Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak / The Show Must Go On

The Show Must Go On

Mikel Iturria 2014/11/30 22:35
Beste heriotza bortitz bat futbolaren inguruan.

Atletico Madril eta Deportivoren aurkako partida bukatu bezain laster, norgehiagoka zuzenean eman duen kateetako batek Godín elkarrizketatu du. Madrilgo defentsaren atzealdean logoz gainezka egoten den kartel horietako bat. Pantailaren goiko aldean, ezkerretara, nabarmen ikusten zen leloa: #dañasatuequipo. Traol hau baita Espainiako Liga kudeatzen duen erakundeak aurten aukeratu duena pirateria delakoari aurre egiteko.

Ez dakit nork egiten dion kalte gehien maite duen taldeari, buruzagi batzuen maila kontutan hartuz, baina gaur garbi dagoen gauza bakarra da A Coruñatik bere taldea ikustera joandako 43 urteko gizaseme bat hil dutela. Ez dakit zer gertatu den (nork daki?): elkarri muturra berotzeko geratuta ote zeuden bi taldeetakoak, Frentekoak deporzaleen autobusetara joan ote diren hauek astintzera, Madrilgo beste futbol talde batzuetako zaleak tartean ote ziren (Poliziak esandakoa gezurtatu du Bukaneros taldeak)... Ideiarik ez.

Bai egiten zaidala deigarria partida bertan behera ez geratzea gizon bat hilzorian zegoen bitartean. Ez dakit horrela izango ote zen, baina irakurri dut Federazioko norbaiten azken aginduaren zain gelditu direla eta ezin izan dutela berarekin garaiz harremanetan jarri.

Duela hamasei urte Atletico Madrileko zaletu batek Aitor Zabaleta hil zuenean ere partida jokatu egin zen.

Eta honek gogora ekarri dit duela aste batzuk ere partida jokatu zela Anoetan gizon bat egoera larrian zegoen bitartean. Kasu honetan, partida hasi baino minutu batzuk lehenago bihotzekoa edo izan zuen zaletu batek. Zerbitzu medikuek pertsona hori ia bere tokian berpizten saiatzen ziren bitartean, hasiera eman zion epaileak partidari eta 30 minutu jokatu ziren medikuek gaixoa egonkortu zuten arte, Anoetatik ospitalera eramateko. Zorionez, gizona ez zen hil (hori da esan didatena behintzat), baina ez dakit zer kristo egiten dugun guk baloiari begira, jokaldi onak txalotzen, epailea iraintzen eta barruak hustutzen pertsona bat hain egoera larrian dagoen bitartean.

The Show Must Go On?

The Show Must Go On, este apunte en castellano.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Nuevo blog Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Stat counter