Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak / Yoli maitea

Yoli maitea

Mikel Iturria 2021/03/05 18:40
ELA gaztelaniaz, AEA euskaraz. Alboko esklerosi amiotrofikoa. 2020ko urriaren hasieran jaso zuen diagnostikoa Yoli Rodrigok. 2021eko martxo hasieran zendu da. Gugan bego!

Querida Yoli, este apunte en castellano.

2021eko martxoaren 5eko eguneratzea: beheko testua 2020ko urriaren 28an argitaratu nuen. Besteak beste, berak irakurtzeko idatzi nuen. Maite dudan jendeari ez diodalako esaten zenbat maite dudan.

Penaz, baina Yoli jada ez dago gure artean. Paperek esango dute gaur hil dela. Baina noiz hil zen Yoli?

Bihar, larunbata, izango da hura agurtzeko eguna.

Aste honetan Facebook-eko bere profiletik nik ezagutu nuen Yoliren argazkia lapurtu eta hemen jarri dut. Gaur Clara Peya-ren Mujer Frontera kanta gehituko dut haren omenez.

Yolanda Rodrigo Gozalo, in memoriam.

 

2020ko urriaren 28an argitaratutako testua.

Duela aste batzuk gure lagun Yoliri medikuek esan diote ELA duela. Lagunek eta gertukoek oraindik irentsi nahian gabiltza diagnostikoa. Bera, aldiz, sendo agertzen da. «Ezagutu duzuen Yoli hura hil egin da jada. Orain beste bat naiz».

1990eko hamarkadaren hasieran ezagutu nuen Yoli. Pasa dira urte batzuk, beraz.

Gogoan dut garai hartako egun batean joan ginela trago bat hartzera Hondarribira. Kuadrillakoak ez ziren animatu eta biok bakarrik joan ginen. Aparkatu nuen autoa plaza batean, pare bat trago hartu eta etxerantz abiatu ginen. Asteguna zen.

Autoaren bila joan ginenean giltzarrapoa jarria zion Hondarribiko Udaltzaingoak. Udaletxetik gertu geunden eta hurbildu egin ginen. Ez nintzen ohartu (bai, hala izan zen, ez nintzen konturatu) minusbaliatu baten plaza okupatu nuela autoarekin. Giltzarrapoa kentzeko isuna pagatu eta aire.

Seguruenik bizilagun bat nitaz akordatu zen egun hartan. Etxera hurbildu eta ezin izan zuenean autoa bere tokian aparkatu. Nire memorian iltzatuta daukat konturatu egin nintzela hanka sartu nuela, baina batek daki. Oroimenak norberaren onerako gordetzen ditugu-eta.

Gaur egun minusbaliatu plaza okupatu zezakeena Yoli bera izan zitekeen.

Ekainean elizkizun baten ondoren elkartu ginen azken aldiz Irungo kuadrillakoak. Yoli ere kuadrillakoa da eta hantxe ikusi nuen bertatik bertara azken aldiz.

Irungo Zabaltza plazako terraza batean eseri ginen denak bokata bat jatera, pare bat trago hartu eta gure gauzei buruz hitz egiten genuen bitartean.

Halako batean komunera altxatu zen Yoli eta mugimendu arraroren bat atzeman nion. Zer gertatzen zitzaion galdetu nion. Apiriletik mugikortasun arazoak zituela, berak. Ea zer zioten medikuek, nik. Familia medikutik pasa ondoren espezialistaren zain zegoela. Joateko berehala larrialdietara erantzun nion. Berak ezetz, bere martxa behar zutela gauzek.

Gauzek jarraitu zuten bere bidea eta berriro berarekin hitz egin nuenean, demagun abuztua zela, gaixotasun arraro bat zuela esan zidan. Diagnostikoa ez zela erabat ziurra, baina zantzu guztiek hori ziotela. Bi urte beharko zituela mantso-mantso errekuperatzeko, baina itxaropen handiak eman zizkiotela. Poztu nintzela esan beharko dut, jakinda egoera zaila zela.

Irailaren amaieran bidali nion mezu bat eta esan zidan gauzak hobetu beharrean, okertu egin zirela.

Handik gutxira Jun-en (Yoliren gertuko laguna) deia jaso nuen. Diagnostikorik txarrena eman ziotela egun hartan bertan. Ez ziren hiru ordu pasa: Yoliren mezua kuadrillak duen WhatsApp taldera.

Data begiratu dut oraintxe: urriaren 8a zen. Diagnostikorik txarrena eman berri ziotela, bazekiela gu gertu geundela, baina, mesedez, ez deitzeko telefonoz.

Oraindik ez dut berarekin hitz egin.

Egun hartan bertan hasi nintzen informazio bila sarean. Espainiako estatuan 4.000 kasu daudela jakin nuen. 4.000 kasu eta gertuko bati tokatu behar, izan zen pentsatu nuen lehen gauza.

Berehala etorri zitzaidan hil aurretik Mariano Ferrer-ekin egin nuen azken hizketaldia. «Hasiera batean, zergatik niri? galdera egin nion nire buruari. Baina oker nengoen: zergatik ez niri?». Horixe baita gakoa. Ez garela superrak. Edozeini gerta dakioke.

Osasunako eta Bartzelonako jokalari eta entrenatzaile ohi Juan Carlos Unzuek publiko egin zuen udan ELA duela.

Urriaren 9an sarean Jordi Sabaté Ponsekin egin nuen topo. Ikus dezakezuenez hiru urte lehenago eman zioten gaixotasunaren berri. Nik mezua utzi eta haren elkartasun erantzuna berehala hartzea, zer nahi duzue esatea, hunkigarria eta birrintzailea izan zen.

Birrintzailea zeren txiki uzten bazaituzte. Oso txiki. Gure zilborrari begira gauden garai hauetan, are gehiago.

Lici bikotekidea, Javi anaia eta ama ditu orain gertuen Yolik. Txikitako lagun batzuk ere bai, noski.

Lici duela urte gutxi ezagutu nuen, Yolik aurkeztu zigunean bere bikotekidea. Portugalgo herri txiki batean jaioa, zaildutako pertsona da eta kristoren tipoa. Lagun batek esan zidan, eta nik berresten dut, horrelako egoera batean zure aldamenean nahiko zenukeen pertsona bat dela Lici.

Euskal Herriko ADELA elkartearen lotura utziz amaituko dut gaurkoz.

Hori eta Yoliri muxu bat bidaliz. Zuei beste bat.

P.S. Batzuetan pentsatzen dut erabat umetuta ari garela Covid-aren krisiari aurre egiten. Herenegun, adibidez, Luis Ortiz Alfau etorri zitzaidan akordura. 2019ko martxoan 102 urterekin hil zena. Gaur Maravillas eta Josefina Lambertorekin gogoratu naiz. Pertsona eredugarriak ditugu gertu. Haiei erreparatu behar aurrera egiteko.

Gari
Gari dio:
2021/03/06 07:27
Mikel, besarkada bat lagun. Yoliren argazkiak bizipoza transmititzen du, saiatu beharko dugu guk eskura dugun bizitzeko aukera aprobetxatzen. Eskerrik asko Yoliren historia partekatzeagatik.
Mikel Iturria
Mikel Iturria dio:
2021/03/08 11:41
Mila esker zuri, Gari. Bizipoza, horrek definitzen gure laguna.
Alfonso Guilló
Alfonso Guilló dio:
2021/03/09 15:19
Hunkitu egin nauzu. Sentitzen dut. Besarkada bat. Antzinan esaten zuten bezala, ez gara ezer.
iturri
iturri dio:
2021/03/11 20:16
Eskerrik asko, Alfonso.

Bera sinestuna zela jakin izan dut orain eta nire koadrilan baten bat ere badela. Ni ez naiz, baina beraiek sinesten badute, errespetu osoa beraientzat.

Oso lasai joan zen eta ez da gutxi. Denoi tokatuko zaigu eta lasai joatea gauza ederra da.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Nuevo blog Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Azken erantzunak
Mila esker, Amatiño. Pasa den mendeko 80ko ... Mikel Iturria, 2024/12/18 22:16
Kontrakorik pentsatzea populismo hutsa da. “Hobe ... Amatiño, 2024/12/15 15:09
Mila esker, Beñat. Gaur goizean saiatuko naiz ... Mikel Iturria, 2024/11/29 00:24
Iturri jauna, laburpen ederra. Asko poztu nintzen ... Beñat Irasuegi Ibarra, 2024/11/28 23:14
Aupa, Iñaki. Oraintxe ikusi dut mezua. Ez nuen ... Mikel Iturria, 2024/11/03 16:06
Aupa, Xaun. Nik ere ez ditut jasotzen jada ... Mikel Iturria, 2024/11/03 16:05
Eta alderdi gastronomikoaz, zer, Iturri? ;-) Iñaki Murua, 2024/10/17 08:22
Kaixo Mikel! Ez niken hire erantzunaren ... Xaun, 2024/10/15 16:38
Zorionak, Mikel! Iñaki Murua, 2024/08/01 09:06
Hendaiako Ocaña mitikoa! Bai, han erosi genituen ... Gari Araolaza, 2024/05/14 08:57
Stat counter