Rafa Reig eta Iban Zaldua Donostian
Duela zenbait hilabete, Iban Zaldua Madrilera joan zen Porvenir liburua aurkeztera. Ekitaldia Rafa Reigen etxean izan zen, Hotel Kafka izenekoan. Orain, Donostian izango da bueltako partida. Zaldua donostiarra da (Amarakoa oker ez banago) eta Ernest Lluch Kultur Etxean hitz egingo du Rafael Reig idazlearekin. Aitzakia da Porvenir eta Manual de literatura para caníbales liburuetaz solastea, baina hori, esan bezala, aitzaki hutsa da.
Zaldua ezagutzen nuen, baina ez Rafa Reig. Ez behintzat Público periodikoan egunero Carta con respuesta atalean irakurleek idatzitako gutunei zer nolako erantzunak ematen zizkien leitu arte. Grazia egiten zidan haren idazkerak eta zaletu egin nintzen bolada batez.
Zaletasun hori galdu egin nuen, baina bai jarraitzen dudala, begi batekin bada ere, Hotel Kafkan duen bloga.
Hona hemen, pdf formatuan, DK Literatura programari dagokion ekitaldi honen berri ematen duen txartela. Behean, berriz, bi fenomenoen argazki bana. Pikaro aurpegia du Reig-ek, ezta?
Penatuta nago, ezin izango naizelako joan. Arratsalde horretan bertan operatuko baitute aita belaunetik eta haren ondoan egotea tokatzen da. Ea dena espero bezala ateratzen den, ospitalean eta chez Ernest Lluch.
Aupa Noe:
Ez, ez dakit euskaldunik egongo ote den aste bukaeran Madrilgo Liburu Azokan. Dena den, atzo norbaiti irakurri nion bezala, Azokara joan omen zen eta ikusita zer pelajeko jendea zebilen liburuak sinatzen (Gran Hermano ohiak eta antzekoak), tabernara joan zela. Hantxe zegoen Rafael Reig. Euskaldunak ere, egotekotan, tabernan aurkituko dituzu.