Reala maldan behera
Sarreran Anoeta aldizkaria jaso nuen. Unai Emery bolada ezin hobean dagoen Valentziako entrenatzaileari eginiko elkarrizketa, alde batetik, eta bera bezain ondo ari den Liverpooleko Xabi Alonso jokalariari egindakoa, bestetik. Horrelako jendea behar dugu hemen. Iritsiko ote da eguna biek ala biek Realera bueltako direna? Batek daki.
Utz ditzagun ametsak alde batera, gaur egun Reala noraezean baitago, azken urteetan bezala, eta ez da erraza jakitea nola aterako den klub txuri-urdina ataka gaizto honetatik.
Atzo Edurnerekin eta Aitorrekin egon nintzen zelaian. 1993-1994 denboraldian bost lagun hasi ginen joaten zelaira eta egun hirurak geratu gara soilik. Ez gara beti joaten, baina bai ikusten ditugula partida mordoa elkarrekin. Inguruan zegoen Edu ere gurekin egoten da askotan. Atzo ez.
Eibarren kontrako derbia pentsaezina zen duela urte batzuk. To, orain ezin irabazi Anoetan! Dena dela, gutxienekoa emaitza izan zen atzo, Realaren kirol gainbehera laburbilduta ikusteko aukera izan baikenuen laurogeita hamar minututan: funtsezko jokalari baten lesio larria (animo, Iñigo), ordezko kanpoko jokalari erdipurdikoen lan kaskarra, zalegoaren antsietatea eta erokeria (Lillok hartutako kolpea, botilarena), jokalariei ezer esan gabe aldageletarako bidea hartu zuen epailea. Horri gehitu erakundearen porrota (konkurtso-legea eta jujearen interbentzioa).
32 urte omen ditu botila zelaira bota zuen zaleak. Atletismo pistak tartean izanik, punteria behar da norbaiti buruan jotzeko. Bera da erruduna eta berak pagatu behar du. Baina bera bezalako zenbat jende dago portaera eskasa duena estadio batean? Makina bat.
Triste nago atzokoarengatik. Pasako da.