Mundu honetan ere bada jende ona
Gaueko 20:30ak paseak ziren. Larunbata da. Ondarrutik Donostiara gatoz autoz, Realak Valentziaren kontrako partida Anoetan ikusteko nahikoa denboraz.
Meagaseko tunelaren parean, Zarauzko ordainlekutik laupabost kilometrora, soinu arraro bat sumatzen dut. Tuneletik irten eta orduan konturatzen naiz, itxura guztien arabera, zarata hori gurpil baten zulatuak eragiten duela. Autoa bide ertzean utzi ondoren, atzealdeko ezkerreko erruedak haizerik ez duela konturatzen naiz.
Triangeluak eta argi intermitenteak jarrita, matxuratutako autoaren berri eman nahi diet gainerako gidariei. Telefonoa hartu eta aseguruari hots egiten diot. Ondoren, auto barruan sartzen naiz. Gruistak deitzen dit telefonoz esateko bera jarriko dela autopistakoarekin harremanetan, autoa behar den bezala seinaleztatzeko. Anaiak, telefonoz, dio hobe dela autotik kanpo egotea.
Kristoren hotza dago, baina arrazoia dutela iruditzen zaigu eta kotxeko berotasuna uzten dugu. 15-20 bat minutu egiten ditugu kanpoan zain, autopistako asistentzia etorri arte.
Ondoren, aseguruak bidalitako garabia dator. Di-da jasotzen du kotxea, bertatik ahalik eta azkarren atera behar delako. Gainera, nahi izanez gero, berehala zulatua konponduko didan Azpeitiko garaje batera eramateko eskaintzen du bere burua. Zalantzazko segundo batzuen ondoren, irtenbide egokiena hori dela konturatzen gara eta horrela jokatzen dugu.
Ez nago ziur zein ordutan iritsi ginen Azpeitiko tailerrera, baina di-da konpondu ziguten gurpila (20 euro kobratu zizkiguten) eta gaueko 23:00ak baino lehen etxean geunden, gasolina depositua ondo beteta gaur goizean Bilbora joateko. Izan ere, gaur goizean lagun batzuk Orientalore Etxea ikusten izan baikara.
Eta hau guztia kontatzen dut, zeren betiko jende maltzurraz gain, munduan bada aski jende ona ere. Kasu honetan, gainera, profesionala ere badena.
Bejondeizuela!
Donostian, 2010eko abenduaren 19an.
También hay buena gente en este mundo, este apunte en castellano
Gizalegez jokatu ez ebana Aritz Aduriz izan zan, pertsona txarragorik! Zer kostatzen jakon baloia kanpora bota izanak? Kasu honetan profesional txarra baina jente ona izatea aukeratzerik baeukan. Etxean ganera! Halakorik!
Egubarri on Mikeleri eta Harrikaden irakurleei! Eta datorren urtean be, aupa Real!