Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak / Bilboko eta Donostiako politikarien arteko maitasun-gutunak

Bilboko eta Donostiako politikarien arteko maitasun-gutunak

Mikel Iturria 2018/08/15 15:19
Hunkituta irakurri ditut Anasagasti, Goia eta Itxasoren arteko maitasun gutunak. Gaztelaniaz zeudela ikusirik, euskaratzea erabaki dut. Zergatik? Harrikadak izeneko bloga delako hau. Espero ondo ulertu izana hiruren mezuak. Protagonistek zerbait aldatu nahi badute, esan dezatela. Itzulpena ez da beste mundukoa, baina gaur jaieguna da.

Eskerrak Oyarzabalek ezezkoa eman duela

Eskerrak Oyarzabal jokalariak ezezkoa eman diola Athletici-i. Egunen batean Real Madrizzz-ek (sic) hots egiten badio, ñoñostiarrek (sic) adur madridista erortzen utziko dute. Mertzenario bat gutxiago.

Gogoratu beharra dago Anoeta bi Realen arteko partida batekin inauguratu zela, Soziedadea (sic) eta Madrila, eta hauxe diot Kanpandegi kaleko ene aitona donostiarrak ez baitzuen ezer jakin nahi Realeko zuzendaritzaren gutxiagotasun-konplexu erasokorra zela eta; hots, taldearen beraren izenagatik eta Athletic-aren kontrako militantziagatik. Eta gero, beren konplexuak zabalduz, sektore honetako batzuek dira euskal herritarren erabakitze-eskubidea defendatzen dutenak; ñoñostiarrismo basatienaren alderik makurrenarekin elkartzen dena.

Athletic-en kontrako klausula duen taldeak, begiratu beharko luke bere burua.

Beste bat gehiago.

Bueno. Pila-pila, patata-tortila.

Iñaki Anasagasti, erredakzioan itzulia. Jatorrizkoa: Menos mal que Oyarzabal dice no.

Anasagasti jaunari

Ulergarria egiten zait minduta egotea. Minduta zure harrotasun zurigorrian. Kirol mailan, zu partaide zaren taldeak, nik bezala milaka donostiar eta gipuzkoarrek maite duguna, gurearekin duen lehiak pasioz betetako derbi sutsuak izatera eramaten gaitu. Aburto alkatearekin batera hainbat bizi izan ditugu; lehia bai, baina beti aurkaria errespetatuz. Halere, zure blogean idatzitako sarrerarekin frogatu bezala, kirol mailatik harago, beste zerbait dago.

Bestela, ezin ditut ulertu klubaren izena dela eta egindako aipamenak; ez dakit horiekin 109 urteko historia edota guri leporatutako gutxiagotasun-konplexua mespretxatzen ote dituzun. Ene ustez, aipamen horiek athleticzale askok azaltzen duten fair play-tik oso urrun daude. (Aipamen horiek) eramaten naute pentsatzera, aitzitik, hitz horiek gorrotoa eta amorrua ezkutatzen dutela.

Esango nuke ezezko erantzuna jasotzeak gorputz txarra uzten duela. Euskal jokalari guztiek Bilbon jokatu nahi dutela dioen printzipioa dardarka uzteaz gain, koloreen aldeko konpromisoa, harrotasuna eta maitasuna ekarri baitute, Mikel (Oyarzabal) berak erakutsi bezala; eta ezagutzera ematen dute gaur egungo futbolean dena ez dela konpontzen milioiak mahai gainean jarriz. Mikelenak, betiko klubarekin kontratua berritzeak munta handiko eskaintza albo batera utziz, izen hauxe du: bihotz txuri-urdina. Ez besterik.

Azken azalpen bat Donostiako alkate gisa: ñoñostiarra hitza mespretxuz erabiltzen duenak dauka gutxiagotasun-konplexua, nahita nahiez. Hemen donostiarrak gara, bai jauna, letra guztiekin. Tristea da bere burua euskal herritar gisa definitzen duenak, eta beraz hiritarra, iparra eta ohorea galtzea txikikerietan. Baina ikusitakoaren arabera, uste baino gehiago erretzen du (zauriak).

Agur t'erdi.

Eneko Goia, erredakzioan itzulia. Jatorrizkoa: Gutun irekia - Carta abierta a @inasagasti.

Gomendioa Goia jaunari: mantendu beti zabalik bloga.

Anasagasti jaunari erantzunez

Anasagasti jauna,

Utz nazazu hausnarketa labur bat zuzentzen zure blogean idatzitako azken sarrera dela eta, Menos mal que Oyarzabal dice no izenekoa. Hasiera batean, harritu egiten du bat zure tonu zarpail eta erasokorrak, beharrezkoa ez dena hats luzeko ibilbide parlamentarioa izandako zu bezalako pertsona baten kasuan. Nortasuna eta kidegoarekin lotutako beste hainbat kontu bezala, egia da futbolak burua lausotu eta erraietatik erreakzionatzera eraman dezakeela pertsona. Baina xelebrea da Mikel Oyarzabal mertzenariotzat jotzea, eskaintza ekonomiko oparo eta tentagarriak albo batera utziz,  betiko taldean geratzeagatik.

Realari Athletic-ekiko leporatzen diozun obsesioa talde bizkaitarrak berak duen politikan du jatorria, Gipuzkoako harrobia bere apeten erdian jartzen baitu. Esan beharra dago errespetu osoa diedala Athletic-en estrategiei, zilegiak zalantza izpirik gabe. Baina ulertuko duzunez kirolariak sortzeko eta hezitzeko -baloreetan ere bai- egiten dugun esfortzuak babes neurriak hartzera eramaten gaituela Ibaiganek bere kabuz erabakitzen duenean, talentu lokalak ezean, ona dela uzta bila Zubietako harrobira jotzea.

Erraza da ulertzen. Harrobi txuri-urdineko partaide diren jokalariak, neskak zein mutilak, begiz jotzen dituzte talde boteretsu askok, baina Athletic-en erabakiek modu berezian eragiten diote Realaren proiektuari, Athletic-ek gertuko ingurura murriztu baitu arrain-bankua. Eta Realak eskubidea izateaz gain, betebeharra ere badu eskola-kirolean hasi eta elitean amaitzen den Gipuzkoako futbolaren esfortzu kolektiboari errendimendu gorena ateratzeko. Gainera, aspaldi erabaki genuen nazioarteko merkatura jotzea -inolako konplexurik gabe, Anasagasti jauna- lehen plantilan behar zehatzak ikusten ditugunean.

Ulerterraza ez den erresumina darie zure hitzei. Ulerkaitza Reala ez baita mehatxu eta eraso egiten duena. Ingurunera egokitzeko berezko politika du Realak eta eskubide osoa du bere kirol- eta enpresa-proiektua garatzeko. Are gehiago, gizonezko eta emakumezko futbolaren trebakuntzan halako lidergoa lortu duenean.

Denis Itxaso, erredakzioan itzulia. Jatorrizkoa: En respuesta al señor Anasagasti.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Nuevo blog Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Azken erantzunak
Mila esker, Amatiño. Pasa den mendeko 80ko ... Mikel Iturria, 2024/12/18 22:16
Kontrakorik pentsatzea populismo hutsa da. “Hobe ... Amatiño, 2024/12/15 15:09
Mila esker, Beñat. Gaur goizean saiatuko naiz ... Mikel Iturria, 2024/11/29 00:24
Iturri jauna, laburpen ederra. Asko poztu nintzen ... Beñat Irasuegi Ibarra, 2024/11/28 23:14
Aupa, Iñaki. Oraintxe ikusi dut mezua. Ez nuen ... Mikel Iturria, 2024/11/03 16:06
Aupa, Xaun. Nik ere ez ditut jasotzen jada ... Mikel Iturria, 2024/11/03 16:05
Eta alderdi gastronomikoaz, zer, Iturri? ;-) Iñaki Murua, 2024/10/17 08:22
Kaixo Mikel! Ez niken hire erantzunaren ... Xaun, 2024/10/15 16:38
Zorionak, Mikel! Iñaki Murua, 2024/08/01 09:06
Hendaiako Ocaña mitikoa! Bai, han erosi genituen ... Gari Araolaza, 2024/05/14 08:57
Stat counter