Kantu-kontari Juan Perro
Juan Perro vino dando el cante, este apunte en castellano.
Baziren ia 30 urte ez nuela zuzenean taula gainean ikusten Santiago Auserón, 1993an Victoria Eugenian ikusi bainuen Kiko Venenorekin batera muntatu zuten proiektu erraldoi hartan (Juan Perro y Kiko Veneno vienen dando el cante).
Nebulosa batean daukat 1990 urtearen bueltan Radio Futura ikusi nuela Logroñoko San Mateo jaietan. Baina ez nago batere ziur. Gezurtia delako memoria batzuetan (oroitzen duenaren mesedetan, normalean).
Uztailean ikusi nuen Juan Perrok kontzertua egingo zuela abuztu hasieran Zaragozan. Apuntatu nuen agendan, baina gero ezin hurbildu.
Atzo, ostegun goiza, kasualitatez jakin nuen Amua In-Edit jaialdian egongo zela arratsalde horretan bertan. Eta pare bat sarrera erosi nituen Hondarribiko Itsas-Etxera joateko.
Itxura ederra zuen aretoak bertara sartu ginenean. Behin egona nintzen, 2016ko martxoaren 8an Jon Abrilen Neskatoak dokumentala ikusten.
Badaramat bolada luze bat bizitzan orokorrean, eta batez ere kultur ekitaldietan, gutxi edo bat ere ez naizela hunkitzen. Zergatia zein ote den ez dakit.
Atzo, berriz, ederki gozatu nuen Espainian parekorik ez duen 68 urteko kantu-egile eta kontulari apartarekin. Bakarrik agertu zen tranpaldoan, gitarra elektrikoa lagun (Gibson SG bat zela irakurri dut sarean). Bi ordutan kantuz eta elez bete zuen aretoa.
Memorian itsatsita geratu zaizkidan hitz edo polaroidak Tijuana, Gibara eta zinema txiroa, Lorca (Federico), Txoria txori (Laboa), Arsenio Rodríguez, Collar de cuentas (hildako bidaideei eskainitakoa), eta Radio Futura garaiko El puente azul eta Semilla negra.
Txoria txori kantaren bertsioa egin zuen, nahiz eta aitortu zigun aholkatu ziotela ez egiteko. Dotore atera zen atakatik. Bi minutuko grabazioa igo du sarera gaur goizean Ricardo Aldarondo kazetariak (beheko loturan dagoen lehen txioan beste bideo bat dago, bi minutukoa hau ere).
El cuentacuentos Juan Perro se atrevió con una canción tan desgastada como ‘Txoria txori’ de Mikel Laboa y también le salió redonda. Con ramalazos del Mississippi. pic.twitter.com/GKqabml8zA
— Ricardo Aldarondo (@raldarondo) December 9, 2022
Talent show eta irrati-formulen merkatutik at egiten ari dela karrera esan zigun, gauza nabaria bestalde, eta denok ikasi beharko dugula, berak eta guk, nola egin karrera deskargen mundutik at. Garai batean fonogramak erosten genituela eta irteeran egongo zela zerbait guretzat.
Azken diskoa Libertad da, 2022an kaleratutakoa. Erosteko gogoz geratu nintzen, baina 2020ko Cantos de ultramar disko-liburua aukeratu nuen, jazz munduko bandarekin ondutako albuma.
Esan bezala, bete-betean dago Auseron eta aukera baduzue, segi ikustera. Uste dut bera bezalako ibilbide oparoa gutxik izan dutela Espainian, gailur komertzialera iritsi ondoren albo batera egin dena, bere karrera irizpide artistikoekin garatzeko.
Bitxikeria gisa ikusi dut 2022an 24 kontzertu egin(go) dituela (azkena abenduaren 30ean Alacanten).