Lehoi asmatikoa indartsu
Hitzordua genuen inguruko ferminzaleok abenduaren 17an Miarritzeko Atabal aretoan. Iluntzeko 19:00etan Iñigoren Diszipuloak. 20:00etan Fermin Muguruza. Egun berezia: 1984-2024, 40 urteko ibilbidea ospatzeko biraren hasiera.
Zergatik egun horretan? Erraza: 2019ko irailaren 5ean zendutako Iñigo Muguruzak 60 urte egingo zituen eguna zelako eta Fermin efemeride zalea delako.
El león asmático está en forma, este apunte en castellano.
17:00ak aldera hartu nuen autoa Donostian. Hiru geldialdi Irunen. Lehena nire anaiaren etxean: bertan Mañu eta Oier jaso behar nituen. Bigarrenean, Iontxu. Hirugarrena Santiago zubitik gertu: Iñaki.
Autoa beteta gurutzatu genuen muga eta Miarritzera jo genuen zuzenean. 18:30ak aldera iritsi ginen Atabalera. Azkar eta gertu lortu genuen aparkatzea.
Bertan egona nintzen duela 20 bat urte, Ferminekin batera kasualitatez, orain gogoratzen ez dudan Jamaikako talde bat ikusteko. 700 lagunentzako areto ederra iruditu zitzaidan orduan, baita atzo ere. Garai hartan jada ezin zen erre areto barruan. Hegoaldeko ustez azkarrok, askotan bezala, berandu iritsi ginen neurri osasuntsu hori hartzera.
Zabaldu parentesia. Ohar mentala: gehiagotan joan beharko nuke Atabalera. Itxi parentesia.
Eraikinera sartu bezain pronto hainbat lagun agurtu nituen: lehena Jone, baita Ikor Kotx argazkilaria ere (gero beste birekin egon nintzen: Foteropanico eta Gari Garaialde). Barruan saludatu nuen jendearen kontua galdu dut: Gorka, Goiatz, Unai, Karmele, Jabiolo, Carlos, Xabi, Zakili, Jitu, Cristina, Asier, Beñat, Txap...
Puntual hasi zen Iñigoren ikaslez osatutako Iñigoren Diszipuloak taldea. Gaizki ulertu ez banuen, duela urtebete Irungo Moskun haren alde eginiko muralaren inauguraziorako elkartu zen bost musikariz osatutako banda. Miarritzen Ane Garcia (Lurra, Mejillon Tigre) ere aritu zen kantari. 40 bat minutuz omenaldi txukuna egin zioten irakasleari. Zorionez 40 urte ez dira alferrik pasa eta gaur egungo musikari gazteek 1980ko hamarkadan ez zegoen musika kultura eta trebezia dute.
Eguneko plater nagusia zortzietan zerbitzatzen zen. Bederatzi musikariz osaturiko banda puntu-puntuan agertu zen tranpaldoan. Maputxeei eskainitako kantuarekin hasi zen bi ordu eta hiru laurden iraun zuen emanaldia. Fermin bigarren kantuan agertu zen eta erdian jarri zen, alkandora beltz bat soinean, argal, tente, adi, erabat kontzentratua.
Hamarrekoa bi lerrotan banatu zen: gure ezker aldean, aspaldiko haize atala (Jon Elizalde, Aritz Lonbide eta Igor Ruiz Fino); erdian Gloria Maurel bateria (Micaela Chalmeta Big Band); eskuinean, Gerard Chalart 58 perkusionista, Manu Chaorekin, besteak beste, aritutakoa.
Lehen lerroan, ezkerrean Xabi Solano trikitilaria eta eskuinean Víctor Navarrete bajista. Ferminen bi alboetan, bateriarekin triangelu bat osatuz, ahotsak: Lide Hernando (Liher, Bele) gitarra-jotzailea eta Miryam Matah.
Pantaila bat zegoen atzealdean eta ia etengabe irudiak eta bideoak proiektatzen ziren bertan.
Ez nuen ezer apuntatu eta zaila da biharamunean kantu gehienak gogoratzea, baina egon zen tartean Manolo Rastaman (Muguruza anaia biek eginiko lehen kantua, oker ez banago), Hay algo aquí que va mal, Bidasoa fundamentalista, Zenbat polizia bazter guztietan, Korrika eta Big Beñat, Ulrike Meinhof, Palestina eta Kurdistanen aldeko aldarrikapenak, eta abar, eta abar.
Bukaera aldera, bi eten egin zituen, bisetarako. Banda eta FM Crew aurkeztu zuen, bakoitzari bere tokia eman eta aitortuz. Bigarren etenaren ondoren Sarri, Sarriren txanda izan zen, Iñigoren seme-alaba eta diszpipuloekin batera, Bad Sound System-eko bi kide ahaztu gabe.. Azkena, Hator hator, gabon giroan presoak etxeratu eta presondegiak botatzeko ereserkia.
Hurrengo bi hitzorduak Bilbon izango dira, Bilbao Arenan, abenduaren 20an eta 21ean. Urtarrilean munduratuko da banda eta urriaren 4an bukatuko dute bira Iruñean. Gaizki kontatu ez badut, guztira 26 kontzertu dira.
Bete-betean dago lehoi asmatikoa. Haren ibilbidea gustuko baduzu, gustura ikusiko duzu eszenatokian. Ez bazara batere ferminzalea, hobe zenuen hau ez irakurtzea: ematen du bere agurra ez dagoela gertu.