Perurena dokumentala egin du Moriartik ETBrentzat
Atzo goizean Sustatun irakurri nuen Iñaki Perurena, berriro bikain izeneko apuntea. Bertan Leitzako harri-jasotzailea ageri da Teknopoliserako eginiko bideo batean harri-jasotzeari buruz hizketan (Manu Redondorekin izaniko aferan Iñaki bikain egon zelako titulatu dute orain berriro).
Baina hori ez da Perurena familiari buruzko albiste bakarra. Datorren hilean, otsailean, Donostian estreinatuko baita Moriarti ekoiztetxean ETBrentzat eginiko Perurena dokumentala.
Perurena (Sek bat) from Moriarti on Vimeo.
Zera dio sinopsiak: "Inaxio Perurena harrijasotzaile gaztea bere errekor berria lortu nahian dabil: 300 kiloko harria altxatzea. 1987an bere aita, Iñaki Perurena entzutetsua, izan zen lehena harri hau altxatzen".
Ez esan hori irakurrita eta jakinda zuzendaria Jon Garaño dela (80 egunean, besteak beste), ez duzuela dokumentala ikusteko gogorik.
Ba bai, Donostiako Antzoki Zaharrean izango gara otsailean Perurenatarrekin dokumentala aurkezten. Beraiek direlako, biak, aita-semeak, filmaren protagonistak eta berezia izan daitekeelako beraiekin dokumentalaren lehenengo emanaldia konpartitzea. Ea zer moduz ateratzen den.
Mila esker Mikel zure hitz beroengatik!