Zalantzak izanik ere, hobe laguntzea
Ostiral arratsaldean irakurri nion Joni Ubedari Etxe azpiko plaza horretan. Bertan kontatzen ditu etxe azpian dagoen dendaren atarian egoten den eskalearekin duen harremana.
Deserosoak izaten dira beti harreman hauek. Gero eta jende gehiago ari da eskean eta ez dakizu zer egin. Ematen badiezu, ematen diezulako. Ematen ez baduzu eta beste aldera begiratu, okerrago sentitzen zarelako.
Larunbat honetan erosketak egitera hurbildu nintzenean, betiko eskalearekin egin nuen topo hipermerkatuan. Normalean bukaeran ematen dizkiot txanpon batzuk, baina Joniren testua buruan, aldatzea erabaki nuen. Ea zer behar zuen galdetu nion. Ez zekien zer esan. Esnerik bai? Patata frijituak eta Aquarius bat nahi zuela azkenean. Hori eta esnea erosi nion.
Pasa den astean, mezu bat bidali zidan ezagun batek. Arazoak izan zituela paperekin eta hilabete horretan Lanbidek ez ziola laguntzarik emango. 600 euro behar zituen astelehenerako etxeko alokairua pagatzeko, bestela jabeak kanporatu egingo zuela. Mezu batzuk bidali nituen telefono bidez eta igandean egon nintzen berarekin.
Pasa den astean ere izan nuen ezagutzen ez nuen iniziatiba baten berri: Igandeko bazkaria: plater bat berotasunean banatu. Hilean behin (urrian, hilaren 11n egin dute; hurrengoa, azaroaren 8an izango da) Rais Euskadi Fundazioak eta Parte Zaharreko Banda Bat elkarteak etxerik gabeko pertsonentzako bazkaria antolatuko dute.
Horrela planteatzen dute iniziatiba: “Hilaren lehenengo igandean, elkartasunezko bazkari bat eskainiko da 60 pertsona ingururentzat. Goizeko 10etan batuko da taldea janaria prestatzeko eta 13:00etan bazkaldu. Argi utzi nahi da, ekimen hau ez dela asistentzia lana ordezkatzeko proiektu bat, baizik eta elkartrukaketa eta harreman soziala sustatu nahi duen espazioa. Izena emateko edo lantaldean parte hartzeko idatzi e-mail honetara: igandekobazkaria@gmail.com”.
Errefuxiatuak
Zabaldu dezagun fokua: Mariangela Paone kazetaria da (duela gutxi irakurri dut Las cuatro estaciones de Atenas: kazetari lanetan 2012-2013 bitartean Greziako hiriburuko biztanleak ardatz hartuta egindako hainbat erreportaje biltzen ditu bertan). Igandean Lesbos irlan bizi den Eric Kempson britainiarraren eta beren familiaren lana kontatzen duen El buen samaritano de Lesbos artikulua irakurri nion. Familia honek irla horretara egunero iristen diren errefuxiatuak laguntzen ditu (bataz bete, egunero 1.000 lagun iristen dira).
Gaur, berriz, Badalonako GKE baten lanarekin egin dut topo sarean. Bertako kide batek kontatzen du Periodismo Humano webgunean zertan dabiltzan: “Hoy nos tiramos hasta 200 metros a enganchar a gente que cae de la patera y no sabe nadar”.
Taldeak Pro Activa Open Arms du izena eta Bartzelonako laupabost sorosle daude Lesbos-en (elkartearen loturan klik eginez gero, dirua emateko aukera izango duzu). Irailean iritsi ziren bertara, baina jada eguraldia eta itsasoa asko aldatu dira. Okerrera egingo du negua hurbildu ahala.
Nik beti zalantza asko ditut, baina esango nuke hobe dela laguntza ematea, ezta?
Duda todo lo que quieras, pero echa una mano (este apunte en castellano).