Olentzero eta Espainiako erregea
Ostiral iluntzean Maialen Lujanbio egon zen DOKAn Bertsolaria bere bakardadean izeneko programako hileko saioan. Bertsolariak gai-jartzailea behar eta lan horretan Josu Goikoetxea aritu zen.
Gaur hemen kontatu behar dudanak ez du zerikusi zuzena bertsoarekin, gai bat aurkezten ari zela Goikoetxeak berak kontatutako pasadizo bitxiarekin baizik.
Hiru alaben aita da Josu eta, duela gutxi, 8 urteko alaba hurbildu omen zitzaion galdezka: "Aita, ikastolan esan didate gurasoak direla Olentzero". Alabak esandakoari zer erantzun pentsatu ondoren, Josuk bota omen zion: "Egia jakin nahi duzu?". Eta alabak, tinko: "Ezzzzz".
Zein goxo bizi garen gezurrezko mundu honetan, eh?
Hartu gai bat eta egin galdera. Zure buruari ere bai, noski.
Nik Espainiako erresumako hiritarrei botako nieke: Espainiako erregeari buruzko egia berdaderoa jakin nahi duzue?
Uste dut Josuren alabaren erantzunak balio duela ere gaur egungo Espainian.