: Atotxako zelaia zegoen korner batean.
Kortxoenea bota egin zuten (snif!), baina gaztetxe gehiago dago hirian: Txantxarreka Antiguan, Letaman Intxaurrondon...
Ni Neu jatetxea: Kursaaleko eraikinean bertan dagoen jatetxea.
Via Fora jatetxea: Espai Catalunya topalekuaren egoitza dena.
Kafe Botanika: Urumea ibaiaren beste aldean. Eguraldiak laguntzen badu, toki ederra musika entzuteko.
Alboka Taberna: musikarien topagunea da eta, beraz, instrumentuak ateratzen dituzte noizean behin.
Convent Garden Easo kalean. Emanaldi asko antolatzen dituzte.
La Bodeguilla: Easo plazan dago eta saiatzen dira astero kontzertu bat antolatzen.
Picachilla: Kursaal jauregiaren frentean dagoen garagardotegia.
Bar Scanner: Sagues aldean dagoena.
El Muro: Sagues-eko beste bat.
La Piazzeta de Gros: Usandizaga kaleko jatetxea.
Belgrado denetatik un poco: Nafarroa hiribidean, Grosen hau ere.
Pandora taberna: itxi behar izan zuen Agus Rodriguez-ek Parte Zaharreko Rekalde, baina 2019ko hasieratik Txofre kalean daude.
El Cohete Bar: beste aukera bat Grosen, 2018ko ekainetik. Borja eta Javi Sánchez musikarien (La Buena Vida eta Ama) taberna.
Café-Bar Tomás Gros: Mirakruz kalean dagoen taberna.
Garai Taberna: Antigua auzoko beste lokal kastaduna.
P.S: eskerrik asko, bereziki, Idoia eta Juan Luisi informazioagatik. Gaizki esanak barkatu, ondo esanak kontuan hartu. Zuen lokalak ere zuzeneko musika eskaintzen badu, esan beheko komentarioetan eta egingo diogu tarte bat.
Música en directo en Donostia, este apunte en castellano.
Ederra zerrenda!
Hain zuzen ere, antzeko gai baten inguruan idaztekoa nintzen blogean eta, baimena ematen badidazu, erreferentzia gisa hartu eta aipatuko dut zure artikulu hau.
Ongi izan!