Sisiforenak
Sisifo euskaldunak berriro zerotik abiatu behar harria mendian gora jasotzen, haserre eta pozik. Bere barruko kontraesanen artean.
Pobre eta ahula beti Sisifo -eta ongi horrela, gutxienez amorratzeko gai den artean.
Joxe Azurmendi, Gezurra ari du.
Gorriz azpimarratuta nuen «Sisiforen paperak» antzezlana eta ostiralean, urtarrilaren 29an, joan nintzen hura ikustera Victoria Eugenia Antzokira.
2003ko otsailaren 20an itxi ziguten Euskaldunon Egunkaria. Aznar zegoen gobernu-buru, gehiengo osoz, eta estatu-operazioa hartako pagaburu izatea tokatu guri, Euskal Herriko euskarazko egunkari bakarra itxi baitziguten. Gero Justizia Administrazioak arrazoia eman zigun, baina kaltea jada egina zegoen.
EAEko hiriburuetako hiru antzoki nagusiek gehi CDN-k (Espainiako Centro Dramático Nacional) ekoiztu dute ikuskizuna. Bilbon eta Gasteizen egon dira jada eta apirila-maiatzean zehar Madrilen izango da «Los papeles de Sísifo», Maria Guerrero antzokian (euskaraz eta gaztelaniaz ikusteko aukera egongo omen da, mahai-ingururen bat ere bai: Marta Sanz, Isaac Rosa...).
Fernando Bernues da obraren zuzendaria eta Harkaitz Canok idatzi du. Babes publikoak ematen du aukera ikusteko tranpaldoan dozena bat aktore.
Canori entzun nion elkarrizketa batean Bernuesek arantza zuela sartuta 2003an Espainiako Musika Sarien galagatik. Bernuesek zuzendu baitzuen gala hura non Fermin Muguruzari txistu egin baitzioten saria jasotzeko garaian.
Amorruzko malkoak egin omen zioten eskapo Bernuesi errealizazio mahaian.
Antzezlanaren agertoki nagusia egunkari bateko erredakzioa da eta hainbat kazetariren arteko solasek osatzen dute ikuskizunaren bizkarrezurra.
Lehen planoan, berriz, bi maila nahasten dira: kazetariak ikusiko ditugu beraien artean hizketan, baina baita poliziaren galdeketak ere. Bi guardia zibilen rola jokatzen dute Asier Hormaza eta Iñaki Rikarte aktoreek eta bereziki azpimarragarria iruditu zitzaidan azken honen lana.
Eszenak desberdindu eta lotzeko gitarrista rockeroa dago oholtzan, aktoreen artean mugitzen dena, ikusezin, baina tokatzen zaionean ondo baino hobeto azaltzen dena.
Musika proposamen aparta. Gitarrista uneoro eszenatokian, aktoreen artean mugituz ikusezina balitz bezela, inongo trabarik egiten, eszenak bereiziz, zenbait une azpimarratuz, hizkuntza rockeroa erabiliz.... Chapeau.
— Joserra Senperena (@jrsenperena) January 29, 2021
Harrapatuta geratu nintzen ni neu ere haren gitarrarekin. Ez nekien nor zen. Auskalo zergatik, 2016ko apirilean PochXBerrio kontzertuarekin gogoratu nintzen. Amaieran galdetu eta... bingo! Ikerne Giménez. Baxua jo zuen orduan.
EITB Transit programan elkarrizketatu zuten Ikerne. Bertan, bere bi alde kreatiboak aipatzen ditu: musika (Safety Pins, baina baita Fangoria ere) eta eszenografo zein figuringile gisa.
Ignacio Gasca «Poch» zenaren omenezko hainbat ekitaldi antolatu ziren 2016ko udaberrian Ernest Lluch Kultur Etxean, horien artean kontzertua. Jabi Haspi bideo-egileak grabatu zituen kantak (zortzi Fermin Etxegoienek dioenaren arabera). Branquias bajo el agua duzue hemen.
Etxegoienek kronikan Rafa Berriorekin batera aritu ziren beste hiru musikarien izen-abizenak aipatu zituen: Iñaki Huarte Fisuras gitarra-jotzailea, Ikerne Giménez baxu-jotzailea eta Nagore Etxabe bateria.
¿Quién hay? kantaren bertsioa ere badugu sarean.
Bateria nor zen galdetu zuen ondoren txiolandian Carlos Gebarak.
Mila esker Mikel. Nik tabakaleran ikusi nituen garai hartan eta maiz gogoratzen naiz neska horrek ze poztasun eta pasioarekin jotzen zuen.
— carlos gebara urkiola (@manzage) January 30, 2021
Zumaiakoa da Etxabe eta berriki argitaratu den Frank Blackfield-en diskoan jo du bateria. Nagore ere ez da musikaria soilik: Arte Ederrak ikasitakoa, 2020ko urte hasieran Zumaiako Alondegian paratu zituen bere koadroak Retr@spektiba! izeneko erakusketan.
Gazte garaiko argazkiak ikusi ditut ETBren saioan eta hor antza handia dute, ilea eta orrazkera tarteko, Nagorek eta Ikernek.
Bost urte beteko dira omenaldi hartatik aurten. Orduan hasi omen ziren Bernues eta Cano «Sisiforen paperak» kozinatzen eta orain emaitza taula gainean. Tamalez, 2021eko udaberrian omendua Rafael Berrio izango da. Tamalez diot, ez omenaldirik merezi ez duelako: hilda dagoelako baizik. Euskaldunon Egunkaria bezala.
Sísifo releva hoy a Sísifo abestiaren bertsioak jaitsi dezala gaurkoz oihala.
Sísifos, este apunte en castellano