Xabier Lete, in memoriam
2008ko abenduaren 1ean hil egin zen Mikel Laboa eta 2010eko abenduaren 4an hil da berarekin batera Ez Dok Amairu mugimenduan ibilitako beste artista bat, Xabier Lete abeslaria eta poeta. Eta triste geratu gara, noski. (Eguneratzea: Leire Narbaizarengatik jakin dut Lourdes Iriondo ere abenduan hil zela, 2005eko abenduaren 27an, hain zuzen ere).
Gurasoek ez zidaten musikarako grina pasa. Etxean ez baitzen musika askorik entzuten. Eta, horrela, ez naiz Ez Dok Amairu belaunaldiko musika asko entzun duen horietakoa. Gehiago entzun dut Laboa hil ondoren, aurretik baina, adibidez.
Egun gorabeheratsuak bizitzea tokatzen ari zaigu eta askotan ez gara gai jakiteko zer kristo gertatzen ari den. Horrelakoetan, komeni da erroetara jotzea, gure maisuei erreparatzea.
Atzo ez nuen denbora asko pasa sarean, baina bai izan nuela Fermin Muguruzak twitter eta facebook sareetan utzitako mezua irakurtzeko beta. Oso laburra zen: "2008, Eskoriatzan: 3 belaunaldi elkarrekin; Eñaut Ken 7, Xabier Lete eta ni. Agur Xabier, gu sortu ginen enbor beretik, sortuko dira besteak..."
Ondo baino hobeto gogoratzen dut Joxe Aranzabalek bere blogean jarritako hirukotearen argazki hau. 2008ko ekainean Euskal Kulturgintzaren Transmisioa izeneko graduondokoan izan zuten hitzordua. Asko esaten du argazkiak: hiru belaunaldi elkarrekin, irribarretsu. Eta eskertzen da argitasun hau udazkeneko egun ilun hauetan.
Atzo Gorka Juliorekin eta Maite Goñirekin izandako solasaldia gogoan, musikalak izan ziren Ez Dok Amairu eta Euskal Rock Erradikala (RRV) mugimenduak. Eta orain beste mugimendu baten beharra dago. Ea hura sortzeko gai garen. Belaunaldi artekoa izango da? Baliteke. Eta ez da musikala izango (ez soilik behintzat).
Bi gauza gehiago apunte hau amaitu aurretik: Durangoko Azokan, 1990eko abenduaren 6an jaio zen Euskaldunon Egunkaria. Eta Mikel Laboa hil zen egun berean, pasa den asteazkenean, aurkeztu zen haren omenez eginiko Txinaurriak. Mikel Laboari ikasitako kantak diskoa, Bidehuts-en ekimena. Oraindik ez dut diskoa entzuteko aukera izan (Posta Bulegoan dago, ea bihar jasotzerik dudan). Bideo zoragarri batekin utziko dizuet: Ruper Ordorika agertzen da bertan Gure Bazterrak abesten.
Beraz, dena ez da pena abenduan.
Xabier Lete, in memoriam. Este apunte en castellano.
Arrazoi duzu, dsastre: disko eder hark hurbildu ninduen Laboara. Txerokee. Mikel Laboaren kantak.