Teresa Iraolaren esmalteak
Atzo arratsaldean inauguratu zen kultur etxean Teresa Iraola margolariaren erakusketa bat. Ekitaldi xumea, baina beroa. Ohikoa den bezala familiak eta lagunek lagunduta abiatu zen urtarrilaren 26ra arte ikusgai egongo den mostra.
Hauek dira ordutegiak: astelehenetik ostiralera ateak zabalik egongo dira 16:00etatik 20:30etara. Larunbatetan, berriz, 17:00etatik 21:00etara. Kontutan izan urtarrilaren 21ean jai-eguna dela Donostian eta erakusketa-aretoa Anoeta Estadioko 8. atearen aldamenean dagoela.
Hirurogeita hamar urteak beteak ditu jada Teresak. Amara auzoan bizi da. Berarekin bildu nintzenean detaile batekin gelditu nintzen: betiko ikastaroetaz nekatu samarra zegoela eta Artelekun saiatu zela, baina berehala konturatu zen azken zentro horretan aritzeko zaharregia zela. Beraz, ia tokirik gabe gelditu den artista da.
Esan bezala, makina bat ikastaro hartu ditu puntako irakasleekin: Gaspar Montes Iturriozekin, Julian Ugarterekin, Gilles Bacheletekin edo Javier Sagarzazurekin, besteak beste. Euskal Herriko Akuarelisten Elkarteko kide da 1989tik. Akuarelak albo batera utzi gabe, esmalteekin lanean aritu da azken bolada honetan eta horiek dira, batez ere, erakusgai dauden lanak.